170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (158 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3897
EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 19koa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozesuari dagozkion eredu normalizatuak baimendu dira.
Irailaren 30eko ICT/1074/2021 Aginduaren bidez, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak irekita utzi du Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen osoko bilkurak berritzeko hauteskunde-prozesua, eta beren hautesle-erroldak jendaurrean jartzeko epea ireki da.
Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta gobernu-organoak arautzeko maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 12. artikuluan ezartzen denez, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hauteskunde-prozesuari hasiera eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta eginda, Ganberen gobernu-organoetarako hauteskundeetarako deia egingo du, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak emandako Ebazpen baten bitartez.
Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legea garatzen duen uztailaren 17ko 669/2015 Errege Dekretuaren 24. artikuluan ezartzen denaren arabera, Ganberak 25.2.e) artikuluan aipatzen diren dokumentu normalizatuen eredu guztiak eskuragarri eta nabarmenduta izan beharko ditu bere web-orrian, hautesleek eta hautagaiek erraz deskargatu ahal ditzaten.
Bestalde, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta gobernu-organoak arautzeko maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21. artikuluan ezartzen denez, postaz botoa emateko eredu normalizatuak Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak baimenduak izango dira, eta pertsonalki eta idatziz eskatu beharko dira Ganberetan eta Ganberak hautesle bakoitzari banaka emango dizkio, haren identitatea egiaztatu ondoren.
Bidezkoa da, beraz, hauteskunde-prozesuko askotariko izapideetarako eredu normalizatuak izateko, aipaturiko ereduak baimentzea, homogeneizatu daitezen eta horiek erabili eta baliatzeko araubidea ezartzeko.
Adierazitakoagatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 6.2.ñ) artikuluan egozten diren eginkizunei jarraikiz,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Eredu normalizatuak baimentzea.
Honako eredu normalizatu hauek baimendu dira hauteskunde-prozesuko izapideetarako:
1.A eredua.– Pertsona fisikoek postaz botoa emateko eskaera.
1.B eredua.– Pertsona juridikoek postaz botoa emateko eskaera.
2.A eredua.– Pertsona fisikoen hautagaitzen aurkezpena.
2.B eredua.– Pertsona juridikoen hautagaitzen aurkezpena.
3.A eredua.– Pertsona fisiko bati abal indibiduala emateko erantzukizunpeko adierazpena.
3.B eredua.– Pertsona juridiko bati abal indibiduala emateko erantzukizunpeko adierazpena.
4. eredua.– Bozketa-papera.
5. eredua.– Botoa sartzeko barruko gutun-azala.
6. eredua.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluko b), d), e) eta f) letretan eta 11.2 artikuluan C taldeko hautagaia izateko ezartzen diren baldintzak betetzeari dagokion erantzukizunpeko adierazpena.
7.A eredua.– Pertsona fisiko bati kontu-hartzailea izendatzeko idazkia.
7.B eredua.– Pertsona juridiko bati kontu-hartzailea izendatzeko idazkia.
8.A eredua.– Pertsona fisikoek postaz botoa emateari uko egitea.
8.B eredua.– Pertsona juridikoek postaz botoa emateari uko egitea.
Bigarrena.– Hautesleei eredu normalizatuak ematea.
1.– Baimendutako eredu normalizatuak hautesleen eskura egon beharko dira ganbera bakoitzaren web-orrian, eta telematikoki bete edo deskargatu ahal izango dira, artikulu honetako bigarren paragrafoan jasotako salbuespenarekin. Halaber, aipaturiko eredu normalizatuak hautesleen eskura jarri beharko dira paperezko euskarri fisikoan.
Hiru euskal ganberetako webguneetan eredu normalizatuetarako estekak:
https://www.camaragipuzkoa.com/
2.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, posta bidezko botoa eskatzeko baimendutako eredu normalizatuak pertsonalki eta idatziz eskatu beharko dira Ganberetan eta Ganberak hautesle bakoitzari banaka emango dizkio, haren identitatea egiaztatu ondoren.
Hirugarrena.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Honek ez du amaiarazten administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, hura argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 19a.
Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,
JESÚS MARÍA GARCÍA DE COS.