Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2022ko urriaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4310

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 11koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen eta berrikusten baita Garbiker MPAB SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, Bilboko udal-mugartean hiri-hondakin solidoak kudeatzeko.

EGITATEAK

1.– Ingurumen Sailburuordetzaren 2015eko uztailaren 7ko hasierako Ebazpen bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Garbiker MPAB SA enpresari, Bilbon (Bizkaia) duen hiri-hondakin solidoak kudeatzeko instalaziorako, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.

2.– Ingurumen Sailburuordetzaren 2015eko uztailaren 7ko Ebazpen bidez, 16-I-01-000000000336 erregistro-kodea eman zitzaion Garbiker AB sozietateak ustiatutako instalazioari (Artigas bidea, z.g.). Arraiz Mendiko industrialdean dago (Bilbo), koordenatu hauetan: UTM 30N ETRS89, X: 502674 Y: 4788556 Z: 161 m.

3.– 2017ko ekainaren 16an, Garbiker MPAB SAk funtsezkoa ez den aldaketa bat eskatu zuen bere baimenean, alegia, usain-jarioen muga-balioa aldatzea, tximiniaren irteerako kontzentrazioa =1000uo/m3-koa izan ordez, >1000uo/m3-koa izateko, foku bioiragazkiaren tratamendu- eta kontrol-sistemaren % 95eko efizientziarekin. Organo honek funtsezkoa ez den aldaketatzat jo zuen 2018ko otsailaren 13an.

4.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen Industriako Emisioei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2018/5070/EB Erabakia).

5.– 2020ko uztailaren 16an, Garbiker MPAB SAk funtsezkoa ez den aldaketa bat eskatu zuen bere baimenean, haren bidez, hondakinaren identifikazioa aldatzeko, hau da, EHZ 15 02 03 kodea EHZ 19 12 07 kodearekin ordezteko. Dena den, Organo honek uko egin zion eskaerari, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen 2021eko urriaren 13ko ebazpen bidez.

6.– 2021eko maiatzaren 18an, Garbiker MPAB SAk funtsezkoa ez den aldaketa bat eskatu zuen bere baimenean, eta 2021eko maiatzaren 26an, aldiz, hura ezesteko. Prozedura hori onartu eta amaitutzat eman zuen organo honek, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko ekainaren 1eko ebazpen bidez.

7.– 2021eko uztailaren 13an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Garbiker MPAB SA sozietateari: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

8.– 2021eko uztailaren 30ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Garbiker MPAB SAk.

9.– Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren 2021eko irailaren 10eko ebazpenaren bidez erabaki zen Garbiker MPAB SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko urriaren 6an.

10.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaitutakoan, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

11.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari, Bilboko Udalari eta Osasun Sailari 2021eko abenduaren 2an.

12.– Bizkaiko Osasun Publikoko Sailak txostena egin zuen, 2021eko abenduaren 14koa, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.

13.– 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2022ko martxoaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zion Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari.

14.– 2022ko abuztuaren 4an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Garbiker MPAB SAren esku utzi zen espediente osoa, bertan jasotako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluak xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

3.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

4.– «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularraren arabera, ingurumen-organo honek emana 2016ko azaroaren 17an, ingurumen-baimen integratuaren Bigarren apartatuko C.2.5 azpiapartatua aldatu zen.

5.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2018/1147/EB Erabakia).

6.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena; horrenbestez, C.2.4.1.o) apartatua aldatu behar da.

7.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak errazteko eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak. Garbiker MPAB SA sozietatearen kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakinak sortzeko eta kudeatzeko baimena, atmosfera kutsatu dezakeen jarduerarakoa, hondakin-urak sare nagusira isurtzekoa, eta kolektorera isurtzekoa eta erabiltzailea sailkatzekoa, eta, ingurumen-arloko beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak eginez.

8.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

9.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen hondakinen tratamendurako TEOei buruzko dokumentuaren edukia hartu da kontuan («Best available techniques conclusions for waste treatment»), 2018ko abuztukoa.

10.– Sortutako frakzioen tratamendu-prozesuaren eta helmugaren efizientziari dagokionez, adierazi behar da IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen duela haren helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

11.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: jardueren eta isurien eta emisioen muga-balioak zein baimenaren beste baldintza batzuk (isurketak eta emisioak saihestea edo, hori ezin bada, murriztea, eta isurketek edo emisioek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina murriztea helburua dutenak) betetzeko teknika jakin batzuen gaitasun praktikoa frogatu dezaketen ustiapen moten garapen-fase eraginkorrena eta aurreratuena.

12.– Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiak, 2018ko abuztuaren 10ekoak, baldintza aplikagarriak ezartzen ditu, baldintza absolutu gisa, instalazio guztietan; Betearazpen Erabaki horren bidez, hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

13.– Horrekin bat etorriz, bilakaera teknologikoa eta gaur egungo egoera ikusita, Organo honek uste du teknikoki posible dela instalazioan hobekuntzak ezartzea, balorizatu daitezkeen frakzioak efizientzia handiagoarekin bereizteko eta sortutako frakzioak lehentasunezko kudeaketa-eragiketetara bideratzeko; hau da, «jardueraren eta haren ustiapen moten garapen-fase eraginkorrago eta aurreratuago» batera igaroko litzateke.

14.– Emisioen Erregelamenduaren 26. artikuluak, ingurumen-baimen integratua berrikusteari dagokionez, honako hau ezartzen du 4. apartatuan:

«Betiere, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

(...).

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

(...)».

15.– Aipatutako testu bateginaren 22.5 artikuluak aurreikusten duenez, organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan deskribatu ez den teknika erabilgarri onenen batean oinarritutako baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau egiaztatu beharko du:

a) Teknika hori 3. eranskinean azaltzen diren irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela.

b) 7. artikuluko betekizunak betetzen direla.

16.– Era berean, 3. eranskinak –oro har kontuan hartu behar diren alderdiak edo kasu berezi batean kontuan hartu behar direnak, 3.12 artikuluan definitzen diren teknika erabilgarri onenak zehazten direnean, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta onurak eta zuhurtasunaren eta prebentzioaren printzipioak kontuan harturik– hauek aipatzen ditu, besteak beste:

1.– Hondakin gutxi sortzen dituzten teknikak erabiltzea.

3.– Prozesuan sortutako eta erabilitako substantziak –eta, hala behar denean, hondakinak– berreskuratzeko eta birziklatzeko teknikak garatzea.

4.– Eskala industrialean emaitza positiboak eman dituzten prozesu, instalazio edo funtzionamendu-metodo konparagarriak.

5.– Aurrerapen teknikoak eta ezagutza zientifikoen bilakaera.

8.– Teknika erabilgarri onen bat ezartzeko behar den epea.

10.– Emisioen inpaktu globala eta ingurumeneko arriskuak prebenitzeko edo horiek ahalik eta gehien murrizteko premia.

17.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak eska dezakeen horrekin guztiarekin, instalazioan ezarri beharreko teknika erabilgarri onenak balioztatzea, balorizatu daitezkeen frakzioak efizientzia handiagoarekin bereizteko eta sortutako frakzioak lehentasunezko kudeaketa-eragiketetara bideratzeko; horrez gain, instalazioaren baimena berrikusi beharko da, horretarako eskakizuna txertatzeko.

18.– Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Garbiker MPAB SAk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

19.– Goian adierazitako izapideak amaituta, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta ebazpen hau egin da.

20.– Otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, ezarritakoaren arabera, organo honek du ingurumen-baimen integratu hau emateko eskumena.

21.– Honako xedapen hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– Garbiker MPAB SAri Bilboko (Bizkaia) udal-mugartean hiri-hondakin solidoak kudeatzeko eman zaion ingurumen-baimen integratua berrikustea, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakian aurreikusitako baldintzetan; hala, bertan jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ingurumen-baimen integratuan jaso ziren, 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez.

Bigarrena.– Aldatzea Garbiker MPAB SAri hiri-hondakin solidoak kudeatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, zeina 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez eman baitzen. Ondorioz, horren lehenengo eta bigarren apartatuak aldatzen dira, eta honela idatziak geratzen dira:

«Lehena.– Egoitza soziala Bilboko udal-mugarteko Kale Nagusiko 44. zenbakiko 1. solairuan duen eta IFK: A 48212567 duen Garbiker MPAB SAri ingurumen-baimen integratua ematea Bilboko udal-mugartean (Arraiz Mendia) hiri-hondakin solidoak kudeatzeko, Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.

Jarduera abenduaren 16ko 01/2016 Legearen 1. eranskineko 5.4.a kategoriaren barruan dago, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartu baitu arau horrek:

«5.4.– Hondakin arriskugabeak balorizatzeko edo balorizatu eta ezabatzeko instalazioak, eguneko 75 tonatik gorako gaitasunarekin, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago biltzen badituzte, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Lege Dekretuan bildutakoak izan ezik:

a) Tratamendu biologikoa.

b) Errausketaren edo koerrausketaren aurreko tratamendua.

c) Zepa eta errautsen tratamendua.

d) Hondakin metalikoen birringailuetan tratatzea, hondakin elektrikoak eta elektronikoak barnean hartuta, baita balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta horien osagarriak ere.

Instalazioan egiten den hondakinak tratatzeko jarduera bakarra digestio anaerobikoa denean, jarduera horren gaitasun-atalasea eguneko 100 tonakoa izango da».

Instalazioa Arraiz Mendiko industrialdean dago kokatuta, Zabalgarbiko hondakinen balorizazio energetikorako instalazioaren ondoan; guztira, 21.763 m2 ditu, eta horietatik 12.235 m2 azalera eraikiari dagozkio.

Tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) instalazioaren jarduera pilaka bildutako hiri-hondakinen digestio aerobioaren bitartez gauzatzen da, tratamendu mekanikoan balorizatu daitezkeen frakzioak bereiziz tratamendu biologikoa egin aurretik (R12/D8 kudeaketa-eragiketa).

Europako Hondakinen Zerrendan jasotzen direnen artean, honako hauek dira tratatzeko onartzen diren hondakinak:

– 20 03 01: udal-hondakinen nahasketak.

– 20 03 02: azoketako hondakinak.

– 20 03 03: bide-garbiketako hondakinak.

Harrera-gunean deskarga-hobi bat dago, 3.300 m3-koa, 6 eguneko hondakinak bildu ahal izateko tamaina duena.

TMB instalazioak urtean 180.000 tona hiri-hondakin kudeatzeko ahalmen izendatua dauka. Bi tratamendu-lerrotan gauzatzen da hori:

– Tratamendu mekanikoa: 30 t/ordu. Batetik, tuneletan egonkortzeko granulometria eta inpropioen maila egokia duen materiala lortzen da, eta, bestetik, bildutako hondakin gordinetan dauden material guztiak –balorizatu daitezkeenak– berreskuratzen dira. Tratamendu aurreko errefusak azken tratamendura eramaten dira (biltegi kontrolatura edo balorizazio energetikoko instalaziora).

Tratamendu mekanikoko instalazioak erregai solidoa ekoizten du hondakinetatik, eta azpiproduktu-fluxu ezin hobea lortzen da ondoren balorizazio energetikoa egiteko. Hiru lerro nagusi ditu:

• Tratamendu-lerroen elikatzea.

• Hondakin primarioen tratamendua (bi lerro). Honako frakzio hauek lortzen dira:

* Frakzio fina (< 80 mm).

* Frakzio tartekoa (80-150x250 mm).

* Frakzio lodia (150 x 250-350 mm).

* Material berreskuratuak.

• Hondakinezko erregai solidoen tratamendu-lerroa: tratamendu mekanikoko hiru frakzioez elikatzen da.

• Errefus-gunea: zahartzapena tunelean gauzatzen da, eta, beraz, masa galtzen da.

• Tratamendu biologikoa: hondakin primarioetatik (0-80 mm) datorren frakzio organikoaren egonkortasuna, digestio aerobioaren bidezkoa. 30 t/ordu. Material biolehortua lortzen da, hezetasun txikikoa.

Prozesuaren faseak:

• Tuneletako karga-sistema automatikoa.

• Tunelak.

• Tuneletako deskarga-sistema automatikoa.

• Hondakin geldoen bereizketa (tratamendu mekanikotik lortutako materiala).

Prozesuan, aire-tratamendua egiten da (usainak kentzea): atzipena eta tratamendu egokia, instalazioaren usain-jarioak saihesteko.

• Garbiketa kimiko bidezko aire-tratamendua: tratamendu-ahalmen aurreikusia 160.000 m3/h-koa da, etapa azido bateko bi scrubberretan zatitua, bakoitzaren ahalmena 80.000 m3/h-koa dena; gehienez ere 96.000 m3/h-ko emaria har dezake.

• Bioiragazki bidezko aire-tratamendua: airean dauden substantzia organikoak mikroorganismoen bidez biologikoki degradatzea da.

• Tximiniak: bioiragazkietan garbitu ondoren, airea atmosferara bidaltzen da «pipe-in-pipe-system» diseinua duen tximinia batetik, non bi hodien arteko aireak isolatzaile gisa jarduten duen, kondentsazioak saihestuz.

Garbiker MPAB SAren energia-kontsumoa hiri-hondakin solidoak kudeatzeko honako hau da: 8.460.000 kWh energia elektriko eta 12-14 m3 gas natural, urtean.

Prozesuetan sortutako hondakin-urak (ur beltzak) Zabalgarbi udal-kolektorera bideratzen dira; hortik, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren ur beltzen sarera isurtzen dira, Galindoko araztegian tratatzeko.

Euri-urak saneamendu-saretik igaro eta prozesuko uren depositura bideratzen dira, kudeatutako materialarekin batera sartzeko.

Euri-ur zikinen kasuan, aurretik tratatu egiten dira hondarra kentzeko bi gailu erabilita, Armulaza inguruko euri-kanalera bideratzeko.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Garbiker MPAB SAren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, Europako BREF txostenean jasota daudenak zehazki:

– «Teknika Erabilgarri Onei buruzko erreferentzia-dokumentua, monitorizazioaren printzipio orokorrekin lotuta, 2003ko uztaila».

– «Teknika Erabilgarri Onei buruzko erreferentzia-dokumentua, biltegiratze-emisioen printzipio orokorrekin lotuta, 2006ko uztaila».

– «Hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, 2018ko abuztua»: TEO1, TEO2, TEO3, TEO4, TEO5, TEO6, TEO7, TEO8, TEO 10, TEO11, TEO12, TEO13, TEO14, TEO17, TEO18, TEO19, TEO20, TEO21, TEO23, TEO24, TEO33, TEO34, TEO35, TEO36, TEO39».

Bigarrena.– Garbiker MPAB SAk Bilboko (Bizkaia) udal-mugartean sustatutako hiri-hondakin solidoen kudeaketa ustiatzeko, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko asegurua.

Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen (KPI) arabera handituz.

B) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Garbiker MPAB SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gaineko datuen aldaketa oro.

C) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

C.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Garbiker MPAB SAk hondakin arriskugabeak balorizatuko ditu pilaka bildutako hiri-hondakinen digestio aerobioaren bitartez, tratamendu mekanikoan balorizatu daitezkeen frakzioak bereiziz tratamendu biologikoa egin aurretik (R12/D8 kudeaketa-eragiketa).

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak ondorengo apartatuetan daude zehaztuta, behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, operadoreak kasuan kasuko tratamendu-kontratua igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, beharrezkoa bada, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsita.

Hondakin jakin bat onar daitekeela egiaztatu ondoren, Garbiker MPAB SAk dokumentu horren titularrari onarpena ziurtatzen duen agiria igorriko dio, onarpen horren baldintzak ezarrita.

C.1.1.– Hondakin onargarriak.

Garbiker MPAB SAk aipatu tratamendu-instalazioetan kudeatu ahalko ditu ondoren zehazten diren EHZ kodedun hondakinak, Europako Hondakinen Zerrendan jasota daudenak:

(Ikus .PDF)

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

Hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

C.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

a) Instalaziora balorizatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Kontrol horretan egiaztatu beharko da hondakinak jasotzeko prozedura, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi aurkeztutakoa, betetzen dela eta Ingurumen Sailburuordetzak balioetsiko du.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen H apartatuan ezartzen dena betetzea.

b) Hondakin-partida bat baztertu egiten bada, ez dituelako betetzen onartzeko parametro mugatzaileak, berehala jakinarazi beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Horrekin batera, hondakinaren izaera –EHZ kodea– jatorria, kantitatea, enpresa garraiatzailea, bazterketaren arrazoia, baztertutako hondakinaren helmuga eta bestelako gorabeherei buruzko datuak eman beharko dira.

c) Baimen honetan zehaztutako hondakinak baizik ez dira onartuko. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen H apartatuan ezartzen dena betetzea.

d) Hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen geralekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinak bi urtez gordeko dira gehienez ere.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea.

d) Hautsezko hondakinak eta ontziratu gabe jasotakoak pabiloiaren barruan multzotan edo/eta gelaxketan gordeko dira, tratamendua egiteko unea iritsi arte.

e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistema horiek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: jarioren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

f) Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Bilboko Udalean.

g) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Garbiker MPAB SA enpresak C.1.1 apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

a) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Garbiker MPAB SA enpresak formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

b) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

c) Ebazpen honetako C.1.2 apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan araututako erregistroan jasoko dira, baita Garbiker MPAB SA enpresak egin ditzakeen kontraste-kontrolak ere.

Laburpen-memoriak ekitaldi bakoitzaren amaieran behin-behinean biltegiratutako hondakinen eta hondakin kopuruen zerrenda ere jasoko du, lantokian tratatzeko onartuta baina oraindik tratatzeke dauden hondakinena bai eta sortutako hondakinena ere.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

C.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

C.1 apartatuan zehaztutako hondakinak onartu, bildu, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak alde batera utzi gabe, Garbiker MPAB SAk Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren baimenak ezartzen dituen baldintzak bete beharko ditu, honako xedapen hauetan ezarritako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EE) Erregelamendua, giza kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak ezartzen dituena eta Europako Batzordearen 142/2011 (EB) Erregelamendua (EB), 2011ko otsailaren 25ekoa, aurreko erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

C.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Garbiker MPABren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako emisioen muga-balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko. Efluente gaseosoak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Garbiker MPAB SAren instalazioak –haren jarduerari urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko B 09 10 09 07 kodea dagokio, eranskinaren aurreko epigrafeetan zehaztu gabeko hondakinen beste tratamendu batzuena– honako foku hauek ditu katalogaturik, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraituz:

(Ikus .PDF)

Baldin eta urte jakin batean foku sistematiko baterako baldintza horietako bakar bat ere betetzen ez bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren gaineko kontrolik egitea; kontrola hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek beren horretan jarraitu ezean. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

C.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira emisioen muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

*Behar bezala betetzen dela justifikatuko da, usainen kontzentrazioaren bidez edo amoniakoaren kontzentrazioaren bidez.

Balio horiek honako baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

C.2.2.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren C.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta laginketa-guneen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.2.2.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuetako usain-jarioak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

Instalazioak jariatzen dituen usainak zehaztu beharko dira. Ikerketa olfatometriko hori egiteko, urrats hauek jarraitu beharko dira:

– Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-jarioak karakterizatu beharko dira.

– Usain-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, usain-jarioaren abiadura eta usainaren emaria zehaztu beharko dira.

– Laginketa, usainaren kontzentrazioa, hedatzeko abiadura eta usain-jarioaren zehaztapena arau honen arabera egingo da: UNE-EN 13725:2004 «Airearen kalitatea. Usainaren kontzentrazioa olfatometria dinamikoaren bitartez zehaztea».

– Usain-jario bakoitzean hiru lagin hartuko dira gutxienez.

– UNE-EN 13725:2004 arauaren araberako ziurtagiria duten erakundeek zehaztuko dituzte instalazioko usain-jarioak.

C.2.3.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

C.2.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: hiri-hondakin solidoen kudeaketa:

(Ikus .PDF)

C.2.3.2.– Isurketen muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Ibaizabal/Nerbioi Beheko saneamendu-sistema orokorreko isurketak eta hondakin-uren arazketa arautzeko Erregelamenduan ezarritakoak dira (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa); instalazioak hor egiten ditu isurketak eta honako hauek dira parametroak, isurketa bakoitzerako zehazten diren gehieneko muga-balioekin:

(Ikus .PDF)

(*) Kloruroen kontzentrazioa mugatu egingo da, isurketa hartzen duen hondakin-uren araztegiaren influenteak ez dezan 2.000 mg/l-ko kontzentrazioa gainditu saneamendu-sareko erabiltzaile guztientzat.

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak ez gainditzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

C.2.3.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Saneamendu-sarera zuzenean bideratzen diren ur beltzen isuri bakar bat dago; alabaina, hidrokarburo-bereizgailu koaleszenteak daude euri-urentzako.

C.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatuko dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –Ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakinen Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Bilboko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

C.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

1. Prozesua: «Instalazioen eta makinen mantentze-lanak»

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute kode horiek. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuririk gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Garbiker MPAB SAk onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Garbiker RAB enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Garbiker MPAB SAk, PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, haiek egoki kudeatu daitezen, xedapen hauetan ezarritako eskakizunak bete behar ditu nahitaez: 1378/1999 Errege Dekretua, abuztuaren 27koa, Poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena, eta 228/2006 Errege Dekretua, otsailaren 24koa, errege-dekretu hori aldatzen duena.

k) Garbiker MPAB SAk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Garbiker MPAB SAk urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, haien helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

m) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Garbiker MPAB SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

n) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hau da, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, Garbiker MPAB SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Garbiker MPAB SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

p) Baldin eta Garbiker MPAB SA bada Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea, Garbiker MPAB SA bera da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Garbiker MPAB SAk bete egin beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.2.4.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Ebazpen honen C.2.4 apartatuak hondakinen kudeaketarako printzipio hierarkikoei buruz dioenaren arabera, EHZ 19 12 12, EHZ 19 12 10 eta EHZ 19 05 01 hondakinak kudeatzeko, balorizatu egingo dira eta ez dira hondakindegian utziko; sailburuordetza honetan ezabatzea ez den bestelako kudeaketa-proposamen bat egiaztatu beharko da, edo, arrazoi teknikoak, operatiboak, ekonomikoak eta abar direla medio, hondakina balorizatzeko ezintasuna justifikatu beharko da.

b) EHZ 19 07 03 hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen Hondakinen Europako Zerrendan. Beraz, hondakin hori hondakin arriskugabetzat hartuko da, baldin eta aldez aurretik karakterizatzen bada; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia dela egiaztatzeko. Aldez aurreko karakterizazioaren irismena zehazteko, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako Hondakin Arriskutsuen eta Kutsatutako Lurren Zerbitzuan egin beharko da kontsulta. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako C.2.4.1. apartatuan zehaztutakoa aplikatu beharko da.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereiziko dira, eta lehenak eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), berriro erabili ahal izateko, eta bigarrenak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

d) Hondakin horiek ezabatzeko badira, ezin izango dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, hondakin guztiek, hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Garbiker MPAB SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (7/2022, apirilaren 8koaren) 31.2 artikuluaren arabera.

h) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Garbiker MPAB SA, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

i) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Garbiker MPAB SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari sortu dituen hondakin arriskugabe guztien jatorriaren eta kantitatearen, haien helmugaren eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

j) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

k) Apartatu honetako e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean) g), i) eta j) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

C.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Garbiker MPAB SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta oneratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura egikaritu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m³-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatuko duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren eta jarduketa burutuko duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

C.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

Garbiker AB enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

(1) Muga-balio horiek aplikagarriak dira, orobat, ezein eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako; balioak eraikinaren garaiera orotan fatxada leihodun guztietara iristen den soinuari dagozkio.

Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

D.1.– Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

a) Garbiker MPAB SAk emisioak kontrolatu beharko ditu, honako informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.

c) Halaber, a) letran azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

Garbiker MPAB SAren jardueraren emisioei lotutako usainen inpaktua ebaluatzeko, usainen barreiatzearen inguruko azterlan bat egin beharko da 3 urteren buruan.

Azterlan hori egitean eta horren emaitzak eta ondorioak aurkeztean, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak argitaratu duen «Dispertsio-ereduak egiteko jardunbide egokien Gidan» ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

d) Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua, eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina. Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta aurreko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, Ebazpen honetan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

f) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen Bigarren apartatuko C.2.3.2. azpiapartatuan ezarritako mugak.

D.3.– Zarataren kontrola.

a) Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtean behin, jarduera egiten den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat egin beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena.

D.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko C.2.5 azpiapartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipamenduak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen dituen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabetasunak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Dekitra SAk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

D.5.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du:

(Ikus .PDF)

D.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus.

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, beti martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

D.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, egiaztatu ahal izateko adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurien eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko C.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Garbiker MPAB SA enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Garbiker MPAB enpresak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren C.2.4 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako uztea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Garbiker ABk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen egoera orori aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohiak tratatzeko aukera izanez gero, horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solidoak eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimendua hondakin-ura «bypass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak «bypass» bidez, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isuri bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuzko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzakete. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).

– Berehala aplikatutako zuzenketa-neurriak edo eusteko neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ezusteko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Bilboko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere.

Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

G) E-PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Garbiker MPAB SAk aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako emisioei, eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzien Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta ingurumena zaintzeko programarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioan aldaketak egitea.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egikaritu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

I) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– Garbiker MPAB SAri emandako ingurumen-baimen integratua berrikustea. Hiru hilabeteko epean, proposamenen ebaluazio tekniko bat aurkeztu beharko da, instalazioan hobekuntzak egiteko eta, horrela, balorizatu daitezkeen frakzioak efizientzia handiagoarekin bereizteko eta sortutako frakzioak lehentasunezko kudeaketa-eragiketetara bideratzeko, baita horiek kudeatzeko ere, helmugei lehentasuna emanez, hondakinen araudi sektorialean ezarritako kudeaketa-eragiketen hierarkia oinarritzat hartuta.

Laugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakin arriskutsuak kudeatzeko eta balorizatzeko jarduerari dagokionez eta produktu inorganikoak eta organikoak fabrikatzeko eta/edo merkaturatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Garbiker MPAB SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Seigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Garbiker MPAB SAri, Bilboko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 11.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala