169. zk., 2022ko irailaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3848
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 27koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez lan-poltsak irekitzen baitira, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuan aritzeko aldi baterako langile-beharrak betetzeko.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduak, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen aldi baterako beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeari buruzko araudia, hau aurreikusten du 8. artikuluan: lan-poltsak irekitzea azken oposizioan parte hartu eta oposizioko lehen ariketan mozketa-notaren ehuneko 40ko edo gehiagoko puntuazioa lortu duten pertsonak sartzeko, baldin eta lan-poltsetan sartu nahi badute.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduan oinarrituta, Justizia Administrazioko Zuzendaritza honek ebatzi du Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoetako lanpostuak betetzeko sortutako lan-poltsak irekitzea, honako oinarri hauen arabera:
1.– Deialdiaren xedea.
1.1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren kidegoetako aldi baterako langile-beharrak betetzeko lan-poltsak irekitzea.
1.2.– Justizia Administrazioko funtzionarioen kidego hauetako lan-poltsak irekiko dira: Auzitegiko Medikuak, Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetza eta Laguntza Judiziala.
2.– Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan:
Lan-poltsetan sartzea eskatu ahal izango dute amaitutako azken hautaketa-probetan parte hartu eta aurreko puntuan aipatutako kidegoetakoren batean sartzeko deialdia egin dutenek, baldin eta oposizio-aldiko lehen ariketan mozketa-notaren ehuneko 40ko puntuazioa edo handiagoa lortu badute.
Ulertuko da hautaketa-probak amaitu direla prozesua gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda BOEn argitaratzen denean (erreferentziako lan-eskaintza publikoa 2017-2018 aldikoa da, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoentzat; eta 2016koa, Auzitegiko Medikuen kidegoarentzat).
3.– Izangaien betekizunak.
Lan-poltsetan sartzea eskatzen dutenek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
4.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
4.1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek izapide hauek egin beharko dituzte, bitarteko elektronikoz:
a) Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.
b) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak aurkeztea.
4.2.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, horretarako diseinatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da, zeina hemen baitago eskuragarri www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091005
4.3.– Bitarteko elektronikoak erabili gabe aurkeztutako eskabideak eta deialdiari loturiko bestelako dokumentuak aurkeztu gabekotzat hartuko dira.
4.4.– Deialditik eratorritako jarduketak www.justizia.eus web-orrian eta justiziako langileen atarian argitaratuko dira, hartara eragotzi barik beste bitarteko batzuen bidez argitaratzea oinarri hauetan xedatutakoarekin bat etorriz.
4.5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta irailaren 30ean amaituko.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eskabideak.
4.6.– Lan-poltsa batean baino gehiagotan sartu nahi duenak eskabide bat aurkeztu beharko du lan-poltsa bakoitzeko.
5.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– Alegatutako euskarazko hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiri ofiziala edo tituluaren homologazioa, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko. Erregistro horretan jasota ez badago, egiaztatu egin beharko da.
– Kidegoan sartzeko eskatzen den ziurtagiri ofiziala, edo beste titulu ofizial batzuk, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio halakoak Hezkuntza Ministerioko tituluen erregistroan egiaztatzeko, unibertsitatekoak zein unibertsitatez kanpokoak izan.
Alegatutako tituluak 1992. urtea baino lehen lortu badira (unibertsitate-titulu ofizialak), edo 1991. urtea baino lehen eman badira (unibertsitateaz kanpoko titulu ofizialak), eta erregistro horietakoren batean inskribatzeko eskatu ez bada, aurkeztu egin beharko dira.
– Agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria, Zuzenbideko lizentziaturako lehenengo hiru ikasturteak gainditu izana edo Zuzenbideko graduko 180 kreditu lortu izana egiaztatzen duena.
6.– Eskabideak aurkezteko era.
Izangaiek, izapide horiek egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikatzeko bitartekoren bat eta sinadura elektronikoa eduki beharko dute (helbide honetan jasota daude: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Besteak beste, honako hauek:
a) Izenpek pertsona fisikoei emandako ziurtagiriak, B@kQ barnean dela.
b) Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
7.– Behin-behineko zerrendak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren aldi baterako langile-beharrak betetzeko lan-poltsetan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrendak egin ondoren, ikusgai jarriko dira www.justizia.eus web-orrian eta Justiziako langileen atarian.
Onartutakoen eta baztertuen behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, hamar egun balioduneko epean, ebazpena argitaratzen denetik hasita.
8.– Behin betiko zerrendak.
Alegazioak ebatzi ondoren, argitara emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren aldi baterako langile-beharrak estaltzeko lan-poltsetan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrendak, behin-behineko zerrendak erakutsi ziren toki beretan. Behin betiko ebazpenaren aipamena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
9.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.
Justizia Administrazioko zuzendaria,
JON ARTURO URIARTE UNZALU.