194. zk., 2022ko urriaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (197 KB - 8 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4346
EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF Programaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa formulatzen duena.
AURREKARIAK
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko martxoaren 28ko Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF Programaren (aurrerantzean, Programa) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua eman zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du).
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak programaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, hura 45 egunez jendaurrean jarrita (2022ko apirilaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia jarrita), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.
Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak jakinarazi du zenbait txosten jaso direla, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin, eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.
2022ko ekainaren 21ean, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF Programaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskabidea osatu zuen, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.
Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko programa-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, baita haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Programaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF Programaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Europako Funtsak, Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) barne, Europar Batasunaren Kohesio Politikaren parte dira, eta Europar Batasuneko estatu kideei hazkundea berrezartzen eta handitzen eta enplegua sortzen laguntzea dute helburu, garapen jasangarria bermatzeaz gain, Europa 2020 estrategiaren helburuekin bat etorriz.
EAEko 2021-2027 aldirako EGEF Programa Eragilea dokumentuaren bidez, EAEn esku hartzeko estrategia eta helburu politiko eta espezifikoak zehazten dira, 2021-2027 programazio-aldi berrirako, Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) kofinantzatutako jarduketei dagokienez, bai eta helburu horietarako programatutako finantza-zuzkidurak ere.
EGEF Programaren jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa da.
Programaren denbora-esparruak 2021-2027 programazio-aldiko zazpi urteak hartuko ditu, eta aldi hori jarduketak gauzatzeko N+2 arauak ezartzen duen marjinarekin luzatuko da. Horrela, 2021eko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitarteko gastua diruz lagundu ahal izango da.
Hauek dira EGEF funtsekin kofinantzatutako programak arautzen dituzten arau espezifikoak: Xedapen Komunen 2021/1060 (EB) Erregelamendua (aurrerantzean, XKE), zeinak zehazten baititu programek izan behar dituzten finantza-arauak, xedapen aplikagarriak eta edukia; eta EGEFen 2021/1058 (EB) Erregelamendua (EGEF Erregelamendua), EGEF programak prestatzean kontuan hartu beharreko elementuak zehazten dituena (helburu espezifikoak, gaikako kontzentrazioa, etab.).
XKEren 5. artikuluan, Europako Batzordeak honako bost helburu politiko hauek zehaztu ditu kohesio-politikarako:
– 1. HP: Europa lehiakorragoa eta adimendunagoa lortzea; horretarako, eraldaketa ekonomiko berritzaile eta adimenduna eta IKTen esparruan eskualde-konektibitatea sustatuko dira.
– 2. HP: Europa berdeagoa, karbono gutxikoa, karbono-emisio garbia zero den ekonomia erresiliente bateranzko trantsizioan, honako hauek sustatzen dituena: energia-trantsizio garbia eta bidezkoa, inbertsio berdea eta urdina, ekonomia zirkularra, klima-aldaketa apaltzea eta horretara egokitzea, arriskuen prebentzioa eta kudeaketa eta hiri-mugikortasun jasangarria.
– 3. HP: Europa konektatuagoa, mugikortasun hobekoa.
– 4. HP: Europa sozialagoa eta inklusiboagoa, eskubide sozialen Europako euskarria aplikatuz betiere.
– 5. HP: Europa herrikoiagoa, lurralde mota guztien eta tokiko ekimen guztien garapen integratu eta jasangarria sustatzen duena.
Eusko Jaurlaritzak identifikatuta ditu EAEk aurrez aurre dituen erronka nagusiak, eta zehaztuta ditu erronka horiei datozen urteetan aurre egiteko estrategiak. Alderdi horiek guztiak, besteak beste, 2021-2027 Kohesio Funtsen Kudeaketarako Euskal Esparru Estrategikoan laburbiltzen dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF Programak funts guztiak 1. helburu politikoan (eraldaketa teknologiko-digitala bultzatzea eta 2.ean (eraldaketa energetiko-klimatikoa) biltzea proposatzen du.
1. helburu politikoaren barruan, lehentasun bat definitu da, 1.A L «Trantsizio digitala eta adimenduna», honako helburu espezifiko hauek biltzen dituena:
• 1.1. helburu espezifikoa. Ikerketa- eta berrikuntza-ahalmenak garatzea eta hobetzea eta teknologia aurreratuak ezartzea.
• 1.2. helburu espezifikoa. Digitalizazioak herritarrei, enpresei, ikerketa-erakundeei eta administrazio publikoei dakarzkien abantailak aprobetxatzea.
2. helburu politikoaren barruan, bi lehentasun zehaztu dira: 2.A Lehentasuna, «Trantsizio berdea», energia- eta ingurumen-arloari buruzko helburu espezifikoak jasotzen dituena; eta 2.B Lehentasuna, «Hiri-mugikortasuna», erregelamendu bidez ezartzen baita hiri-mugikortasunari buruzko 2.8 HEak lehentasun bereizia izan behar duela.
2.A Lehentasunak, «Trantsizio berdea», energia- eta ingurumen-arloari buruzko helburu espezifiko hauek hartzen ditu:
• 2.1. helburu espezifikoa. Energia-efizientzia sustatzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea.
• 2.4. helburu espezifikoa. Klima-aldaketarako egokitzapena, hondamendi-arriskuaren prebentzioa eta erresilientzia sustatzea, ekosistemetan oinarritutako ikuspegiak kontuan hartuta.
• 2.5. helburu espezifikoa. Uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria sustatzea.
• 2.7. helburu espezifikoa. Naturaren, biodibertsitatearen eta azpiegitura berdeen babesa eta kontserbazioa sustatzea, baita hiriguneetan ere, eta kutsadura mota oro murriztea.
Eta 2.B Lehentasunak, «Hiri-mugikortasuna», 2.8 helburu espezifikoa barne hartzen du:
• 2.8. helburu espezifikoa. Hiri-mugikortasun multimodal jasangarria sustatzea, karbono-emisio garbia zero den ekonomia baterako trantsizioaren parte gisa.
2021-2027 aldirako programaren finantza-esleipena 165.679.269 eurokoa da; horietatik, 79.805.192 euro 1. HPra bideratuko dira (Europa lehiakorragoa eta adimendunagoa), eta 85.874.077 euro 2. HPra (Europa berdeagoa). Helburu politikoen artean modu orekatuan banatzea da asmoa, funts guztien % 48,2 1. HPra eta % 51,8 2. HPra.
Programa gauzatzetik erator daitezkeen ekintzak askotarikoak dira. Besteak beste, honako ekintza eta/edo proiektu hauek finantzatu daitezke:
– Industria-ikerketako proiektuak, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik zeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera bideratuak, hobetzeko eta heldutasun teknologikoan koska bat igota.
– Garapen esperimentaleko proiektuak, lehendik zeuden ezagutzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak edo bestelakoak) eskuratu, konbinatu, eratu eta erabiltzera bideratutakoak, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien edo hobetuen planak eta egiturak edo diseinuak egiteko, heldutasun teknologikoan koska bat igota.
– e-gobernuaren aplikazioak garatzea dakarten jarduerak, digitalizazioaren abantailak aprobetxatu ahal izateko Administrazioaren hainbat lan-eremutan eta Administrazioak herritarrekin eta enpresekin dituen harremanetan. Lehentasuna emango zaio herritarrei balio erantsiko zerbitzu berriak eskainiko dizkieten jarduerak edo administrazio publikoei irtenbide berritzaileak eskainiko dizkietenak garatzeari. Jarduerok egungo egoera nabarmen hobetuko dute eta haien digitalizazio-planen barnean egongo dira.
– IKTen azpiegitura aurreratuak/berritzaileak garatzea dakarten jarduerak, e-gobernuaren garapenari eta elkarreragingarritasunari euskarria emateko, eta Administrazioari, azken belaunaldiko IKTen azpiegiturak, besteak beste, Data center, Big Data eta Adimen Artifizialarekin eta zibersegurtasunarekin lotuak.
– EAEko Administrazioaren eraikin publikoak (hezkuntza, osasuna, segurtasuna, egoitza nagusiak...) energia-efizientzia eta, hala badagokio, irisgarritasuna hobetzeko birgaitze-proiektuak, energia- eta klima-trantsizioa sustatzeko, klima-aldaketaren helburua eta ekonomia berde baterako trantsizioaren helburua betetzen laguntzeko.
– Administrazioak proiektu berritzaile, frogantzako eta erreplikagarriak diseinatu eta garatzea, energia-ereduaren aldaketa bultzatzeko; adibidez, soberakin energetikoen aprobetxamendua sustatzea, industriako hondar-beroa, kasurako, inguruko eraikinen energia-beharrak asetzeko.
– Uholdeen aurkako antolamendu-, bideratze- eta defentsa-jarduketak. Jarduera horien helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan uholde-arriskua murriztea eta, hala badagokio, ezabatzea.
– Sute-arriskuen prebentziorako eta klima-aldaketak kaltetutako guneak leheneratzeko jarduketak. Finantzagarriak dira basoen tratamendu prebentiboak, baso-suteetatik babesteko azpiegituraren egokitzapena eta lurraldeko arriskuaren eta suaren portaeraren analisian lurraldearen kudeaketarako teknologia berriak aplikatzea.
– Lurrazaleko ur-masen berreskuratze hidrikorako jarduketak, herritarrei ur-hornidura eta -eskuragarritasuna bermatzeko, emari ekologikoak errespetatuz eta udan ur gehiegi ateratzea ekidinez.
– Ingurumen-leheneratze eta -hobekuntzako jarduerak ekosistema urtar eta lurtar elkarri lotuetan, hots, ibaiertz, padura, barnealdeko hezegune, estuario eta kostaldeko eremuetan.
– Ibaien zeharkako eta luzetarako konektagarritasuna hobetzea (arrain-fauna eta fauna erdi-urtar elkarri lotuaren zirkulazio askea eragozten duten oztopoak kenduz, etab.).
– Ibaiertzeko landaredia leheneratzea eta kostaldearen erregresioa kontrolatzea, bai eta urarekin lotutako espezie exotiko inbaditzaileak prebenitzea eta kontrolatzea ere.
– Interes handiko natura- eta ondare-elementuak (hezeguneak, burdinola zaharrak eta errotak) dituen inguruneari balioa ematea.
– Flora eta fauna kontserbatzeko eta leheneratzeko proiektuak, prebenitzera eta espezie autoktonoak berrezartzera bideratuak.
– Eremu degradatuak leheneratzea giza eragineko eremuetan eta karbonozko hustubide naturaletan. Ingurunearen degradazioa eragin duten prozesuak deuseztatzea da helburua, kaltetutako eremuko ingurumena leheneratuz eta eremua bera paisaian integratuz, naturara egokitutako konponbideetan oinarrituta.
– Natura 2000 Sareko guneen egoera ekologikoa hobetzea, baita natura-balioengatik babestutako eremuen arteko konektagarritasun ekologikoko gune estrategikoena ere.
– Lurraldearen CO2-a husteko gaitasuna hobetzea, baso naturalaren azalera handituz karbonoa xurgatzeko eta biltegiratzeko eremu potentzialetan, eta tanpoi-eremuak sortzea (iragazki berdeak), edo kutsaduratik babestekoak, hiri-, industria- eta azpiegitura-garapeneko eremuetan, irizpide ekologikoen araberako berdeguneak sortuz.
– Ibilbide berdeak Hots, landa- eta hiri-mugikortasun multimodal jasangarrian ardaztutako azpiegiturak eraikitzea. Jarduera horien bidez, lantokietara eta hezkuntza-zentroetara egunero egiten diren joan-etorrietan bizikleta erabiltzea sustatu nahi da, baina baita natura-inguruneetara joateko ere, bizikleta-turismoa sustatuz, CO2 emisioak murrizten lagunduz.
– Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondarearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema, habitat naturaletan eta Batasunaren nahiz eskualdearen intereseko basa-flora eta -faunako espezieetan oinarritua.
– Hiri-mugikortasun jasangarriaren arloko jarduketak BEA-Bus Elektriko Adimendunaren Sistema ezartzeko, beste garraiobide publiko batzuekiko intermodalitatea ziurtatuz. Behar diren azpiegiturak eta instalazioak eraikiko dira, eta ibilgailuak erosiko dira, garraio-sistema publiko efizientea, gaitasun handikoa eta ingurumena errespetatzen duena lortzeko.
– Bizikleta bidezko mugikortasuna garraio publiko gisa sustatzen duten proiektuak. Hiriguneetatik eremu guztietara (bizitokira, lantokira, egoitzetara eta aisiaguneetara) bizikletaz iristeko aukera ematen duten jarduerak dira, eta hiri- eta landa-eremuak elkarri konektatzekoak; intermodalitatea sustatzen dute joan-etorrietan, sarea beste garraiobide batzuekin lotuz, trenekin, kasurako.
EGEF programan sartzen diren jarduketek ezinbestean gainditu beharko dute Taxonomiaren Erregelamenduko (2020/852 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2020ko ekainaren 18koa, inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen duena) 6 klima- eta ingurumen-helburuei kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH, ingelesezko sigletan). Hauek dira helburuok:
• Klima-aldaketa apaltzea.
• Klima-aldaketara egokitzea.
• Ur eta itsas baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta babestea.
• Ekonomia zirkularra.
• Kutsadura prebenitzea eta kontrolatzea.
• Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta leheneratzea.
Ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorioen arabera, programak funtsezko helburu gisa proposatzen du garapen jasangarria sustatzea, EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoekin bat etorriz; beraz, ez da espero programa garatzeak ingurumen-ondorio negatibo handirik eragingo duenik.
Programaren azken bertsioak ez ditu barnean hartzen hasieran aurreikusitako jarduera hauek: 1.3 (ETE), 2.2 (energia berriztagarriak) eta 2.6 (hondakinak) helburu espezifikoetakoak, baita 1.1 helburukoen zati bat (I+G azpiegiturak), 2.1 helburukoen zati bat (energia-efizientzia azpiegituretan) eta 2.4 helburukoen zati bat (uraren saneamendua eta arazketa) ere. Beraz, kanpoan geratu dira, besteak beste, iturri berriztagarrien bidez energia sortzeko instalazioak ugaritzeko ekintzak, urak saneatzeko eta arazteko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko azpiegiturak; izan ere, jarduera horiek guztiek, a priori eta kokapen geografikoa zein den, ondorio negatibo handiak eragin ditzakete.
Balizko ingurumen-ondorio negatiboek zerikusia izan dezakete azpiegituraren bat egitearekin, uholde eta sute-arriskuen prebentzioaren, ur-horniduraren edo hiri-mugikortasun jasangarriaren kasuan, baina, nolanahi ere, ez dira handiak izango, kontuan hartuta DNSH printzipioaren ebaluazio-zuhurtasuna eta indarrean dagoen ingurumen-araudia betetzen direla.
Aitzitik, ondorio positibo handiak espero dira, funts asko bideratu direlako 2. helburu politikora (Europa berdeagoa) eta, zehazki, energia-efizientzia, arrisku, ur, biodibertsitate eta hiri-mugikortasun jasangarriko helburu espezifikoetara; aldiz, 1. helburu politikora (Europa lehiakorragoa eta adimendunagoa) bideratutako funtsak I+G+B eta digitalizazioko jardueretarako dira gehienbat, eta ez dago aurreikusita garraio, industria eta energiaren sektoreetan munta handiko azpiegitura-obrak egitea.
B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko martxoaren 28ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Programa izapidetu bitartean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta Programan ez da hauteman birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.
Ezingo dira finantzatu ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko lege-betebeharra duten proiektuak, baldin eta ebaluazio hori gainditu ez badute, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.
Ez dira hautagarritzat hartuko, Natura 2000 Sareko naturagune baten kudeaketarekin lotura zuzenik izan gabe edo hartarako beharrezkoa izan gabe, aipaturiko naturaguneei nabarmen eragin diezaieketen jarduerak (dela banaka dela beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera), ez bada horiek kontserbazio-helburuetan izan ditzaketen ondorioen ebaluazio egokirik egin, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 37. artikuluan definitzen diren beste eremu edo espazio natural babestu batzuetan garatzen diren jarduketen kasuan, finantzaketa eman aurretik, horiek babesteko eskumena duen organoaren baimena duela egiaztatu beharko da.
Ez dira hautagarritzat hartuko lurrazaleko ur-masa baten aldaketa hidromorfologikoa edo lurpeko ur-masa baten maila eragin dezaketen jarduerak, ezta egoera onera edo potentzialera iristea eragotzi dezaketenak edo ur-masaren egoera ona edo potentziala okertu dezaketenak. Gainera, baliabide hidrikoak babestearekin eta kudeatzearekin lotutako jarduketek bat etorri beharko dute plan hidrologikoetan eta haiei dagozkien ingurumen-adierazpen estrategikoetan ezarritakoarekin.
Zehazki, uholdeen aurkako antolamendu-, bideratze- eta defentsa-jardueren kasuan, baita lurrazaleko ur-masen leheneratze hidrikoko jardueretan nahiz ur-hornidura hobetzekoetan ere, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpenean jasota dauden neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuko dira. Ebazpen horren bidez, Kantauri Ekialdeko Mugapen Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremuan 2022-2027 plangintza-ziklorako, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetako Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Bereziarena ere, Uraren Euskal Agentziak sustatuta.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoan adierazle-sistema bat zehaztu da, ingurumen-alderdiak programan zer-nola txertatzen diren baloratzen lagunduko duena. Funtsean, 2030 Agendaren Garapen jasangarriko Helburuetarako ezarritako adierazleak hartu dira kontuan, ingurumen-alderdiak lantzen dituztenak.
Programaren gastu-mailaren ingurumen-jarraipena egiteko, ingurumen- edo klima-arloko helburu espezifikoetan, helburu nagusia argi eta garbi ingurumen- edo klima-arlokoa duten jarduerak bakarrik hartuko dira kontuan.
Natura 2000 Sarearen aldeko jardueren kasuan, Lehentasunezko Ekintza Esparruan edo Natura 2000 guneak kudeatzeko tresnetan berariaz agertzen diren jarduerak bakarrik kontabilizatu beharko dira.
Ur-masen ingurumen-helburuak lortzeko jardueren kasuan, plan hidrologikoetako neurri-programetan helburu horrekin agertzen diren jarduerak bakarrik kontabilizatu beharko dira.
F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Programaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2022ko martxoaren 28an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren lurraldearen baldintzatzaileak eta ingurumen-irizpideak.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF Programa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Programaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 30a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.