Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2022ko irailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4143

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 12koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Erandioko Arau Subsidiarioen E2 (A) Sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa ematen duena.

AURREKARIAK

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko urriaren 13ko Ebazpenaren bidez, Erandioko Arau Subsidiarioen E2 (A) Sektorearen Plan Partzialaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen, hala Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean nola urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du).

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Erandioko Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, hura 45 egunez jendaurrean jarrita (2021eko abenduaren 16ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Erandioko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Erandioko Udalak jakinarazi du zenbait txosten jaso direla, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin, eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

2022ko ekainaren 7an, Erandioko Udalak Erandioko Arau Subsidiarioen E2 (A) Sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera bete zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-efektuak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Erandioko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute plan partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Erandioko Arau Subsidiarioen E2 (A) Sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) E2 (A) Sektorea-Sarkoni Eremua, 16.954 m2-ko azalerakoa, Erandio udalerriaren ekialdean dago. Muga hauek ditu: iparraldean, Asua ibaiaren itsasadarra eta N sektorera sartzeko bidea; ekialdean, Asuaran ekonomia-jardueren poligonoa (EJP); hegoaldean eta mendebaldean, berriz, N sektorera sartzeko bidea.

Eremuan indarrean dagoen hirigintza-araudiaren arabera, hau da, Erandioko E2 (A) Sektoreko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren arabera (2016ko otsailaren 25eko osoko bilkuraren erabakiaren bidez behin betiko onartua), eremuaren azalera osoa erabilera mistoko (hirugarren sektorekoa eta industriala) lurzoru urbanizagarria da. Gaur egun, E2 (A) Sektoreko lursailen gainean bizitegi-erabilerako bost eraikin daude, eta horiek «Antolamendutik kanpo» daudela deklaratzea planteatzen da.

Plan Partzialaren xedea da E2 (A) Sektorea-Sarkoni Eremuari dagokion jarduera-eremuaren antolamendu xehatua definitzea, aipatutako sektorearen erabilera mistoa (hirugarren sektorekoa eta industriala) optimizatu ahal izateko.

Garapena N-637 errepidearen trazaduraren iparraldean dago, sarbidearen eta sektorearen hego-ekialdeko ezponden artean. Erabilera mistoko lurzati bat planteatzen da (P1) eta bertan, oro har, 1., 2. eta 3. kategorietako industria-erabilerekin lotutako jarduera ekonomikoak ezartzea, bai eta merkataritzako eta hirugarren sektoreko erabilerak ere. Erabilera mistoko lurzati horrek 7.552,73 m2-ko azalera du, eta, 5.512,10 m2t-ko gehieneko eraikigarritasuna. Lurzati pribatuak eraikuntza-bolumen ezberdinak izango ditu; eraikuntza-profila sotoko solairua + beheko solairua + 2 goiko solairu izango da. Lurzati eraikigarrian mugekiko 5 metroko atzeraemanguneak ezartzen dira, N-637 errepidetik eraikinerako 25 metroko muga errespetatuz.

Gainera, eremuaren ekialdean, P2 lurzatia, 677,66 m2-ko azalerakoa, ekipamenduetarako erabiliko da.

Eremuko espazio libreek eta berdeguneek 1.510,72 m2-ko azalera izango dute. Bi lursailetan banatuta egongo dira: bata, ipar-ekialdean, Asuaren itsasadarraren ondoan (P32); bestea, berriz, mendebaldean, sarbidearen eta aurreikusitako aparkaleku-gunearen artean (P31).

Espazio libreen lurzatia (P32) itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremuaren barruan dago. Plan Partzialaren arabera, gune horretan euri-urak husteko obrak egiteko asmoa dago.

Eremuko komunikazio-sarea ibilgailuen zirkulaziorako bideek, oinezkoentzako ibilbideek eta aparkalekuek osatzen dute. Errepide-sareak eta oinezkoentzako espaloiek 1.749,49 m2-ko azalera izango dute guztira. Eremuaren sarbidea mendebaldean egongo da, zehazki, N sektorera sartzeko bidetik edo Carrefour merkataritza-gunera zuzenean konektatzeko bidetik sartu ahal izango da, harekiko paraleloan egongo den norabide bakarreko errepide berri baten bidez. Azken horren sarreraren eta irteeraren artean 140 m-ko distantzia egongo da, zirkulazioaren aurreranzko norabidean.

Eremuan 225 aparkaleku-plaza aurreikusten dira: 123 plaza kanpoaldean (17 espazio publikoan eta 106 lurzati pribatuan); 102, berriz, lurzati pribatuaren sotoan.

Lurzatiaren hegoaldeko gainerako azalera (5.462,83 m2) –N-637 errepideko zubiaren trazadurarekin eta haren ondoko lurrekin bat dator–, Bide Sistema Orokorraren Jabari Publikoari dagokio.

Planean aurreikusten denez, 2.700 m3-ko lur-mugimendu bat egingo da, behar den lurra hondeatu eta prestatzeko, poliestireno hedatuko (EPS) soluzioaren berariazko drainatzea barne. Era berean, lurra hondeatzea planteatzen da, sektoreak 3H:2V-ko ezponda batekin duen mugatik beheko solairuaren kotaren ebakiduraraino (8,9 m). 8,9 metroko kotatik behera geratzen diren sektoreko guneetan, biaduktuaren itzaleraino, EPSarekin betelana egitea aurreikusten da. Guztira, 4.100 m3-ko bolumena izango du EPSaren bidezko betelanak.

Planaren garapen aurreikusgarriari dagokionez, Plan Partzialean ezarritako antolamendua gauzatzeko, aldez aurretik, honako hauek formulatu eta onartu beharko dira: Urbanizatzeko Jarduketa Programa (UJP) bat, Urbanizazio Proiektu bat, sektorean dauden tokiko sistemei dagozkien obra-proiektuak eta dagokion Eraikuntza Proiektua.

Eremua Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren unitate hidrologikoan dago; zehazki, Asua ibaiaren arroan. Sektorean ur-ibilgu iraunkorrik identifikatu ez den arren, Asua ibaia, jada itsasadartzat joa, eremuaren ipar-mendebaldetik igarotzen da, ipar-ekialdetik hego-mendebalderantz, eta Bilboko itsasadarrean (Nerbioi-Ibaizabal) itsasoratzen da. Hala, eremuaren zati bat itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJPren) babes-zortasuneko eremuaren barruan dago. Nabarmentzekoa da gune hori espazio libreetara eta berdeguneetara zuzenduta dagoela.

Eremua hegoaldeko antiklinorioko eta Bizkaiko sinklinorioko lurpeko bi ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017.006 eta ES017MSBT017.005, hurrenez hurren). Sektorearen zati handi bat interes hidrogeologikoko leku baten gainean dago.

Eremu horretan ez dago Batasunaren intereseko habitatik. Oro har, eremuan dagoen landarediak ez du natura-balio handirik. Eremu degradatua da, eta landaretza erruderal-nitrofiloa da nagusi. Landaretza potentzialeko sastrakadi, heskai-gune, baratze txiki eta zuhaizti-hondar ugari dago, bai eta lorezaintzako berezko espezie batzuk eta espezie exotiko inbaditzaileren bat ere (Cortaderia Selloana, Buddleja davidii, Robinia pseudoacacia, etab.). Asua ibaiaren ertzetan, eremuaren iparraldean, hezeguneetako berezko landaredia dago. Erdialdean, sektorean dauden baserrien inguruan, baratze txikiak, fruta-arbolak eta lorezaintzako espezieak ikusten dira.

Intereseko faunari dagokionez, eremuarekin muga egiten duen Asua ibaiaren tartea bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko tartetzat hartzen da, Bizkaiko Lurralde Historikoko espeziea kudeatzeko Planaren arabera.

Sektorea Barakaldo eta Sondikako ikusmen-arroetan sarturik dago, eta horiek «oso ohikoak» eta pasaia-kalitate «oso txikikoak» gisa identifikatuta daude. Inguruneko paisaiak hiri-periferiako paisaiaren berezko ezaugarriak ditu; ingurunea antropizazio-maila handikoa da, komunikazio-bide handiak eta hirigintza-garapenak daudelako, batez ere industriakoak eta merkataritzakoak.

Kultura-ondareari dagokionez, Plan Partzialaren eremuaren barruan Astikaerdikoa baserria dago, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen kartografian «Eraikitako beste elementu batzuk» kategorian jasoa.

Azterketa-eremua ez dago Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legean eta EAEko Natura Babesteko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan ezarritako naturagune babestuetako ezeinen barnean. Halaber, ez da identifikatzen interes geologikoko tokirik, ez eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan edo EAEko Korridore Ekologikoen Sarean sartutako espaziorik ere.

Asua ibaiaren presentzia dela eta, eremuaren iparraldeko zerrenda txiki batek 100 urteko eta 500 urteko errepikatze-denboretako uholde-arriskua du. Asua ibaia, eremuaren mugatik igarotzen den tartean, Demarkazio hidrografiko horren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren II. taldeko ES017-BIZ-IBA-05 Sondika-Erandio UAHEan sartzen da (II. taldea).

Eremuaren inguruan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokapen batzuk daude. Zehazki, sektorearekin muga egiten duten bi lurzati daude: ipar-ekialdean, Asuaran EJPari dagokion lurzatia, 48902-00186 kodea duena (zabortegia eta industriala); hegoaldean, berriz, 48902-00249 kodea duen lurzatia (zabortegia). Planaren xede den sektorea inbentariatutako lurzatietatik kanpo dago.

Ez da identifikatu bestelako natura-arrisku adierazgarririk. Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna, oro har, oso txikia da eremuan, mendebaldeko gune txiki batean izan ezik, baina horretan ere kalteberatasun nabarmenik ez dagoela irizten da.

Zarata-fokurik nabarmenenak sektoretik hurbilen dauden komunikazio-bideak dira. N-637 eta BI-604 errepideetako zirkulazioa da, hegoaldean eta ekialdean, hurrenez hurren, eremuko zarata-iturri nagusia, eta, neurri txikiagoan, Carrefour merkataritza-gunera sartzeko errepidea. Eremu osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren errepideen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago. Egindako azterketa akustikoaren arabera (egun, arratsalde eta gaueko soinu-mailak aztertzen ziren, gaur egungoak eta etorkizunekoak, 20 urte barrukoak), emaitzek erakusten dute betetzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak nagusiki hirugarren sektoreko erabilera duten eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH), aztertutako hiru aldietan.

B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko urriaren 13ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Jabari publiko hidraulikoa babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugartearen 2021eko abenduaren 15eko txostenean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko martxoaren 27ko txostenean eta Uraren Euskal Agentziaren 2022ko maiatzaren 2ko txostenean ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Kosten arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera, igarotze-zortasuneko eremuak libre egon beharko dira oinezkoak eta zaintza eta salbamenduko ibilgailuak igaro daitezen; horrenbestez, ez dute igarotzea eragozten duen itxiturarik jarri beharko, besteak beste.

Itsasertzetik neurtutako 20 metroetan –tarte hori bat dator itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasunarekin– ez da instalaziorik ezarriko, eta, hala badagokio, betelanetan eta lur-erauzketetan ez da agregakin natural edo finkatugabeen hobirik hondatuko, ezta 3 metroko altuera gaindituko ere, eta ezponden tratamendu egokia egingo da landaketak eta estaldurak eginez, beharrezkoa izanez gero.

Babes-zortasuneko eremuan baimendutako erabilerak Euskal Autonomia Erkidegoko organismo eskudunaren (URA Uraren Euskal Agentzia) baimenaren mende egongo dira, hargatik eragotzi gabe kostaldeei buruzko araudi sektorialean araututako nahitaezko txostenak behar izatea.

Uholde-arriskuari dagokionez, Planak uholde-arriskuko eremua espazio libre eta berdeguneetara bideratzea proposatzen du, eta eremu horretatik kanpo uztea bai bideak bai eraikuntza. Nolanahi ere, eta Plan Hidrologikoaren 40.2 eta 40.5 artikuluak aplikatuz, gogorarazten da 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko polizia-eremuan ezin izango dela lursailaren egungo sestra aldatzen duen betelanik egin, baldin eta horrek husteko ahalmena nabarmen murrizten badu, ezta itxitura eta hesi ez-iragazkorrak eta era guztietako material- eta hondakin-pilaketarik ere.

D.2.– Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek azaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.

Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman kutsadura-kargari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren 44. artikulua). Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak).

D.3.– Intereseko landaredia babesteko neurriak.

Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

Beharrezkoak diren mozketa-lanak eta sastrakak garbitzekoak, obra-sarbideak irekitzekoak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Asua ibaiaren ertzeko landaredia autoktonoari eragitea saihestuko da.

Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Ez da zuhaitzik moztuko, ez eta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

D.4.– Lurraldearen leheneratze ekologiko eta paisajistikorako neurriak.

Urbanizazio-proiektuak landareztatze-plan bat jaso beharko du proiektuak eragindako eremu guztiak leheneratzeko, Asua ibaiaren ertza eta espazio libreak barne, ondoren ezartzen diren irizpideekin.

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, garapenaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea. Asua ibaiaren ertzeko leheneratze-lanetan, haltzadi kantauriarraren multzoko espezie propioei emango zaie lehentasuna, eta gainerako eremuan, berriz, hariztiei eta baso mistoei.

Eremuko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/20b-udalsarea21-kuadernoa-lorategi-eta-berdegune-jasangarriak-diseinatzeko-eskuliburua eta Eusko Jaurlaritzaren Ibaietako natura-ingeniaritzako tekniken eskuliburua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza//contenidos/documentacion/manual_tec_ing_nat_amb_flu/eu_doc/index.shtml).

Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea eragozteko neurriak hartuko dira (Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste batzuk). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

D.5.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

Erandioko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. Ildo horretatik, prebentzio berezia izan beharko da Asuaran EAPren inguruan egin beharreko indusketetan.

Planaren Ingurumena Zaintzeko Programan txertatu beharreko alderdi bat izango da, indusketa-zuloetan azaleratzen diren lurzoruetan eta uretan kutsadura-zantzuak detektatzeko adierazleak jasota.

D.6.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako zarata-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoko helburuak.

D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Plan partzialaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

– Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

D.9.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

D.10.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunaren gaineko eragin negatiboak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Industria Olio Erabilien Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Ingurumena zaintzeko programari indusketa-zuloetan azaleratzen diren lurzoruetan eta uretan kutsadura-zantzuak detektatzeko adierazleak gehituko zaizkio.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko urriaren 13an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; lur-soberakinak eta hondakinak egoki kudeatzea; itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Erandioko arau subsidiarioen E2 (A) sektorearen plan partziala onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Erandioko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 12a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria ez dagoelako, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala