Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2022ko urriaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4511

EBAZPENA, 2022ko irailaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea.

AURREKARIAK

2020ko uztailaren 2an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatu zuen, 2020ko uztailaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez.

2022ko maiatzaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak eskaera bat aurkeztu zuen, Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzeko.

Indarraldia luzatzeko eskaera justifikatzen da, adieraziz denbora behar dela Plana behin betiko onartzeko izapidea osatu eta bukatzeko.

Eskaera ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzeko prozeduraren esparruan egin da, zeina araututa baitago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 74.5 artikuluan. Luzapen hori indarraldia amaitu aurretik eskatu da.

Aipatutako 27. artikulua aplikatuz, 2022ko maiatzaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, hain zuzen ere iritzia eman zezaten honako alderdi hauei buruz: ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko oinarritzat hartu ziren elementuetan funtsezko aldaketarik gertatu ote den, eta eragozpenik ote dagoen ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia beste bi urtez luzatzeko.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Aurkeztutako dokumentazioa eta jasotako txostenak aztertu ondoren, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko oinarritzat hartu ziren elementuetan funtsezko aldaketarik gertatu ez dela ikusita, egiaztatu da ingurumen-organoak badituela nahikoa judizio-elementu erabakitzeko Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea egokia den ala ez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sustatzaileak ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzeko eskatu ahal izango du, hura Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu eta bi urteko epea igaro baino lehen. Eskaera horrek eten egingo du plana edo programa onartzeko ezarritako bi urteko epea.

Bestalde, ingurumen-organoak erabaki ahal izango du ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea, baldin eta ebaluazio estrategikoa egiteko oinarritzat hartutako elementuetan funtsezko aldaketarik gertatu ez bada. Horrenbestez, bi urtez luzatu ahal izango da indarraldia.

Ingurumen-organoak sei hilabeteko epean hartuko du eskaerari buruzko erabakia, eskaera aurkeztutako egunetik hasita. Horretarako, aldez aurretik, ingurumen-organoak txostena eskatuko die eragindako administrazio publikoei, ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko oinarritzat hartutako funtsezko elementuei buruz. Bi hilabeteko epea izango dute administrazio horiek txostena egiteko.

Espedienteko agiri teknikoak eta txostenak aztertuta, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz organo eskuduna baita (68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), ebazpen hau ematen du, xede honekin: Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024ko uztailaren 27ra arte luzatzea Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia.

Bigarrena.– Ebazpen honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 12a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala