203. zk., 2022ko urriaren 24a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (154 KB - 4 orri.)
- EPUB (204 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4564
EBAZPENA, 2022ko urriaren 17koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Erandioko tren kotxetegien oinarrizko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
ETSk kudeatutako lineen instalazio osagarri gisa, ezinbestekoa da, ustiapenari dagokionez, estrategikoki banatutako gordelekuak edukitzea, linean zirkulatuko duen material mugikorra gordetzeko eta mantentzeko. Funtzionamendu- eta eraginkortasun-arrazoiengatik, gordelekuak trazaduraren inguruan jarri behar dira, ahalik eta ustiapen arrazionalena ahalbidetzen duten lekuetan.
2022ko urriaren 14ko Ebazpenaren bidez, «Erandioko tren kotxetegien oinarrizko proiektua» onetsi zen.
«Erandioko tren kotxetegien oinarrizko proiektuaren» helburua da ETS-RFVren gordelekuen eta haien trenbide-zabaltzaren ezarpen berria aztertzea eta definitzea, egungo Lutxana-Sondika linean, Arriagasko tunelaren hegoaldeko ahoaren ondoan, Txorierrin (Erandio, Bizkaia). Era berean, horiek ahalik eta ondoen ustiatzeko eta erabiltzeko behar diren instalazioak definitu eta baloratzen dira.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Trenbide sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Erandioko tren kotxetegien oinarrizko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Erandioko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 17a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.