Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2022ko urriaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4254

AGINDUA, 2022ko irailaren 27koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2022ko maiatzaren 10eko Agindua, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa arautzen eta iragartzen duena 2022ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikiak suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko.

Europako egungo gerra-egoerak ondorio ekonomiko larriak ekarri ditu, hala nola erregaien eta lehengaien garestitzea, eta, aurreikuspenen arabera, ondorio horiek luze iraungo dute. Hori dela eta, ondasunen prezioa igo egin da, eta, ondorioz, kontsumoa jaitsi.

Gobernu Kontseiluak apirilaren 11n erabaki zuen aurrekontu-arloko zenbait neurri hartzea, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialak direla eta. Erabaki horren bidez, neurri-multzo bat hartu da ekonomia dinamizatzeko, enpleguari eusteko eta batik-bat pobrezia energetikoaren eraginpean dauden pertsona eta familia zaurgarrienei laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak neurri berri horiek ezartzea erabaki zuen, hain zuzen ere egungo egoera ekonomikoa arintzeko eta hazkunde ekonomikoa eta enplegua bermatzeko. Neurriok 200 milioi euroko zuzkidura dute, eta bi motatakoak dira: «Erreskate sozialerako funtsa» eta «Erreskate ekonomikoa».

Merkataritza-sektorearentzako laguntza osagarriei dagokienez –COVID-19aren pandemiaren eraginez igarotako egoera gogor-gogorraren ondoren sektore horri kalte handia egin baitio kontsumoaren beherakadak–, 20 milioi euroko zuzkidura bideratuko da tokiko merkataritza dinamizatzera; batez ere, autonomoek, mikroenpresek eta txikizkako merkataritza-sektoreko enpresa txikiek eta hiri-merkataritzako jarduerarekin lotura duten zerbitzuetako enpresa txikiek garatutako merkataritzara.

2022ko maiatzaren 16ko EHAAn (93. zk.), 2022ko maiatzaren 10eko Agindua argitaratu zen, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa arautzen eta iragartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikiak suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko. Programara bost milioi (5.000.000) euro bideratu ziren.

Deialdiaren xedeak honako hauek dira: ondasunen kontsumoa eta zerbitzuen prestazioa sustatzea hiri-merkataritzaren jarduerarekin lotuta duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetan; hiri-merkataritzaren jarduerarekin lotuta duen merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko enpresaburu autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak indartzen laguntzea; eskaria suspertuz babesa ematea herritarrei zein enpresa-sareari, hiri-merkataritzako sektorearen eta jardueraren oinarria baita, eta hiri-merkataritzaren jarduera dinamizatzea, tokiko eta eskualdeko eremuan duen eragina sustatuz.

Kanpaina ekainean hasi zen, eta garrantzi handiko inpaktua izan du; izan ere, martxoan nabaria eta begi-bistakoa zen kontsumoaren moteltzea, eta hala jarraitu zuen ekainera arte, baina kanpainak erosketak suspertu zituen merkataritza- eta kontsumo-sektorean, eta, gainera, oso harrera ona izan zuen sektore horietan eta kontsumitzaileen artean, aurreikuspen guztiak gaindituta.

Izan ere, lehenengo fasearen amaieran, zirkulazioan jarritako deskontu-bonu guztien % 85,18 trukatu zen, eta, beraz, bigarren faserako, soberakin ekonomiko txiki bat geratu da: 93.883 bono baino ez. Hau da, zirkulazioan jarritako bonoen % 85,18 trukatu da (555.302 bono), deskontuen balioa 5.553.020 eurokoa izan da, eta erosketetan izandako inpaktua, 16.659.060 eurokoa.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programarako hasieran aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura handitzea, hasierako 5.000.000 euroetatik 9.000.000 euroko zenbatekora. Programa horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikiak suspertzea eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzea, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurri osagarrien programaren barruan.

Bestalde, eta sektoreak berak eskatuta, bigarren aldiaren hasiera urriaren 17ra atzeratu da. Horrek, era berean, 11.6 artikuluaren birbanaketa-data aldatzea dakar: azaroaren 4tik azaroaren 16ra.

Era berean, aurrekontu-igoeraren zenbatekoa eta truke-aldi bien arteko distantzia kontuan hartuta, 8. artikulua aldatzen da, eta pertsona bakoitzak gehienez bost deskontu-bonu batu ahal izango ditu, truke-aldi bakoitzeko berrogeita hamar euroko balioarekin.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Argitara ematea Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko maiatzaren 10eko Aginduaren zuzkidura ekonomikoa handitu dela, 9.000.000 eurora arte (bederatzi milioi euro), agindu horretan deskontu-bonuak banatzeko ezarritako irizpide berberei jarraikiz. Agindu horren bidez, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa arautzen da, eta haren deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikiak suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko. Honela geratzen da idatzita 3. artikulua:

«3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Zuzendaritzaren bitartez, 9.000.000 euroko zuzkidura ekonomikoa emango du programa hau garatzeko.»

2. artikulua.– Agindu bereko honako artikulu hauek aldatzea, honela idatzita:

«8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezakeen jarduera.

4.– Horretarako, erakunde laguntzaileak behar diren mekanismoak eduki beharko ditu aurreko apartatuan adierazitakoa bermatzeko eta egiaztatzeko, eta, halaber, behar dituen tresnak izan beharko ditu erosketa-tiketetan identifikatutako pertsona bakoitzeko bost deskontu-bonuen muga, truke-aldi bakoitzeko, kontrolatzeko. Era berean, atxikitze-aldia amaitzean eta programaren baldintzak bete direla egiaztatzean, bonuak programara atxikitako establezimenduen artean banatuko dira.

5.– Pertsona bakoitzak, gehienez, bost deskontu-bonu batu ahal izango ditu truke-aldi bakoitzeko, berrogeita hamar euroko balioarekin. Onuradunek establezimendu bakar batean edo batean baino gehiagotan erabili ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Halaber, deskontu-bonuak erosketa bakarrean edo hainbat erosketatan erabili ahal izango ditu onuradun bakoitzak.

7.– Bi epe edo aldi ezarri dira deskontu-bonuak trukatzeko. Lehenengoa, programa indarrean jartzeko finkatutako egunean hasi eta 2022ko uztailaren 3an amaituko da, eta bigarrena, aldiz, 2022ko urriaren 17an hasi eta 2022ko abenduaren 4an amaituko da.»

«11. artikulua.– Deskontu-bonuen banaketa.

3.– Deskontu-bonuak erakunde laguntzaileak banatuko ditu hiru lurralde historikoetan, aurreko irizpideei jarraituz eta ehuneko hauekin:

Araban: % 15, 135.000 bonu.

Bizkaian: % 52, 468.000 bonu.

Gipuzkoan: % 33, 297.000 bonu.

Eskura egongo diren bonuak, guztira: 900.000 bonu.

4.– Eusko Jaurlaritzak gehienez ere 900.000 bonu hartuko ditu bere gain.

6.– Lehenengo aldia amaitzean, programaren gauzatzea ebaluatuko da, eta programan baja emango zaie aldi horretan trukerik egin ez duten establezimenduei.

Ezarritako lehen truke-aldian bonu guztiak agortzen badira, kanpaina ez da egingo urritik abendura bitartean, salbu eta Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez programaren aurrekontua handitzeko ahalmena ematen bada. Kasu horretan, EHAAn argitaratuko da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren dagokion agindua.

Bestela, trukatu gabeko bonu guztiak lurralde historiko bakoitzari esleituko zaizkio, artikulu honen 3. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, eta beste banaketa bat egingo da programan jarraitzen duten establezimendu guztien artean.

Establezimenduen arteko truke-maila desberdinagatik bonuak birbanatu behar direla ikusiz gero, honela jokatuko da:

Birbanaketa 2022ko azaroaren 16an egingo da. Egun horretan, bigarren aldiaren hasieran eskuragarri dauden bonuen % 75 baino gutxiago trukatu duten establezimenduek trukatu gabeko bonuen % 25 eskuratuko lukete. Itzulitako bonuak ekitatiboki birbanatuko dira kanpainan esleitutako bonu guztien % 75 edo gehiago trukatu duten establezimenduen artean. Establezimendu bakoitzari esleitu beharreko bonuen gutxieneko kopuru nahikoa ziurtatzeko, birbanatutako bonuen kopurua ez da inoiz hamar bonu baino txikiagoa izango. Birbanaketa horren lehentasun-ordenak kontuan hartuko du, lehenik eta behin, establezimenduak esleitutako bonuak agortu dituen data, eta, bigarrenik, trukatutako bonuen ehunekorik handiena.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 27a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala