Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2022ko irailaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4238

AGINDUA, 2022ko irailaren 27koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2022. urteko turismoko, merkataritzako eta kontsumoko Euskadi sariak emateko deialdiaren oinarriak arautzen dituena.

Urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren funtzioak eta jarduketa-arloak ezartzen ditu. Horien artean, helburuetako bat da EAEko merkataritzaren eta turismoaren sektoreak sendotzea eta suspertzen laguntzea, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz pairatu dugun bi urteko zailtasun-garaiaren ondoren. Era berean, kontsumoaren arloan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestea eta kontsumo arduratsu, jasangarri eta segurua sustatzea ere badira helburuetarik batzuk.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak hainbat agindu argitaratu ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren Euskadi Sariak emateko deialdiaren oinarriak arautzeko. Horrek harrera ona izan du EAEko enpresa-, elkarte- eta erakunde-sarean, baina ibilbidea eten egin da COVID-19ak eragindako pandemiak gogorren jo duen urteetan. 2021ean, ordea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren Gala egin zen horren ordez, pandemia-garaian sektoreek erakutsitako balioak aitortzeko.

Horregatik, 2022an, Turismo eta Kontsumo Sailak uste du komenigarria dela ekintza horiek berreskuratzea, EAEren etorkizun ekonomikorako berebiziko garrantzia duten sektoreei aitorpena egite aldera. Sektore horiek, gainera, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz Europan piztu den gerraren ondorioak pairatzen ari dira.

Turismoa, merkataritza eta kontsumoa estuki lotutako hiru arlo dira, eta, horregatik, funtsezkoa da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak arlo horietako politika publikoen plangintzan eta kudeaketan zeharkakotasuna bermatzea. Hori dela eta, 2022. urteko deialdirako, Agindu honen eranskinetan jasoko dira deialdi bakoitzaren eta sektore bakoitzaren betekizun espezifikoak, Sailaren arau bateratu eta integrala osatze aldera.

Sariei buruzko Agindu honek aitortza egiten die turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreei oro har, eta, bereziki, ahalegin eta dedikazio handiz arlo horien prestigioa areagotzen laguntzen duten profesionalei, enpresaburuei, langileei eta erakundeei.

EAEko turismoari dagokionez, 2030era begirako ikuspegi estrategikoaren helburuetako bat da EAE kalitatezko helmuga lehiakor eta jasangarri bihurtzea, bisitan datozkigun pertsonek baloratuko dutena eta EAEko gizarteari oparotasuna ekarriko diona.

Horretarako, ekimen berritzaileak behar dira segmentu estrategikoetan, enpresak zein helmugak lehiakorrak izan daitezen bultzatzeko. Hazkunde jasangarriko irizpideetan oinarritutako ekimenak izan behar dute; hau da, jasangarriak izan behar dute, ingurumen- eta gizarte-ikuspegitik ez ezik, baita EAEko turismo-sektorearen lehiakortasunaren ikuspegitik ere.

Helburua hori izaki, EAEko Turismo Sarien 2022ko deialdian Euskadi Basque Country marka proiektatzen lagunduko duten jarduketak sustatu nahi dira, bikaintasun-, berrikuntza- eta jasangarritasun-balioei lotutako marka turistiko gisa. Era berean, enpresa- eta lanbide-ibilbideagatik EAE helmuga turistiko gisa kokatzen lagundu duten eta/edo laguntzen duten pertsonak saritu ere egin nahi dira.

EAEko merkataritzak babestu egiten ditu etorkizunera begira Merkataritza 2030 Estrategiaren bidez hedatu behar diren ekintza-ildoak, eta, horretarako, estrategiaren muina osatzen duten sei eraldaketa-ildori eusten die, foku nagusi edo lanerako nukleo gogor direlakoan. Lehenik eta behin, aipatzekoa da merkataritza-enpresa, sektorearen oinarrizko unitate eta eraldaketa-gune den aldetik; eta, bigarrenik, hiri-espazioa, tokiko enpresak biltzen dituen esparru eta kontsumitzaileekiko topagune den aldetik. Biak ala biak dira estrategiaren xede.

Baina horiek bezain garrantzitsuak dira giza kapitala, ezagutzaren kudeaketa eta komunikazioa; enpresen eta hiri-espazioen aldaketa bultzatzeko, bizkortzeko eta laguntzeko bide direlako. Ezin ahaztu, jakina, ezinbestekoa dela horiek gobernantzaren eta baliabide publikoen inguruan integratzea eta antolatzea, ezin baliagarriagoak baitira eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanerako sinergiak sustatzeko, eta horien hartu-emana zein rolak arautu eta artikulatzeko.

Hori dela eta, edizio honetan merkataritza-sektoreko profesionalen ibilbide profesionala saritu nahi da, baita EAEko tamaina askotariko merkataritza-enpresen lana ere. Horiekin batera, eta ekintzailetza zein merkataritza-arloen dinamizazioa barne hartuta, oso kontuan izan behar dira tokiko erakundeak ere, tokiko merkataritza ardatz hartuta hiri-espazioaren dinamizazioan egiten duten lana aintzatetsiz.

Azkenik, kontsumoari dagokionez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen alde lan egiten duten kontsumo-eragile guztien lana eta ahalegina aitortu eta saritu behar da, bereziki kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteena eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoena. Ildo beretik, kontsumo arduratsua sustatzera bideratutako praktikak abian jartzen dituzten enpresen garrantzia azpimarratu behar da, eta, hortaz, aipamen berezia merezi dute kontsumitzaileak jokabide arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko komunikazio-kanpainak egiten dituzten enpresek.

Sari hauen helburua da, beraz, kontsumoaren arloko eragile, enpresa eta komunikazio-agentzia guztiek beren jarduera-eremuetatik egiten duten ahaleginari aitortza egitea, buru belarri aritzen baitira kontsumitzaileek beren eskubideak ezagut ditzaten eta erabaki kontzienteak har ditzaten.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2022ko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren Euskadi Sariak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, eranskinetan jasotzen diren baldintzetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 27a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
2022. URTEKO EUSKADI TURISMO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Euskadi Turismo Sarien helburua da publikoki aintzatestea Euskadiren turismo-politika gidatzen duten berrikuntza- eta jasangarritasun-helburuak lortzen turismo-sektoreko eragileek egindako ekarpena, eta haien ibilbide profesionala.

2. artikulua.– Kategoriak.

Eranskin honetan araututako turismo sektorerako Euskadi sariak lau izango dira, horietako bakoitza honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati dagokiona:

a) Turismo-berrikuntzaren Euskadi Saria: helburua da negozioaren ardatz nagusitzat berrikuntza izateagatik nabarmentzen diren turismo-enpresak saritzea, bereziki kontuan hartuta berrikuntza esparru guztietan –produktuen kudeaketan nahiz merkaturatzean– aplikatzen dutenak eta, beraz, beren sektorean lidergoa lortu dutenak.

• Turismo-berrikuntzaren Euskadi Saria 10 langile arteko enpresentzat.

• Turismo-berrikuntzaren Euskadi Sariak 10 langile baino gehiagoko enpresentzat.

b) Helburu arduratsu eta jasangarriaren Euskadi Saria: helburua da gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jardueren bidez ekimen arduratsu eta jasangarriak gauzatu dituzten eskualdeko edo tokiko turismo-erakundeak saritzea.

c) Ibilbide profesionalaren Euskadi Saria: helburua da, enpresa- eta lanbide-ibilbidearen bidez, EAE kalitatezko helmuga turistiko lehiakor eta jasangarri gisa kokatzen lagundu duten eta/edo laguntzen duten pertsonak saritzea.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– a) kategorian, onuradun izan daitezke EAEn turismo-zerbitzuak ematen dituzten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako ezein egoeratan ez badaude.

Era berean, hautagai izan daitezkeen enpresa guztiek EAEko Turismo-enpresa eta -establezimenduen Erregistroan izena emanda izan beharko dute.

2.– b) kategorian, onuradun izan daitezke udalak, tokiko eragile autonomoak, tokiko enpresa-erakunde publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak. Baita honako hauek ere: kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, turismo-partzuergoak, fundazioak eta EAEko eskualde-eremuan turismo-lankidetzako erakunde gisa edo produktu turistikoen kudeatzaile gisa jarduten duten bestelako erakunde eta elkarteak.

3) c) kategorian, onuradun izan daitezke EAEko turismo-garapenean ibilbide luzea duten eta ekarpen nabarmena egin duten pertsona fisikoak.

4. artikulua.– Hautagaiak.

1.– Hauek aurkez dezakete hautagaia:

a) Saria lortu nahi duenak berak.

b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak (hor sartzen da Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia).

c) Hiru foru-aldundiek.

d) EAEko hiriburuetako turismo-sustapenaren ardura duten toki-erakundeek.

e) EAEko turismo-sektoreko elkarteek.

f) EAEko ostalaritza-elkarteek.

g) EAEko merkataritza-ganberek – Eusko Ganberek.

2.– Hautagaitzak formalizatzeko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera.

3.– Hautagaia aurkezteko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.

c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela ohartarazita.

4.– Erakundeek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte hautagaiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1070803

5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla Agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Formalizatutako hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:

a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea, epaimahaiburu izango dena.

b) Mahaiburuordea: Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

c) Kideak:

• Basquetour Turismoko Euskal Agentziaren zuzendaria.

• Arabako Foru Aldundiko Turismo Sailaren ordezkaria.

• Bilbao Turismo SAren ordezkaria.

• Bidaia-agentzien ordezkaria (ATRAE, etab.).

• Ostatu-establezimenduetako enpresen ordezkaria (ADEGI, NEKATUR, etab.)

• Arabako Ostalaritza Enpresaburuen Elkartearen ordezkaria.

• Gipuzkoako Ganberako Turismo arloko arduraduna.

d) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketek eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

a) Turismo-berrikuntza: negozioaren ardatz nagusitzat berrikuntza izateagatik nabarmentzen diren turismo-enpresak (produktuen kudeaketari nahiz merkaturatzeari dagokienez), beren sektorean lidergoa lortu dutenak.

b) Ekimen arduratsuak eta jasangarriak garatzea, bai gizarte- eta ingurumen-arloan, bai arlo ekonomikoan; ekimen horiek aliantza horizontalen bidez bultzatuko dira, eta ekimenen emaitzek, objektiboki kuantifikatuta, eragin positiboa izan behar dute beren eragin-eremuko turismo-garapenean.

c) Enpresa- eta lanbide-ibilbide aitortua dutelako bereizten diren pertsonak; hau da, urteetan turismoaren sektorean izan diren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak, eta EAE kalitatezko helmuga turistiko lehiakor eta jasangarri gisa kokatzen lagundu duten eta/edo laguntzen dutenak.

7. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proposamena aurkeztu eta gehienez ere hilabeteko epean ebatziko du, agindu bidez, eta agindu hori EHAAn argitaratuko da.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen eranskin honetan ezarritako baldintzak.

4.– Sariak ohorezkoak dira.

5.– Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia egin ahalko zaie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten baina EAEko turismoaren sektoreari ekarpen handia egiteagatik nabarmendu behar diren hautagaiei, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik.

8. artikulua.– Aitortza publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

9. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatzeko orduan «Euskal Turismoaren Sarien Agindua» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Aginduaren helburua, hain zuzen, sarien deialdiak kudeatzea izango da. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza da fitxategi honen arduraduna. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

II. ERANSKINA
2022. URTEKO EUSKADI MERKATARITZA SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Merkataritzaren Euskadi Sarien xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritzaren alde lan egiteagatik eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiteagatik nabarmentzen diren enpresak saritzea, betiere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta lege horren aldaketetan ezarritako berdintasun-printzipioak errespetatuta.

2. artikulua.– Kategoriak.

Eranskin honetan merkataritza sektoreko Euskadi sariak arautzen dira; guztira, bost izango dira, horietako bakoitza honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati dagokiona:

a) Ibilbide profesionalari eskainitako Merkataritzaren Euskadi Saria, zeinaren helburua baita EAEko merkataritza-sektoreko langileen ibilbide profesionalari aitortza egitea.

b) EAEko merkataritza-enpresei eskainitako Euskadi Saria, zeinaren helburua baita enpresek merkataritza garatu, modernizatu eta berritzeko egindako lana saritzea, lanpostuak sortu eta mantentzeko egindako lana ere kontuan hartuta. Modalitate horren barruan bi kategoria bereiz ditzakegu:

• EAEn 10 langile arte dituzten merkataritza-enpresei zuzendutako EAE sariak.

• EAEn 10 langile baino gehiago dituzten merkataritza-enpresei zuzendutako Euskadi sariak.

c) Ekintzailetzaren Euskadi Saria, zeinaren helburua baita eragin, originaltasun, ekimen, ahalegin eta abarrengatik bereizi diren eta merkataritzaren sektorean ikusgaitasuna eta aitorpen berezia izan duten ekintzaileak saritzea.

d) Merkataritza-eremuen dinamizazioari eskainitako Euskadi Saria, zeinaren helburua baita pertsonek, enpresaburuek, elkarteek, udalek edo merkataritza suspertzeko eta garatzeko erakundeek sustatutako ekintzak eta proiektuak aitortzea, baita tokiko hiri-ekonomia dinamizatzen egindako lana nabarmentzea ere. Saria emateko orduan, kontuan izango da hautagaien lanak, objektiboki kuantifikatuta, eragin positiboa izatea aitortzaren xede diren jarduketen eragin-eremuko merkataritzan.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

a), b), c) eta d) kategorietan, onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoan irabazi-asmoko merkataritza-jardueraren bat gauzatzen duten merkataritza-enpresen titularrak, fisikoak edo juridikoak, baldin eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako ezein egoeratan ez badaude.

d) kategorian (merkataritza-inguruneen dinamizazioa) parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek sustatutako proiektuek, baita jarduera berezi edo berritzaileei ekin dieten edo bultzada-gaitasun handia izan duten proiektuak bultzatzen dituzten elkarteen proiektuek ere, betiere, beraien jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan bada.

4. artikulua.– Hautagaiak.

1.– Hauek aurkez dezakete hautagaia:

a) Saria lortu nahi duenak berak.

b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.

c) Hiru foru-aldundiek.

d) EAEko hiriburuetako turismo-sustapenaren eta garapen ekonomikoaren ardura duten toki-erakundeek.

e) EAEko garapen ekonomikoaren ardura duten sektore publikoko erakundeek.

f) EAEko merkataritza-sektoreko elkarteek.

g) EAEko merkataritza-ganberek – Eusko Ganberek.

2.– Hautagaitzak formalizatzeko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera.

3.– Hautagai-zerrenda ondorengo dokumentu hauek aurkeztuta osatuko da:

a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.

c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela ohartarazita.

4.– Erakundeek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte hautagaiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1072803

5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla Agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Euskadi Merkataritza Sariak emateko prozedura.

Saria emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz gauzatuko da.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Hauexek dira epaimahaikideak: epaimahaiburua, mahaiburuordea eta hiru kide.

a) Epaimahaiburua: Turismo eta Merkataritzako sailburuordea.

b) Mahaiburuordea: Merkataritzako zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

c) Kideak:

• Euskomer Merkataritzaren Euskal Konfederazioko ordezkari bat.

• Euskaldendak Euskadiko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioko ordezkari bat.

• EAEko hiriburuetako Merkataritza plataforma bateko ordezkari bat.

• EAEko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberetako ordezkari bat.

• Euskalit Kalitaterako Euskal Fundazioko ordezkari bat.

d) Idazkaria: Merkataritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Zuzendaritzaren egoitzan eratuko da hautaketa-organoa. Epaimahaiaren funtzionamenduak eta gauzatzen dituen jarduketek, eta kideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

7. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

a) Ibilbide profesionalaren garrantzia. Helburua da enpresa- eta lanbide-ibilbide luzea izan dutelako bereizten diren merkatariak saritzea, hau da, urteetan merkataritzaren sektorean zein kontsumitzaileei lotuta izan diren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak eta, ondorioz, enpresek arrakastaz irautea lortu dutenak.

b) EAEko udalen eta toki-erakundeen jarduketaren garrantzia. Helburua da proiektu berritzaileak gidatzen ari diren toki-erakundeak saritzea, bereziki kontuan hartuta merkataritza bera zein merkataritza-jarduerarekin lotura duten zerbitzuak dinamizatzeko plan estrategikoak garatzen ari direnak (batez ere merkatuei, hiriko merkataritza-eremuei eta merkaturatze-kate laburrei dagokienez).

c) EAEko merkataritza-enpresaren garrantzia: enpresa-berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik negozioa mantentzeko, garatzeko eta hazteko funtsezkoak izan diren enpresa-jarduketak baloratuko dira; hau da, sektorean lidergo-posizioa dutenak eta gainerako merkatarientzat erreferente direnak.

d) Ekintzailetzaren garrantzia. Helburua da negozio-eredu berritzaileak abian jarri dituzten eta ekimen, ahalegin eta abarrengatik nabarmentzen diren ekintzaileak saritzea; eragin berezia ematen dutenak eta merkataritza-sektoreari ikusgarritasun positiboa ematen diotenak.

e) Merkataritza-eremuen dinamizazioaren garrantzia. Helburua da zeharkako aliantzen eta lankidetza-egituren bidez bultzatutako dinamizazio-proiektuak saritzea, jarduketa-eremuan emaitza neurgarriak izan badituzte.

8. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez ere, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu bidez.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak.

4.– Sariak ohorezkoak dira. Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen bereziak eman ahalko zaizkie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten baina euskal merkataritzaren sektoreari egiten dioten ekarpen handiagatik nabarmendu behar diren hautagaiei, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik.

9. artikulua.– Aitortza publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

Adierazitako kategoria horietako bakoitzean, aipamen edo aitortza publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo erakunde onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.

10. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileek deialdiak izapidetzerakoan emandako datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «Euskadiko Merkataritza Sarien Agindua» izeneko fitxategian gordetzeko besterik ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, sarien deialdia kudeatzea izango da, baita parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Merkataritza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzan erabili ahalko dira, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

III. ERANSKINA
2022. URTEKO EUSKADI KONTSUMO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Kontsumoaren Euskadi Sarien xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumo arduratsuaren eta kontsumitzaileen eskubideen defentsaren alde egiteagatik nabarmentzen diren enpresak saritzea, betiere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta lege horren aldaketetan ezarritako berdintasun-printzipioak errespetatuta.

2. artikulua.– Sarien kategoriak.

Hiru sari arautuko ditu ebazpen honek, eta honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati egokituko zaio horietako bakoitza:

1.– Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzeko jarduketak.

2.– Kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokiak.

3.– Kontsumitzaileen eskubideak babesteko informazio- edo/eta dibulgazio-ekintzak.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

Hauek izan daitezke agindu honen bidez onartutako deialdiko sarien onuradun:

a) 1. kategorian: Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak, eta kontsumitzaileei laguntza eta babesa ematen ibilbide luzea egin duten beste erakunde batzuk, kontsumitzaileen elkarteak kasu. Kontsumitzaileen elkarteen kasuan, beharrezkoa da abenduaren 28ko 262/2021 Dekretuan araututako EAEko Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatuta egotea.

b) 2. kategorian: Kontsumo arduratsua lortzera eta sustatzera bideratutako «Enpresa-jardunbide egokiak» garatzen dituzten enpresak.

c) 3. kategorian: hedabideak, komunikazio-agentziak eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko informazio-ekintzak antolatzen edo espazioak eskaintzen dituzten beste erakunde batzuk.

4. artikulua.– Hautagaiak.

1.– Hauek aurkez dezakete hautagaia:

a) Saria lortu nahi duenak berak.

b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua.

c) Kontsumitzaileen elkarteak.

d) KIUBen arduradunak.

e) EAEko enpresaburuen elkarteak.

f) EAEko publizitate-agentzien elkarteak.

2.– Hautagaitzak formalizatzeko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera.

3.– Hautagaia formalki aurkezteko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.

c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela ohartarazita.

4.– Erakundeek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076103

5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla Agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Euskadi Kontsumo Sariak emateko prozedura.

Saria emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz gauzatuko da.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Aurkezten diren hautagaiak balioesteko epaimahai bat eratuko da, honela osatuta:

Epaimahaiburua: Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.

Kideak:

– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

– Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

– EAEko kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat.

– Idazkari teknikoa: Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzako unitateburua, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Hautaketa-organoa Kontsumobideren egoitzan eratuko da. Epaimahaiaren funtzionamenduak eta gauzatzen dituen jarduketek, eta kideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

7. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

a) Ibilbide profesionalaren garrantzia. Helburua da kontsumoaren arloan ibilbide profesional aipagarria duten kontsumo-eragileak saritzea, eta, horretarako, ibilbidea bera, haren iraupena eta egindako lorpenak baloratuko dira.

b) EAEko enpresaren edo profesionalaren garrantzia: kontsumo arduratsua eta jasangarria lortzeko eta sustatzeko enpresa-jardunbide egokiak garatzen dituzten jarduketak baloratuko dira.

c) Komunikazioa: aitortza egingo zaio EAEko kontsumo-eremuaren balioak nabarmentzen dituzten hedabideen dibulgazio-jarduerarik onenari.

8. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez ere, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu bidez.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak.

4.– Sariak ohorezkoak dira. Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen bereziak egin ahalko zaizkie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten baina EAEko kontsumo-arloari ekarpen handia egiteagatik nabarmendu behar diren hautagaiei, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik.

9. artikulua.– Aitortza publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

Adierazitako kategoria horietako bakoitzean, aipamen edo aintzatespen publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo erakunde onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.

10. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileek deialdiak izapidetzerakoan emandako datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «Euskadiko Kontsumo Sariak» izeneko fitxategian gordetzeko besterik ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, Euskadiko Kontsumo Sarien deialdia kudeatzea izango da, baita parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan baliatu ahal izango dira, helbide honetan: Santiago hiribidea 11, 01002 Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala