Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2022ko irailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4145

AGINDUA, 2022ko irailaren 20koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, 2022ko maiatzaren 10eko Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez ezartzen baita bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat jarduera bertan behera uzteagatik.

Garraiolari autonomoen adin handia da errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreari eragiten dioten arazoetako bat. Hori dela-eta, sail honek uste du egoki dela adin handiko profesionalek lanbidea bertan behera uztea sustatzea, hain zuzen ere errepide bidezko garraio publikoaren sektorean bizitza profesional gehiena egin duten profesionalei dagokienez; eta, hartarako, beharrezko baliabideak jarriko dira.

Horregatik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko maiatzaren 10eko Aginduaren bidez (2022ko maiatzaren 20ko EHAA, 97. zk.), salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat ezarri zen, jarduera uzteagatik. 1.2 artikuluan, hirurehun eta hamar mila (310.000,00) euro bideratu ziren laguntza horiek finantzatzeko.

Laguntza-programa honen bidez, salgaien errepideko garraio publikoaren (ibilgailu astun eta arinetan egindakoaren) sektoreari eta autobuseko bidaiarien garraio publikoaren sektoreari eman nahi zaie arreta; izan ere, sektore horietan, garraiolari adintsu askok ez dute jarduera uzteko beharrezko baliabiderik, eta, beraz, laguntza horiek gizarte-funtzioa baino ez dute betetzen. Era berean, erabateko ezintasun iraunkorra, ezintasun iraunkor osoa edo baliaezintasun handia aitortu zaien garraiolariak ere sartzen dira.

Deialdiko laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, aurkeztutako eskabideak egiaztatzeko eta kuantifikatzeko prozesua hasi zen. Aldi horretan, egiaztatu da ezen, jarduera uzteko prozesuetarako eskatutako zenbatekoak direla-eta, komeni dela laguntza horietara bideratutako zenbateko osoa handitzea, onuradun izan daitezkeen guztiek jaso dezaten diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa. Hori guztia lehen aipatutako helburuak betetzeko, eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da programa honetarako hasieran aurreikusitako zuzkiduraren aurrekontua handitzea, hirurehun eta hamar mila (310.000,00) eurotik laurehun mila (400.000,00) eurora arte.

Laguntza-programa hau sartuta dago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsultatu daiteke: https://www.euskadi.eus. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren helburuen barruan sartzen da jarduera hau, xedetzat baitu garraio-sektorearen funtsezko elementu bat: garraiolaria.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hau aldatzea: Agindua, 2022ko maiatzaren 10ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat jarduera bertan behera uzteagatik.

1. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, laurehun mila (400.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta..»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 20a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala