Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2022ko irailaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4175

AGINDUA, 2022ko irailaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2020ko abenduaren 17ko Aginduak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko kontratazio-mahaia eratzen duenak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko kontratazio-mahaiaren osaera ezartzen du.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailean kontratazioaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren egungo antolaketak beharrezko egiten du Sailaren kontratazio-mahaia eratzeko Agindua egokitzea, Sailari atxikitako kontratazio-mahaiaren eraketa arintzeko eta errazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoa betetze aldera.

Ondorioz, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu mahai horrek, eta kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaria: Ekonomia- eta Aurrekontu Kudeaketaren arloko pertsona bat eta aholkulari juridiko bat (Zerbitzu Zuzendaritzakoak); bietako edozeinek beteko ditu Kontratazio Mahaiko lehendakari-eginkizunak. Biek elkar ordeztu ahal izango dute, edo dagozkien arloetako beste kide batzuekin bete ahal izango dira haien lekuak, postua hutsik badago, dagokiona bertaratzen ez bada, gaixorik badago edo beste arrazoiren bat badago.

b) Kontratazio-organoak izendatutako kide bat, aholkularitza teknikoa emango diona.

c) Idazkaria-Kidea-Aholkulari juridikoa: Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio arloko pertsona bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko goi-mailako teknikarien kidegoko eskala juridikokoa, mahaiko aholkulari juridikoaren eta idazkariaren eginkizunak beteko dituena. Hitza eta botoa izango ditu. Lanpostu hori hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio Arloko profil bereko beste pertsona batek ordeztuko du.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari gisa jardungo duen pertsona bat, bulego horretako titularrak izendatua, kontu-hartzailetzako kontrolaren funtzioa beteko duena.

e) Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritzaren ordezkari bat, ondasun eta zerbitzu informatiko eta telematikoei buruzko espedienteetan bakarrik. Titularrak proposatuko du, eta kontratazio-organoak izendatuko, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan aurreikusitako kasuetan. Dekretu horren bidez, informazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateak planifikatzea, antolatzea eta banatzea arautzen da.

f) Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatuta, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, haren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

2. artikulua.– Kideen osaera eta identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-klausula partikularren agirietan jasoko da, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da.

3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera osatutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, kide anitzeko organo horien esku-hartzea nahitaezkoa izan ez arren, dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen duen esleipen-prozeduretan esku hartzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Egin beharreko kontratuaren ezaugarrien arabera, kontratazio-organoak aukera izango du agindu honen bidez modu iraunkorrean eratutako kontratazio-mahaiaren laguntza izateko, edo, bestela, mahai horretako kideak berariaz izendatu ahal izango ditu kontratu bakoitza esleitzeko; azken kasu horretan, baldintza hau bete beharko da: kideen osaera eta identifikazioa kontratuaren administrazio-klausula partikularren agirian jaso beharko dira, eta kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2020ko abenduaren 17ko Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 22a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala