194. zk., 2022ko urriaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (99 KB - 1 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4347
AGINDUA, 2022ko irailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluetako kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesua zabaltzen duena.
Urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuak (urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatua) Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluak hautatzeko eta berritzeko prozesua arautzen du.
Dekretu horiek ezartzen dutenez, ikastetxeetako eskola-kontseiluen erdi biak urte bitik behin berrituko dira, txandaka.
Itunpeko ikastetxe pribatuen eskola-kontseiluetako kideen azken hautespena 2020-2021 ikasturtean egin zen eta, beraz, 2022-2023 ikasturteko lehen hiruhilekoan egin behar da hurrengo berrikuntza.
Hezkuntzako sailburuari dagokio dagokion hauteskunde-prozesua gauzatzeko epea zabaltzea.
Hori dela-eta, eman zaizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan, eskola-kontseiluetako kide batzuk, egokitzen direnak, aukeratzeko hauteskunde-epea zabaltzea.
2.– Hauteskunde-prozesua Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluak hautatzeko eta berritzeko prozesua arautzen duen urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuan (urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatua) xedatutako moduan egingo da.
2. artikulua.– Hauteskundeak 2022ko azaroaren 16 eta 18a bitartean egingo dira ikastetxe guztietan, eta ikastetxeko eskola-kontseilu berriak 2022ko abenduaren 16a baino lehen egon beharko du osatuta. Behin ikastetxeko eskola-kontseilua eratutakoan, organo horrek pertsona bat izendatuko du gizonen eta emakumeen artean benetako berdintasun eraginkorra sustatzeko hezkuntza-neurriak bultza ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.