Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2022ko irailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4002

AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita enpresa-egonaldietarako beken deialdia, 2022-2023 ikasturtean, irailetik martxora bitartean, lantokiko prestakuntzako modulua egiten duten lanbide-heziketako ikasleentzat.

Datozen urteetan, aldaketa handiak, oso sakonak eta oso azkarrak biziko ditugu. Aldaketa horiek aukera handiak irekiko dituzte, eta hain garrantzitsuak izango dira ezen eragina izango baitute gure bizimoduan, bai bizitza pertsonalean, bai profesionalean. Enpresa-kudeaketako eredu-aldaketek, aldaketa demografikoek, globalizazioa bezalako faktoreek eta gizarteak bizi duen aurrekaririk gabeko osasun-egoera globalak eragin zuzena izango dute hezkuntza- eta lanbide-sisteman, eta inpaktu nabarmena izango du horrek prestakuntzan eta enpleguan, zeina zehatz-mehatz ebaluatu behar baita. Horrek guztiorrek behartzen du egin beharreko eraldaketak egitera sortzen diren erronka berriei aurre egiteko prest egon dadin lanbide-heziketa eta, zehazki, lantokietako prestakuntza.

Ildo horretan, lanbide-heziketak aurrehartze-jarrera izan behar du, aitzineratuz eta beste gisa batean lan egiteko premia erantsian zentratuz bere indarrak, beste helburu eta xede batzuekin, beste antolaketa batekin, etorkizunaren ikuspegi moderno batekin eta egiteko modu ezberdina bilatzeko premiarekin, pertsonen eta erakundeen arteko, baina, batez ere, LHko zentroen eta enpresen arteko lankidetza eta kooperazioa oinarri duen modu bat, lanbide-heziketa lan-merkatuaren berregituraketara egokitzeko gisan, etengabeko eta beharrezko elkarrekintza sortuz.

Eusko Jaurlaritzaren jarduera-esparru estrategikoak lanbide-heziketa funtsezko oinarritzat hartzen du pertsonekiko konpromisoaren barruan, eta, beraz, baita hazkunde iraunkorrarekiko eta giza garapenarekiko konpromisoaren barruan ere. Lanbide-heziketak hezkuntzaren ingurune naturala du abiapuntu, baina inpaktu handia du euskal ekonomiaren beste arlo batzuetan ere, hala nola langileen enplegagarritasunean bai enpresen lehiakortasunean.

Belaunaldi berriek konpetentzia, jarrera eta esperientzia espektro zabala eskuratu beharko dute bai prestakuntza-zentroan bai lantokian, eta gizarte-erronkaren bidez estimulatuko da konpetentzia horien garapena, pentsamendu kritikoa eta eraikitzailea sustatuta. Enpresako praktika funtsezko faktorea da barneratze horretarako, eta, testuinguru horretan, lantokiko prestakuntzaren modulua da lanbide-konpetentziak eta giza konpetentzia batu, garatu eta balidatzen dituen gune bat. Hori dela eta, lanpostu berriak arrakastaz lortzeko, etengabe egokitzeko aukera ematen duten gaitasunak izan beharko dituzte pertsonek. Egokitzeko, autokudeatzeko eta denbora laburrean ezagutza berriak etengabe eskuratzeko gaitasunak direla eta, funtsezko eta ezinbesteko faktorea da enpresako egonaldia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako politikak garatzeko esparrua arautzea, garrantzi berezia baitute sistema ekonomikoan, Euskadik helburu duen eredu ekonomiko berrian egoera egoki batean jartzeko gai izan dadin; horretarako, sustatu beharreko ekonomiak hazkunde adimendun, iraunkor eta integratzaile bat hartu behar du oinarritzat eta, aldi berean, gizarte-kohesio handiagoa ahalbidetuko duen kalitateko enplegu egonkor bat sortu behar da.

Enpresaren eta ikastetxeetako prestakuntzaren artean azken urteotan garatu diren txandakatze-esperientzien balorazio positiboa dela eta, ekainaren 28ko 4/2018 Legetik ideia hau sortu da, besteak beste: gure produkzio-sistemarekiko loturak sustatzen jarraitzea eta, horretarako, enpresa-sarearen eta lanbide-heziketako zentroen arteko lankidetza indartu, balioa elkarrekin sortzeko xedez.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, 6. artikuluan, enpresen, eragile sozialen eta beste entitate batzuen arteko lankidetza-lerroak ezartzen ditu, eta adierazten du ikasleek enpresatan praktika profesionalak egitea ahalbidetuko duela prestakuntzak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 42.2 artikuluaren 3. paragrafoan, heziketa-ziklo guztietarako nahitaez ezartzen du lantokietako prestakuntza praktiko dualaren fase bat; eta Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 32/2008 Dekretua aldatzen duten uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak eta otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak lantokiko prestakuntzaren modulua jaso eta garatzen dute. Modulu hori titulu bakoitzerako zehazten da titulua sortzeko errege-dekretuan eta modulu bakoitzari esleitutako FCTS kreditu-kopurua eta iraupen-orduak finkatzen dituen curriculuma ezartzen duen dekretuan.

Halaber, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan dago araututa zein diren prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko, bai eta azaroaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten pertsonak sartzeko baldintzak ere.

Horregatik guztiagatik, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da: enpresako egonaldi-beketarako deialdia egitea, lantokiko prestakuntzako modulua irailetik martxora bitartean (2022-2023ko ikasturtea) egiten duten eta 2023ko martxoan ebaluatzen diren lanbide-heziketako ikasleentzat.

2.– Diruz lagunduko den enpresa-egonaldiak hilabetetik hiru hilera bitarteko iraupena izango du, eta lantokiko prestakuntzako modulua egin ondoren egingo da.

3.– Egonaldi hori egiteko, enpresak eta ikastetxeak izenpetutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzak bete beharko dira; hitzarmen horren eredua agindu honen II. eranskinean dago.

2. artikulua.– Beka-kopurua eta zenbatekoa.

1.– 487 beka emango dira, eta onuradun bakoitzak, gehienez ere, 1.800 euro garbi jasoko ditu (600 euro hilean).

2.– Beka bakoitzak urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako kotizazio-araubidea bete beharko du (1493/2011 Errege Dekretua, urriaren 24koa, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituena), Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko. Beraz, beka-onuradun bakoitzeko kostua 252,88 eurokoa izango da.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetara bideratzen den kredituaren gehieneko zenbateko osoa bederatziehun eta laurogeita hemeretzi mila zazpiehun eta berrogeita hamabi euro eta berrogeita hamasei zentimo izango da (999.752,56 €).

2.– Bekak (487) lanbide-heziketako prestakuntza-mailaren arabera banatuko dira, honako proportzio honetan:

● Beken % 20, hau da, 97 beka, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat.

● Beken % 50, hau da, 244 beka, Erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

● Beken % 30, hau da, 146 beka, Goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

3.– LHko prestakuntza-maila bakoitzean eskainitako plaza guztietatik, % 5 gordeko da eskabidearen egunean % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenentzat. Hurbileneko zenbaki osora biribilduko da, eta 24 plaza gordeko dira guztira.

4.– Prestakuntza-maila bati edo batzuei esleitutako beka guztiak ez badira ematen, esleitzeke geratzen direnak irizpide proportzional bati jarraituz emango dira, aurreko zenbakian adierazitako portzentajeen arabera.

4. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– 2022-2023ko ikasturtean bigarren mailan matrikulatuta egotea eta lantokiko prestakuntzako modulua irailetik abendura bitartean egitea.

2.– Enpresak interesa izatea onuradunak egonaldia bertan egiteko. Enpresaren interes hori gauzatuko da II. eranskineko lankidetza-hitzarmena sinatuta.

3.– Ez izatea 30 urtetik gora, 2022ko abenduaren 31n, salbu eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonen kasuan, horiek ez baitute adin-mugarik izango.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 eta 6. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatzeko, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zigor- eta administrazio-arloko debekurik, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, espresuki barne hartuta sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretan ez dagoela.

d) Eskabidearen berri ematea, eta, hala badagokio, jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso izana bestelako administrazio batzuetatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

e) Enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura jarri direla programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.

5. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideak izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen beken informazio-fitxa, eskabidearen formulariora sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskuratu daiteke: www.euskadi.eus/servicios/1058705. Modu hauetan eskuratu daiteke:

a) Bitarteko elektronikoz, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, kasuan kasuko dokumentazioa erantsita. Horretarako, ziurtagiri digitalaren bidez identifikatu behar da helbide honetan:

https://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginF.do?idioma=es

b) Aurrez aurre. Eskabidea bete beharra dago, email-eko identifikazioarekin (posta elektronikoa eta pasahitza), esteka honetan:

https://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginF.do?idioma=es

Eskabidea bete ondoren, inprimatu, sinatu eta aurkeztuko da.

– 2022-2023 ikasturtean matrikulatuta dagoen ikastetxean, edo

– Zuzenean zerbitzuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetariko edozeinetan, lege horretan ezarritako baldintzen arabera eta zein ikastetxetarako den adierazita. Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartu den datan aurkeztu dela ulertuko da. Zuzenean zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean helbidean, edo, bestela, aurretiazko hitzordua eskatu edo ezeztatzeko telefonoan: 945 01 90 00.

2.– Adingabeak badira, amak, aitak edo legezko tutoreak sinatu beharko du eskabidea.

3.– Eskabide hori aurkezten bada, berez onartzen dira deialdiaren oinarriak.

4.– Eskabideari dokumentazio hau erantsi behar zaio.

– Ikasleek «Hirugarrenen alta»ren dokumentua elektronikoki izapidetu ahal izango dute, egoitza elektronikoan erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros. Onuraduna adin nagusikoa bada, berak bete beharko du agiri hori, eta berak izan behar du banku-kontuaren titularra. Aldiz, bekaren onuraduna adingabea bada, hirugarrenaren alta amak, aitak edo legezko tutoreak egingo dute, eta horiek izango dira banku-kontuaren titularrak.

– Ikastetxeek hau erantsi behar dute: enpresarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena (deialdi honen II. eranskina).

– Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserbatutako plazetarako: dagokion lurralde historikoko foru aldundiko Gizarte Ekintza Sailak edo administrazio publikoko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Ziurtagiri horretan jaso beharko da eskatzaileak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.

5.– Erantzukizunpeko adierazpena sinatu behar da, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikuluan. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betebehar hauek egiaztatzen dira:

5.1.– Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko inolako debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

5.2.– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak izatea, eta betetzea laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

5.3.– Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeraren batean.

5.4.– Beste edozein administrazio edo erakunde publikori nahiz pribaturi helburu berarekin dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

6.– Inskribatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak baliozko erabiltzailea eta pasahitza dituela Ikasgunean, beharrezkoa izango baita eskaeraren jarraipena egiteko. Hala ez bada, hemen erregistratu beharko da: https://ikasgunea.euskadi.eus/es/inicio

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ikasgunean argitaratuko da eskabide akastuna edo osatu gabea duten eskatzaileen zerrenda. Zerrenda horiek argitaratu ondoren hasiko da kontatzen eskabideetan egindako akatsak zuzentzeko hamar egun balioduneko epea, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Bekak emateko prozedura eta bekak baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.

1.– Deialdiaren xede diren bekak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, hau da, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, eta lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da haien artean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

2.– Balorazio-irizpideak honako hauek izango dira:

a) Lanbide-heziketako zikloko lehen mailako batez besteko nota, balorazio honen arabera:

● (=9) eta (=10): 2,75 puntu.

● (=7) eta (<9): 2,15 puntu.

● (=6) eta (<7): 1,10 puntu.

● (=5) eta (<6): 0,5 puntu.

● (<5): 0 puntu.

b) Ikasleak 2021eko abenduaren 31n duen adina, balorazio honen arabera:

● >25: 1,85 puntu.

● 21-25: 1,15 puntu.

● 18-20: 0,5 puntu.

3.– Eskabideen arteko berdinketa izanez gero, aplikazio informatikoak egindako ausazko prozedura bat erabiliko da. Eskabidea grabatzeko unean, aplikazio informatikoak eskabide bakoitzari zenbaki oso bat esleituko dio, 1 eta 9.999.999.999 bitartekoa, eta zenbaki hori erabiliko da berdinketak desegiteko. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.

4.– Aurreko irizpideak aplikatuta baloraziorik handiena lortu dutenen artean egingo da esleipena, agindu honen 3. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

5.– Betekizunak betetzen dituzten gainerako beka-eskatzaileak onuradun ez badira erabilgarri dagoen kreditua agortu delako, erreserba-zerrenda batean sartuko dira, eta, hasiera batean beka esleitu zaien pertsonen artean bajarik badago, zerrenda hori erabiliko da. Zerrenda hori puntuazio handienetik txikienera ordenatuko da.

6.– Bekaren onuraduna ez bada enpresan sartzen, erreserba-zerrendako lehen pertsonari esleituko zaio beka, zerrendan ezarritako hurrenkeraren arabera.

8. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

1.– Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak kudeatuko du deialdi hau.

2.– Xede horretarako sortutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko ditu dirulaguntza-eskabideak, eta honako hauek osatuko dute batzorde hori:

● Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako bi teknikari; horietako bat batzordeburua izango da, eta bestea, idazkaria.

Batzordeburua: Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: Tamara Navarro Tobalina, Lanbide Heziketako zerbitzuko teknikaria.

● Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat.

Araba: Mikel Imaz Gorrotxategi.

Bizkaia: Beatriz Aranaga Elorriaga.

Gipuzkoan: M.ª Teresa Lizartza Urrestarazu.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak baloratu ondoren, bekak emateko ebazpena proposatuko dio Plangintza eta Antolaketako zuzendariari, bai eta erreserben zerrenda ere. Zerrenda horretan, bekarik lortzen ez duten pertsonak sartuko dira, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta. Ebazpen horren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, 10 eguneko epean, eta batzordeak aztertuko ditu, Plangintza eta Antolaketako zuzendariari deialdiaren behin betiko ebazpena proposatu aurretik.

9. artikulua.– Prozeduraren behin betiko ebazpena.

1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak ebatziko du deialdia, ebaluazio-batzordearen proposamen arrazoitua jaso ostean.

2.– Esleipen-ebazpena Ikasgunean argitaratuko da, eta jakinarazpen gisa balioko du. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Halaber, erreserba-zerrenda ere Ikasgunean argitaratuko da. Bekaren esleipenduna enpresan sartzen ez bada erabiliko da erreserba-zerrenda, eta bertako lehen pertsonari emango zaio beka.

4.– Beka hauek emateko gehieneko epea hiru hilekoa izango da eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori iragan eta ebazpen espresurik eman ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahalko da.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Ikasgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra.

1.– Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emango die beka hauen onuradunei, Prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren arabera.

2.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka hauen onuradun diren ikasleen altak eta bajak.

3.– Aldi baterako ezintasunen bat edo lan-istripuren gertatzen denean, ikastetxeek berehala jakinarazi beharko diote horien berri Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

11. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Behar diren laguntzak zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, banku-transferentzia baten bidez, bi ordainketa-agindutan.

2.– Lantokiko prestakuntza amaitu ondoren, eta ikasleak enpresan benetan hasi direla egiaztatu ondoren, beka osoaren % 80 ordainduko da (1.440) euros.

3.– Gainerako % 20a (360) euro enpresak eta praktiketako tutoreak sinatutako balorazio- eta asistentzia-txostenaren ondoren ordainduko da. (deialdi honen III. eranskina).

12. artikulua.– Kontzesioa aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematea ekarri duen ebazpena aldatu ahal izango da baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, horrekin batera bestelako administrazioen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betez gero. Hori guztia jaso egin beharko da dirulaguntzak erregulatzen dituzten arauetan.

13. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Jasotako dirulaguntzak itzuli beharko dira, eta horiekin batera, dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharra dagoela erabaki arteko berandutze-interesak, baldin eta artikulu honetako 3. apartatuan aipatzen den egoeraren bat gertatzen bada.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

3.– Dirulaguntza eta dagozkion interesak itzuli beharko dira, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan azaldutako egoeren bat gertatzen bada, eta, bereziki, honako hauek:

a) Balorazio- eta asistentzia-txostenak egin ostean egiaztatuta geratzen bada enpresako benetako egonaldia hiru hilekoa baino laburragoa izan dela, bekaren zenbatekoa birkalkulatuko da denbora horrekiko proportzioan, eta aldea itzuli beharko da. Egonaldia hilabetetik beherakoa izan bada, ordaindutako zenbateko osoa itzuli beharko da.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagokien betebeharren bat betetzen ez bada.

Betebehar horiek ez betetzeak bestelako zehapenak ezartzea ere ekar dezake.

14. artikulua.– Beka hauen onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek dituzte beken onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

c) Baja medikoa (ABE/LI) gertatuz gero, bajaren partea aurkeztea ikastetxean, intzidentea gertatu eta hurrengo 24 orduko epean.

d) Gainerako legezko betebeharrak betetzea, batik bat Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezarritakoak.

15. artikulua.– Bateraezintasuna.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek zein erakunde publikoek edo pribatuek –estatuko zein nazioarteko– helburu bererako emandako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere emandako dirulaguntzen zenbatekoak guztira ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueren kostua.

2.– Dirulaguntza hauek ezin izango dira bateratu lan-jarduera ordainduekin.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Lanbide-heziketarekin lotutako laguntza eta dirulaguntzak.

1.– Arduraduna: Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.

2.– Helburua: Enpresa-egonaldietarako bekak, 2022-2023 ikasturtean, irailetik martxora bitartean, lantokiko prestakuntzako modulua egiten duten lanbide-heziketako ikasleentzat.

3.– Legitimazioa:

– Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako misioa betetzeko behar den tratamendua.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

4.– Hartzaileak.

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

5.– Eskubideak: Onuradunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

6.– Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/047400-capa2-eu.shtml

7.– Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi epeak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala