Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2022ko urriaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4378

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 12koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatzen baita Ditecsa Soluciones Medioambientales SL sozietateari (aurrerantzean, Diseño de Soluciones Ambientales SL) Debako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko emandako ingurumen-baimen integratua.

EGITATEAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Befesa Gestión de Residuos Industriales SL enpresak Debako Itziar industrialdean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalazioari.

2.– 2015eko abuztuaren 7an, Befesa Gestión de Residuos Industriales SLk gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren aurka, eta, 2021eko urriaren 26ko Aginduaren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak errekurtsoa ebatzi zuen.

3.– Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko martxoaren 2ko Ebazpenaren bidez, Ditecsa Soluciones Medioambientales SL sozietateari eskualdatu zitzaizkion Befesa Gestión de Residuos Industriales SLri emandako ingurumen-baimen integratuak, hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako (AAI00368) eta hondakinak egonkortzeko eta solidotzeko lerro bat ezartzeko (AAI00313), Debako udal-mugartean.

4.– 2020ko otsailaren 28an, sustatzaileak Ditecsa Soluciones Medioambientales SLren sozietate-izena Diseño de Soluciones Ambientales SL izenarekin ordezteko eskatu zuen, eta 2019ko azaroaren 5ean baimendutako eskrituraren kopia erantsi zuen horretarako.

5.– 2020ko urriaren 29an, ingurumen-organoak, sozietate-izena aldatzeko eskaera horrekin lotuta, honako hau eskatu zion erakundeari: Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren Bigarren apartatuko A eta B azpiapartatuetan eskatzen diren aseguruaren eta fidantzaren egokitasuna egiazta dezala. Ebazpen horren bidez, ingurumen-baimen integratua ematen zaio Befesa Gestión de Residuos Industriales SL enpresak Deban sustatzen duen hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalazioari.

6.– 2020ko azaroaren 9an, Diseño de Soluciones Ambientales SLk dokumentazioa igorri zuen.

7.– 2021eko apirilaren 15ean, ingurumen-organo honek errekerimendu bat bidali zuen arestian aipatutako sozietate-izena aldatzeko eskaerarekin lotuta.

8.– 2021eko ekainaren 9an, instalazioaren titularrak instalazio baimenduan aldaketa bat egiteko asmoa jakinarazi zion Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, eta aldaketa hori funtsezkoa ez zela ere bai. Horretarako, AAI00368_MNS_2021_001 dokumentazioa erantsi zuen, aldaketa hori funtsezkoa ez dela justifikatzeko.

9.– Organo honi jakinarazitako aldaketaren bidez, ingurumen-baimen integratuan sartzen dira pilen, metagailuen eta baterien EHZ berriak, baita EHZ-TEEHak ere, urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez aldatzen dira 106/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa, eta otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa.

10.– 2021eko irailaren 13an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Diseño de Soluciones Ambientales SLri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

11.– Diseño de Soluciones Ambientales SLk 2021eko irailaren 24an aurkeztu zuen dokumentazioa, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaiona.

12.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela ikusi eta gero, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko azaroaren 29an emandako Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, ingurumen-baimen integratua emateko Diseño de Soluciones Ambientales SLk egindako berrikuste-eskaera, egoki ikusten ziren alegazioak aurkezteko; horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko abenduaren 16an.

13.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaitutakoan, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

14.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2022ko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari eta Debako Udalari, eta 2022ko otsailaren 14an, Gipuzkoako Osasun Publikoari.

15.– 2022ko uztailaren 21ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Diseño de Soluciones Ambientales SLren esku utzi zen espedientea, bertan jasotako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2007ko urriaren 24an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 23ko 26/2007 Legea, Ingurumen Erantzukizunari buruzkoa.

2.– 2008ko abenduaren 23an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretua, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen garapen partzialerako erregelamendua onartzen duena.

3.– 2011ko uztailaren 29an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.

4.– 2012ko urtarrilaren 23an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituena.

5.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman zen 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

6.– 2013ko abenduaren 11n, abenduaren 9ko 21/2013 Legea argitaratu zen, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa.

7.– 2014ko abenduaren 18an, Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua onartu zen, zeinaren bidez 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztu zen; onartu zen, orobat, Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.

8.– 2015eko otsailaren 21ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei (TEEH) buruzkoa; bertan, zenbait betekizun eta baldintza tekniko ezartzen dira tresna elektroniko eta elektronikoen hondakinak kudeatzen dituztenentzat.

9.– 2015eko ekainaren 25ean, ekainaren 25eko 4/2015 Legea onartu zen, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoa.

10.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

11.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

12.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2018/1147/EB Erabakia).

13.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.

14.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, Ingurumeneko sailburuordearen 2022ko uztailaren 7ko Ebazpenaren baldintzak egokitu egin behar dira, ofizioz, indarrean araudi berrira, Ebazpen horren laugarren apartatuan jasotzen denari eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15.– 2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren: 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea; eta 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

16.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

17.– 2020ko ekainaren 19an, Estatuko lurraldean hondakinen garraioa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

18.– 2021eko azaroan, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Plana onartu zen.

19.– 2022ko apirilaren 1ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean martxoaren 22ko 208/2022 Errege Dekretua argitaratu zen, hondakinen finantza-bermeei buruzkoa.

Aipatutako legeria, eta gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Funtsezkoa ez den baina ingurumen-baimen integratua aldarazten duen aldaketatzat jotzea Diseño de Soluciones Ambientales SLk 2021eko ekainaren 9an jakinarazitako aldaketa-proiektua, Deban hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko jarduerarena.

Bigarrena.– Berrikustea Diseño de Soluciones Ambientales SLri emandako ingurumen-baimen integratua, Debako (Gipuzkoa) udal-mugartean hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko jarduera gauzatzeko 2015eko uztailaren 7ko Ebazpen bidez emandakoa, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakian azaltzen den baldintzetan.

Hirugarrena.– Aldatzea Diseño de Soluciones Ambientales SLri 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen integratua, hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako, eta, zentzu horretan, ebazpen horretako lehenengo, bigarren eta laugarren apartatuak ere aldatzea, zeinak honela geratuko baitira idatzita:

«Lehenengoa.– Egoitza soziala Sevillako udal-mugarteko Sevillako Portua 41011, Carretera de la Esclusa (z/g) kalean duen eta IFK zenbakia: B48456594 duen Diseño de Soluciones Ambientales SL enpresari Debako udal-mugartean (Itziar industrialdean) hondakin arriskutsuak jaso, sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalazio bat jartzeko ingurumen-baimen integratua ematea, Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legearen (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 1. eranskineko 5.6 kategorian dago sartuta jarduera hori:

"5.6. 5.5. epigrafean jasota ez dauden hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1, 5.2, 5.5 eta 5.7 epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita".

Instalazioko hondakinen kudeaketa hondakinak onartu eta jasotzeko ezarritako prozedurarekin hasten da. Eragiketa horietan hondakinak onartzeko baldintzak betetzen direla bermatu beharko da.

Hondakinak jaso ostean, egokitzeko eta nahasteko operazioak egingo zaizkie, hondakinen balorizazio- edo azken ezabaketa-zentroetako onarpen-parametroak bete ditzaten. Kudeaketa-prozesuak hauek dira:

– Ezabatzeko lanak:

• D13: D1 eta D12 artean zerrendatutako edozein eragiketaren aurreko konbinazio edo nahasketa egitea.

• D14: D1 eta D13 artean zerrendatutako edozein eragiketaren aurreko berrontziratzea.

• D15: D1 eta D14 artean zerrendatutako edozein eragiketaren aurreko biltegiratzea (ekoizpen-lekutik jaso aurretik aldi baterako biltegiratzen denean izan ezik).

– Balorizatze-lanak:

• R13: Hondakinak pilatzea, R1 eta R12 artean zerrendatutako edozein lanetan erabiltzeko (ekoizpen-lekutik jaso aurretik aldi baterako biltegiratzen denean izan ezik).

• R12: Hondakinak trukatzea, R1 eta R11 artean zerrendatutako lanetan erabiltzeko. Honen parte dira balorizazioaren aurreko eragiketak (aurreko tratamendua egitea, desmuntatzea, sailkatzea, birrintzea, konpaktatzea, trinkotzea, peletizazioa, lehortzea, zatikatzea, prestaketa, berrontziratzea, banatzea, konbinatzea edo nahastea), R1 eta R11 artean zerrendatutako eragiketen aurretik egiten badira. Eragiketa horren parte da ere xurgatzaileak birrintzea, prestatu eta gero balorizatzeko.

• R1201: TEEHak sailkatu, bereizi edo taldekatzea.

Prozesuetan sortutako hondakin-urak Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren saneamendu-kolektorean tratatzen dira.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein arriskugabeak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Diseño de Soluciones Ambientales SLren jardueran, Europako BREFean jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira. Horretan zehazten dira Hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. 2018ko abuztua: 1. TEO, 2. TEO, 3. TEO, 4. TEO, 5. TEO, 6. TEO, 8. TEO, 11. TEO, 13. TEO, 14. TEO, 17. TEO, 18. TEO, 19. TEO, 21. TEO, 23. TEO, 24. TEO».

«Bigarrena.– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea Diseño de Soluciones Ambientales SLk Debako udal-mugartean (Gipuzkoa) sustatutako jardueraren ustiapenari; alegia, hondakin arriskutsuak hartzea, sailkatzea eta multzokatzea, eta aldi baterako biltegiratzea:

A) Erantzukizun zibileko asegurua.

Gutxienez seiehun mila (600.000) euroko erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Fidantza.

Ehun eta zortzi mila ehun (108.100) euroko fidantza jartzea, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 23. artikuluaren 5.b) apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Diseño de Soluciones Ambientales SLk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betebeharrak barne hartuko dituzte.

C) Administrazioarekiko harremanen erantzule.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean emandako datuetan aldaketarik badago, Diseño de Soluciones Ambientales SLk horren berri emango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onartzen diren hondakinak ondorengo apartatuetan zehaztuko dira, non horiek zuzen kudeatzeko zehaztapenak jasotzen baitira.

D.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.

Diseño de Soluciones Ambientales SLk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (horren bidez aldatu zen 2000/532/EB Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EB Zuzentarauan xedatutakoa betez). Era berean, hondakinen kodeen esleipena eta haien sailkapena Erabaki horretan eta Batzordearen 1357/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren araberakoa izango da –Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen)–. Horrela, bada, ondoren adierazitako hondakinak baino ez dira onartuko:

a) Transferentzia-zentroa - Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea (R12/R13/D13/D14/D15).

(Ikus .PDF)

b) TEEH transferentzia-zentroa - TEEH hondakinak aldi baterako biltegiratzea (R1201).

(Ikus .PDF)

Halaber, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

– Baimen honen esparrutik kanpo geratuko dira betiere leherkariak, erregarriak eta hondakin infekziosoak (azken horiei HP1, HP2 eta HP9 arriskugarritasun-kodeak dagozkie, hurrenez hurren), HP12 arriskugarritasun multzoko hondakinak, eta bifenilo polikloratuak edo terfenilo polikloratuak izan edo osagai horiekin kutsatuta daudenak (C32 osagai-kodedunak).

– Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuan, otsailaren 20koan, xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira (pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko Errege Dekretua).

– Diseño de Soluciones Ambientales SLk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak soilik, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

D.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrol bat eraman beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Dena dela, kudeatu beharreko hondakinak zabaldu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onespena eta ebazpen honen I. apartatuan adierazitakoa betetzea.

Hondakin (EHZ) gehiago kudeatzeko eskaera eginez gero, Diseño de Soluciones Ambientales SLk behar bezala adierazi beharko du horien kudeaketa-bidea, eta, era berean, hondakinak lekualdatzeko operadorearekin egindako tratamendu-kontratua aurkeztu beharko du. Proposatutako kudeaketa-bideetan izandako aldaketak organo honi jakinarazi behar zaizkio haiek egin aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, tratamendu-kontratu berria igorriko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hura baliozkotu dezan.

Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira TEEH hondakinak prestatzeko eta berrerabiltzeko.

Instalazioan tratatuko diren hondakin guztiak tratamendu-kontratu batean jasoko dira, hondakina lekualdatzeaz arduratzen den operadorearen eta Diseño de Soluciones Ambientales SLren artean sinatu beharrekoa. Tratamendu-kontratuak behar bezala bete beharko du ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren (Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena) 5. artikuluan ezarritakoa, eta honako hauek hartu beharko ditu barne, besteak beste: hondakinek jaso behar duten tratamendua, hondakinak onartzeko baldintzak eta hondakinari uko egiteko aukerarekin lotuta bi alderdiek dituzten betebeharrak.

Hondakinak lekualdatzeko, hondakinak lekualdatzen diren guztietan behar bezala bete beharko da ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena.

Horrekin bat etorriz, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 31.2 artikuluaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du buruaskitasuneko eta gertutasuneko printzipioak aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planeko Helburu Estrategikoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Edonola ere, birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Diseño de Soluciones Ambientales SLk betetako tratamendu-kontratuetan jasoko da gertaera hori.

Diseño de Soluciones Ambientales SLk lekualdaketari buruzko informazioa jaso beharko du bere fitxategi kronologikoan, eta identifikazio-agiriaren kopia sinatua gorde beharko du hiru urtez; bertan, hondakinak entregatu eta onartu izana adieraziko da.

Aldez aurretik jakinarazi behar diren hondakin-lekualdaketak identifikatzeko agirien kasuan, Diseño de Soluciones Ambientales SLk gehienez 30 eguneko epea izango du, hondakinak jasotzen dituenetik, organo eskudunari identifikazio-agiri hori bidaltzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen-arloko informazioa kudeatzeko sistema erabiliz.

Hondakin bat baztertzen denean, eta hondakin horren EHZ kodea hondakin baimenduena bada, tratamendu-kontratuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Organo honi jakinarazpen bat bidaliko zaio berehala (ippc@euskadi.eus helbide elektronikora), eta honako hauek jakinarazi beharko zaizkio:

– Baztertzeko arrazoia.

– Baztertutako hondakina lekualdatzeko operadoreak aukeratu duen ordezko aukera kudeatzeko bidea.

Baldin eta onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi egin beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko xedearekin, Diseño de Soluciones Ambientales SLk une oro eskura izan beharko ditu: hondakin horiek onartzeko parametroen egiaztapena ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak. Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek ezartzea, kasu guztietan eta hondakin-partida bakoitzerako, metodo homologatuaren bidez egingo da; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

c) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioek, baita ekipamenduen estankotasunak ere, emisio lausoak edo kontrolik gabeak saihestu beharko dituzte, edo, saihestu ezin denean, ahalik eta gehien txikitu.

d) TEEH hondakinak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEH hondakinak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Merkurioa duten lanparak biltegiratzen badira, behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten gailuak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da E.6 apartatuan aipatzen den fitxategi kronologikoan.

D.1.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihesak edo isuriak hartzeko gai direnak; gainera, biltegiratze-eremu bereiziak izango dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzearen ondoriozko arriskuak murrizte aldera, Diseño de Soluciones Ambientales SLk gune bereizian biltegiratu beharko ditu hondakinok. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta ontziratu gabe jasotakoak kanpoko patioan biltegiratuko dira, hondakin mota horrentzat diseinatutako aletegi estalietan.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, gertaera hori berehala jakinarazi beharko zaie Ingurumen Sailburuordetzari eta Debako Udalari.

h) Instalazioaren etenaldi teknikoko egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Diseño de Soluciones Ambientales SLk D.1.1 apartatuan adierazi diren hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak beste instalazio baimendu batera eramateko, han kudeatu daitezen.

i) Aldi baterako biltegiratzean eta ontziak xukatu, prentsatu eta briketatzeko eragiketetan sortutako hondakin likido oro, gaika bildu eta euren artean bateragarriak diren hondakinentzako gordailuetara eraman behar dira. Horiek sistema bat izango dute gainezkaldien edo estankotasuna galtzearen ondorioz izan litezkeen isuriak atxikitzeko. Horretarako, gutxienez 1 m3-ko eta gaitasun unitarioa duten 3 depositu izango dira, kudeatutako metalezko ontzien tipologiaren arabera.

j) Depositu horietara bideratuko dira, halaber, biltegiratzeko instalazioak garbitzean sortutako efluenteak.

Hondakin likido horiek, helburu horretarako baimendutako hondakin arriskutsuen kudeatzaileari bidaliz kudeatu behar dira.

k) Diseño de Soluciones Ambientales SLk hondakin, substantzia edo prestakin arriskutsuak dituzten edo horiez kutsatutakoen metalezko ontziak diren hondakin arriskutsuak biltegiratzeko guneak iragazgaiztu beharko ditu, epoxi-pintura edo/eta polietileno-xafla baten inprimaketaren bidez.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.

Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Diseño de Soluciones Ambientales SL enpresak fitxategi kronologiko fisiko edo telematiko bat izan beharko du, eta bertan, esku hartutako jarduera guztiei buruzko datuak jasoko dira ordena kronologikoan. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

– Onartutako hondakinen jatorria (jatorria eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).

– Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

– Hondakin-sail bakoitzaren onarpen- eta harrera-data, eta, hala dagokionean, entregan sortutako kontrol- zein segimendu-agiria.

– Onartu ez diren hondakin sortei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta beste norako bat, ordezko aukera gisa).

– Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.

– Hondakin sortak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta sorta bakoitzari emandako EHZ kodea.

– Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako kontrol- eta jarraipen-agiriarenak.

– Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisuarekiko zatikia.

Ebazpen honetako D.1.2 apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan araututako erregistroan jasoko dira, baita Diseño de Soluciones Ambientales SLk egin ditzakeen kontrasteko horiek ere.

TEEH hondakinak kudeatzeko, fitxategi kronologikoak bat etorri beharko du 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta bertan datu hauek jasoko dira gutxienez, ordena kronologikoan:

A) Sarrera.

a) TEEHa noiz entregatu den.

b) TEEHa entregatu duen erabiltzailearen edo erakundearen identifikazioa (kasuan-kasuan aplikatutakoaren arabera): TEEHen partikular/banatzaile/garbigune/ekoizle-sare/ekoizle profesionala.

c) Izena (sozietate-izena), helbidea, autonomia-erkidegoa, IFZ, ingurumeneko identifikazio-zenbakia, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko inskripzio-zenbakia.

d) Garraiolaria (balego): Izena (sozietate-izena), IFZ, helbidea, autonomia-erkidegoa eta kudeatzailearen kodea.

e) Entregatutako tresna mota eta marka.

f) Pisua.

g) EHZ TEEH kodea.

h) Erabilera (etxekoa/profesionala).

i) Serie-zenbakia (ahal den guztietan).

j) TEEHren etiketaren edo instalazioan TEEHak gordetzen diren edukiontziaren erreferentzia-zenbakia.

k) Oharrak eta gorabeherak, adibidez funtzionamendu-egoerari, berriz erabiltzeko aukerari buruzkoak, beterik dagoen, etab.

Tresna txikiei eta lanparei dagokienez, sarrerari buruzko banako informazio hori ez da beharrezkoa izango, eta horren ordez frakzio horretarako berariazko edukiontzien identifikazioa beharko da.

B) TEEHak edukiontzi edo kaiolatan ateratzea:

a) Edukiontzia edo kaiola instalaziotik irteteko data.

b) EHZ-TEEH kodea.

c) Edukiontzi-erreferentzia, TEEHen irteera-pisua, edukiontzia.

d) Garraiolariaren identifikazioa.

e) Helmuga (hondakinak kudeatzeko instalazioaren datuak).

1) Helbidea eta autonomia-erkidegoa.

2) Mota: Berrerabiltzeko prestatzeko zentroa (BPZ), kargaren transferentzia- edo bilketa-zentroa, tratamendu espezifikorako instalazioa.

3) Ingurumeneko identifikazio-zenbakia.

4) IFZ.

5) Ekoizpen- eta kudeaketa-erregistroko inskripzio-zenbakia.

f) Bildu eta kudeatzen duen erakundeari buruzko informazioa (esleipen-bulegoa edo biltzeko instalazioak kontratatutako kudeatzailea).

g) Esleipen-bulegoaren bilketaren erreferentzia-zenbakia.

h) Biltzeko instalaziotik bilketa finantzatzen duen erantzukizun hedatuko sistema.

Fitxategi kronologiko horiek hiru urtez gorde beharko dira gutxienez eta urtero bidali beharko dira Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 65. artikuluarekin bat etorriz, jardueren memoria laburra aurkeztu beharko da urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Laburpen-memoriak ekitaldi bakoitzaren amaieran behin-behinean biltegiratutako hondakinen eta hondakin kopuruen zerrenda ere jasoko du, instalazioan tratatzeko onartuta baina oraindik tratatzeke dauden hondakinena bai eta sortutako hondakinena ere.

TEEHak kudeatzeko jarduerarako, urteko memoriak behar bezala bete beharko du otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskinean jasotako edukia, gutxienez.

Fitxategi kronologikoa eta jasotako TEEH hondakinei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, fitxategi kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion betebeharrak bete ahal izango dira.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.1 apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Diseño de Soluciones Ambientales SLk ondorengo tratamendu-lerroetarako ondorengo baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko du:

Transferentzia-zentroa - Aldi baterako biltegiratzea.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, produktua edukiontziz aldatu gabe, instalazioan horretarako gaitutako tokian 715 t inguruko ahalmenarekin, baita haren zama, hustuketa eta berrontziratzea ere beharrezkoa izanez gero, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Ontziratu gabeko hondakinei dagokienez, homogeneoekin batera beren izaera, osaketa eta kodifikazioaren arabera soilik biltegiratu ahal dira, eta aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da elkarrekin biltegiratzeak ez duela arriskua areagotzen edo haren azken kudeaketa zailtzen ziurtatzeko.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

d) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezkoak diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

e) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, prezipitazio atmosferikorik iragaz ez dadin. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Tratatzeko jasotzen diren hondakin arriskutsuen biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 715 tonakoa da, honela banaturik:

– Deposituetan biltegiratuta (guztizko edukiera: 90 m3)

• 30 m3-ko karbono-altzairuzko bi depositu, ITC-MIE-APQ 1en arabera B1 klasekoak diren likidoak biltegiratzeko.

• 30 m3-ko poliester sendotuzko bi depositu, ITC-MIE-APQ 6ren arabera sailkatutako likidoak biltegiratzeko.

– Ontzi mugikorretan biltegiratuta (guztizko edukiera: 320 m3)

• Metalezko ontziak: latorriz, altzairuzko xaflaz, aluminioz eta abarrez egindako bidoiak. Kasu gehienetan 200 litroko edukiera dute.

• Metalezkoak ez diren ontziak: polipropilenoz eta dentsitate handiko polietilenoz egindako bidoiak, hainbat edukieratakoak, 1 m3-ko polietilenozko edukiontziak, big-bagak, etab.

• Hiru apalategi-lerro, 320 paletentzako lekuarekin. Palet bakoitzak 200 litroko lau bidoi edo 1.000 litroko edukiontzi bat ditu.

Produktuak honela banatzen dira:

– B1 motako produktua: 38 m3 guztira.

– C motako produktua: 40 m3 guztira.

– Erregaiak edo sukoiak ez diren produktuak: 242 m3 guztira.

– Ontziratu gabeko solidoentzako aletegietan biltegiratuta (guztizko edukiera: 305 m3)

Ontziratu gabeko solidoak biltegiratzeko lau hobi dira, eta bertan hondakin solido arriskutsuak bereizita biltegiratzen dira.

i) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

D.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Diseño de Soluciones Ambientales SLren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez isurtzeko neurriak, hala nola agregakin-multzoak ureztatzea edo bideak garbitzea.

Organo horrek foku berri baterako baimena eman ondoren, fokua abian jarri eta sei hilabete igaro aurretik, ingurumen-kontroleko erakundeak egindako hasierako IKE txostena igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Diseño de Soluciones Ambientales SLren instalazioa urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinaren arabera 09 10 09 51 kodea duen jarduerari dagokio (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 100 t/egun eta < 500 t/egun-ekoa izanik, eta hondakin arriskutsuena >= 1 t/egun-ekoa eta < 10 t/egun-ekoa), eta honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarreko araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Gainera, emisioak lausoak jaso eta ikatz aktiboaren bidez tratatzeko ekipamendua ere badute.

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.

D.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira emisioen muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Lehen kontroleko emaitzen arabera, organo honek aldian behin kontrolatu beharreko parametroak berrikusiko ditu.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa beteko da. Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

D.2.2.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren D.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Ingurumenaren arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute elementu hauek: atala, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira eta ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da.

D.2.3.– Saneamendu-sarera isuria egiteko baldintzak.

D.2.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: transferentzia-zentroa:

(Ikus .PDF)

D.2.3.2.– Isuriaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurien parametroak Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Isuriak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoak izango dira (GAO, 146. zk., 2012-08-01ekoa); honako hauek dira parametroak, isuri bakoitzerako zehazten diren gehieneko muga-balioekin:

(Ikus .PDF)

Taula honetako mugak hartzen dira kontuan, egindako saiakuntzari lotutako ziurgabetasuna aintzat hartuz.

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili isurien muga-balioak lortzeko.

D.2.3.3.– Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.

Hondakin-uren arazte-instalazioek edo hondakin-uren zuzenketa-neurriek jarduera hauek izango dituzte, funtsean:

Diseño de Soluciones Ambientales SLren urak poligonoaren sarera isurtzen dira. Horrek bulkatzeko ponpa du udalaren saneamendu-sarearekin elkartu baino lehen. Zentzu horretan, lurzatiaren hondakin-uren ponpatze hori egoera onean egon beharko da, ponpatu beharreko urak denbora luzez geldituta izan gabe eta behar diren mantentze-lanak eta garbiketak eginda, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Isuriak arautzeko araudiko mugak betetzeko.

Euri-ur zikinak sare independente batekin biltzen dira erdiko eta atzeko patioetan, eta modu bereizian bidaltzen dira 20 m3-ko edukiera duen hobi batera. Horrela, euriaren lehen minutuetako ura biltzen da, eta ondorengo kantitateak zuzenean bidaltzen dira industrialdeko sarera.

Bildutako uraren analisia egingo da eta, lortutako emaitzen arabera, kanpora bidaliko edo hondakin bezala kudeatuko da.

D.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatzeko behar bezala bete beharko dira Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia zirkularra bultzatzekoa, eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoak, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baldin aurreikusten bada zabortegi baimenduan deuseztatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak –hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena– xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-diferentziak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartuta. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Debako Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 31.2 artikuluarekin.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

D.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa organo horrek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuririk gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Indarreko araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek, etiketa modu argian jarrita eduki beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaile baimendu bati eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako dagokion agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Diseño de Soluciones Ambientales SLk fitxategian erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Diseño de Soluciones Ambientales SLk erabilitako industria-olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Diseño de Soluciones Ambientales SLk PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Diseño de Soluciones Ambientales SLk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Diseño de Soluciones Ambientales SLk laburpen-memoria bat deklaratu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Memoria horretan, jaso beharko du zein den sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, eta zerrenda batean jaso beharko du zeintzuk dauden biltegiratuta aldi baterako deklarazioaren xede den ekitaldi-amaieran. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

m) Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 64. artikuluarekin bat etorriz, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori hiru urtez gorde beharko da, gutxienez, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

n) Hondakin arriskutsuak kudeatzeko funtsezko oinarrietako bat betetzeko, zeinaren helburua baita hondakin horiek ahalik eta gehien murriztea baldin eta urtero hondakin arriskutsuen 10 tona baino gehiago sortzen badira, Diseño de Soluciones Ambientales SLk lau urterik behin, gutxienez, plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumeneko Sailburuordetzari hondakin arriskutsu horiek murrizteko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluaren arabera (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinena eta lurzoru kutsatuena, Ekonomia zirkularra bultzatzekoa), baldin eta, lege horren araudia garatzean, Diseño de Soluciones Ambientales SL ez bada katalogatzen hondakin arriskutsuen sortzaile txiki modura.

o) Baldin eta Diseño de Soluciones Ambientales SL azken jabea bada Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi batena, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Apartatu honetako f), g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), l) eta m) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Diseño de Soluciones Ambientales SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.4.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera eman beharko dira.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balorizatzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Diseño de Soluciones Ambientales SLk tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu, eta fitxategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeari buruzko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 31.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Diseño de Soluciones Ambientales SL azken jabea bada Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi batena, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Diseño de Soluciones Ambientales SLk laburpen-memoria bat deklaratu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Memoria horretan, jaso beharko du zein den sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, eta zerrenda batean jaso beharko du zeintzuk dauden biltegiratuta aldi baterako deklarazioaren xede den ekitaldi-amaieran. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

h) Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 64. artikuluarekin bat etorriz, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori hiru urtez gorde beharko da, gutxienez, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

i) Apartatu honetako c), d) (kudeatzaileak EAEn daudenean), g) eta h) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.2.5.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Diseño de Soluciones Ambientales SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta aldizkakotasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuarekin, induskatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta oneratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura egikaritu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den gunearen mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa noiz hastea aurreikusten den.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Behar diren neurri guztiak ezarriko dira, indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 metroko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu gaindituko 1. taulan 5dB-tan finkatutako balioak.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Atmosferarako emisioak kontrolatzea.

a) Diseño de Soluciones Ambientales SLk emisioak kontrolatu behar ditu, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan zerrendatutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, eta edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

E.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

E.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.3.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.

E.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

E.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.5 azpiapartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruan afektazio berri bat gertatu izanaren susmoa hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurrazpiko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Diseño de Soluciones Ambientales SLk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko, aurkeztu beharreko informazioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

E.5.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren inguruko parametro-adierazle nagusien jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak soilik bidaliko dira kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, beti martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, egiaztatu ahal izateko adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. "Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak" jarraitu beharko da, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Diseño de Soluciones Ambientales SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Diseño de Soluciones Ambientales SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren D.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duenean, 13. artikuluan arautu bezala, Diseño de Soluciones Ambientales SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

F.4.– Ezohiko funtzionamendu-kasuan aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako dokumentazioan proposatutako ohiko egoerez bestekoetan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak:

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Hondakin horiek ez dira ibilgura ibairatuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohiak tratatzeko aukera izanez gero, horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura "bypass" bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez "bypass" bidez isuriak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isuriak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. "bypass" horren bidez aurreikusi gabeko isuriren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honen j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak irazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea:

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Debako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioari buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Anomalia berriz ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak benetan aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, aldatu ahal izango dira babes- edo zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, baita neurtu behar diren parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugak ere.

Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) E-PRTR komunikazioa.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Diseño de Soluciones Ambientales SLk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

I) Instalazioa aldatzea.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones_eu.docx

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako emisioen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen du zer irizpide hartu behar diren kontuan aldaketa funtsezkotzat jotzeko.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egikaritu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

J) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

K) Ingurumen-arloko erantzukizuna.

Diseño de Soluciones Ambientales SL 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez ezartzen da, hain zuzen ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusten diren eta urriaren 23ko APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duen ministerio-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Diseño de Soluciones Ambientales SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea hein batean garatzeko araudia onartzen duena). Artikulu horren hirugarren puntuaren arabera, operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean.

Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala».

«Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta komeni denean mugako emisio-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondoriozko gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa denean.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste duenean ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko berrikuste-prozesua.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.

g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Soluciones Ambientales SLri, Debako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 12a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala