172. zk., 2022ko irailaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (209 KB - 12 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3923
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Laudioko (Araba) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Z.I.7 JEZ eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Laudioko Udalak, 2022ko martxoaren 28an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Z.I.7 JEZ eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko maiatzaren 3an, ukituriko administrazio publikoekin eta interesdunekin, eta espedientean daude jasota izaniko emaitzak. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Laudioko Udalari.
Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Z.I.7 JEZ eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
JEZ Sistemas Ferroviarios enpresa tren-materialaren diseinuan, fabrikazioan, horniduran eta mantentze-lanetan aritzen da batez ere. Joan den mendearen erdialdetik dihardu lan horretanLaudio udalerrian, herrigunetik gertu dagoen industrialde bateko 36.228 m2-ko lurzati batean.
Hiri-lurzoru finkatuko eremu bat da, jarduera ekonomikoetara zuzendua, Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (HAPO, 1995ean onetsi zen behin betiko). HAPO horrek Planaren xede den eremua mugatzen du eta egiturazko antolamenduaren zehaztapenak jasotzen ditu; gainera, antolamendu xehatua definitzen du. Hala ere, HAPOk garapeneko plangintzaren esku uzten ditu –kasu honetan, Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren esku (HAPB)– antolamendu hori aldatzeko aukerak, gehieneko eraikigarritasun-parametro batzuei jarraituz (eta/edo gutxienekoak, kasuan-kasuan), baita aipatutako HAPOn definitutako antolamendu xehatuaren hainbat parametro aldatzekoak ere.
Testuinguru horretan, Planaren xedea honako hau da: alde batetik, plangintza eguneratzea, Planaren xede den lurzatiaren gaur egungo egoerarekin bat etor dadin, eremu horretan HAPO indarrean sartu zenetik gaurdaino egindako aldaketa guztiak txertatuz eta erregularizatuz (horien artean, nagusiki, ordutik egindako eraikin eta sarbide berriak); eta, beste alde batetik, eremuko gune pribatuetan indarrean dagoen antolamendu xehatua aldatzea, HAPOk baimendutako gehieneko eraikigarritasuna gauzatu ahal izateko eta tokiko sistemen sareko zuzkidura eta ekipamenduetara zuzendutako lurzoru-erreserben egoera eta kopurua definitzea.
Horrela, aztergai dagoen eremuan eraikin berriak egitea ahalbidetuko da, Laudioko HAPOk horretarako ezarritako eraikigarritasun-mugen arabera. Horretarako, gaur egun eraiki gabe dauden guneen antolamendua baino ez da aldatuko, eremuan dauden eraikinak eta erabilerak antolamenduaren barruan mantenduz –horiek finkatu egingo dira–. Aldaketa horren berehalako helburua honako hau da: dauden pabilioiei itsatsita beste pabilioi bat eraikitzea, enpresan ekoizten diren zurezko ereduak gordetzeko.
Planaren xede den eremuan dauden lurzoruak ia osorik urbanizatuta eta zolatuta daude eta hiri-lurzorutzat hartzeko beharrezkoak diren zerbitzu- eta azpiegitura-sare guztiak dituzte: ibilgailuetarako eta oinezkoentzako sarbidea, ur-hornidura, euri-uren eta ur beltzen hustuketa, energia elektrikoaren behe-tentsioko hornidura, gas naturala eta telekomunikazio-azpiegitura. Planaren zirriborroaren arabera, zerbitzu-sare horiek guztiek bai lehendik dauden eraikinei bai Planean aurreikusitako eraikin berriei zerbitzu egokiak emateko behar besteko neurria, emaria, edukiera eta tentsioa dituzte.
Plan Berezia dagozkion eraikuntza-proiektuen eta urbanizazio-obra osagarrien bidez garatuko da.
Alternatibei dagokienez, 0 aukera edo esku-hartzerik eza eta hiru garapen-alternatiba aztertu dira. 0 aukera baztertu egin da, orain arte egindako jarduketa guztiak txertatu eta erregularizatuko ez lituzkeenez, ez liekeelako erantzungo indarrean dagoen HAPOn aurreikusitako helburuei; gainera, lurzoruaren aprobetxamendua mugatuko luke, baita instalazioak berrituz enpresaren eraikuntza-beharrei erantzuteko aukera ere.
Gainerako alternatiben arteko aldea eremuaren barruan planteatzen duten eraikuntza-aprobetxamendua da; batzuek besteek baino handiagoa planteatzea, hain zuzen. Azkenik, 3. alternatiba aukeratu da, hori delako aurreikuspenak hobekien betetzen dituena eta HAPBn adierazitako helburu eta irizpideetarako hiri-kalitatea gehien bermatzen duena.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planeko antolamendu-eremuak jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru kalifikazio orokorra du. Eremu horretan, gaur egun martxan dagoen JEZ enpresaren instalazioak daude. Planak lurzatiaren antolamendu xehatua aldatzea planteatzen du, plangintza eguneratzeko, Planaren xede den lurzatiaren egoerarekin bat etor dadin, eremu horretan HAPO indarrean sartu zenetik gaurdaino egindako aldaketa guztiak txertatuz eta erregularizatuz (horien artean, nagusiki, ordutik egindako eraikin eta sarbide berriak), eta, beste alde batetik, eremuko gune pribatuetan indarrean dagoen antolamendu xehatua aldatzea, HAPOk baimendutako gehieneko eraikigarritasuna gauzatu ahal izateko, eremuko egiturazko antolamendua aldatu gabe, zeinak jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru izaten jarraituko duen.
Espedientean dagoen dokumentazioaren artean, Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) txostena dago, Planak trenbidearen jabari publikoan, haren babes-eremuan eta eraikuntzako muga-lerroan izango dituen eragin sektorialei buruzkoa. Txosten horren arabera, ADIFek ez du eragozpenik Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren dokumentua izapidetzen jarraitzeko, betiere kontuan hartzen badira erakunde horrek trenbidearen jabari publikoaren, haren babes-eremuaren eta eraikuntzako muga-lerroaren gaineko eragin sektorialei buruz egindako oharrak, adibidez, honako hauek: trenbidearen jabari publikoko eta haren babes-eremuko guneetan, Planaren garapeneko eraikuntza-lanak egiteko, aldez aurretik Udalaren obra-lizentzia beharko dela eta ADIFek baimen-espediente administratiboa izapidetu eta aldeko ebazpena ematea, eta, gainera, zonakatze akustikoari dagokionez, garapenaren sustatzaileek arduratu beharko dutela etorkizuneko eraikinetan aurreikusitako erabilera gune horretan dagoen tren-zirkulazioarekin bateragarri egiteko neurri zuzentzaile egoki guztiak ezartzeaz.
Beste alde batetik, Uraren Euskal Agentziak (URA) espediente honi buruz egindako txostenaren arabera, uraren arloan indarrean dagoen legerian eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSan ezarritakoaren arabera, urbanizazioak Arantzar errekaren ibilguarekiko 5 metroko atzeraemangunea errespetatu beharko du. Era berean, gune hori pasabide librea eta oztoporik gabea izango da, eta, ahal den neurrian, ez da egingo lursail naturala alda dezakeen esku-hartzerik. Gainera, eremuaren zati bat Nerbioi ibaiaren 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuaren barruan dago. Ondorioz, indarrean dagoen Plan Hidrologikoaren 40.4 artikuluaren arabera, uholde-arriskua duen zaintza-eremuan, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo, lurzoru urbanizatuan, azterketa hidrauliko xehe bat eskatu ahal izango da, jarduketak, gauzatuko bada, behar dituen neurri zuzentzaileak zehaztu eta justifikatzeko. Neurriok, edonola ere, ingurumen-irizpideen araberakoak izan beharko dute eta ez dute eremuko uholde-arriskua areagotu behar.
Horri dagokionez, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bere txostenean adierazi duenez, proposamenak bateragarria izan beharko du urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuak 40.4 artikuluan uholde-arriskua duen jabari publikoko zaintza-eremuko erabilerei dagokienez ezarritako mugekin –1/2016 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoa onartzen duena–; zehazki, ezingo da lurpeko aparkalekurik edo sotorik egitea baimendu, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren aurrean barrutiaren estankotasuna bermatzen ez bada eta uholde horien kotaren gainean arnasbideak eta hustubideak ez badaude, ezta lursailaren gaur egungo sestra aldatu eta husteko ahalmena nabarmen murriztuko duen betelanik edo ezein motatako material- edo hondakin-pilaketarik ere.
Horrez gain, adierazten duenez, zaintza-eremutik kanpoko uholde-arriskuko eremurako proposatzen den erabilera-araubideak egokitu egin beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoa onartzen duen urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 40.4 artikuluan ezarritakotik eratorritako erabilerak mugatzeko araubidearekin.
Planaren ezaugarriak eta aplikatu beharreko araudian ezarritako estipulazioak kontuan hartuta, Planak ez du ingurumen-ondorio aipagarririk eragingo beste plan edo programa batzuetan, eta ez da bateraezintasunik hautematen hierarkian gorago dagoen plangintzarekin, baldin eta aurreko paragrafoetan adierazitako baldintzak betetzen badira.
c) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Gaur egun urbanizatuta dagoen hiri-lurzoru bat berrantolatzea dakar; eraikin berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzea ahalbidetuko dute.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, jabari publiko hidraulikoaren eta lurrazaleko uren kalitatearen babesari, hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarea babesteari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremuko lurzorua jarduera ekonomikoko hiri-lurzoru finkatu bat da eta Santa Cruz industrialdean kokatuta dago, Laudioko herrigunetik oso hurbil, haren hego-mendebaldean, ADIFek kudeatzen duen trenbideko Castejón-Bilbo linearen eta A-635 autobideko sarbidearen ondoan.
36.228 m2-ko azalerako industria-gune bat da eta gaur egun –joan den mendearen erdiaz geroztik- JEZ SL enpresak erabiltzen du bere jarduera garatzeko, hau da, tren-materiala diseinatu, fabrikatu, hornitu eta mantentze-lanak egiteko. Eremu ia osoa urbanizatuta eta zolatuta dago, eta ez du ingurumen-balio bereziki garrantzitsurik.
Ikuspegi hidrologikotik, Z.I.7 JEZ eremua Nerbioi II azpiarroan dagoen Ibaizabal unitate hidrologikoaren barruan dago. Nerbioi ibaiaren ibilgua Planaren xede den eremuaren mendebaldetik igarotzen da, trenbidearen beste aldetik, enpresaren instalazioak hurbilen dauden lekuan 35 metro eskasera. Bestetik, eremuaren barruan eta inguru hurbilean, Nerbioi ibaian isurtzen diren zenbait erreka daude, garrantzi-maila ezberdinekoak; horien artean, Arantzar erreka –JEZen lurzatiaren azpitik igarotzen da– eta Arantzar errekara ur kopuru mugatua isurtzen duen errekasto txiki bat nabarmentzen dira –azken horren lurrazaleko zati txikiren bat ere Planaren eremutik igarotzen da–.
Lurpeko hidrologiari dagokionez, gune horrek akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikia duela aipatu behar da.
Planaren eremuaren zatirik handiena eraikita edo zolatuta dago, lurzoru naturaleko azalerarik apenas dagoen, landaredi erruderal zati batzuk (sasitza bat, sahatsez eta panpa-belarra edo Cortaderia selloana izeneko espezie inbaditzaileaz osatua) eta konifero batzuk besterik ez, enpresara sartzeko bidearen zabalgunean eta ezpondetan kokatuak.
Eremuaren ikuspen-arroan hiri-paisaia bat dago, nagusiki antropogenikoa, oso arruntzat joa eta paisaia-balio esanguratsurik gabea.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren arabera, Planak eragindako eremu guztia balio estetiko eta arkitektonikoak dituen industria-multzo arkitektoniko bat da, hainbat elementuz osatua (eremuaren barruan, ekoizpenerako pabiloiak eta altzairugintzako pabiloia, eta, hortik kanpo, baseliza bat eta langile-etxeak), eta babes-maila ertaineko Kultura Ondareko Ondasun izendatzeko proposatua.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Planari erantsitako azterlan akustikoan jasotako informazioaren arabera, gaur egun ez dira betetzen eremu akustikoari aplikatu beharreko KAHak, ez egungo egoerari, ez etorkizunekoari dagokienez eta horren eragile nagusiak lurzatiaren hegoaldeko industria-jarduera, JEZ SL enpresaren beraren jarduera eta, neurri txikiagoan, trenbide-azpiegitura dira (ADIFek kudeatutako trenbidearen Castejon-Bilbo linea).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, nabarmendu behar da Planaren eremutik gertu dagoen Nerbioi ibaiaren zatia Nerbioi izeneko uholde-arrisku handiko eremuan (UAHE) dagoela (ES017-BIZ–10-1 kodea). Planaren eremuaren zati handi bat, egun eraikita dagoena eta eraikitzekoa dena barne, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren eraginpean dago, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Eremuaren uholde-arriskua dela eta, eraikitzeko oso baldintza txarrak dituela uste da.
Planaren xede den lurzati osoari 01036-00031 kodea jarri zaio inbentarioan, jarduera edo instalazio kutsagarriak edo kutsagarriak izan daitezkeenak izan dituen lurzoru gisa.
Arrisku teknologikoen artean, azpimarratzekoa da Planaren eremua Tubacex, Tubos Inoxidables SA enpresaren 1.100 metroko afekzio-eremuaren barruan dagoela, eta Guardian enpresaren afekzio-eremutik kanpo baina haren instalazioetatik 1.600 metrora, eta bi industria horiek Seveso III araudiaren pean daude.
Gai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskuari dagokionez, eremuaren aldameneko tren-linean (Castejón-Bilbo) arrisku handia dago; beraz, eremua, neurri handi batean, 100 m-ko afekzio-eremuaren barruan dago, eta 200 m-ko afekzio-eremuan osorik sartuta, hortaz, istripurik gertatuz gero, gune horretan esku hartu beharko da.
Aurretik adierazitakoari jarraituz, Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak urbanizatzeko obra osagarriak egitearekin eta eraikin berriak eraikitzearekin lotutakoak izango dira. Jarduketa horien ondorioak hainbat izango dira: lurzorua okupatzea; landaredia ebakitzea eta sasiak garbitzea; hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea; kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei eragitea; makinen joan-etorriak; lurzoruetan eta uretan kalteak sortzea istripuzko isurketengatik; emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrengan eragindako eragozpenak, eta abar.
Adierazi dugun bezala, eremuaren zati handi bat 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dagoen gune batean dago; eremutik gertu igarotzen den Nerbioi ibaiaren zatia Nerbioi izeneko UAHEaren barruan dago (ES017-BIZ–10-1 kodea); beraz, eremuan aurreikusitako jarduketek bateragarriak izan beharko dute indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren araudian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz jasotako araudi espezifikoan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoa betetzearekin, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa (1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Uraren Legearen testu bategina onartzen duena) eta Uraren Euskal Agentziak 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa (1/2006 Legea, ekainaren 23koa, Urarena).
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzei erreparatuta ikusten denez, bai gaur egun, bai etorkizunean proiektatutako egoeran, lurzoru nagusiki industriala duten lurraldeko eremu/sektoreetarako finkatutako kalitate akustikoko helburuak (KAH) urratzen dira, kontuan hartutako eguneko hiru tarteetan eta, bereziki, gauean; bai kanpoaldean, bai eraikin berrien fatxadetako zati handi batean gertatzen da hori; soinu-maila handienak lurzatiaren hegoaldean identifikatu dira eta eremuaren hego-mendebaldean kokatutako jarduketa baten zarataren ondoriozkoak dira, baita, neurri txikiagoan bada ere, trenbidetik datorren zarataren ondoriozkoak ere. JEZ enpresaren beraren jardueraren ondorioz KAHak gainditzen dituzten zarata-mailak ere identifikatu dira. Hortaz, eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) deklaratu beharko da.
Azterlanean, eraikin berrien barrualdean aplikatu beharreko KAHak betetzeko neurriak garatzen dira. Hala, fatxadetarako gutxieneko isolamendua proposatzen da, zarata-fokuekiko esposizioaren arabera, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburua bete ahal izateko, bai urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren, bai Eraikuntzako Kode Teknikoaren eskakizunen arabera.
Bestetik, Planaren eremuko lurzati bat JEZen industria-jarduera dela-eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago (01036-00031 kodea); hortaz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa kontuan hartu beharko da.
Ustiapen-fasean, Planean proposatutako antolamenduak bultzatutako jardueren ondoriozkoak izango dira balizko inpaktu handienak, eta horien neurria, funtsean, antolamendu horretatik eratorritako proiektuen eta jarduketen dimentsioaren, izaeraren eta ezaugarrien araberakoa izango da; hau da, aurreikusitako antolamenduaren ondorioz Planaren eremuan garatzen diren jarduketa berriek aldaketa esanguratsuak eragitearen arabera, adibidez, isurketak, hondakinen sorrera eta baliabide naturalen erabilera handitzea, besteak beste.
Ildo horretan, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, Planak ez du ezartzen etorkizunean legez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren arloan indarrean dagoen araudian adierazitakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko duten proiektuak baimentzeko esparrua.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, Planak gaur egun jardunean dagoen enpresa batek okupatzen duen hiri-lurzoruko lurzati baten antolamendu xehatua aldatzen du, Laudioko plangintza orokorrean definitutako jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru kalifikazioari eutsiz. Eremu urbanizatua eta ia osorik zolatua da, JEZ SL enpresak erabiltzen du bere jarduerarako eta ez du ingurumen-balio nabarmenik. Hori, eremuaren egungo egoera eta Planetik eratorritako jarduketak kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, baldin eta, eragindako eremuko jarduketak eta ekintzak besteak beste honako arlo hauetako indarreko araudiak betez egiten badira: plangintza hidrologikoaren, jabari publiko hidraulikoaren eta uren kalitatearen babesaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, kutsadura akustikoaren eta hondakin eta isurketen kudeaketaren arloetakoak.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuz gero, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmena izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Z.I.7 JEZ eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.
Eremuaren antolamendu berriak bultzatutako jarduerei dagokienez, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, Planak ez du ezartzen etorkizunean legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak baimentzeko esparrua. Ondorioz, Plan honen esparruan, etorkizunean ezingo dira baimendu Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan ezarritako proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren barruan sartuta dauden proiektu berriak.
Gainera, besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.
Eremuaren zati handi bat 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dagoen gune batean dago; eremutik gertu igarotzen den Nerbioi ibaiaren zatia Nerbioi izeneko UAHEaren barruan dago (ES017-BIZ–10-1 kodea); beraz, eremuan aurreikusitako jarduketek bateragarriak izan beharko dute indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren araudian uholdeen aurka adierazitakoa (40.4 artikulua), Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz jasotako araudi espezifikoa eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoa betetzearekin. Horri dagokionez, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak gogorarazi duenez, aipatutako 40.4 artikuluari jarraituz, proposamenak bateragarria izan beharko du uholde-arriskua dagoen jabari publikoko zaintza-eremuko erabilera-mugekin, eta ezingo dira baimendu honako hauek:
– Lurpeko garajeak eta sotoak, salbu eta esparruaren estankotasuna bermatzen bada 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako, eta arnasbideak eta ebakuazio-bideak baditu uraldi horren kotaren gainetik.
– Lursailaren gaur egungo sestra aldatu eta urak husteko gaitasuna nabarmen murriztuko luketen betelanak.
– Era guztietako materialen edo hondakinen pilaketak.
Hori guztia, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan jasotako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa betetzea eragotzi gabe.
Uren arloan indarrean dagoen legerian eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSan ezarritakoaren arabera, urbanizazioak Arantzar errekaren ibilguarekiko 5 metroko atzeraemangunea errespetatu beharko du. Era berean, gune hori pasabide librea eta oztoporik gabea izango da, eta, ahal den neurrian, ez da egingo lursail naturala alda dezakeen esku-hartzerik.
Horretarako, Plana behin betiko onartu aurretik, aipatutako ibilguak Santa Cruzeko kanpoko aparkalekuen tokiko sistematik igarotzen den tartean eta proiektatutako espazio libreetako berdeguneetatik igarotzen den tartean duen trazadura jaso beharko du, eta, horrekin batera, tokiko sistema urbanizatzeko errespetatu beharreko atzeraemanguneak definitu beharko ditu.
Nolanahi ere, Plana garatzeko, jabari publiko hidraulikoari eragin diezaioketen edo hari lotutako babes-eremuetan (zortasunekoan eta zaintzakoan) egin daitezkeen jarduketek arroko erakundearen aldez aurreko baimena beharko dute. Erakunde horrek planaren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu xehe, eta, hala badagokio, dagozkion zehaztapenak ezarriko ditu, Uraren Legea eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana betetzeko ezarri beharreko urbanizatzearekiko eta eraikinarekiko atzerapenak barne.
Uraren Euskal Agentziak espediente honi buruz egindako txostenaren arabera, drainatze-sistema jasangarriak ezartzea gomendatzen da (zoladura iragazkorrak, ekaitzetarako tangak edo gailuak, etab. erabiltzea), jariatze-ur kopurua lehen baino handiagoa izanez gero hori konpentsatzeko edo aldea txikia izatea bermatzeko. Gainera, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoak ezartzen du hiri- edo industria-drainadurako azpiegituren bidez biltzen diren euri-urak, dph-a kutsa dezaketenak, hondakin-urak direla eta administrazio hidraulikoaren aurrean isurketak baimentzeko prozedura bete beharko dela. Bestetik, ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekiek edo kutsatzaileek, arrastatze edo jariatze bidez, zeharkako afekzioak eragitea saihestuko da, eta, beharrezkoa bada, neurriak proposatuko dira, adibidez: kalteak saihesteko hesi fisikoak jartzea.
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Planean aurreikusitako etorkizuneko garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan (lurzoru nagusiki industriala duten lurraldeko eremu/sektoreak) aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etorkizunean hirigintza-garapenik egin kanpoaldean kalitate akustikoko helburuak urratzen diren guneetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa eragotzi gabe. Era berean, kontuan hartuta Planaren eremua ADIFek kudeatutako trenbideko Castejón-Bilbo linearen eragin akustikoko gune batean dagoela, eremu horretan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura hori kudeatzen duen organoaren txostena beharko da.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eraikin berrien fatxada eta bao sentikorretan, behar den mailako isolamendu akustikoa jarriko da, eraikinen barruko ingurunean kalitate akustikoaren helburua bete ahal izateko, bizitegi-erabilera izatea aurreikusita dagoenez, eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eskakizunekin bat etorriz. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean eta errepideko zirkulazioan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.
Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku bat dago (kodea: 01036-00031). Horrenbestez, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoaren) 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.
Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Laudioko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak espediente honekin lotuta egindako txostenaren arabera, Planak eragindako eremu guztia balio estetiko eta arkitektonikoak dituen industria-multzo arkitektoniko bat da (Jez Sistemas Ferroviarios, 83. fitxa), hainbat elementuz osatua (eremuaren barruan, ekoizpenerako pabiloiak eta altzairugintzako pabiloia, eta, hortik kanpo, baseliza bat eta langile-etxeak) eta babes-maila ertaineko Kultura Ondareko Ondasun izendatzeko proposatua.
Etorkizuneko eraikuntzek fabrikako egungo eraikinetan eragina izatea aurreikusten ez den arren, ingurua kautelaz babesteko, obrak balizatzea eta seinaleztatzea gomendatzen da prebentziozko neurri gisa, eta, edozein kasutan, multzoaren ingurumen-ezaugarriak ahuldu ditzaketen aldaketak saihestea.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.
Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Honako alderdi hauek barne hartuko ditu gutxienez: obren okupazio-mugen kontrola; lurzoru naturalei eragindako erasanaren kontrola; hondeaketa-soberakinen eta obra-hondakinen kudeaketaren kontrola; lurzoru kutsatuen kudeaketaren kontrola; uren edo lurzoruaren kutsaduraren kontrola, olioak isurtzeagatik eta lurrak herrestan eramateagatik; sosegu publikoaren gaineko eragin negatiboen kontrola, hala nola zaratak eta hautsek eragindako eragozpenak minimizatuz, eta, sosegu hori bermatzeko, eguneko ordutegiak errespetatuz.
– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.
– Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: IHOBEk argitaratutako eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak?Tema=Etxegintza%20Iraunkorra) jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, bereziki, eraikin industrialei (2017. urtea) eta eraikuntza idustrializatu jasangarriari (2021eko abendua) buruzkoak, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Z.I.7 JEZ eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Laudioko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Z.I.7 JEZ eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.