Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2022ko urriaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4338

AGINDUA, 2022ko irailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita txakurren amorruaren aurkako nahitaezko txertaketa Euskal Autonomia Erkidegoan.

Europar Batasuneko estatu kideen arteko barne-mugak desagertzeak, herrialdeen artean gero eta pertsona gehiago lekualdatzeak eta lagun egiteko animalien errolda handitzeak areagotu egiten dute animalien gaixotasun infekziosoak eta gizakiei kutsa dakizkiekeen beste patologia batzuk hedatzeko arriskua.

Animalien osasuna, beraz, funtsezko faktorea da osasun publikoa bermatzeko, eta botere publikoen eskumena da, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, osasun publikoa antolatzea eta babestea, prebentzio-neurrien eta beharrezko prestazio eta zerbitzuen bidez.

Gaixotasun transmitigarrien artean, amorruak berebiziko garrantzia du, bai mundu osoan hedatuta egoteagatik, bai duen larritasun klinikoagatik. Gaur egun, amorrua berriro indartzen ari den gaixotasuntzat hartzen da mundu osoan; izan ere, besteak beste, birusaren aldaera berriak agertzen ari dira (hartara, gaixotasunaren gordailu-kopurua ugaritzen dute) eta lagun egiteko animalien mugimenduak nabarmen areagotu dira, kasu askotan gaixotasunaren eremu endemikoetatik.

Euskal Autonomia Erkidegoa lurreko amorrurik gabeko eremua da une honetan, eta azken urteotan maskoten borondatezko txertaketari eustea erabaki da. Hala ere, herrialde endemikoetatik (batez ere Afrika iparraldetik eta Ekialdeko Europatik) hurbil egonik, eta pertsonak zein animaliak erraz mugitzen eta sartzen direnez gero, ezinbestekoa da neurri egokiak ezartzea gaixotasuna ager dadin prebenitzeko eta zaintzeko.

Frogatuta dago txakurren nahitaezko txertaketa dela gaixotasuna prebenitzeko ekintzarik eraginkorrena eta efizienteena. Txertaketa-estrategia horrek arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da maskotak bitarteko elektronikoen bidez behar bezala identifikatzea. Euskal Autonomia Erkidegoan, lagun egiteko animalien identifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak identifikatzea arautzen zuen Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 1993ko maiatzaren 25eko Aginduaren bidez ezarri zen hasiera batean; ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretua –martxoaren 24ko 44/2020 Dekretuaren bidez aldatua– argitaratu eta indarrean sartu zen.

Maskotak behar bezala identifikatzeak eta txakur-espezieko animaliei -eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara lekualdatzekoak diren katu eta hudoei- txertoa jartzeko derrigortasuna ezartzeak animalien txerto-estalduraren maila zein den jakitea ahalbidetuko du; halaber, animaliek eragindako erasoen zaintza epidemiologikoa indartuko du, berez osasun publikoko arazo garrantzitsua baitira.

Bestalde, kiropteroetan amorrua hedatua egoteak berekin dakar prebentzio- eta zaintza-protokoloak aktibatzea animalia-espezie horrekin kontaktuan egon diren pertsona guztientzat edo kontaktu hori bultzatzen duten jarduerak egiten dituztenentzat.

Apirilaren 24ko 8/2003 Legeak, Animalien Osasunari buruzkoak, gaixotasunak agertzea eta garatzea eragozteko prebentzio-sistemaren barruan, zaintzarako osasun-neurri batzuk jasotzen ditu, Animalien Osasunaren Mundu Erakundearen (AOME) Nazioarteko Kode Zoosanitarioan aurreikusitako nahitaez aitortu beharreko animalien gaixotasunak sartzea edo hedatzea prebenitzeko. Babes-neurri sanitario horien artean dago nahitaezko txertaketa-programak gauzatzea. Lege horrek berak betebehar batzuk ezartzen dizkie partikularrei, animalien gaixotasunak prebenitzeari dagokionez; zehazki, kasu bakoitzean indarrean dagoen araudiak ezarritako osasun-neurri guztiak aplikatu eta aurrera eramateko betebeharra, animalien gaixotasunak prebenitzeko ezartzen diren nahitaezko osasun-neurriak barne, edo neurri horiek aplikatzea baimentzea; era berean, derrigortzen du beharrezko bitartekoak jartzera neurri horiek segurtasun-berme egokiekin egin ahal izateko, bai neurri horien xede diren animalientzat, bai neurriok gauzatzen dituzten langileentzat.

Zehazkiago, 9/2022 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoan etxeko animaliak babesteari buruzkoak, aurreikusten du autonomia-erkidegoko administrazioak nahitaez agindu behar duela animalientzat beharrezkotzat jotzen diren txertoak edo tratamenduak aplikatzeko, animalien osasunari edo osasun publikoari lotutako arrazoiengatik.

Txertaketa-jarduketei Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretua aplikatuko zaie, hondakin sanitarioen kudeaketan eska daitezkeen gutxieneko betekizunei dagokienez, haiek kudeatzeak sortzen dituen arriskuak prebenitzeko, bai zuzenean hondakin horien eraginpean dauden pertsonentzat, bai osasun publikorako eta ingurumenerako.

Bestalde, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokie izaera orokorreko gaietan legeak egiteko ahala. Eskumen horietan oinarrituta eta animalien osasunaren arloan eskumena duenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari dagokio agindu hau ematea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrentzako amorruaren aurkako nahitaezko txertaketa garatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua.– Amorruaren aurkako txertoa jaso behar duten espezieak.

1.– Nahitaez txertatu beharko dira txakur guztiak, gaixotasun horretatik etengabe babestuta daudela bermatzeko.

2.– Beste animalia-espezie batzuk txertatzea borondatezkoa izango da, salbu eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara lekualdatzekoak diren katu eta hudoak, halaxe ezartzen baitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 (EB) Erregelamenduak, Lagun egiteko animalien asmo komertzialik gabeko joan-etorriei buruzkoak.

3.– Osasun-egoeragatik eta arrisku epidemiologikoengatik gomendagarria denean, animalien osasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularrak beste animalia-espezie batzuei ere ezarri ahal izango die amorruaren birusaren aurkako txertaketa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Amorruaren aurkako txertaketa.

1.– Amorruaren aurkako txertoak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 (EB) Erregelamenduaren III. eranskineko 1. puntuko baldintzak bete beharko ditu. Lagun egiteko animalien asmo komertzialik gabeko joan-etorriei buruzkoa da erregelamendu hori, eta 998/2003 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

2.– Lagun egiteko animaliari gutxienez 12 aste dituenean egingo zaio txertaketa primarioa, eta betiere hogeita lau aste bete baino lehen. Ondoren, behar besteko maiztasunarekin txertatu beharko dira berriz ere, emandako azken dosiaren txertoaren zehaztapen teknikoetan agindutakoaren arabera, Espainiako estatuan merkaturatzeko baimenari dagokionez.

3.– Txertoaren aplikazioa eta animaliaren pasaporte ofizialean erregistratzea indarreko lanbide-gaikuntza duten albaitari elkargokideek egingo dute.

4. artikulua.– Amorruaren aurkako txertaketarako eskakizunak.

1.– Animalia txertatu aurretik, haren miaketa klinikoa egingo du txertoa jarri behar duenak, bai eta identifikazioaren kontrola ere. Albaitaritzako miaketa kliniko horren ondorioz, argi eta garbi ikusten bada txerto hori emateak animaliaren bizia arriskuan jartzen duela, haren inokulazioa atzeratu ahal izango da; une horretan, dagokion egiaztagiri ofiziala emango du albaitariak. Horrek ez du esan nahi, ordea, animalia txertoa jartzetik salbuetsita egongo denik geroago, animalia horri txertoa jarri behar zaion aldiaren barruan.

2.– Txertoa jaso behar duten animalia guztiak behar bezala identifikatuta egon beharko dira, arau hauetan xedatutakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretua, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 (EB) Erregelamendua –Lagun egiteko animalien asmo komertzialik gabeko joan-etorriei buruzkoa–, beste estatu kide batzuetara lekualdatzekoak diren txakur, katu eta hudoei dagokienez.

3.– Berariaz debekatuta daude animaliak identifikatzeko edo txertatzeko kontzentrazioak. Salbuespen gisa, animalien osasunaren arloan eskumena duen sailaren probintziako zerbitzuaren titularrak baimendu ahal izango ditu kontzentrazioak, kontuan hartuta eremu geografiko jakin batzuetan albaitaritza-zerbitzuetara joan eta handik itzultzea ezinekoa edo oso zaila dela, txertoak jartzeko prozedura arindu eta errazteko helburuarekin, txertaketa modu homogeneoan eta erabateko estaldurarekin egin dadin erraztuz. Kontzentrazio horiek egin ahal izateko aldi baterako, eta salbuespen gisa, gaitutako lekuetan, gaikuntzaren xede diren jarduera klinikoak baino ezin izango dira gauzatu, gutxienez honako hauek izango dituzten lokaletan: miaketa-mahaia duen kontsulta-gela, argiztapen egokia, edateko uraren hornikuntza eta hondakinen kudeaketa egokia.

4.– Partikularren etxeetan eta baimendutako gune zoologikoetan egin ahal izango dira txertaketak, baldin eta txertoa jarriko duen albaitari lizentziadun edo graduatuak komenigarritzat jotzen badu animalien osasun-arretarik onena eta ongizaterik handiena bermatzeko, eta betiere animalia horiek edo haien jabeak etxe edo gune zoologiko horretan ageri badira EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (aurrerantzean, AIEO).

5. artikulua.– Txertaketaren justifikazioa.

1.– Txertoa jarri eta berehala, albaitaritzan lizentziaduna edo graduatua den pertsonak etxeko animalientzako pasaportean gauzatuko ditu jarduketak eta jasoko idatzoharrak; pasaportea erregelamendu honetan ezarritako ereduari egokituko zaio: Txakurren, katuen eta hudoen asmo komertzialik gabeko joan-etorrietarako identifikazio-agirien ereduei buruzko Batzordearen 2013ko ekainaren 28ko 577/2013 (EB) Betearazpen Erregelamendua. Honako hauek jasoko ditu:

a) Erabilitako txerto-mota eta txertoaren lotea, txerto-dosi bakoitzaren etiketa itsaskorra sartuta; halaber, aplikazio-data, immunitate babeslea ezartzeko data (fabrikatzaileak eskatutako txertaketa-protokoloa amaitzen denetik hogeita bat egunekoa izan beharko da, gutxienez) eta hurrengo txartatzera arteko balio-data, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak onartutako fitxa teknikoa erabiltzeko zehaztapenei jarraikiz.

b) Eskuz sinatuko du horretarako prestatutako eremuan; gutxienez izena, helbidea, telefono-zenbakia eta elkargokide-zenbakia adierazi beharko ditu, irakurtzeko moduan edo zigilu profesionalaren bidez. Txertaketak zenbaki bakarra sortuko du ekintza bakoitzerako, eta albaitaritzako lizentzia edo gradua duen jarduleak AIEO erregistroan sartuko du animalia bakoitzarentzat. Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak kudeatuko du zenbakizko kontrol-sistema hori.

c) Arestian deskribatutako jarduketak eta eginbideak gauzatu ondoren, animaliaren datuen fitxako nahitaezko eremuak beteko ditu AIEOn, txertoa jarri eta gehienez ere bost egun balioduneko epean, jarri duen txertoari esleitutako zenbakizko kodea barne.

d) Nolanahi ere, bermatu egingo da emandako datuen konfidentzialtasuna, datu pertsonalak babestearen arloko legeriarekin bat etorriz, eta bereziki Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituz.

6. artikulua.– Lagun egiteko animalien osasun-egoera.

1.– Jabeek edo edukitzaileek ahalik eta osasun-egoera onenean eduki beharko dituzte lagun egiteko animaliak, haien inguruan bizi diren pertsonei eta beste animalia batzuei arriskurik ez eragiteko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-egoera nolakoa den, nahitaezkoa izan daiteke ekinokokosiaren parasitoak kentzeko tratamendua, eta animaliaren osasun-dokumentazioan eta AIEOn jasota geratuko da.

3.– Horrez gain, albaitaritzan lizentziaduna edo graduatua den pertsonak animalien gaixotasunak oro har eta bereziki zoonosiak kontrolatzeko garrantzitsutzat jotzen diren beste ekintza kliniko batzuk sartuko ditu, erregistro informatikoetan edo administrazioak eskura jartzen dituen beste batzuetan.

7. artikulua.– Osasun-dokumentazioa.

1.– Lagun egiteko animalientzako pasaportea:

a) Txakurrentzako eta amorruaren aurkako txertoa jarri zaien katu eta hudoentzako nahitaezko osasun-agiria etxeko animalientzako pasaportea izango da; Batzordearen 2013ko ekainaren 28ko 577/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritako ereduaren araberakoa izango da, eta animaliaren jabeari edo edukitzaileari emango zaio identifikatzeko unean.

b) Osasun-agiri hori behar bezala betetzeko, dokumentu horren azalpen-oharretan eta Batzordearen 2013ko ekainaren 28ko 577/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio.

2.– Txakurren, katuen eta hudoen osasun-dokumentazio gisa, baliozkoak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, Estatuko eta Europar Batasuneko gainerako agintari eskudunek 2014ko abenduaren 28a baino lehen emandako Europar Batasunaren barruko pasaporteak, Batzordearen 2003ko azaroaren 26ko 2003/803/EE Erabakian ezarritakoaren arabera, eta 2014ko abenduaren 29tik aurrera emandakoak, Batzordearen 2013ko ekainaren 28ko 577/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren arabera.

3.– Lagun egiteko animalientzako pasaportea identifikatzen duen zenbaki bakarra eta jaulkitze-data AIEOn inskribatutako animalien datuen fitxan sartu beharko ditu albaitaritzan lizentzia edo gradua duen jarduleak.

4.– Ondoz ondoko dokumentu bat jaulkitzen denean, aurreko dokumentuaren atalen batean idatzoharretarako gordetako tartea bete delako, pasaporteko «XII. Askotarikoak» atalean eta liburuxkaren dagokion atalean idatzi beharko da aurrekoa identifikatzen zuen zenbaki bakarra. Era berean, AIEOren datu-fitxan idatziko dira osasun-dokumentu berriaren zenbaki bakarra eta jaulkitze-data.

5.– Aurreko dokumentua galdu edo hondatzeagatik ordeztu behar izanez gero, albaitaritzan lizentzia edo gradua duen jarduleak horren berri emango du bai dokumentu berrian eta AIEOren datu-fitxan. Halaber, dokumentu berrian eskuz jasoko dira lotearen, marka komertzialaren eta amorruaren aurkako txertoaren baliozkotasun-aldiaren datuak, aurreko dokumentuan ageri zirenak, soilik baldin eta txertoa jarri zuen albaitariak ekintza kliniko hori ziurta badezake; bestela, animaliari berriro emango zaio txertoa.

6.– Lagun egiteko animalientzako pasaportean, albaitaritzan lizentziaduna edo graduatua den pertsonak nahitaez adierazi beharko ditu bere izena, elkargokide-zenbakia eta animaliari txertoaren bidezko edo parasitoen aurkako edozein tratamendu aplikatzen zaion data, animaliaren osasun-egoerari buruzko beharrezkoa den informazio guztia jaso dezan.

8. artikulua.– Albaitaritzako lizentzia edo gradua duten fakultatiboak.

1.– Inguruabar epizootiologikoak direla-eta komeni denean albaitaritza-zerbitzu ofizialek esku hartu ahal izango badute ere, oro har, albaitaritzako lizentzia edo gradua duten pertsonek egingo dute txertaketa, betiere legezko bateraezintasunik ez badute, eta honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Hondakin sanitarioak kudeatzeko sistema egokia izatea.

b) Elkargokide izatea eta lagun egiteko animaliak identifikatu eta erregistratzearen arloan indarrean dagoen gaikuntza izatea, ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

c) Manipulatutako datuen konfidentzialtasuna bermatzea, arlo horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.

10. artikulua.– Lagun egiteko animaliak transferitzea.

Lagun egiteko animaliak saltzeko baimena duten zentroen titularrek, abandonatutako eta galdutako animalien babeslekuek eta aurrez aipatutako edozein maskotaren titulartasuna eskualdatzen duen pertsona orok neurri egokiak hartu beharko dituzte animalia horiek agindu honetan ezarritako baldintzak bete ditzaten, transferentzia egin aurretik.

11. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, arloko araudian aurreikusitakoaren arabera zehatuko da, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeko animaliak babesteari buruzko ekainaren 30eko 9/2022 Legean eta Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean adierazitakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lankidetza Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargo Ofizialekin.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio komunak eta toki-araubideko administrazioak txertaketa kontrolatzeaz arduratuko dira eta agindu hau oso-osorik betetzen dela zainduko dute, eta autonomia-erkidegoaren eremuan, agindu honetan aurreikusitako eskumenak albaitarien elkargo profesionalei eskuordetu ahal izango dizkiete, berariazko hitzarmenen bidez; hala ere, beste lankidetza-teknika batzuk ere baliatu ahal izango dituzte.

2.– Ezin izango dira, inola ere, eskuordetu zehapen-eskumenak, ez eta, oro har, Administrazioari dagokion agintea erabiltzea dakartenak ere.

3.– Agindu honetan aurreikusitako jarduketak ahalik eta gehien koordinatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta albaitarien elkargo ofizialek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira agindu honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, berariaz, 2010eko azaroaren 24ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak amorruaren aurka txertatzea borondatezkoa dela jendaurrean jartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 30a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala