176. zk., 2022ko irailaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (156 KB - 7 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4000
74/2022 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita zuzenbide pribatuko erakunde publikoa den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean prestakuntza arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.
Hitzarmen hori sinatu eta eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean prestakuntza arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABUZTUAREN 24KO 74/2022 EBAZPENARENA
OSAKIDETZA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO PRESTAKUNTZA ARLOKO HITZARMENA
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 24a.
HONAKO HAUEK HARTU DUTE PARTE:
Batetik, María Rosa Pérez Esquerdo andrea, zuzendari nagusia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, zuzenbide pribatuko ente publikoa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak sortua, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikita dagoena. Osakidetzako zuzendari nagusia Ente Publikoaren ordezkari gisa ari da, «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren» estatutuak ezartzen dituen 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. artikuluan aitortuta dituen eskumenak baliatuta.
Beste alde batetik, Maite Barruetabeña Zenekorta andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bidez sortutako erakunde autonomoa da IVAP, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikita dago.
Bi alderdiak bakoitza bere erakundearen izenean eta hura ordezkatuz agertu dira, eta hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena aitortzen diote elkarri, sinetsita Osakidetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean lankidetza estua izateak onurak ekar ditzakeela bientzat, prestakuntza-arloan bi erakundeek esleituta dituzten zereginak betetzeko orduan. Hortaz,
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
I.– Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.
II.– 255/1997 Dekretuak, azaroaren 11koak, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen ditu. Dekretu horren arabera, Osakidetzak bilatu behar dituen herri-onurako xede bat da Langile sanitarioek eta ez sanitarioek dituzten ezaguera espezializatuak eguneratzea eta prestakuntza sustatzea, bai osasunaren arloan, bai kudeaketa zein administrazio sanitarioetan.
III.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari honako helburu hau esleitzen dio, besteak beste, erakundea bera sortu zuen 16/1983 Legeak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.
IV.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen 200/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, ezartzen duenez, IVAPeko Prestakuntza Zerbitzuak, dituen helburuak betetzeko, eginkizun hauek izango ditu:
Lanpostuan hasteko, lanpostua betetzeko eta karrera profesionalerako ikastaro, mintegi eta era guztietako prestakuntza-jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta administrazio erakundeetako langileen prestakuntza taxutu, kudeatu eta ebaluatzea, prestakuntzaren arloan indarrean den araudiarekin bat.
V.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 1/2021 Legeak, zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu honek Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoa onuradun duen zuzkidura bat kontsignatzen du 452.061 euroko gehienezko kopurua adierazita
VI.– 1/2021 Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duenez, EAEko administrazio publikoetan lan egiten dutenen enplegurako prestakuntzako kredituak, IVAP erakunde autonomoaren aurrekontuetan jasotakoak, azken horrek kudeatuko ditu, kasuan kasu dagozkion deialdien bitartez.
VII.– Bi alderdiek, nork bere ahalmenak baliatuz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarritzat jotzen dutenez, hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei lotuta.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen bitartez arautu da IVAPek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eman diezaiokeen finantzaketa, enplegurako prestakuntzaren alorrean, 2022ko ekitaldian zehar Ente Publikoak bere enplegatuen prestakuntzarako egiten dituen plan edo programetarako.
Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:
– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.
– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.
– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.
– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.
Prestakuntza ekintzetako bat, gutxienez, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa izan behar da.
Ez dira inola ere diruz laguntzeko modukoak izango plan edo programetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu-, egonaldi- eta ordezkapen-gastuak.
Bigarrena.– Definizioak.
Hitzarmen honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:
a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua behar bezala betetzeko jakin beharko lukeenaren eta dakienaren arteko aldearen analisia.
b) Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo antolatu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzko 30/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).
c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-arlo jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa. Prestakuntza-ekintzak ikaskuntzakoak edo informaziokoak izan ahal izango dira, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen denaren arabera.
d) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.
Hirugarrena.– Finantza-zuzkidura.
Zuzkidurak, gehienez, 452.061 euroko zenbatekoa izango du, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko aurrekontuan hitzarmen honen xederako ezartzen den bezala 2022ko ekitaldirako. Sekzioa 43, programa 1216, zerbitzua 02, azpikontzeptua 41301, partida 001, Osakidetzako prestakuntza-planak.
Laugarrena.– Osakidetzaren betebeharrak.
Hitzarmen honen xedeak burutze aldera, Osakidetzak betebehar hauek egiten ditu bere:
a) IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituela, bai eta finantzatzeko den plan, programa edo jarduera egin duela ere.
b) IVAPek egingo dituen egiaztapenen mende egotea. Erakunde publikoaren izaerak dakartzan kontrol jardueren mende ere egon beharko du.
c) IVAPi aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.
d) Zuzkidura esleitzean kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi.
Esleipena egiteko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz esleipen-ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori aldatzea eragin dezake beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak, baldin eta, ebazpen honen babesean emandako finantzazioarekin batera, finantzatu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.
Bosgarrena.– IVAPen betebeharrak.
a) Hitzarmen hau izenpeturik, ezarritako zuzkiduraren transferentzia izapidetzea.
b) Osakidetzarekin elkarlanean aritzea, prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko baliabideak sortzeko.
c) Osakidetzak aurkeztutako dokumentazioa aztertzea eta ebazpena ematea, zazpigarren klausularen azken paragrafoan ezarritakoa ere aintzat harturik.
Seigarrena.– Finantzazioaren izapidetza.
Hitzarmena sinatutakoan, hirugarren klausulan ezarritako zuzkidura osoaren transferentzia izapidetuko da.
2022ko azaroaren 30a baino lehen, Osakidetzak dokumentazio hau emango dio IVAPi:
a) Finantzatzeko diren prestakuntza-plan edo programak. Hauek, gutxienez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritako edukia izango dute (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).
b) Prestakuntza planaren oinarri den Prestakuntza Beharren Analisia, horretarako erabili den metodologia azalduta. Analisi hori IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira.
c) Prestakuntza-eskaintzarekin batera hau erantsi behar da gutxienez:
– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.
– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.
– Ekintzaren edo ekintzen kostua.
Halaber, planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko Osakidetzak hau aurkeztu beharko du:
– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.
– Erakundeak burututako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.
– Ziurtagiria, hau adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen, hitzarmen honetan esleitutako kopuruarekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.
Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, dagozkion kontabilitate-eragiketak ezeztatuko dira behar ez den bezala jaso den kopururaino.
Osakidetzak bitarteko elektronikoz egingo ditu prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, Nire karpeta gunean.
Osakidetzak, prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoz egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango du.
Osakidetzak, Ordezkarien erregistroan izendatuko ditu erakundearen izenean jardungo duten pertsona edo pertsonak, hitzarmen honen izapidetza eta betearazte ondorioetarako.
Osakidetzak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezake dokumentazio guztia. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Aurkeztu behar diren dokumentuek klausula hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, Osakidetzari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.
Zazpigarrena.– Zuzkidura esleitzea.
Zuzkiduraren esleipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek esleitutako diru-kopurua zehaztuko du. Kopuru horri dagozkion kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hau egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko da ematen den egunean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
Finantzatutako kopuruak ezin izango du gainditu prestakuntza-plan, -programa edo -jardueraren kostuaren ehuneko berrogeita hamar.
Zortzigarrena.– Esleitutako finantzazioari uko egitea.
Osakidetzak uko egin diezaioke, osorik edo partez, esleitu zaion zuzkidurari. Uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion zuzkiduraren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.
Bederratzigarrena.– Itzultzea.
Osakidetzak hitzarmen honetan ezartzen diren baldintzak ez betetzeak ekarriko luke zuzkiduraren transferentzia gauzatu duten kontabilitate-eragiketak osorik edo zati batean deuseztatzea.
Hamargarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak dokumentazioa aurkeztutako egunetik hiru hilabete igaro direnean ez bada argitaratu –erreferentziazko helbide elektronikoan– esleipenari buruzko inolako ebazpenik, Ente Publikoak ulertuko du bere eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hamaikagarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Berariazko akordiorik ezean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, aldiz, Osakidetzak izendatutako ordezkarietako bat.
Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen segimendua egitea; elkar informatzea eta hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetu dezaketen irizpideak eta moduak zehaztuta.
b) Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik izanez gero, konpontzen ahalegintzea.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze-quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.
Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.
Hamabigarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta aplika dakiokeen antolamendu juridikoaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena; zehazki, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, xedatutakoaren arabera.
Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da hura, 9/2017 Legeak, azaroaren 8koak, Sektore Publikoko Kontratuenak, 6.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera.
Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar esku hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea; hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.
Hamahirugarrena.– Izaera pertsonaleko datuen babesa.
Hitzarmen honen egikaritza kudeatzeko beharrezkoak izan litezkeen datu pertsonalak indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera erabiltzeko konpromisoa hartzen dute alderdi biek. Tratatzen diren datuen titularrek informazioa jasoko dute tratamenduari buruz, bai eta datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideen egikaritzari buruz ere.
IVAPi dagokionez, hitzarmen honetatik sortutako lankidetza-ekintzetan jasotako datu pertsonalak erakunde horrek antolatutako prestakuntza eta hobekuntza izeneko tratamenduan sartuko dira, eta lankidetza-jarduera horiek kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Tratatzen diren datu pertsonalen titularrak datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideaz balia daitezke, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren aurrean.
Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik ezarritako xedea guztiz burutu arte izango du eragina, eta betiere 2022ko abenduaren 31ra bitartean, hurrengo klausulan hitzarmena suntsiarazteko ezarritako arrazoiren bat tarteko ez bada.
Hamabosgarrena.– Hitzarmena azkentzea.
Hitzarmen hau arrazoi hauengatik suntsiarazi ahal izango da:
1.– Alderdietako batek hitzarmena salatzea, idazki bidez, hiru hileko aurrerapenarekin.
2.– Bi alderdiak hitzarmena bertan behera uzteko ados egotea.
3.– Hitzarmeneko klausularen bat ez betetzea.
Sinatzaileek azaldu eta hitzartutako guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta, dauzkaten eskumenez baliatuz, hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, goian adierazitako lekuan eta datan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.