Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2022ko urriaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4350

EBAZPENA, 2022ko irailaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Aperribai-Galdakao tarteak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

BMTko 5. linea berria Sarratuko (Basauri) eremuan hasiko da eta Galdakaoko ospitalean amaituko da. Ekialdera Bilbo Metropolitarrean muga egiten duen azken udalerria den Galdakaoko biztanleei eta Basauriko Sarratu auzoari zerbitzua emateko diseinatu da, hain zuzen ere, linea hori.

Xede horretarako, lineak bost geltoki ditu ibilbidean, bat Basaurin eta beste laurak Galdakaon: Sarratuko geltoki intermodala (Basauri), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao hirigunea eta ospitalea.

Aperribai-Galdakao tartea 1+540 KPan hasten da, Sarratu-Aperribai aurreko tartea amaitzen den lekuan, eta lineako tunelak Abusuko larrialdi galeriarekin bat egin ondoren bukatzen da 4+340 KPan. Proiektuak lineako tunela, Bengoetxeko geltokia (sasi tunela) eta Galdakaoko geltokiak (leizea) eta Olabarrieta eta Abusuko larrialdietarako galeriak hartzen ditu.

2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Aperribai-Galdakao tartea» onetsi zen.

«BTMren 5. linearen eraikuntza proiektua. Aperribai-Galdakao tartea»ren xedea da Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea berriaren bigarren tartea ezarri ahal izateko egin beharreko herri lanak eraikuntza mailan zehaztea. Bigarren tarte hori Euskotrenek ustiatzen du, Aperribai auzotik eta Galdakaoko hiriguneraino.

Aperribai-Galdakao tartea Galdakaoko udalerri barruan garatzen da eta bi geltoki ditu: Bengoetxeko geltokia eta Galdakaoko geltokia.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lur-zatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Aperribai-Galdakao tartea» izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Galdakaoko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala