195. zk., 2022ko urriaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 4 orri.)
- EPUB (171 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4377
AGINDUA, 2022ko urriaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2022-2023 kanpainari begira egokitzen baita urtarrilaren 26ko 26/2019 Dekretua, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzei buruzkoa.
Europar Batasunak merkatuaren antolaketa bateratu bat (MAB) ezarri du mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean, Batasuneko sektorearen ekoizpena lehiakorragoa izan dadin, eta ardoak, berriz, kalitate hobekoak. MAB horrek hainbat laguntza-neurri dakartza berekin, tartean, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak.
Espainiako Estatuan zenbait arau eman dira argitara; horietatik azkena da 1363/2018 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari 2019-2023 aldian laguntza-neurrien programa eskaintzekoa. Azken aldiz, otsailaren 8ko 112/2022 Errege Dekretuak aldatu du.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 26/2019 Dekretuak (otsailaren 26koa, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketei Europan laguntzeko neurria garatu eta aplikatzekoa) ezarri zituen mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzen Europako erregelamendua eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak.
Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan, nekazaritza-arloko sail eskuduneko titularrari ahalmena ematen zaio, agindu baten bidez, dekretu honen eranskinen edukia alda dezan, aldaketa horiek Europar Batasunaren arauen edo estatuko oinarrizko araudiaren ondorioz exijitzen direnean; lehen aipatutako dekretuan jasotako datak eta epeak alda daitezke.
Laguntza-programa honetan parte hartzen jarraitu ahal izateko, kontuan hartuta Europar Batasuneko erregelamenduan eta Estatuko oinarrizko araudian egindako aldaketak eta haiek egokitzeko eskakizuna, eta otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoa betez, eranskinak egokitu behar dira.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Araudi aplikagarria.
Agindu honetan xedatutakoaz gain, araudi erregulatzaile honen bidez arautuko dira 2022-2023 kanpainan mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako laguntzak:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua; Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, eta Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 (EB) Betearazpen Erregelamendua.
b) 1363/2018 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriak aplikatzekoa.
c) 26/2019 Dekretua, otsailaren 26koa, zeinaren bidez garatzen eta aplikatzen baita mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako Europako laguntza-neurria Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako araudiak edo Estatuko oinarrizko araudiak eragiten ez dion guztian.
d) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek abian jartzen dituzten deialdiak, zeinek bere aldizkari ofizialean argitaratuko baititu.
Bigarrena.– Diruz lagunduko diren ekintzak eta dirulaguntzen zenbatekoak.
1.– 2022-2023 kanpainari begira, otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren I. eranskina aldatu egingo da, beraz, eragiketa bakoitzean hauta daitezkeen berregituratze- eta birmoldatze-ekintzak, horien ezaugarriak eta diruz lagundu daitezkeen kostuak (otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren 3.1 artikuluan daude jasota), agindu honen I. eranskinean jasotakoak izango dira, unitate-kostuen baremo estandarren metodoari jarraikiz (gauzazko ekarpenen balioa barne), eta azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37. artikuluarekin bat.
2.– Berregituratze- eta birmoldatze-gastuen partea kalkulatzeko, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.4 artikuluan zehazten den gehieneko ehunekoa aplikatuko zaie kasuan kasuko zenbatekoei.
Hirugarrena.– Lehentasun-irizpideak.
2022-2023 kanpainari begira, otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren III. eranskina aldatu egingo da, beraz, lehentasun- eta haztapen-irizpideak (otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren 12. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan daude jasota) agindu honen II. eranskinean jasotakoak izango dira.
Laugarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Bosgarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 5a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.