Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3888

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 28koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duena.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak, bere 33. artikuluan ezartzen duena betez, IVAPek aldiro antolatzen ditu hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi orokorrak, Dekretu honen esparruan zehazten diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuan diharduten langileek hizkuntza-eskakizuna egiazta dezaten.

Halaber, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoak, bere 15.2.b) paragrafoan ezartzen duena betez, Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioak aurkeztu daitezke hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPek aldiro antolatzen dituen deialdi orokorretara.

Bestalde, aplikagarriak dira, alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, eta, bestetik, Justizia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren artean sinatutakoa. Hitzarmen horien bidez, Karrera Judizialeko kideei, Karrera Fiskaleko kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Idazkari Judizialen kidegokoei aukera ematen zaie hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.

Azkenik, maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak, Ertzaintzaren euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen 30/1998 Dekretua aldatzen duenak, bere hirugarren Xedapen Gehigarrian, IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen dituen deialdi orokorretan parte hartzeko aukera ematen die Ertzaintzaren praktiketako eta karreradun funtzionarioei.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz, eta osasun-esparruko agintariek zehaztutako prebentzio-arau eta jarraibideetara egokituz, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2022ko bigarren deialdia gauzatzeko berariazko neurriak ezarri ditu IVAPek, segurtasuna eta zuhurtasuna gidari. Hori dela eta, azterketa-denbora murrizteko, zenbait proba laburtu dira, betiere proben eskakizun-maila bermaturik, Ebazpen honen 10. eta 11. oinarrietan zehazten den erara.

Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketak egiteko 2022ko bigarren deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duen IVAPeko zuzendari nagusiaren Ebazpen honen aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 28a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

I. ERANSKINA
HIZKUNTZA ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIAREN EBAZPENARENA
OINARRIAK

1. oinarria.– Deialdiaren helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan xedatutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aukera ematen du deialdi honek. Hizkuntza-eskakizun bakoitza Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila banarekin dago baliokidetuta: B1, B2, C1 eta C2, hurrenez hurren.

Interesdunek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.

2. oinarria.– Deialdian parte hartu dezaketenak.

Deialdi honen bidez deitutako azterketetara aurkeztu ahal izango dira:

– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren ezarpen-esparruan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuko langileak.

– Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioak, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren 15.2.b) paragrafoak ezartzen duena betez.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kide, kidegai, behin-behineko epaile, ordezko magistratu, ordezko epaile eta bake-epaileak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Idazkari Judizialen Kidegoko kide eta kidegaiak, eta behin-behineko Idazkari Judizialak, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.

– Ertzaintzaren praktiketako eta karrerako funtzionarioak, Ertzaintzaren euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuko hirugarren Xedapen Gehigarriak ahalbidetzen duena betez.

3. oinarria.– Izena ematea.

Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskaerak Azternet Interneteko aplikazioaren bidez kudeatuko dira www.ivap.euskadi.eus/azternet. Aplikazio horren bidez, interesdunek eskaera aurkeztu ahal izango dute, deialdiaren oinarri honetan bertan adierazten den moduan, eta deialdi honetan parte hartzearekin lotutako kudeaketa guztiak kontsultatu eta egin ahal izango dituzte. Hartara, onartuta dauden eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) kontsultatu daitezkeen ziurtagiri digitaletako batekin identifikatu behar dira interesdunak.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko, kontuan hartuko dira interesdunaren langile-eremuaren berezitasunak:

a) Eusko Jaurlaritzaren sare korporatibora sarbidea duten langileek horretarako prestatutako bitarteko elektronikoen bidez egingo dute eskaera. Horretarako, Intraneteko Jakina atarian sartu eta eskaera elektronikoa egin behar da.

b) Deialdi honetan parte hartu nahi duten Ertzaintzako karrerako eta praktiketako funtzionarioek eskaera egin beharko dute Gurenet saileko Intranetaren bidez, bertan eskuragarri egongo den eskaera-eredua betez, oinarri honetan bertan eskaerak aurkezteko aurreikusitako epean. Epe hori amaitutakoan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak eskaera aurkeztu duten pertsonen behin betiko zerrenda bidaliko dio IVAPi.

c) Deialdi honen aplikazio-eremuan sartzen diren gainerako pertsonek, bertan parte hartu nahi badute, honako honen bidez egin dezakete eskaera:

1) Helbide elektronikoa: www.ivap.euskadi.eus/azternet, onartutako ziurtagiri digitalen bidez identifikatuta. Ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/)

2) Sektore Publikoko gainerako erregistro elektronikoak, posta-bulegoak, Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoak edo bulego kontsularrak, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoak eta indarrean dauden xedapenek ezarritako beste edozein bulego edo erregistro.

3) IVAPen edozein egoitza. Egoitza horien helbideak honako hauek dira:

Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Errekalde zumarkalea 18, 48009 Bilbao.

San Bartolome 28, 20007 Donostia / San Sebastián.

Unibertsitateko etorbidea, 20560 Oñati.

Eskaera aurkezteko bitarteko telematikoak erabiltzen ez dituztenek Ebazpen honen II. eranskinean eta Interneteko https://www.ivap.euskadi.eus/2022-2-deialdia/z16-a3hedei/eu/ helbidean jasotako eskaera-inprimakia erabili beharko dute.

IVAPeko deialdiaren azterketak gauzatzeko prozesu-faseak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko deialdiarenak aldi berean egin behar badira, azterketa bera aplikatuko da, eta batera egingo da. Hala izanik, IVAPeko deialdi honetan izena ematen duenak aldi bererako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko deialdian ere eskaera egiten badu, aukeratzeko eskatuko zaio, soilik bi deialdietako batean parte hartu dezan.

4. oinarria.– Deialdira lehen aldiz aurkeztuko direnak.

IVAPek antolatutako deialdietara lehen aldiz aurkezten direnek edota, inoiz aurkeztu arren, ondoren lanpostuz aldatu direnek, lanpostu berriaren izenaren eta kodearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera, hizkuntza-eskakizunen erregistroan jaso ahal izateko. Egoera honetan daudenek Azternet aplikazioa erabili beharrean, ezinbestean bete beharko dute Ebazpen honen II. eranskinean eta Interneteko www.ivap.euskadi.eus helbidean jasotako eskaera-inprimakia

Ertzaintzari dagokionez, Segurtasun Sailak egiaztatuko ditu lanpostuei dagozkien inguruabarrak.

5. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.

Laugarren hizkuntza-eskakizuneko azterketa egin ahal izango dute, alde batetik, lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori esleitua duten langileek eta, bestetik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu edo horren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat lortu duten langileek.

Lehen aldiz aurkeztu eta 3. hizkuntza-eskakizunaren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat dutenek horren kopia ere bidali beharko dute eskaerarekin batera, ondorengo titulu edo ziurtagirien jabe badira bakarrik:

– Iruñea, Tutera, Madril, Bartzelona eta Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako euskara egiaztagiriak.

– Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

– Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

Era berean, 4. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu ahal izango dira, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere. Horretarako, C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuesten dituzten ikasketak egin izana egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Unibertsitateak emanak, aipatutako Dekretuko 2. artikuluan eta 5. artikuluko 3. atalean zehazten den moduan.

6. oinarria.– Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariak.

Azterketak egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariek eskaera-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak, eta abar) eta eskaera oinarrituta dagoen mediku-txostena aurkeztu behar dute. Datu hauek babestuta egongo dira deialdi honen 22. oinarrian jasotzen den bezala. Azterketa-egokitzapena egingo da, betiere proben edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.

7. oinarria.– Deialdira onartutakoen zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta horiek aztertu ondoren, deialdira onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da IVAPeko zuzendariaren Ebazpen bidez, www.ivap.euskadi.eus webgunean.

Biharamunetik hasita, bost egun balioduneko erreklamazio-epea izango dute interesdunek erreklamazioak IVAPeko zuzendariari idatziz aurkezteko. Deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.

Epea agortuta erreklamaziorik ez bada, onartutako azterketarien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da. Erreklamaziorik izan bada, aurkeztutakoak aztertu eta ebatzi ondoren, deialdira onartutako azterketarien behin betiko zerrenda argitaratuko da, IVAPeko zuzendariaren Ebazpen bidez, IVAPeko webgunean.

8. oinarria.– Epaimahaia.

Azterketak zuzendu eta neurtuko dituzten epaimahaikide titularrak eta ordezkoak IVAPeko zuzendariak izendatuko ditu Ebazpen bidez. Ebazpen hori, deialdira onartuen behin betiko zerrendarekin batera, IVAPeko webgunean argitaratuko dira.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikide gehienak karrerako funtzionarioak edo langile lan-kontratudun finkoak izango dira eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide bezala aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.

Epaimahaiak IVAPeko langile baten laguntza izango du idazkari lanetarako.

Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.

Epaimahaiaren jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. eta hurrengo artikuluen arabera izango da.

9. oinarria.– Azterketaldia. Azterketa idatzia eta ahozko azterketa.

Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu, idatzia eta ahozkoa, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, ezinbestekoa da azterketa idatzia gainditua izatea ahozko azterketan parte hartzeko.

10 oinarria.– Azterketa idatzia.

Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da. Azterketa gainditzeko trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Irakurmen-probak bi ariketa izango ditu, eta idazmen-probak ariketa bat izango du.

11. oinarria.– Ahozko azterketa.

Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta horretan mintzamena eta entzumena neurtuko dira. Entzumena mintzamen-saioarekin batera neurtuko da, berariazko entzumen probarik egin gabe. Mintzamena grabatu egingo da, ez bada azterketariak horretarako baimena berariaz idatziz ukatzen duela. Epaimahaiak aurrez aurreko mintzamen-saioa izango du ebaluagai, betiere, ez grabazioa, dagoenean. Epaimahaikideek ebaluazio-fitxan jasoko dute beren irizpena.

Ahozko azterketa gainditzeko, entzumena eta mintzamena gainditu behar dira.

12. oinarria.– Azterketa-egunak eta toki-orduak.

IVAPek azterketen egutegia eta azterketak egiteko tokiak egokituko ditu, betiere eskaera kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, aukera egongo da azterketa bat baino gehiago egun eta ekitaldi bakarrean bateratzeko.

Azterketen egunak, lekuak eta orduak IVAPeko webgunean jakinaraziko dira. Bertan zehazten diren azterketa-egunak eta tokiak ofizialak dira eta azterketariek, onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera, bakoitzari egokitu zaion egunean eta tokian egingo dute azterketa.

Hala ere, izena ematean ahozko azterketa egiteko aukeratutako Lurralde Historikoaren aldaketa eskatu ahal izango dute interesdunek, 7. oinarrian aurreikusitako 5 egun balioduneko epean, deialdira onartuen zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko. Ordutik aurrera, ez da horrelako aldaketarik onartuko. Horretarako, nahi duten aldaketa arrazoitzeko idazki bat aurkeztu beharko dute, eta idazki hori deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango da.

Azterketa egin ahal izateko derrigorrezkoa da azterketariek NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztea.

13. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.

Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagupen-maila neurtzeko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan. B1, B2, C1 eta C2 mailen deskribapena eta ezaugarriak IVAPeko webgunean daude ikusgai.

14. oinarria.– Azterketak kalifikatzeko modua.

Trebetasun bakoitzaren emaitza (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzarena, bai prozesu osoarena, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai».

15. oinarria.– Trebetasunei dagozkien proben zuzenketa eta hurrenkera.

Irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena baztertzaileak dira eta emaitzak «gai» izan behar du trebetasun bakoitzari dagokion proban, hurrengo trebetasunaren proba zuzendu ahal izateko.

16. oinarria.– Azterketa idatziaren emaitza gordetzea.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko zuzendariaren 2022ko urtarrilaren 28ko deialdian azterketa idatzia (irakurmena eta idazmena) gainditu, baina ahozko azterketa (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten izangaiak, edo aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude Ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik; hortaz, zuzenean joango dira ahozko azterketara. Hala ere, horretarako, izangai horiek guztiek izena eman beharko dute ezinbestean deialdi honetan, dagokion epearen barruan.

Era berean, deialdi honetan idatzizko azterketa gainditu, baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei edo aurkezten ez direnei azterketa idatziaren emaitza gordeko zaie IVAPeko 2023ko lehen deialdi orokorrerako, eta deialdi horretan ere izena eman beharko dute dagokion epean.

4. hizkuntza-eskakizunera aurkezten diren salbuetsitakoen kasuan, bi deialdien arteko denbora-tartean lanpostuz aldatu izanez gero, mintzamen-probako lehenengo ariketan aritzeko aukeran izango dituen gaiak berdin izan daitezke azterketariak gaur egun duen lan-esparruari buruzkoak zein aurreko deialdian izan zuen lan-esparruari buruzkoak.

17. oinarria.– Azterketa idatziaren emaitzak eta erreklamazio epea.

Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzak Epaimahaiak onartu eta IVAPeko webgunean argitaratuko dira. Azterketa idatzia gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko azterketa. Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzaren kontra erreklamazioa jarri nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak argitaratu arte itxarongo du, hau da, ezin izango du erreklamaziorik egin fase honetan.

18. oinarria.– Ahozko azterketaren emaitzak eta behin-behineko emaitza orokorrak.

Ahozko azterketaren behin-behineko emaitzekin batera, Epaimahaiak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak onartuko ditu. Prozesuko behin-behineko emaitza orokorrak argitaratuko dira, IVAPeko zuzendariaren Ebazpen bidez, erakunde horren webgunean eta EHAAn. Deialdi honetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari buruzko ondorioak argitalpen horretatik aurrera sortuko dira.

19. oinarria.– Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.

Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aurkezteko 5 egun balioduneko epea irekiko da, egintza EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Erreklamazio horiek deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango dira.

Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, Epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu eta, IVAPeko zuzendariaren Ebazpen bidez, IVAPeko webgunean argitaratuko dira.

IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, behin betiko emaitza orokorrak onartzen dituena, EHAAn argitaratuko da, izangaiek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak adierazita.

Prozesuaren behin betiko emaitzak jakinarazten dituen IVAPeko zuzendariaren Ebazpenaren aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango da.

Errekurtso hori deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango da.

20. oinarria.– Egintzak argitaratzea.

Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPeko webgunean argitaratuko dira; era berean, behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak EHAAn argitaratuko dira.

Gainera, deialdi honetan argitaratu behar diren edukiak, Ertzaintzako langileei buruzkoak, Gurenet sailaren Intranetaren bidez argitaratuko dira, aurreko paragrafoan adierazitako hedabideetan egindako argitalpenekin batera.

21. oinarria.– Ziurtagiriak jasotzea.

Azterketa hauen bidez hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatzen dutenek IVAPeko zuzendariaren ziurtagiria Azterneten bidez izango dute eskura (kontsultak/IVAP HE ziurtapenak), inprimagarria den euskarri digitalean. Era berean, ziurtagiri digitala eskuragarri izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa) Nire Karpeta atalean.

22. oinarria.– Datuen babesaren inguruko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak «hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: IVAP.

Helburua: hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko kudeaketa eta jarraipena (ohiko deialdietarako eskabideak kudeatzea; baliozkotzeak kudeatzea; hautaketa-prozesuak kudeatzea). Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen erregistroa eta salbuespenen erregistroa sortzea. Eskatzaileen, historikoen, ziurtagirien eta egiaztapenen kudeaketa. Azterlanak eta estatistikak egitea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.

Hartzaileak: Foru-Aldundiak; toki-administrazioko beste organo batzuk; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; EAEn langileen arloan eskumena duten erakundeak; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua); Aldizkari Ofiziala.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia. https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021700-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

23. oinarria.– Errekurritzea.

Interesdunek errekurtsoa aurkeztu dezakete deialdiaren, haren oinarrien eta horietatik eta auzitegien jardunetatik eratorritako administrazio-egintza guztien aurka, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasu eta moduetan.

Errekurtso eta erreklamazio horiek eta ahozko azterketaren lekua aldatzeko eskaerak honela aurkeztu ahal izango dira:

a) IVAPen edozein egoitzatan (helbideak deialdi honetako 3. oinarrian daude zerrendatuta).

b) EAEko Administrazio Publikoaren erregistro elektroniko orokorrean (https://www.euskadi.eus/erregistroa/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-tramite/eu/ identifikazio eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatuta, administrazio honen egoitza elektronikoan onartuta badago eta «tramiteak eta zerbitzuak, identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» atalean kontsulta badaitezke (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/)

c) Halaber, sektore publikoko gainerako erregistro elektronikoetan, posta-bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo bulego kontsularretan, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan eta indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein bulego edo erregistrotan aurkeztu ahal izango dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala