Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2022ko irailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4001

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Agurainen (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Aguraingo Udalak, 2022ko maiatzaren 9an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honetan: Agurainen (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Aguraingo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agurainen Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Eduki hau jasotzen du:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Aguraingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (aurrerantzean, HAPO), zeina urriaren 6ko 242/2016 Foru Aginduaren bidez onartu baitzen behin betiko, Planaren eremua lurzoru urbanizaezina da, eta «D.20 baso-eremua, leheneratu beharrekoa» da, aipatutako HAPOren arabera. Eremu horretan onartuta daude Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) matrizean aurreikusitako onura publikoko eta interes sozialeko eraikinak, instalazioak eta azpiegiturak.

Hori horrela, planaren xedea da 44.872 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat zehaztasunez mugatu eta antolatzea, kalkuluen arabera 4,5 MWp-eko ekoizpen-helburua izango duen eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko.

Planaren xede den lurzatia Aguraingo udalerrian dago, mendebaldean eta hirigunetik hurbil, eta Galzar industrialdearen iparraldean. Eremuko lurzoru guztiak Aguraingo Udalarenak dira. Hegoaldera ematen duen mendi-hegal baten gainean dago lursaila; malda txiki bat du mendebaldean, eta ia laua da ekialdean. 30 kV-ko bi linea elektriko daude Planaren eremuaren inguruan.

Planak instalazio fotovoltaikorako gehieneko lerrokadurak eta itxitura perimetralerako edo hesirako gehieneko muga ezartzen ditu. Asfaltatu gabeko udal-bide batetik –lurzatiaren hegoaldeko muturrean dago– sartuko da parkera. Transformazio-zentroa ere puntu horretan jartzea aurreikusten da. Plakak hegoaldera orientatuko dira, ahalik eta errendimendu handiena bilatuz, eta orografiara egokituko dira. Modulu fotovoltaikoek gutxi islatuko dute, itsualdiak saihesteko. Modulu fotovoltaikoen euskarri-egiturak altzairu ijeztuzkoak dira; korrosioaren aurkako babesa dute beroan galvanizatuta, eta material % 100 birziklagarria. Egitura orografiara egokituko da, zimendatzerik egin beharrik gabe, eraisten denean lursaila hasierako egoeran egon dadin.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo esku ez hartzea aztertzen da, eta 1., 2. eta 3. alternatibak. Udalerriaren barruan hainbat kokapen planteatzen dituzte, hainbat baldintzatzaileri erantzunez: udal-lurzoruaren jabetza, orografia laua, 25.000 eta 45.000 m2 arteko azalera, linea elektrikoetatik hurbil egotea eta ahal dela antropizatua den eta nekazaritza-erabilerarik ez duen lurzoruaren erabilerari eustea.

0 alternatiba baztertu da, Planaren helburuei erantzuten ez dielako eta energia berriztagarria ekoizten duelako, atmosferara CO2 isurtzea saihestuz. Kasu honetan, ohiko energia fosilek sortutako isurketekin alderatuta, 1.150 tona CO2 isurtzeari utziko zaiola kalkulatzen da.

Gainerako alternatiben arteko aldea da ingurumenean duten eragin handiagoa edo txikiagoa, kontuan hartutako ingurumen-aldagaien arabera. Azkenik, 3. alternatibaren alde egin da. Aurretik aipatutako ezaugarriak betez, horrek eragiten du ingurumen-inpaktu txikiena aztertutakoen artean.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazio bat ezartzeko esparrua finkatzen du. Plana obrak gauzatzeko proiektu baten bidez garatuko da. Dokumentuak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko nahikoa informazio jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) jasotako helburuei erantzuten die. Estrategia horrek energia berriztagarrien potentzia instalatua handitzea planteatzen du, energia-eredu jasangarriago bateranzko pausoak emateko.

Ingurumen-agiri estrategikoaren arabera, HAPOren egungo zonakatzeak eta erabileraren arauketak aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen dute, betiere onura publikokoa dela eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra dagoela justifikatzen badira.

Beraz, Aguraingo Ekiola eguzki-instalazio fotovoltaikoa interes publikokotzat jo beharko da Arabako Foru Aldundiaren ebazpen baten bidez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

c) Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du, beraz, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak, bai eta ebazpen honetan zehaztutako zehaztapenak eta zuzenketa-neurriak betez ere, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua lurzoru urbanizaezineko lurzati bat da, 44.872 m2-ko azalerakoa, eta Aguraingo udalerrian dago, udalerri horren mendebaldean eta hirigunetik hurbil, eta Galzar industrialdearen iparraldean. Iparraldean, ekialdean eta mendebaldean, larre, sastraka eta laboreek hartzen duten lurzoru urbanizaezinarekin egiten du muga. Hegoaldean, udal-bide batekin eta zabortegi zahar bateko lursailekin egiten du muga –zaharberritze-lanak egin berri dira bertan–. Hegoaldera ematen duen mendi-hegal baten gainean dago lursaila; malda txiki bat du mendebaldean, eta ia laua da ekialdean. 30 kV-ko bi linea elektriko daude Planaren eremuaren inguruan.

Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, interes naturalistikoko gunerik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Interes geologikoko lekurik ere ez da aurkitu, ezta babestutako kultura-ondarearen elementurik ere.

Azterketa-eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan dago, Ebroko Mugape Hidrografikoan. Eremuan ez dago ur-ibilgurik, ezta aldi baterako jariatze-urik ere, eta ez da beste eremu hezerik ezta ur-punturik ere aurkitu. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez dago jasota interes hidrogeologikoko inongo eremutan. Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroaren arabera, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gune batean dago hizpide dugun eremua (Uribarri Ganboako urtegia).

Ingurumen-dokumentu estrategikoak Planaren eremuan dauden landare-komunitateen karakterizazio bat ematen du, landa-lanean oinarritua; lan horretan bildutako datuen arabera, eremuan dagoen landaredia larre-pretxilardi-belardi batez osatuta dago, batez ere Brachypodium pinnatum espezieaz, eta gehiago edo gutxiago daude, halaber, otaberaren zuhaixka-espezieak (Genista hispanica) eta mendi-ezkaia. Oro har, makollen belardi tantodunak dira, itxura latzekoak; zaldiak eta ardiak egoten dira bertan, eta, hori dela eta, espezie nitrofiloak daude. Eremuan ez da mehatxatutako flora- edo fauna-espezierik edo espezie inbaditzailerik hautematen.

Arriskuei dagokienez, ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailik, baina inbentariatutako kokaleku batekin muga egiten du –zabortegi bati dagokio (KOD: 01051-00053)–. Eremuak ez du uholde-arriskurik eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Planaren eraginpeko eremuaren zati bat «Basoa-Mendi mehatza» kategorian dago, eta beste zati bat «Ingurumen-hobekuntza» kategoria, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Planaren arabera; beraz, ez zaie eragiten balio estrategiko handiko lurzoruei. Onura publikoko mendiei ere ez zaie eragiten.

Eremua Aguraingo ikuspen-arroan dago, paisaia-balio oso txikia du, eta bertako paisaiak izaera antropogenikoa eta landa-izaera ditu, eta oso arrunta gisa dago sailkatuta. Paisaia ez dago katalogatuta.

Eremuaren eta Plana garatzeko jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean gertatuko dira inpaktu esanguratsuenak, ezaugarri naturalak eta kontserbazio-interesetik kanpo ez dagoen landare-estaldura dituen 44.872 m2-ko lurzoru bat okupatzearen ondorioz. Zati batean behintzat, eremu epeleko txilardien eta sastraken Batasunaren intereseko habitat izenda daitezke (COD 4090). Hala ere, sustatzaileak aurkeztutako proposamenarekin bat etorriz, instalazioa orografiara egokituko da, eta, beraz, ez dago aurreikusita lur-mugimendu esanguratsurik edo zimendurik egitea, lurzoruaren okupazio hori aldi baterakoa eta itzulgarria izan dadin, eta lurrak hasierako egoerara itzuliko dira instalazioak desegin ondoren. Era berean, ez da bide berririk irekiko, ezta instalazio fotovoltaikora sartzeko pistarik ere.

Instalazioan sortutako energia husteari dagokionez, instalazio fotovoltaikoa eremutik gertu dauden bi linea elektrikoetako batera lurpean konektatzea aurreikusi da, eta, beraz, ez da aireko linea berririk sortuko.

Ustiapen-fasean dauden inpaktuei dagokienez, garrantzitsuena eguzki-planta fotovoltaikoaren presentziak sortutako paisaia-afekzioarekin lotuta dago; sustatzaileak aurkeztutako azterlanaren arabera, parke fotovoltaikoaren ikusgarritasuna oso mugatua da, eta ez dio eragiten inolako paisaia-berezitasun edo -mugarri aipagarriri. Aguraingo herrigunetik eta Galzar industrialdetik ezin da ikusi, eta oso gutxi ikusten da A-1 errepidetik; beraz, instalazioa arrazoizkoa da inguruan.

Bestalde, halako instalazio batek beste energia-alternatiba batzuen aurrean sortzen duen eragin positiboa baloratzen da.

Hori dela eta, jarraian zehaztuko diren prebentzio-, babes-, zuzenketa- eta ingurumen-neurriak aplikatuta eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituenak kontuan hartuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Agurainen Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera. Aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, neurri horiek ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera gauzatuko dira.

Plana garatzeko jarduketen eta eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, jarduketa horiek gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, obren okupazio-mugen kontrolarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, natura-baliabideen (landaredia eta fauna basatia) gaineko eraginen prebentzioarekin eta eragindako lurrak lehengoratzearekin.

Besteak beste, babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

– Oro har, lurzorua trinkotu ditzaketen jarduketak saihestuko dira. Instalazio fotovoltaikora lehendik dagoen bidetik sartuko da; beraz, bide hori asfaltatzea eta iragazgaiztea saihestuko da. Gainera, parkearen barruko bideak, behar izanez gero, lur edo zagor trinkotuetan egingo dira –asfaltatzea saihestuko da horrela–.

– Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea eta lurra kendu edo aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

– Instalazio fotovoltaikoan sortutako energia elektrikoa husteko linea berria lurpekoa izan beharko da, eta trazadura, ahal den guztietan, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.

– Landare-lurra gaika kenduko da zangak, azpiestazio elektrikoa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea «in situ» gordeko da.

– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

– Ezpondetan eta egin beharreko jarduketen ondorioz landaredi naturalik ez duten beste eremu batzuetan, plaka fotovoltaikoak instalatzeko planteatutako eremuen ondoan daudenetan, landare-lurra jarriko da lodiera nahikoan, eta ingurumen- eta paisaia-integrazioko neurriak aurreikusiko dira. Jarduketa hauek egingo dira: birmoldatu, erein eta zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatu.

– Parke fotovoltaikoa instalatzeko landaredia kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kenduko da, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan dagoen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu behar da energia ekoizteko jarduera nabarmen oztopatzen ez den eremuetan. Landaredia kentzeko egin behar diren lanak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da. Ez zaie inolako kalterik eragingo hostozabal autoktonoen zuhaiztietako (erkamezti) aleei –horiek osatzen dute Planeko eremuaren iparraldeko muga–. Edonola ere, neurriak hartu beharko dira erkamezti osoari eragindako kalteak ahalik eta gehien murrizteko. Eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (bertako zuhaitzak) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.

– Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko herbizidak erabiltzea debekatu egingo da.

– Panelek abifaunan «dei-efektua» ez izateko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, baita ilargi beteko gauetan ere.

– Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioko eta azpiestazioaren inguruko argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.

– Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du; hesi-efektua saihestu behar du, eta ingurunean integratu behar da. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak egindako txostenean proposatutako ezaugarrien arabera, ezaugarri hauek proposatzen dira:

• Ehiza- edo abeltzaintza-sarea, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena.

• Tamaina txiki eta ertainak igarotzeko moduko diseinua.

• «Katazulo» motako pasabideak gaitzea.

• Hesia hegaztiek talka ez egiteko gailuarekin seinaleztatzea.

– Parke fotovoltaikoak hartzen duen eremuko azaleko jariatze-uren hustuketa aurreikustea proposatzen da, eta, horretarako, ur horiek dekantazio-putzu txikietan biltzea. Putzu horiek espazioaren beheko puntuetan eratuko dira, eta urak aldi baterako bilduko dituzte, lurzatiko bideen ertzetan jarriko diren jariatze-urak husteko arekekin lotu aurretik. Aldi baterako putzu edo hezegune horiek eremu hezeetako berezko landarediarekin lehengoratu beharko liratekeela uste da, horrela, azkar integratuko dira, eta, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izango dira. Bereziki anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarriak izango dira.

– Proiektua gauzatzeko behar diren lur-mugimenduak egitean ahalik eta hondakin fin gutxien isuriko dira drainatze-sarera. Obretatik datozen solido esekiz beteriko jariatze-urak ibilguetara eta beste ur-puntu batzuetara ez iristeko behar diren prebentzio-neurriak hartu beharko dira.

– Proiektuaren fase guztietan, edozein elementutan sortutako hondakin-urak aldizka bildu eta eremutik atera beharko dira, eta kudeatzaile baimenduari entregatu.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Obrak egin bitartean lurzorua lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Aguraingo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

• Obraren okupazio-mugak kontrola.

• Hondakinen isurpenak eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura saihestea.

• Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Eguzki-parke fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuan, hauek definitu beharko lirateke: lurzatiaren barneko urbanizazioaren ezaugarriak, panelen mantentze- eta garbiketa-lanak (maiztasuna, erabilitako produktuak, beharrezko ura, hondakinen kudeaketa, etab.) eta energia 30 kV-ko linea elektrikora konektatzeko euskarriraino husteko linea elektrikoaren definizioa. Linea elektriko horretara konektatuko da instalazio fotovoltaikoa.

– Plan Bereziaren Dokumentuak eraispen-faseari lotutako neurriak hartu beharko lituzke kontuan, instalazioaren bizitza baliagarria amaitu eta haren elementu guztiak desegin ondoren, eragindako gainazalen leheneratze geomorfologiko eta edafikoko lanak eta lehengoratze begetaleko lanak egingo direla bermatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Agurainen Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Aguraingo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Agurainen Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziari onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 29a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala