176. zk., 2022ko irailaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (188 KB - 8 orri.)
- EPUB (171 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3999
2/2022 FORU DEKRETU-ARAUA, abuztuaren 30ekoa, prezioen gorakadaren ondorioak arintzeko presako zerga neurri berriak onesten dituena.
COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko 2020ko martxoaren 14an alarma egoera deklaratu zenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga arloko hainbat neurri ezohiko eta presako hartu ditu, osasun krisi horren eragin negatiboa arintzeko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak zerga alorrean aitortzen dizkion eskumenak baliatu ditu.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aitorpena egiteko betebeharrari dagokionez, zehazki, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren bidez, doikuntza jakin batzuk egin ziren, 2020ko eta 2021eko zergaldietarako, pandemiaren ondorioz lan egoeran haren eragina izan duten zergadunen tributazioa ez zigortzeko asmoz. Hori horrela, 12.000 eurotik 14.000 eurora handitu zen lan etekin gordinak lortzeko jarritako muga, zeinaren azpitik ez baitago zertan aitortu. Gainera, ordaintzaile batek baino gehiagok emandako 14.000tik 20.000 eurora bitarteko lan etekin gordinak jasotzeagatik zergadunek aitorpena egin behar dutenerako, erabaki zen obligazio hori betetzetik salbuestea, baldin eta bigarren eta gainerako ordaintzaileengandik jasotako zenbatekoen batura, zenbatekoaren arabera, guztira urtean 2.000 eurotik gorakoa ez bada.
Aldaketa horien ondorioz, 2021. urterako atxikipenen taula berri bat onartu zen, aipatutako muga berrietara egokitutako lan pertsonalaren etekinei aplikatzeko.
2021. urtean pandemiak bere horretan jarraitu duenez eta pandemiaren ondorioak ikusita, batetik, 2022. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituen martxoaren 10eko 1/2022 Foru Arauaren bidez, 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren 5. artikuluan aitortzeko betebeharraren zehaztapenerako jarritako arau berberak ezarri ziren. Bestetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 6/2021 Foru Arauaren bidez, 100eko 1,5 jaitsi zen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan likidazio oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa, eta, aldi berean, portzentaje berean handitu ziren baterako tributazioagatiko murriztapena, kuotaren gutxipena eta kenkari pertsonalak. Aurrekoarekin bat etorriz, 2022rako lan pertsonalaren atxikipenen taula berria onartu zen.
Erregaien eta elektrizitatearen handizkako merkatuaren prezioen gorakadak, Ukrainako gerrak areagotuta, inflazioaren inoiz ez bezalako igoerak ekarri ditu, eta horrek lehiakortasun arazoa sortu die Gipuzkoako enpresei. Izan ere, kostu handiagoei aurre egin behar izaten diete, eta horrek arriskuan jartzen du gure inguruko ondasun eta zerbitzuen erakargarritasuna nazioarteko merkatuetan eta, oro har, herritarrentzat, horrek izugarri murrizten baitu ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko duten ahalmena.
Hala, testuinguru horretan, eta Gipuzkoako Foru Aldundia azken aldian gertatutako egoera bereziki larriei aurre egiten ari den azkartasun berarekin, apirilaren 5eko 1/2022 Foru Dekretu-Araua onartu da, egungo krisi energetikoa, prezioen gorakada eta Ukrainaren inbasioa izaten ari diren inpaktu ekonomikoa arintzeko premiazko zerga neurriak onesten dituena, egungo inflazio egoeraren eraginpeko jarduera ekonomikoetan gertatzen ari den eragin ekonomiko negatiboari erantzuteko, bai eta ekonomiaren operadore ahulenetan, hala nola mikroenpresetan eta enpresa txikietan eta pertsona autonomoetan, inpaktu ekonomiko negatibo handiagoa prebenitzeko ere. Horrez gain, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak produktu energetiko jakin batzuen azken prezioaren ezohiko eta aldi baterako hobaria Gipuzkoako Foru Ogasunari eskatzeko prozedurak artikulatu ditu. Horretarako, bi agindu hauek eman ditu: apirilaren 1eko 216/2022 Foru Agindua, produktu energetiko jakin batzuen azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobariaren aurrerakina eskatzeko prozedura arautzen duena, eta maiatzaren 3ko 244/2022 Foru Agindua, produktu energetiko jakin batzuen azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobariaren aurrerakina eskatzeko prozedura arautzen duena (uztailaren 6ko 357/2022 Foru Aginduaren bidez aldatua).
Kontuan hartuta azpiko inflazioaren urteko tasa 100eko 5,5ekoa izan dela 2022ko ekainean, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian eurotan finkatuta dauden zenbatekoen inflazioaren eragina ezabatze aldera, berriro 100eko 4 deflaktatzen da 2022ko ekitaldiari dagokion likidazio oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa eta, orobat, horretarako, portzentaje berean handitzen dira baterako tributaziorako murriztapena, kuotaren gutxipena eta kenkari pertsonalak. Gainera, 2022ko irailaren 1etik aurrera lan pertsonalaren etekinei aplikatu beharreko atxikipenen taula egokitzen da. Haien guztien egokitzapenaren helburua da behar diren doikuntzak egitea eta prezioen bilakaerara moldatzea, betiere zergadunentzako zerga kargak haien ahalmen ekonomikoarekin harreman egokia duela bermatzeko, zeren eta harreman hori aldatu baita egungoa bezalako inflazio egoeran.
Era berean, 2022ko zergaldirako bakarrik, kuotaren murrizketa gehigarri bat ezartzen da prezioen igoeraren ondorioak arintzeko. Horren arabera, 200 euroko kuota murrizketa bat aplikatuko da 30.000 eurotik beherako zerga oinarri orokorra duen autolikidazio bakoitzeko, eta zenbateko hori linealki murriztuz joango da zerga oinarri orokorra handitu ahala, harik eta 35.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean desagertu arte.
Gainera, gizarte laguntza jakin batzuen salbuespena ezartzen da zergan. Alde batetik, salbuetsita egongo da diru sarrera eta ondare gutxi duten pertsona fisikoei emandako 200 euroko zuzeneko laguntza, betiere ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege Dekretuaren esparruan, zeinaren bidez neurriak hartzen eta luzatzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egin, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei erantzun eta La Palmako uhartearen suspertze ekonomiko eta soziala ahalbidetzeko. Bestetik, arautu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako laguntza (240 euro, 12 hilekotan banatzekoa) salbuestea. Laguntza horren helburua da sare sarbidearen eta erabilpen gaitasunaren arrakala digitala murriztea, bereziki kolektibo zaurgarrienen artean gertatzen den gizarte bazterkeriarik egon ez dadin. Laguntza horiek Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko uztailaren 14ko Aginduaren bidez eman dira, zeinaren bidez kolektibo kalteberentzako bonu digitalak jaulkitzeko programaren oinarri arautzaileak ezarri eta horren deialdia egiten baita, Europar Batasuna - NextGenerationEUk (UNICO gizarte bonua) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Era berean, eta apirilaren 5eko 1/2022 Foru Dekretu-Arauak hartutako neurrien ildotik, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak salbuetsita daude 2022ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoei dagokien ordainketa zatikatutik. Horren osagarri, 2022ko ekitaldiari dagokion ordainketa zatikatutik salbuesten dira ordainketa zatikatu hori zehazteko kontuan hartzen den eragiketa bolumena zergaldian 50 milioi eurotik gorakoa ez duten sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga horren baterakuntza fiskaleko araubide berezian tributatzen duten entitateak izan ezik, une honetan likidezia handiagoa izan dezaten laguntzeko.
Proposatutako neurrien izaerarengatik eta botere publikoek egungo ezohiko egoera ahal den neurrian arintze aldera berehala jarduteko beharrarengatik, beharrezkoa da neurriak presako prozeduraren bidez eta foru dekretu-arau baten bidez onestea.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, aparteko eta presako arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, eta xedapen horiek foru dekretu-arauen forma izango dutela. Horrelako xedapenek ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 73. artikulua:
«73. artikulua.– Murrizpena batera tributatzeagatik.
1.– Foru arau honen 97. artikuluan xedatutakoari jarraituz batera tributatzea aukeratzen den kasuetan, zerga oinarri orokorra 4.590 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.
2.– Foru arau honen 97. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren familia unitateen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako murriztapena 3.987 eurokoa izango da.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 75. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Oinarri likidagarri orokorrari ondoko eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:
(Ikus .PDF)
Hiru. Honela idatzita gelditzen da 77. artikulua:
«77. artikulua.– Kuota txikitzea.
Zergadunek 1.513 euro gutxitu ahal izango dute kuotatik autolikidazio bakoitzeko, foru arau honetako 74. artikuluan ezarritakoaren arabera.»
Lau.– Honela idatzita gelditzen dira 79. artikuluko 1. eta 2. apartatuak:
«1.– Zergadunarekin bizi den ondorengo ahaide bakoitzeko, kenkari hau egingo da:
– 638 euro urtean, lehenengoagatik.
– 790 euro urtean, bigarrenagatik.
– 1.332 euro urtean, hirugarrenagatik.
– 1.574 euro urtean, laugarrenagatik.
– 2.056 euro urtean, bosgarren eta hurrengo bakoitzarengatik.
2.– Zergadunarekin bizi den sei urtetik beherako ondorengo ahaide bakoitzeko, aurreko apartatuan jasotakoaren arabera dagokion kenkariaz gain, 368 euroko kenkari osagarria egingo da urtean.»
Bost.– Honela idatzita gelditzen da 81. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa:
«1.– Urte natural osoan zergadunarekin modu jarraitu eta iraunkorrean bizi den aurreko ahaide bakoitzeko 306 euroko kenkaria aplikatu ahal izango da.»
Sei.– Honela idatzita gelditzen da 83. artikulua:
«83. artikulua.– Kenkaria adinarengatik.
1.– Zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa duen 65 urtetik gorako zergadun bakoitzeko, 367 euroko kenkaria aplikatuko da.
Zergadunak 75 urte baino gehiago baditu, eta haren zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa bada, aurreko paragrafoan aipatutako kenkaria 668 eurokoa izango da.
2.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 65 urtetik gorako zergadunek 367 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0367 eginda ateratzen den emaitza kenduta.
3.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 75 urtetik gorako zergadunek 668 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0668 eginda ateratzen den emaitza kenduta.
4.– Artikulu honen ondorioetarako, zerga oinarritzat hartuko da foru arau honen 65. eta 66. artikuluetan aurreikusitako zerga oinarri orokorra eta aurrezpenarena batuta ateratzen den zenbatekoa. Zerga oinarri orokorrak saldo negatiboa ematen badu, zero konputatuko da aipatutako baturaren ondorioetarako.
Dena den, zerga oinarri orokorrean eta, hala badagokio, aurrezpenarenaren zerga oinarrian pentsio konpentsagarrien eta urteko mantenurako ordainketen murriztapena aplikatzen bada foru arau honen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera, murriztapen horrek aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraituz kalkulatutako zerga oinarria gutxituko du.»
2. artikulua.– Aldatzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
2022ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldatu egiten da urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko hamalaugarren xedapen gehigarria. Honela idatzita gelditzen da:
«Hamalaugarren xedapen gehigarria.– Lan etekinei 2022an aplikatuko zaizkien atxikipen portzentajeen taula.
1.– 100. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa gorabehera, 2022ko irailaren 1etik abenduaren 31 bitartean, lan etekinei aplikatuko zaizkien atxikipen portzentajeen taula orokorra honako hau izango da:
(Ikus .PDF)
2.– 100. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa gorabehera, 2022ko irailaren 1etik 2022ko abenduaren 31 bitartean, taula orokorra aplikatuta ateratzen den atxikipen portzentajea zenbatean murriztuko den jakiteko, honako eskala aplikatuko da:
(Ikus .PDF)
3. artikulua.– Kuotaren murrizketa gehigarria, prezioen igoeraren ondorioak arintzeko.
1.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaintzen duten zergadunen zerga oinarri orokorra 30.000 euro edo gutxiago bada, 200 euro murriztuko zaie kuota 2022ko zergaldian, autolikidazio bakoitzeko.
2.– Zergadunen zerga oinarri orokorra 30.000 euro baino gehiago eta 35.000 euro baino gutxiago bada, zerga oinarri orokorra 30.000 euroan murrizteak ematen duen zenbatekoa bider 0,04 egingo da, eta ateratzen den emaitza 200 euroko kuotari kenduko zaio, autolikidazio bakoitzeko.
3.– Kuotaren murrizketa horrek urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 74. artikuluko lehen marratxoan aipatzen den zenbatekoa gutxituko du, kuota osoa kalkulatzeko.
4. artikulua.– Pertsona fisikoei emandako laguntza publiko jakin batzuk salbuestea.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita egongo dira honako laguntza hauek:
a) 200 euroko laguntza, ordainketa bakarrekoa, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-Dekretuaren 31. artikuluaren babesean emana. Lege-Dekretu horren bidez neurriak hartzen eta luzatzen dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egin, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei erantzun eta La Palmako uhartearen suspertze ekonomiko eta soziala ahalbidetzeko.
b) Honako agindu honen arabera emandako dirulaguntzak: Agindua, 2022ko uztailaren 14koa, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez kolektibo kalteberentzako bonu digitalak jaulkitzeko programaren oinarri arautzaileak ezarri eta horren deialdia egiten baita, Europar Batasuna – NextGenerationEUk (Unico gizarte bonua) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
5. artikulua.– 2022ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatutik salbuestea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.
Jarduera ekonomikoa duten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek ez dute derrigorrez 2022ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatua autolikidatu eta ordaindu beharko Gipuzkoako Foru Ogasunean.
Ordainketa zatikatu horren autolikidazioa beren borondatez aurkezten badute, ezingo dute eskatu dagokion zenbatekoaren ordainketa geroratu edo zatikatzeko, eta ez dute eskubiderik izango haren itzulketa bidegabeko diru-sarrera gisa eskatzeko.
6. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aukerako autolikidazioa.
Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 101.3. artikuluaren bigarren paragrafoko bigarren gidoian aukerako autolikidazioa aurreikusten du. 2022ko zergaldiari dagokionez, aipatutako puntu horretako a) letran jasotzen diren atxikipen portzentajeei buruzko taulak 2022ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira edozein kasutan.
7. artikulua.– 2022ko ordainketa zatikatutik salbuestea sozietateen gaineko zergan.
1.– 2022an entitate zergadunek ez dute derrigorrez egin beharko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 130 bis artikuluan jasotzen den ordainketa zatikatua honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Autolikidatzeko epea urriaren 1ean amaitzen den azken zergaldiko eragiketa bolumena 50 milioi euro baino gutxiagokoa izatea.
Sozietateen gaineko zergan autolikidazioa aurkeztera derrigortuta egon arren halakorik egin ez bada, aurkeztutako azken autolikidazioari edo, hala badagokio, egindako likidazioari lotutako zergaldian izandako eragiketa bolumena hartuko da kontuan.
Lehen aipatutakoaren arabera autolikidazio epea amaitua duen azken zergaldia urtebete baino laburragoa bada, eragiketa bolumena urtebetera zabalduko da, 12 hilabeteko aldia osatu arte.
b) Aipatutako foru arauaren VI. kapituluko VI. tituluan aurreikusten den zerga baterakuntzako araubide berezian ez tributatzea.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako entitate zergadunek ordainketa zatikatu horren autolikidazioa beren borondatez aurkezten badute, ezingo dute eskatu dagokion zenbatekoaren ordainketa geroratu edo zatikatzeko, eta ez dute eskubiderik izango haren itzulketa bidegabeko diru-sarrera gisa eskatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduzko xedapenen maila zaintzea.
Foru dekretu-arau honen 2. artikuluaren bidez aldatutako erregelamenduan sartu diren zehaztapenak foru dekretu mailako arauen bidez aldatu ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Araugintzako ahalmena ematea.
1.– Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
2.– Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau honetako 3., 5. eta 7. artikulutan jasotako zerga neurrien indar epea foru agindu bidez luzatzeko, betiere hura onartzea eragin zuten ezohiko zirkunstantziak irauteak hala justifikatzen badu.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotako ondorioak eragotzi gabe.
Donostia, 2022ko abuztuaren 30a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.