177. zk., 2022ko irailaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (296 KB - 12 orri.)
- EPUB (191 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4017
AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022an kirolaren sektoreko enpresa eta pertsona profesional autonomoentzako COVID-19 laguntzak arautzeko eta deitzekoa.
COVID–19aren pandemiak aurrekaririk gabeko osasun-krisia eragin du mundu osoan, baita krisi ekonomikoa ere, jarduera-sektoreak geldiarazi eta moteldu baitira, eta ez gara oraindik gai horien behin betiko dimentsioak ezartzeko. Autobabeserako neurriak denboran luzatzeak agertoki berri bat ezartzen du, eta etorkizun zalantzagarria, pandemiaren aurretik ezagutzen genuen normaltasunera itzultzeko zailtasun handiekin.
Osasun-alarma globalaren aurrean hartu behar izan ditugun neurrien inpaktu negatiboak bizitza sozial eta ekonomikoaren eremu guztiei eragiten die, baina bereziki kezkagarriak dira kirol-sektoreko ondorioak. Hartu behar izan ziren neurrien ondorioz, jendearentzako itxi egin behar izan ziren kirol-jarduerak garatzen ziren guneak, partaideen eta ikusleen pilaketak ahalik eta gehien saihesteko, kirol-instalazioetako gehieneko edukiera murriztu zen, baita kirol-arloko lehiaketa, ekitaldi eta ikuskizunetako publikoaren edukiera ere. Neurri horien guztien ondorioz nabarmen murriztu dira (erabat, zenbaitetan) kirol-sektoreko erakundeen eta pertsona profesional autonomoen diru-sarrerak.
Herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeari eta kiroleko antolakuntzako egitura pribatuak babesteari garrantzizko irizten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik egiten du ezohiko deialdi hau. Kirol-sektorea pandemiaren ondorioak luzeen pairatuko dituela aurreikusten den horien artean dago, bere jarduera erabat eta partzialki gelditzera behartuta egon baita. Deialdi honekin kirol-sektoreko enpresetan eta pertsona profesional autonomoetan izan dituen ondorioak arindu nahi dira, jarduera profesionalak erabat edo zati batean etetea barne.
Inguruabar horietan premiazkoa da instantzia publikoek laguntzea osasun-krisiari aurre egiteko hartutako neurrien ondoriozko galera ekonomikoak arintzen, sektore horretan aritzen direnen jarduera ekonomikoa ahalbidetzeko.
Azaldutakoa gogoan, egokia uste da laguntza-lerro bat deitzea, prozedura bizkor baten bidez adierazitako xedea lortu ahal izateko ahalik eta lasterren. Xede horretarako, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 epealdiko dirulaguntzen plan estrategikoan dauden sustapen-neurrien artean dagoenez neurria, 2021eko otsailaren 18ko Agindu bidez onartuta eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan argitaratuta, kreditu egokia eta behar adinakoa dago 2022rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuko (COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) neurrien artean, kirol-jarduerak garatzen ziren establezimenduak jendeari irekitzea eten zen. Neurri horiek EAEko nahiz estatuko araudian sartzen eta aplikatzen jarraitu da 2021 osoan, murrizketa gehiago edo gutxiagorekin, kirol-arloan partaideen eta ikusleen pilaketa ahalik eta gehien saihesteko.
Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak (zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko), murriztu egin zituen, besteak beste, kirol-instalazioetako gehieneko edukierak, baita kirol-arloko lehiaketa, ekitaldi eta ikuskizunetako publikoaren edukiera ere.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da kirol-arloko enpresentzako eta pertsona profesional autonomoentzako dirulaguntzak emateko oinarriak jartzea eta deialdia egitea, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondoriozko diru-sarreren murrizketaren eraginez haien jarduera profesionalaren jarraipena zalantzan ikusi dutenentzat 2022rako.
2. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.
1.– 2022ko ekitaldian Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura milioi bat (1.000.000) eurokoa da guztira, 2022ko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontuen gain.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa areagotu egin daiteke aurrekontuaren erabilgarritasunaren arabera, indarrean den legealdian aurreikusitako kreditu-loturaren erregimenaren edo aurrekontu-aldaketaren arabera, prozedura ebatzi aurretik. Halako inguruabarrik gertatuz gero, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduaren bitartez.
3. artikulua.– Enpresa edo pertsona onuradun izateko betekizunak.
1.– Deialdiaren xede diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte artikulu honetako baldintzak betetzen dituzten enpresek eta pertsona profesional autonomoek:
– Kirol-instalazioak edo ekipamenduak kudeatzen dituzten enpresek edo pertsona profesional autonomoek edo Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko epigrafe hauetakoren bateko jarduerak egiten dituztenek:
• 8551 (kirol-eta aisialdi-hezkuntza)
• 9311 (kirol-instalazioen kudeaketa)
• 9313 (gimnasioen jarduerak)
• 9319 (beste kirol-jarduera batzuk)
– Enpresa-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta izatea eta lantokia bertan kokatuta egotea.
– Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, 2020ko martxoaren 14a baino lehenagotik.
– Jardunean egotea eskariaren datan.
– 2021eko fakturazioak % 20ko edo gehiagoko murrizketa izatea 2019 ekitaldikoarekiko.
2.– Aurreko atalean aurreikusitakoaz gainera, erakunde eta pertsona onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren automatikoki egiaztatuko du erakunde kudeatzaileak laguntza eman eta ordaindu aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizun hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu bere kabuz.
b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.
c) Erakunde eta pertsona onuradunek dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako gaitasun gabetua duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik gertatutakoak barne.
d) Erakunde eta pertsona onuradunak ez egotea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.
3.– Dena dela, kanpoan geratzen dira kapital publikoaren % 50 edo gehiagoko parte-hartzea duten pertsona juridiko pribatuak, kirol-klubak, finantza-erakundeekin lotutako fundazioak edo antolakundeak, sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, edo kapitalean edo gobernu-organoetan batez ere administrazio publikoen edo horien mendeko erakundeen parte-hartzea dutenak.
4. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Erakunde edo pertsona profesional autonomo bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da.
2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:
– Modu presentzialean: Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira, aurrez hitzordua eskatuta helbide honetan, https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/?lang=eu_es, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
– Modu elektronikoan: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.
4.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikotik izapidetu behar dituzte nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan nahiz 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako erregistro elektronikoetan aurkez ditzakete eskabideak eta baldintzak betetzearen ziurtagiriak.
5.– Erakunde eta pertsona interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahalko dituzte eskabidearekin lotutako izapide guztiak, helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1200002
6.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.
7.– Erakunde eta pertsona eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran, erakunde edo pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta eskabidean aurkezteko dokumentuak.
1.– Erakunde eta pertsona eskatzaileek eskabidea (I. eranskina) bete beharko dute, baita erantzukizunpeko adierazpenen eranskina (II. eranskina) eta artikulu honetan ezarritako dokumentuak ere.
2019 eta 2021 ekitaldietan fakturazioan egondako aldea egiaztatzeko dokumentuak:
– Merkataritza Erregistroan jasotako eta onartutako 2019. eta 2021. urteetako urteko emaitzen kontua aurkeztu beharko da, erakundea edo enpresa erregistro horretan inskribatuta badago, eta, bestela, kasuan kasu dagokion erregistro ofizialean jasotakoak aurkeztu beharko dira.
– Inskribatuta egon beharrik ez badago, 2019. eta 2021. urteetako emaitzen kontua aurkeztu beharko da, kanpoko aholkularitzak eginda. Gainera, PFEZ aitorpena aurkeztu beharko da eta bi ekitaldietako balio erantsiaren gaineko zergaren urteko aitorpena-likidazioa (390 eredua) ere bai.
– Era berean, behar bezala justifikatutako arrazoien ondorioz beste edozein dokumentu aurkeztu ahal izango da, erakunde honen ustez nahikoa bada 2019 eta 2021 ekitaldien arteko fakturazioaren aldea egiaztatzeko.
2.– Erantzukizunpeko adierazpenak atal hauek izango ditu:
a) Erakundea edo pertsona ez dagoela azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 13.2 eta 13.3 artikuluan zehaztatutako kausetakoren batean.
b) Erakunde edo pertsona eskatzailearen datuak. Datu horietan berariaz zehaztu beharko da Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko zein epigrafetan dagoen alta emanda.
c) Laguntza eskatzen den lantokia edo establezimendua EAEn dagoela eta 2020ko martxoaren 14a baino lehenagotik zegoela funtzionamenduan eta funtzionamenduan jarraitzen duela dirulaguntza eskatu denean.
d) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
e) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan. Zerbait abian izanez gero, dagokion prozeduraren edo prozeduren identifikazioa eman beharko du.
f) Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.
g) Jaso dituela edo ez dituela jaso 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013(EB) Erregelamenduan, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako laguntzak 2020, 2021 eta 2022ko zerga-ekitaldietan. Jasoz gero, zenbatekoa eta erakunde emailea adierazi beharko dira.
h) Erakunde eskatzaileak ez duela zuzenean edo zeharka % 50ean edo gehiagoan administrazio publiko baten edo gehiagoaren parte-hartzea izan.
i) Erakunde edo pertsona eskatzaileak administrazio baten edo erakunde publiko edo pribatu baten laguntza eskatzea eta/edo jasotzea.
Pertsona edo erakunde interesdunak ez daude beharturik jada diharduen administrazioaren esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak ekartzera. Zuzendaritza kudeatzaileak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak berariaz aurka egin ezean.
6. artikulua.– Eskabide eta dokumentuetako akatsak konpontzea.
Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioak agindu honetan ezarritako betebehar guztiak biltzen ez badituzte, edo horien edukia osatu gabe dagoela aintzat hartzen bada, eskatzaileari eskaera egingo zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo hutsegiteak konpon ditzan. Halaber, horrelakorik egiten ez badu, haren eskaera baliogabetuko dela jakinaraziko zaio, eta Administrazioak eskaera horri buruzko esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi beharko dio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete justifikazioak: Modu presentzialean aurkeztuz gero, agindu honetako 4.3 artikuluan ageri diren helbideetan egingo da.
7. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Laguntzak adjudikatzeko aldi bereko konkurrentzia ez lehiakorraren prozedura erabiliko da eta denboran eta forman egin eta eskatutako baldintza objektiboak eta subjektiboak biltzen dituztela ziurtatzen duten eskabide guztiek izango dute deialdiaren xede diren laguntzetan sartzeko aukera. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, 10. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoen arabera.
2.– Agindu honetako 2. artikuluko 1 eta 2 apartatuetan aipatzen den deialdiaren zuzkidura ekonomikoak hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaliko balitu aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera, dagozkien zenbatekoen araberako dirulaguntzak emango dira; aitzitik, kalkulu horren araberako kopuruei aurre egiteko adina baliabide ekonomiko ez balego, zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, zuzkidura hori guztia estaltzeko adinakoa izan arte.
8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak bateragarriak izango dira, baldin eta helburu bererako badira.
9. artikulua.– Kudeatzea, ebaztea, ebazpena eman eta jakinarazteko epea, eta errekurtsoak.
1.– Deialdiaren kudeaketako lanak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagozkio.
2.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez tramitatuko dira, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagokio ebaztea.
3.– Hartzen den ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak emango diren eta hala dagokionean ukatuko diren. Emango diren dirulaguntzen kasuan pertsona edo entitate onuradunen izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, eskatzaileen identitatea edo sozietate-izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
Gainera, jakinaraziko da emandako laguntzak 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013(EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren mende daudela, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoaren mende.
4.– Aurreko lerrokadan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde eta pertsona interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, horren berri emateko. Argitaratzen den egun berean emango zaie horren berri, eskabidean xede horretarako gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat identifikatutako interesdunei.
6.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta aurreko apartatuan ezarritako argitalpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
7.– Pertsonak edo entitateak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo da ematea, eta itzultzeko prozedura amaitu eta itzultzeko betebehar bat badu pertsonak edo entitateak, emakida eman ahal izateko ezinbestekoa izango da zorroa borondatezko epean artatzea eginbehar hori duen pertsonak edo entitateak edo atzeratu eta bermatzea edo etetea erabakitzea, itzultzeko ebazpena inpugnatu delako. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo entitatea ezingo litzateke pertsona edo entitate onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez baditu, hala xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko lehenengo xedapen gehigarriak.
10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Dirulaguntza kalkulatzeko, 2019 eta 2021 ekitaldien arteko fakturazio-aldea hartuko da erreferentziatzat, eta fakturazioa edo diru-sarrerak % 20 edo gehiago murriztu direla frogatzen duten eskabideak baino ez dira aintzat hartuko.
3.– Onuradunari eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa fakturazio-aldearen % 70era artekoa izango da, eta gehienez 20.000 eurokoa erakundeko eta pertsonako.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde edo pertsona onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da; erregistro hori Eusko Jaurlaritzak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
2.– Laguntza ordainketa bakarrean emango da, emateko ebazpenaren jakinarazpenetik 12.a) artikuluan adierazitako epea igaro eta uko egin ez bada.
3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
4.– Pertsonak edo entitateak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo da ordainketa, eta itzultzeko prozedura amaitu eta itzultzeko betebehar bat badu pertsonak edo entitateak, ordainketa egin ahal izateko ezinbestekoa izango da zorra borondatezko epean ordaintzea eginbehar hori duen pertsonak edo entitateak edo atzeratu eta bermatzea edo etetea erabakitzea, itzultzeko ebazpena inpugnatu delako. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo entitatea ezingo litzateke pertsona edo entitate onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez baditu, hala xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko lehenengo xedapen gehigarriak.
12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Deialdiaren xede diren laguntzen erakunde eta pertsona onuradunek bete beharko dituzte, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimenak; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.
b) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu dela, hala gertatzen denean.
c) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen duten informazioa eman behar diete.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beraren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasita, oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozeduren berri ematea.
e) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak burutu ditzakeen emandako laguntzen egiaztatze-jarduketei men egitea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienei ere.
f) Administrazio-agintaritzak SARS-CoV-2k eragindako infekzioak hedatzea saihesteko berariazko neurrien esparruan mantentzea laguntza eman den zentroko edo establezimenduko jarduera, gutxienez ordaindu eta ondorengo 3 hilabeteetan.
13. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeak.
1.– Laguntzaren pertsona edo erakunde onuradunak ez badu betetzen oinarri hauetan aurreikusitako betebeharren bat (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, onuradunari entzunaldia egin ondoren eta dagokion prozedura bideratu ondoren, emandako laguntza ordaintzeko eskubidea galdu izana adieraziko du.
2.– Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako kopurua eta dirulaguntzen arloan sortutako berandutze-interesa, dirulaguntza ordaindu denetik itzultzea adosten den artekoa edo zordunak itzultzen duen datara artekoa, itzultzeko akordioa baino lehen itzultzen badu, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.
3.– Hori guztia gainerako ekintzei kalterik egin gabe egingo da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.
4.– Itzulitako diru kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
14. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
Agindu honetan adierazitako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013(EB) Erregelamenduan ezarritako «minimis» arauen mende geratuko dira (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa). Hain zuzen ere, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako «minimis» laguntzen guztirako zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitalditan. Muga hori ezartzeko, erregelamendu horretako 2.2 artikuluan aurreikusitako «enpresa bakar» definizioan egon beharko da.
Dirulaguntzaren eskatzaileak 2020, 2021 eta 2022 zerga-ekitaldietan jasotako minimis laguntzak aitortu beharko ditu, minimis laguntza berriarekin erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.
15. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kirolaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Xedea: Kirol-arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea.
Legitimazioa: Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.
Hartzaileak: ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.
Eskubideak: Datuak kontsultatzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza gure webgunean kontsultatu dezakezu:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/html/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES) eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio deialdi honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi epeetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.