170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (409 KB - 25 orri.)
- EPUB (881 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
3899
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 28koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak emateko 2022ko deialdia egiten baita.
Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120 zk.) arautzen ditu ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak.
Dekretu horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak emateko 2022ko deialdia egin behar da.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2022ko urtarrilaren 25eko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea dirulaguntza-deialdia onartzea, bai eta laguntza horiek emateko oinarrizko irizpideak ere.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (2019ko ekainaren 26ko EHAA, 120. zk.) araututako laguntzen 2022ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak arautzen dira. Laguntzok bideratuko dira bizitza salbatzera, azpiratzea arintzera, giza duintasuna babestera eta gatazketan krisi humanitarioak eta beste indarkeria-egoera batzuk (eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta) jasaten dituzten pertsonen eskubideak babestera.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzetarako zuzkidura ekonomikoa 3.000.000 eurokoa da –norgehiagoka-prozeduraren bidez emanak–.
2.– Esku-hartze bakoitzerako, gehienez ere, 800.000 euroko dirulaguntza eslei daiteke; gutxieneko zenbatekoa, berriz, 500.000 euro izango da.
3.– Lehentasuna emango zaie Afrikako kontinentean egiten diren ekintza humanitarioko estrategietarako ekimenei; horiek horrela, gutxienez Afrikan gauzatzeko bi estrategia lagunduko dira diruz, kontuan izan gabe zer puntuazio lortu duten, baldin eta laguntzen araudi erregulatzailean eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Geratzen den soberakina lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera emango da.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, eta epemuga-hilean argitaratzen den egun berean amaituko da. Epemuga-hilean ez badago epea hasi den egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.
2.– Erakunde bakoitzak, banaka edo taldeka, gehienez eskabide bat aurkeztu ahal izango du.
3.– Agindu honen ondoriozko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.
4.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; Dirulaguntzak atalera, zehazki.
5.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.
6.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
7.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
8.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo
– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo
– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).
Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera.
10.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.
4. artikulua.– Eskaeren edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eredu normalizatuan dagoen eskaera-orria (I. eranskinari jarraituz) osorik bete behar du erakunde eskatzaileak, telematikoki. Eskaera-orri horretan entitate eskatzailearen datu orokorrak, aurrekontua eta proposatutako proiektua bilduko dira, bai eta bertan azaltzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere. Era berean, erakunde eskatzaileen taldea bada, gainerako eskatzaileek II. eranskina aurkeztuko dute.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Ekintza humanitarioaren esparruan gutxienez bi urte jarraituko esperientzia izatearen egiaztagiria, baldin eta entitatearen edo entitateen estatutuetan ez bada berariaz adierazten ekintza humanitarioko proiektuak egitea dela bere helburuetako bat. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, egiaztagiria ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean.
Hala ere, estatutuetan helburu hori jasota ez badago, gutxienez bi urte jarraituko esperientzia egiaztatzeko honako dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesdun ez diren beste entitate pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoretzak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialetako argitalpenak, edo organo eskudunek egiaztatutako memoriak edo urteko kontuak –horietan, esperientzia jarraitu horrek espresuki adierazita egon behar du–.
b) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eraketa-eskritura edo estatutuak eta erregistro-ziurtagiria, eskaera aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagokoa.
Tokiko bazkidearen izaera juridikoaren ondorioz ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago herrialdeko egoeren ziozkoa dena, erregistroan inskribatuta egoteko baldintza egiaztatu beharrean, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
c) Ez da beharrezkoa izango entitate eskatzaileek inskripzioa Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan aurkeztea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badiote eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.
d) Ekintza humanitarioko plan estrategikoa, erakunde eskatzaile bakoitzaren ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 5.1.c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzen dituen, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.
Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
4.– Ekintza humanitarioko estrategia baloratzeko, entitate eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:
a) Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkakoen integrazioa baloratzeko: proposamen teknikoa, III. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera; dirulaguntzaren aurrekontu banakatua, IV. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera; eta obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, plano, administrazio-lizentzia eta prestakuntza-planak, eduki eta metodologiekin.
b) Entitate onuraduna(k) baloratzeko: Plan estrategikoa(k) eta berdintasunaren aldeko plana(k).
c) Tokiko bazkidea(k) baloratzeko: Plan estrategikoa(k) eta Ekintza humanitarioko plan estrategikoa(k) eta genero-politika(k).
5.– Artikulu honetako 2.b), 2.d), 4.b) eta 4.c) apartatuetan aipatzen den dokumentazioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esku badago, Agentziak dokumentazio hori eskuratu eta ofizioz kontsultatu ahal izango du, baldin eta entitate interesdunak eskabidean adierazten badu zer espediente-zenbakitan dagoen eta noiz aurkeztu zuen –2018. urtetik aurrera–.
5. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Hautaketa Batzordean honako hauek izango dira:
Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.
Batzordekidea: Ana Isabel Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.
Batzordekidea eta idazkaria: M.ª Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
2.– Hautaketa Batzordean hutsuneren bat badago edo titularren bat absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, honako hauek ordezkatu ahal izango dituzte:
Batzordeburua: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna.
Batzordekidea: M.ª Cristina Rico Fernández andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.
Batzordekidea eta idazkaria: Alicia Aleman Arrastio andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
3.– Hautaketa Batzordeak teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Balorazio-irizpideak ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo dira.
7. artikulua.– Ebazpena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin bat, eskabidea aurkeztu zenetik sei hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.
Hori kontuan izanik, 2022ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 2.989.000 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 28a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.