Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2022ko irailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4112

AGINDUA, 2022ko irailaren 13koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien zortzigarren deialdia onesten duena (2022. urtea).

2020-2024 Gobernu Programako konpromisoetako bat da «Administrazio irekiagoa eta gardenagoa bultzatzea, kontuak denbora errealean ematen dituena» eta ekimenetako batzuk hauek: «Gobernu irekiaren eta nazioarteko aitortzaren estrategia bultzatzea. Erreferentziako nazioarteko erakundearekin lankidetzan aritzea, Gobernu Irekiaren aldeko Aliantzarekin (OGP), gobernu irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak sustatzeko tresnak garatzeko eta ebaluatzeko», eta «Herritarren parte-hartzea areagotzea eta haiek emandako iritziak modu aktiboan entzutea, eta kudeaketa publikoa denbora errealean informatzeko eta ebaluatzeko prozesuan adierazle-sistema birdiseinatzea».

Gobernantza publikoa lortzeko asmoz, Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoak, Ardatz 2030ek, balio publikoa sortu nahi du, baina, administrazio publikoaz gain, herritarrak ere gobernantza horren eragile izateko erronka oinarritzat hartuta, zentzurik zabalenean: herritar antolatuak eta antolatu gabeak, eragile ekonomiko eta sozialak, etab.

Gai publikoetan herritarren parte-hartzea eta lankidetza bultzatzeko konpromisoa, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriari lotuta dagoena, 2015., 2016., 2017., 2018., 2019., 2020. eta 2021. urteetan gauzatu zen, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien deialdien bidez, eta zortzigarren edizio honen bidez berriz egiten da deialdia, xede izanik herritar antolatuek eta ez-antolatuek aurkeztutako proiektu berritzaileak saritzea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetakoren batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa eta kultura, kohesio soziala; eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako parte-hartzea.

Halaber, proiektuek, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, funtsezko ezaugarri gisa.

Zortzigarren edizio honen bidez (seigarrenean eta zazpigarrenean bezala) lortu nahi da balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; baina, beste alde batetik, beste eragile batzuen parte-hartzea izateko formulak ekartzea, Euskadin pixkanaka osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko sare bat. EAEko 7 administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Ituneko kide direnez, 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoari lotuta dago ikuspegi hori. Izan ere, konpromiso hori betetzeko, herritarren parte-hartze berritzailearekin konpromisoa hartuko duten eragileak eta proiektuak sustatu behar dira.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2022. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan (2022ko martxoaren 3ko Aginduaren bidez onartutakoan) sartu da deialdi hau, bertan berariaz ezartzen baita «Elkarlan» sarien deialdiak egingo direla 5. helburu estrategikoari lotuta: «Administrazio publikoek herritarren ekimenak sortutako balio publikoa aitortzea, erakundeen laguntzarekin edo laguntza hori gabe, eta bi aldeen ekimenei koherentzia ematen saiatzea, gobernu irekiaren arloko erronka gisa, Ardatz 2030en barruan, eta Euskadirako Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzaren I. Ekintza Planaren esparruan». Legegunea-Euskal Araudiaren Atarian argitaratu da plana. 2022ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan badago deialdia honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa.

Gobernu Irekiak bultzatu behar ditu ekimen horiek, horrela ezartzen baita urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoan. Izan ere, dekretu horrek eginkizun batzuk ezartzen dizkio 13.1 artikuluan: b) letran «gardentasuna bultzatzea eta herritarrek politika publikoen definizioan, kudeaketan, exekuzioan eta ebaluazioan parte hartzean» eta e) letran «herritarrek parte hartzeko eta beren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea».

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 13. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien 2022ko deialdia (zortzigarrena) onartzea, agindu honen eranskinean onartu eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Sariak, duten izaeraren arabera egokia den guztian, xedapen hauen mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan (aurreko lege orokorraren araudia onartzeko den horretan) jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 13a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN BALIO PUBLIKOA BATERA SORTZEKO PROIEKTUETARAKO «ELKARLAN» SARIEN ZORTZIGARREN DEIALDIA, 2022. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da lau proiekturi sari bana ematea, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileak ezagutzera emateko. Proiektu horiek eragina izan behar dute jarduera-eremu hauetan: osasuna; ingurumena; garapen ekonomikoa; ikasketa-kultura; kohesio soziala, eta gobernantza - kultura demokratikoa - erabaki publikoetan parte-hartzea. Baina, horrez gain, balio publiko partekatua modu berritzailean sustatu behar dute, gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi behar dute.

Halaber, sariak ematen dira proiektuko jardunbide egokiak (parte hartzeko eta balio publiko partekatua sortzeko pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko moduei lotutakoak) beste eragile batzuei transferitzeko prozesua formalizatzeko. Herritarrek parte hartzeko jardunbide egoki horiek lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan ere aplikatzeko modukoak izan behar dira.

Bigarrena.– Sariak.

Balorazio onena izan duten lau proiektuetako bakoitzari emango zaio saria, honako esparru hauetan: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta parte hartzea erabaki publikoetan.

Hona hemen sarien prestazioak:

a) 6000 euro gordin emango dira, parte-hartzea sustatzeko modu ezberdinak aplikatzeko aukera ematen duen balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzailea onartzeko.

b) 3000 euro gordin emango dira, herritarren parte-hartzearen bidez pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua gauzatzeko egin behar den lana aitortzeko, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan.

c) Kanpoko aholkularitza izango da, beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan zehar, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.

d) Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.

Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.

1.– Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.

b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.

c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.

d) Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta parte hartzea erabaki publikoetan.

e) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko modukoa izan behar da. Horretarako, honako hauek baliatuko dira: jarduteko protokoloak, tresnak, metodologiak, gidak, web euskarriak, prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak.

2.– Sariak jasotzeko hautagai juridikoak nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.

Laugarrena.– Hautagaitzak.

1.– Eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza fiskala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak soilik aurkeztu daitezke deialdi honetara.

2.– Administrazio publikoek eta bere sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.

3.– Pertsona juridikoek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezterakoan:

a) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak modu automatikoan egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutako betebeharrak bete dituela hautagai gisa aurkeztu den pertsona juridikoak, hari baimenik eskatu beharrik gabe, bat etorriz Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluarekin. Dena dela, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, baina horretarako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

d) Laguntzak edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigor administratiborik edo penalik ez izatea, eta haiek jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekurik ez izatea.

e) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor- edo administrazio-bidean zigortuta ez egotea.

f) Berdintasun-plana indarrean izatea, Estatuko araudiaren arabera nahitaez eduki behar duten enpresei dagokienez.

g) Guztira 50 langile baino gehiagoko enpresei dagokienez, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzea, Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

h) Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretakoren batean daudenak.

Aurreko a), c), d), e) eta f) baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaile juridikoek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027608.

4.– Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.

5.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.

Bosgarrena.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:

a) Miren Martiarena Barcaiztegui, Gobernu Irekiaren zuzendaria.

b) Javier Bikandi Irazabal jauna, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria

c) Ana Blanca Jauregui Angulo andrea, Gardentasunaren Arloko teknikaria. Idazkari-lanak ere egingo ditu.

d) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino andrea, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadi proiektuaren arduradun teknikoa.

e) Jose Ramon Ecenarro Arriola jauna, Adin Nagusikoen Giza Boluntariotza elkartearen ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2021. urtean.

f) Alfonso López Martínez jauna, Pobrezia eta Gizarte-bazterketaren Aurkako Europar Sarea elkartearen ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2021. urtean.

g) Miren Martín Morato andrea, Kultura-Berrikuntza, Arteak eta Gizartea Elkartearen ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2021. urtean.

h) Alberto Gastón Dapena jauna, Emaus Fundazio Sozialaren ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2021. urtean.

i) Gotzon Bernaola Ariño jauna, Innobasque herri-onurako elkartearen Gizarte Berrikuntzako zuzendaria.

j) Goizalde Atxutegi andrea, Innobasque herri-onurako elkarteko berrikuntza publikoko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadiko 3. konpromisoaren arduradun teknikoa.

2.– Eusko Jaurlaritzakoak ez diren pertsonak hautaketa-batzordeko kide izateak eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); hautaketa-batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko) eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).

Seigarrena.– Baremoa.

1.– Gehienez 12 puntu lor daitezke.

2.– Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:

a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. Administrazio publikoek behar bezala betetzen ez dituzten premiak edo arazoak asetzen laguntzen duten baloratuko da, eta zeregin hori herritarren laguntzarekin egiten duten. 0 eta 1 puntu bitartean.

b) Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. Herritarren lankidetza nola lortu den eta beste testuinguru batzuetan aplikatzeko aukera baloratuko da. 0 eta 3 puntu bitartean.

c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. Berrikuntzarik eragiten duen baloratuko da eta, horretarako, hobetzekotan, lehendik dauden elementuak aldatzen dituen; edo guztiz berriak diren elementuak sartzen dituen. 0 eta 2 puntu bitartean.

d) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko aukera. Proiektua transferitu dakiokeen pertsona edo kolektiboen bolumena eta aplika daitekeen lurralde-hedadura (herria, probintzia, autonomia-erkidegoa, etab.) baloratuko dira. 0 eta 2 puntu bitartean.

e) Diseinuan eta ezarpenean generoaren ikuspegia txertatzea. Baloratuko da proiektuek gizonen eta emakumeen arazoaren pertzepzio desberdina islatzea, bi generoen beharrak asetzea eta lehendik dauden desberdinkeria- edo diskriminazio-egoerak berriro gertatzea edo beste egoera berri batzuk sortzea saihestea. 0 eta 1 puntu bitartean.

f) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 1 puntu bitartean.

3.– Batzordearen balorazioa osatzeko, Irekia-n parte-hartze prozesua abiaraziko da (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/debates). Horren bidez, herritarrek gehienez lau proiekturi eman ahal izango diete botoa. Boto gehien jaso dituzten lau proiektuei beste bi puntu emango zaizkie, eta azken puntuazioa hautaketa-batzordeak emandako balorazioari gehituko zaio.

4.– Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Deialdi honetan parte hartuz gero, ulertuko da hautagaia den pertsona juridikoak bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela administrazio-prozedura kudeatzen duen organoarekin harremana izateko.

2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Gobernu Irekiaren zuzendaria da.

3.– Hautagaiek (pertsona juridikoak) bete behar duten eskabide-eredua egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027608, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Bide elektronikoa erabiliko da eskabidea aurkezteko. Seigarren klausulako 2. atalean zehazten diren sei alderdiak jaso beharko dira eskabidean, balorazioa behar bezala egin ahal izateko. Zehazki, d) atalari dagokionez, ondo zehaztu beharko da a priori nola formalizatuko den pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko. Kasu horretan, jardunbide egokitzat joko dira, modu berritzaile eta egokian parte-hartzea bultzatzen duten ezarritako jarduerak edo esperientziak. Hau da, beste esperientzia batzuei ekarpen handia egin ahal dieten ikasketak eta ezagutzak. Transferentzia formalizatzeko, garapen kontzeptual bat sar daiteke, orientazio gisa, honako hauek identifikatzeko: jardunbide egokia zertan datzan, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta inpaktuak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna...; material dokumentalak (gidak), grafikoak edo teknologikoak sortzea, transferentzian laguntzeko; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko prozesu parte-hartzaileak egitea, eta abar. Beste eremu eta espazio batzuetara transferitzeko aukera ematen duen guztia identifikatu daiteke bertan. Prozesua 6 hilabetetan garatu behar da, sariak ematen direnetik; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak kanpoko aholkularitza eskainiko du.

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen «Nire karpeta» atalaren bidez egin behar dira: http://www.euskadi.eus/nire-karpeta

5.– Hautagaiek (pertsona juridikoak) euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar da Euskal Autonomia Erkidegoan legez ezarritako moduan eratuta dagoela frogatzen duen dokumentazioa www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027608.

8.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.

9.– Hautaketa-batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari. Horrekin batera, gainera, hautagaitza guztien balorazioa ere bidaliko dio.

10.– Hautaketa-batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkeztuko du, aurkeztutako proiektuek gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.

11.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta egoitza elektronikoan argitaratuko da ebazpena www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027608, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Horrez gain, ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten pertsona guztiei, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

12.– Deialdiaren ebazpena 2022ko abenduaren 16a baino lehen emango eta jakinaraziko da. Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

13.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo lehiaketaren deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14.– Saria emateko ebazpenean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua oinarrizko moduan identifikatuko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Prozesu hori eskabide-inprimakian aurkeztutako proposamenaren arabera garatu behar da.

Zortzigarrena.– Saria onartzea.

1.– Entitate sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena jakinarazi eta egutegiko 3 eguneko epearen barruan. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: http://www.euskadi.eus/nire-karpeta

2.– Saria onartzen bada, pertsona eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua garatu beharko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Saria emateko ebazpenean zehazten da.

3.– Saria ez bada onartzen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan, uko egiten zaiola ulertuko da; eta, kasu horretan, balorazio onena izan duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.

4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari eman zaiola saria. Ebazpena hemen argitaratuko da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027608, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Ebazpena bide elektronikotik jakinaraziko zaie saritua izan den entitateari eta deialdian parte hartu duten hautagai guztiei, egoitza elektronikoan dagoen «Nire karpeta» atalaren bidez (http://www.euskadi.eus/nire-karpeta) ea aurreko artikuluko 14. atalean jasotzen diren aurreikuspenak betez.

5.– Saritutako entitate bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena hemen argitaratuko da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027608, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Ebazpena bide elektronikotik jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten hautagai guztiei, egoitza elektronikoan dagoen «Nire karpeta» atalaren bidez (http://www.euskadi.eus/nire-karpeta).

Bederatzigarrena.– Sariak ematea.

1.– Sariak urteko lehen seihilekoan emango dira, ekitaldi publiko eta formal batean; ekitaldi hori, gainera, irekia izango da. Deialdian parte hartu duten entitate guztiak zuzenean gonbidatuko dira ekitaldira; horrez gain, saritutako pertsona batek joan beharko du ekitaldi horretara, pertsona juridikoaren legezko ordezkari gisa edo izendatutako ordezkari gisa. Pertsona horrek proiektuaren nondik norakoak azaldu beharko ditu, labur-labur. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, ekitaldia egin baino 10 egun baliodun lehenago, ordezko pertsona bat izendatu beharko du bere izenean saria jaso dezan. Ordezkaria ordezkatuko duen pertsona horren identifikazio-datuak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko dizkio benetako ordezkariak, bide elektronikoak erabiliz.

2.– Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutako pertsona sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du eta deialdia hutsik geratuko da. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordearen ebazpen baten bidez ezarriko da deialdia hutsik geratu dela.

Hamargarrena.– Jardunbide onen transferentzia formalizatzeko prozesua.

1.– Pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua –lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko– garatzeko konpromisoa (saria emateko ebazpenean zehazten dena) betetzen ez bada, hari uko egiten zaiola ulertuko da. Kasu horretan, jasotako zenbateko osoa itzuliko da (9000 euro).

2.– Jardunbide egokien transferentzia formalizatzeko prozesuaren justifikazioa sei hilabeteko epean egin beharko da, sariak ematen direnetik aurrera. Horretarako, memoria bat egin eta hilabeteko epean bidali beharko da, eta bertan identifikatuko da zertan datzan jardunbide egokia, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta eraginak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna... Horrez gain, memorian lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara transferitzeko materialki egindako jardueren edukia garatuko da: material dokumentalak (gidak), bideografikoak edo teknologikoak; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko partaidetza-prozesuak, eta abar. Transferentzia-prozesuan aritzeagatik 3000 euroko saria emateak ez du esan nahi zenbateko hori gastu-faktura gisa justifikatu behar denik, baizik eta transferentzia-produktuak zehazteko, gauzatzeko eta zabaltzeko benetan gauzatutako jardueretan egin beharko da.

Hamaikagarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak eta sariak.

– Arduraduna: Gobernu Irekiko zuzendaria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

– Helburua: «Elkarlan» sariak kudeatzea eta horietan ebazpena ematea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion ahalorde publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

– Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak dituzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrialdean kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/153000-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala