176. zk., 2022ko irailaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (94 KB - 1 orri.)
- EPUB (101 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4003
EBAZPENA, 2022ko irailaren 5ekoa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez, jendaurrean jartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Lege Aurreproiektua.
Hezkuntza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema pixkanaka eraldatzeko oinarriak arautzeko, euskal gizartearen eskakizunetara egokitzea helburu, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza lege-aurreproiektua prestatu du, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legeak zehaztu bezala izapidetu behar den legea.
Horretarako, lege-erregulazio hori betez, Hezkuntzako sailburuak eman zituen, batetik, 2022ko apirilaren 8ko Agindua, zeinaren bidez hasiera eman baitzitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza arautzeko Lege-aurreproiektua egin eta izapidetzeko prozedurari, eta, bestetik, 2022ko uztailaren 22ko Agindua, Lege-aurreproiektu hori aldez aurretik onartzekoa, testu artikulatua idatzi ondoren.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.
Zentzu horretan, egokitzat jo da jendaurreko informazioaren izapidea irekitzea izapidetzen ari den arauan interesa duten gizarte-eragileek ahalik eta parte-hartze handiena izango dutela bermatzeko.
Azaldutakoagatik, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuan xedatutakoarekin bat, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen Aurreproiektua jendaurrean jartzea hogei egun baliodunen epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Bigarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako eta alegazioak aurkezteko aukera emateko helburuarekin, Legearen aurreproiektua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ eta gobernu irekiko partaidetza atarian, www.irekia.eus, egongo da.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 5a.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,
PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.