Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2022ko urriaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4307

AGINDUA, 2022ko irailaren 29koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko prozedurari.

Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzko azaroaren 21eko 253/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denez, «domina edo plaka-diploma emateko espedienteari ofizioz emango zaio beti hasiera, urtero, segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan sailburuak erabakia hartu ondoren eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den agindu baten bidez».

Dekretu horren 13. artikuluaren arabera, domina jartzeko edo plaka-diploma zein diploma eskura emateko ekitaldia 1-1-2ren Europako eguna ospatzen den egunean izango da, salbu eta aukera- edo presa-arrazoiengatik beste une batean egitea egokiagotzat jotzen bada.

Hori dela eta, agindu honen bidez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzko azaroaren 21eko 253/2017 Dekretuan araututako dominak edo plaka-diplomak emateko espedientea hasteko erabakia hartzea.

Bigarrena.– Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren oinarrizko zerbitzuak edo zerbitzu osagarriak beren mende dituzten administrazio publiko, erakunde, entitate, profesionalen edo boluntarioen antolakunde edo elkarte, enpresa publiko nahiz pribatuek sari horiek emateko proposamen arrazoituak egin ahal izango dituzte, hilabeteko epean aldizkari ofizialean prozeduraren hasiera argitaratzen denetik aurrera. Dena den, prozedura hasi aurretik jasotako proposamenak ere kontuan hartuko dira.

Hilabeteko epe hori agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Proposamenak eskura aurkez daitezke Zuzenean-Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Bizkaia: Kale Nagusia 85, 48001 Bilbao; Gipuzkoa: Andia 13, 20003 Donostia; Araba: Ramiro Maeztu 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1052806 Segurtasun Sailaren sariak eta dirulaguntzak deritzon atalean (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/segurtasun-saila/) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako gainerako tokietan.

Hirugarrena.– Proposamenetan, datu hauek jaso behar dira, eta, haiekin batera, dokumentazio hau aurkeztu:

a) Proposamena egiten duen entitatearen identifikazioa.

b) Saria jasotzeko proposatzen den pertsona fisikoaren edo juridikoaren datuak (pertsona fisikoen kasuan, sexua adierazita).

c) Eskatzen den saria eta, domina bada, bereizgarri mota zehaztuta.

d) Proposamena egiten duen pertsonaren eta proposatzen den pertsonaren jakinarazpenetarako helbidea.

e) Proposatzen den saria merezi izatea justifikatzen duen memoria, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo jarduerak modu zehatzean jaso eta saria merezi izateko arrazoiak adierazten dituena.

f) Proposamena egiten duenak egokitzat jotzen duen dokumentu oro.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu hau eta bertan argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bosgarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 29a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala