169. zk., 2022ko irailaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (452 KB - 26 orri.)
- EPUB (371 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3847
AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren Janssen doktoratu ondoko laguntza deitzen baita.
Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa Osasun Sailak sortutako tresna da, Euskadiko osasun-sisteman berrikuntza eta ikerketa sustatzeko. Lankidetza, komunikazio eta elkarlanerako esparru bat da fundazioa, erkidegoan, Estatuan eta nazioartean, osasun-alorreko ikerkuntza eta berrikuntzan diharduten sektoreei dagokienez. Gainera, osasun-alorreko eta sektoreen arteko programa eta politikak funtsatzen laguntzen du Bioefek, osasun-sistemak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeko. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuari jarraikiz, Bioef sail horri atxikitako sektore publikoko fundazio bat da, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzen dio Zuzendaritza horri dagozkion eginkizunetan.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak eta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorrago batean funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.
Esparru horretan, Osasun Sailak 2021-2024 aldirako esparru estrategiko berri bat ezarri du, osasun-politikak barne hartuta, EAEko osasun-sistema publikoa, kalitatezkoa, unibertsala eta bikaina sendotzeko; Lehen Mailako Arreta bultzatu eta indartzearen alde egiten du; osasun publikoaren sistema sustatu eta sendotzearen alde; koordinazio soziosanitarioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzearen alde, eta osasunaren arloko berezko ikerketa- eta berrikuntza-ekosistema garatzen jarraitzearen alde. Bertan, ildo estrategiko bat eratzen da osasun arloko ikerketa eta berrikuntzan, Jaurlaritzaren helburu nagusia lortu ahal izateko: Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publiko, unibertsal, jasangarri eta kalitatezkoari eusteko. Agindu hau esparru estrategiko horretako elementu instrumentalei lotua dago, bereziki I+G+B sanitarioari buruzkoari.
Janssen – CILAG SA enpresarekin xede horretarako sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz, Bioefek doktoratu ondoko langileak kontratatzeko laguntzaren deialdi hau abian jartzeko behar den finantzaketa lortu du, publikotasun-, objektibotasun- eta norgehiagoka-printzipioen arabera, doktoratu ondoko ikertzaile bat kontratatzeko, zeina Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente baten ikertalde batean, ikerketa sanitarioko zentroaren kategorian, sartuko den.
Doktoratu ondoko ikertzaileak garatu beharreko proiektua doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren edo terapia aurreratuen eremuan sartu beharko da, arlo horiek lehentasunezkotzat jotzen baititu Eusko Jaurlaritzak RIS3 Osasun pertsonalizatua estrategiaren barruan. Zehazki, «Medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak» arloa jorratuko du.
Alde batetik, doitasunezko medikuntza pertsonalizatua gaur egungo medikuntzaren erronka handienetako bat da. Hala giza genoma ezagutzeak, nola errendimendu handiko sekuentziazio masiboan egindako aurrerapen teknologikoek bide eman dute pazienteari zuzendutako I+G+Ba, batetik, eta paziente taldeen edo pertsona bakoitzaren banakako ezaugarri espezifikoetan oinarritutako arreta medikoa, bestetik, garatzeko. Hori horrela, Osasun Sailaren 2021-2024 aldirako Esparru Estrategikoak EAEko herritarrei arreta emateko medikuntza pertsonalizatua eta doitasunezkoa ezartzeko prozesuan aurrera egiteko beharra dagoela adierazten du. Gaur egun, minbiziaren arloa da medikuntza genomikoaren aplikazio garatuenetako bat, haren oinarri molekularrak eta genetika hobeto ezagutzen direlako, baina, etorkizun hurbilean, garapen hori medikuntzaren beste eremu batzuetara zabalduko dela aurreikus daiteke, hala nola, gaixotasun arraroen edo kardiobaskularren esparruetara, besteak beste.
Terapia aurreratuak, berriz, baliabide terapeutiko berri bat dira, eta ezohiko garapena izaten ari dira azken urteotan; medikuntzara iraultza ekarriko dutela uste da. Terapia horiek geneetan (terapia genikoa), zeluletan (terapia zelular somatikoa) eta ehunetan (ehunen ingeniaritza) oinarritutako giza erabilerako sendagaiak hartzen ditu barnean, gaixotasunak prebenitzeko edo tratatzeko. Garrantzitsuak dira, besteak beste, tratamendu pertsonalizatuak garatzeko aukera ematen dutelako, bai eta orain arte tratamendu eraginkorrik ez zuten gaixotasunak tratatzekoa ere, halaber. Horixe da, gaixotasun onkohematologikoen, gaixotasun neurodegeneratiboen eta zenbait gaixotasun arraroren kasua, besteak beste.
Deialdi honetan garatuko diren proiektuek lagundu egin behar dute EAEk posizionamendu estrategikoa lor dezan «medikuntza pertsonalizatuaren eta terapia aurreratuen» eremuan.
Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira. Deialdi honen xede den laguntza Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren barnean dago; hain zuzen ere, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioari dagokion atalaren barnean (agindu horren bidez, Osasun Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen). Agindu hori Osasun Sailaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta.
Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jardueren izaera ekonomikorik ezak erabat baztertzen du estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik, I+ G+ Bko Erkidegoko Esparruaren babespean.
Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan ezarritakoa betez, martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea ikertzaile doktore bat kontratatzeko laguntzaren deialdia egitea da –publikotasun, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta ez baztertze printzipioetan oinarrituta–, ikerketa-proiektu bat garatzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente baten ikertalde baten lan-programaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikerketa sanitarioko zentroaren kategorian.
2.– Programak helburutzat du ikertzaile gazteak Euskal Autonomia Erkidegora erakartzea eta bertan atxikitzea, bai eta pazienteari eta populazioari zuzendutako ikerketa traslazionala laguntzea ere, doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren edo terapia aurreratuen arloko ikerketa-proiektu baten bidez. Arlo horiek lehentasunezkotzat ditu Eusko Jaurlaritzak, RIS3 Osasun pertsonalizatua estrategiaren barruan. Zehazki, «Medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak» arloa jorratuko du.
3.– Laguntza honen bidez, jarduera ez-ekonomikoak finantzatuko dira, Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan Europar Batasunak ezarritako baldintzak (2014-06-27ko EBAO, C 198) betez (19. puntua; ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak, eta ezagueren transferentziarako jarduerak).
4.– Beraz, deialdi honetatik kanpo gelditzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa. Ondorio horietarako, jarduera ekonomikotzat hartzen da:
a) I+G zerbitzuak eskaintzea eta enpresen kontura egindako I+Ga.
b) Ikerketa-azpiegituren alokairua.
c) Jarduera ekonomiko guztiak, Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako laguntza estatalei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen baldintzak betetzen ez dituztenak (2014-06-27ko EBAO, C 198).
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten agente zientifiko-teknologikoak izango dira agindu honetako laguntzen onuradun, Euskal Autonomia Erkidegoko Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren ondorengo eguneratzeetan, xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoari jarraikiz.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako inguruabarretakoren batean dauden erakundeak ezin izango dira onuradun izan. Nolanahi ere, erakunde onuradunak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izateko.
Erakunde onuraduna izatea debekatzen duten inguruabarretako batean ere ez daudelako justifikazioa azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.7 artikuluan aurreikusitako bitartekoen bidez egin ahal izango da.
Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, agente eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.
Hala ere, agente eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.
Gainera, martxoaren 3ko 1/2022 lege onetsi berriaren azken xedapenetako laugarrena betez (EAEONALTBaren 50. artikuluaren 5. apartatua aldatu du), ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso ingurumen-arloko arau-hauste astun eta oso astunengatik zigortutako pertsona juridikoek, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Laguntzaren zenbatekoa 150.000 eurokoa da, eta Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak eta Janssen – CILAG SAk ikerketa zientifikoa sustatzeko programa orokorrean 2021ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera finantzatzen da.
4. artikulua.– Laguntzaren ezaugarriak.
1.– Kontratua:
Laguntza osoa lan-kontratu baten kostua ordaintzeko izango da, indarrean dagoen araudiarekin bat datorren edozein kontratazio-modalitatetan.
Kontratu hori sinatuta, ikertzaile doktoreak konpromisoa hartzen du Osasuneko sailburuordearen Ebazpenaren bidez laguntza eman zaion ikerketa-proiektuan jarduteko.
Salbuespen gisa, agindu honen xede den kontratua bateragarri egin ahal izango da irakaskuntza-lanekin, bere erakundean bertan edo beste batzuetan, gehienez ere 80 orduz, berak hala eskatuta eta erakundearen onespenarekin, eta, hala badagokio, Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko indarreko araudia bete beharko da, betiere irakaskuntza-lanek jardueraren helbururako dedikazioa indargabetu ezean. 24 orduko guardiei edo zatikiei dagozkien zerbitzuak ere egin ahal izango dira, betiere hilean 96 ordu baino gehiago ez badira.
2.– Iraupena: laguntzaren iraupena hiru urtekoa izango da, laguntza hasten den egunetik zenbatzen hasita. Data hori laguntza emateko ebazpenean zehaztuko da.
Langile ikertzailearen kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten egingo da aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua edota aitatasuna gertatzean. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, emandako laguntzaren 3 urteak amaituta, baldin eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak horretarako baimena eman eta onuradunak laguntzari uko egin ez badio edo eskaeran atzera egin ez badu; bestalde, berreskuratzeko aldiak 60 egunekoak izango dira, gutxienez, eta aurrekontuek horretarako aukera eman behar dute.
3.– Zuzkidura: lan-kontraturako laguntza 50.000 eurokoa izango da urtean. Erakunde onuradunak enpresaren urteko ordainsari gordina eta gizarte-segurantzaren kostua ordaintzeko erabiliko du emandako laguntza, bai eta kontratuaren amaierako kalte-ordaina ordaintzeko ere, baldin eta kalte-ordain hori legez aurreikusita badago.
5. artikulua.– Ikertzaileen eskubideak eta betebeharrak.
Ikertzaileek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean (aurrerantzean, ekainaren 1eko 14/2011 Legea) zerrendatutako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte, Batzordearen 2005eko martxoaren 11ko Gomendioan –«Ikertzailearen Europako Gutunari» eta «ikertzaileak kontratatzeko jokabide-kodeari» buruzkoan– adierazitakoari jarraikiz, betiere dagozkien zentro eta erakundeetan espezifikoki zehaztutakoak, bai eta deialdian zehar jarduera bakoitzerako aurreikusitakoak ere, alde batera utzi gabe.
6. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuraduna honako betebehar hauek izango ditu, ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Erakunde onuradunak proposatutako ikertzaileei lan-kontratua egitea, indarreko laneko legediaren arabera, agindu honetan zehaztutako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin.
b) Laguntzaren organo kudeatzaileari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Gehienez ere, hilabeteko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
c) Agindu honen babespean kontratatutako ikertzaileari behar duen laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; kontratutako ikertzaileari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den institutuan integratzeko.
f) Laguntza-programa honen babesean erakunde onuradunaren eta ikertzailearen artean eginiko kontratuan Janssen enpresaren finantza-laguntza adieraztea.
g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzaren xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera.
h) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioari.
i) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita laguntza kudeatzen duen organoari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
j) Diruz lagundutako ikerketa-jardueraren emaitzak zabaltzea.
k) Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak eta Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak egin beharreko egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak laguntzari dagokionez egin beharreko kontrol-jarduerak onartzea ere.
2.– Halaber, diruz lagundutako ikerketa-jardueraren finantzaketaren izaera publikoa hedatzeko neurriak hartu beharko ditu erakunde onuradunak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Erakunde onuradunak beti bete beharko du Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
7. artikulua.– Laguntza onartzea.
Programa honen xede den laguntzaren erakunde onuradunak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emakida-ebazpena jakinarazten denetik aurrera; hala egin ezean, onartutzat joko da.
8. artikulua.– Laguntzaren ordainketa, jarraipena eta justifikazioa.
1.– Deialdi honen babespean emandako dirulaguntzaren ordainketa organo kudeatzaileak egingo du, laguntzaren heren baten zenbatekoko hiru igorpen eginez, honela:
a) Lehenengo ordainketa, laguntza onartzeko adierazitako epea –hari uko egin ezean– igarotakoan, diruz lagundutako kontratu formalizatua aurkeztu ondoren.
b) Bigarren ordainketa, 2023an, diruz lagundutako kontratuaren lehen urtea igaro ondoren, ikerketa-proiektuaren garapena justifikatu eta aldi horretan proiektu horri lotutako soldata- eta gizarte-kostuak egiaztatu ondoren (II. eta III. eranskinak), Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak onartua.
c) Hirugarren ordainketa, 2024an, diruz lagundutako kontratuaren bigarren urtea igaro ondoren, ikerketa-proiektuaren garapena justifikatu eta aldi horretan hari lotutako soldata- eta gizarte-kostuak egiaztatu ondoren (II. eta III. eranskinak), Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak onartua.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
3.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatezko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
4.– Diruz lagundutako kontratua amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, erakunde onuradunak ikerketa-proiektuaren amaierako memoria aurkeztu beharko du, bai eta kontratuari lotutako soldata- eta gizarte-kostuen egiaztapena ere, proiektuaren hirugarren urtean (II. eta III. eranskinak). Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak hura onartu ondoren, laguntza likidatzeko ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak.
5.– Erakunde onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio organo kudeatzaileari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.
Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehatz dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.
6.– Organo kudeatzaileak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eskatuko du.
7.– Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa.
9. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteen berri idatziz jakinarazi beharko da, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez.
2.– Uko-egiteak Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
3.– Uko eginez gero, erakunde onuradunak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egite hori gauzatzen den egun berean, bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeen kalterik gabe.
4.– Aurkeztutako ukoa ez da onartuko, erakunde onuradunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
10. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.
1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezin izango da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso, ez eta soldatarik ere.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzari buruzko arauan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako zenbatekoak berriz doituko baitira, eta laguntza hori emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileak, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 15. artikuluan xedatutako itzulketa-espedientea hasiko da.
12. artikulua.– Jarraipena.
1.– Laguntzaren erakunde onuradunak laguntza zertarako erabili duen justifikatu beharko du. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio laguntza kudeatzen duen organoari, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan:
– Memoria zientifiko bat, laguntza jaso bitartean egindako jardueren deskribapen xehatua barne hartuta. Ikertzaileak, talde hartzaileko buruak eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko dute. Erabili beharreko eredua agindu honen II. eranskinean dago.
– Memoria ekonomikoa, kontratatutako pertsonaren urteko kostua zehaztuta. Honekin batera: lan-kontratuaren kopia eta egotzitako kostuaren ziurtagiria. Hautagaiak eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko dute. Erabili beharreko eredua agindu honen III. eranskinean dago.
Amaierako memoria zientifikoak eta ekonomikoak proiektua burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan aurkeztuko dira.
2.– Amaierako memoriarekin batera, behar bada, ikerkuntzaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetara eginiko komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.
3.– Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea.
13. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak beharrezko diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, betiere Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eginkizunak alde batera utzi gabe.
14. artikulua.– Ez-betetzea.
Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio erakunde onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen bada, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez baditu, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez baditu –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez baditu.
15. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.
Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:
a) Osasuneko sailburuordeak emango dio hasiera prozedurari, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak jakinaraziko du. Prozedura hasteak eten egingo ditu, hala badagokio, oraindik egiteko dauden ordainketak.
b) Prozedura hasteko ebazpenak prozedura bera hastearen arrazoiak jasoko ditu eta 15 eguneko epea emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso eta gero, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere, prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpenean jasotzen bada arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela jakinaraziko da eta, hala badagokio, adieraziko du diru-zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, baita laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
16. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduan –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO– ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetan emandako datu pertsonalei dagokienez:
– Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak (aurrerantzean, Bioef) tratatuko ditu halako datuak, interes publikoaren alde edo Bioefi emandako botere publikoak baliatuz egindako misio bat betetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren babesean.
– Datu pertsonalak proiektu eta ikerketa sanitarioak kudeatzeko, administratzeko, gauzatzeko eta garatzeko erabiliko dira, oinarri hauen arabera eta agindutako helburuak betez.
– Deialdiko kide guztien datu pertsonalak deialdi honekin zerikusia duten pertsona fisiko edo juridikoei lagako zaizkie, baldin eta lagapen horiek beharrezkoak badira aipatutako tratamenduaren eta deialdiaren xedearen helburuak lortzeko.
– Datu pertsonalak deialdia indarrean dagoen bitartean tratatuko dira, eta, deialdia amaituta, fiskalitateari, erantzukizunei eta jardueren kontrolari buruz legez ezarritako epeetan.
– Proiektuko kideek une oro jakin ahal izango dute Bioefek beraiei dagokienez zer datu pertsonal tratatzen dituen, araudiak ematen dizkion eskubideak erabiliz, helbide honetan: BEC dorrea (Bilbao Exhibition Centre) Azkue erronda 1, 48902 Barakaldo (NANa adierazi behar da). Bereziki, eskubide hauek erabil ditzakezu:
– Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren beren datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.
– Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzendu daitezke, edo zehatzak ez direnak aldatu eta gabetasunen bat dutenak osatu, tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzeko.
– Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eskatu daiteke, baldin eta jada beharrezkoak ez badira kontratua betetzeko.
– Tratamenduari uko egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak ez tratatzeko, edo tratamendua eteteko, ez bada lege-arrazoiak edo balizko erreklamazioak egin eta horiez defendatzea daudela tartean. Kasu horietan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.
– Tratamendua mugatzeko eskubidea: inguruabar jakin batzuetan, interesdunek bere datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Kasu horretan, erreklamazioak egiteko edo horien aurrean defendatzeko bakarrik erabiliko dira datuok.
– Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik ez hartzeko euren gainean, interesdunei nabarmen eragiten badiete.
Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan eta teknikoki posible bada.
– Datuak Babesteko ordezkaria. Bioefek Datuak Babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpo@bioef.org
– Kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa aurkezteko aukera: Bioefek jakinarazten du, orobat, eskubidea dagoela erreklamazioa Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (www.avpd.eus eta Espainiako Datu Babeserako Agentzian (www.agpd.es) aurkezteko, tratamendua indarreko legediaren araberakoa ez dela iritziz gero.
17. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak kudeatzen du deialdia.
18. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epea.
1.– Eskabidea elektronikoki aurkeztuko da euskadi.eus egoitza elektronikoan azaldutako jarraibideen arabera, honako helbide hauetan:
Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/1219901/web01-tramite/es/
Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/servicios/1219901/web01-tramite/eu/
Eskabidearekin batera, agindu honen 22. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
2.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Hautagai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan. Hori bete ezean, atzera botako dira aurkeztutako eskabide guztiak.
4.– Behin eskabidea aurkeztuta, ezin izango da aldatu, aginduan zehazten diren salbuespen-kasuetan izan ezik.
19. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzen eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio falta dena osatzeko edo eskatzen diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denaren arabera.
Entitate bat eskabidea aurrez aurre aurkezten saiatzen bada, elektronikoki aurkeztu behar duela adieraziko zaio. Horri dagokionez, eskabidea benetan bide horren bitartez gauzatu den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
20. artikulua.– Hautagaien betekizunak.
Doktore-titulua izatea.
Doktoregoa 2017ko urtarrilaren 1a baino geroago lortua izan behar dute; data hori egiaztatzeko, doktorego-tesia irakurri eta onartu zeneko eguna hartuko da.
Jarraian aipatzen diren egoeretako bat gertatzen denean, doktorego-tesia irakurri eta onartu zeneko data 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izatea onartuko da, eta epea egoera horietako bakoitzean jasotako moduan luzatuko da, baldin eta 2017ko urtarrilaren 1aren eta eskabideak aurkezteko muga-egunaren artean gertatu badira egoera hauek:
1.– Amatasun edo aitatasunaren, adopzioaren edo adopzio edo harrera aurreko zaintzaren ondorioz hartutako lizentziak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jasotako egoera babestuen arabera. Honako luzapen hau emango zaie (asteetan neurtuta): seme edo alaba bakoitzeko zenbat aste hartu dituzten, hori bider lau eginda ateratzen dena.
2.– Aldi baterako ezintasuna, eskatzailearen gaixotasun edo istripuagatik, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebete luzatuko da epea.
3.– Haurdunaldiko aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiari lotutako arrazoiengatik. Era berean, bajan emandako asteak bider lau eginda ateratzen den aste kopuruko luzapena aplikatuko da, 1. puntuan adierazitako epearen luzapena aplikatzeko aukera alde batera utzi gabe.
4.– Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeagatik, betiere, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoaren arabera. Zaintzaile ez-profesional gisa jardun den aste kopurua bider 4 eginda ateratzen den aste kopuruko luzapena aplikatuko da.
Etenaldi horiek eskabidea aurkezteko unean adierazi eta egiaztatuko dira, eta hautagaiaren argitalpenen kontabilizazio-aldia aldi berberetan luzatzea ere ekarriko dute. Etena egiaztatzen duen dokumentazioa gaztelania edo ingelesa ez den beste hizkuntza batean ematen bada, dagokion itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da.
21. artikulua.– Ikertalde hartzailearen betekizunak.
1.– Ikertaldearen buruak estatutu, funtzionario-harreman edo lan-kontratu bidezko, edota ikerketa sanitarioko institutuarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen bidezko lotura izan beharko du ikertzaile gisa ikerketa-jarduera burutzen duen zentroarekin.
Horretarako, talde hartzailetzat joko da taldeko buruaren zuzendaritza zientifikoaren pean lan egiten duen ikertzaileen lantaldea, zeinak argitalpenen erregistro komuna izango duen.
22. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.
Ondoren adieraziko den dokumentazioa eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharko da, 18. artikuluan adierazitakoaren arabera.
1.– Hautagaiaren doktoretza-titulua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko data adierazita.
2.– Ikerketa-proiektuaren proposamenaren memoria (deialdiarekin batera doan eredu normalizatua baino ezin da erabili).
3.– Talde hartzaileko buruaren eta hautagaiaren Curriculum Vitae Normalizatu Laburtua (CVA), automatikoki sortua CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) edo FECYTaren CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetatik, baldin eta CVN zerbitzua eskaintzen badu. Bete ondoren, eskabideari atxikiko zaizkio aplikazio informatikoaren bidez.
4.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena (IV. eranskina).
EAEko hizkuntza ofizialetako batean edo ingelesez aurkeztu beharko dira dokumentuak.
23. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Balioespen-batzordea sortzen da, behar bezala aurkeztutako edo, 19. artikuluan ezarritakoarekin bat, dagokion epean zuzendutako eskabideak ebaluatu eta hautatzeko. Hauek osatzen dute batzorde hori:
a) Batzordeburua: Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.
b) Batzordekideak:
– Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioko I+Garen kudeaketa koordinatzeko arduraduna.
– Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioko koordinazio zientifikoaren arduraduna.
– Osakidetzako ospitaleko arreta koordinatzeko zuzendariordea.
c) Idazkaria: Bioefen I+Gerako laguntzen deialdiak kudeatzeko arduraduna.
2.– Balioespen-batzordearen osaera izenduna jakinaraziko da euskadi.eus egoitza elektronikoan, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Balioespen-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen lankidetza eskatuko du. Horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak aurkeztuko dituzte, hautagaiaren eta talde hartzailearen profil zientifikoan oinarrituta.
4.– Honako balioespen-irizpide hauen arabera hautatuko dira jasotako eskabideak:
a) Hautagaiaren curriculum-merezimenduen balorazioa: 37 puntu, gehienez.
– Hautagaiaren argitalpenak (gehienez 25 puntu): azken 10 urteetan argitaratutako argitalpenak balioetsiko dira, JCR 2021en indexatuak eta honako tipologia hau dutenak: jatorrizko artikuluak eta berrikuspenak (ez dira onartuko: case report, zuzendariari edo editoreari bidalitako gutunak, editorialak, liburuen kapituluak, gehigarrietako argitalpenak, epub-eko argitalpenak eta taldeko/partzuergoko sinadurak). Honako baremazio hau egongo da:
(Ikus .PDF)
Terapia aurreratuak: terapia genikoa, terapia zelularra eta ehunen ingeniaritza.
– Azken hamar urteetan emandako proiektuak, doktoratu ondoko hautagaiak parte hartu badu (7 puntu gehienez). Azken 10 urteetan emandako 5 proiektu (deialdi nazionalak eta nazioartekoak) balioetsiko dira gehienez hautagai bakoitzeko (hautagaiak aukeratuko ditu proiektu horiek), baldin eta proiektu horietan ikertzaile nagusi edo laguntzaile gisa parte hartu badu. Proiektu bakoitzari 2 puntu emango zaizkio, baldin eta proiektuan belaunaldi berriko sekuentziazio-teknikak (NGS) edo terapia aurreratuekin lotutakoak (terapia genikoa, terapia zelularra eta/edo ehunen ingeniaritza) erabiltzen badira, eta puntu 1, horrelakorik erabili ezean, ikertzaile nagusi gisa parte hartu badu. Laguntzaile gisa parte hartu badu, puntuen erdiak baino ez ditu jasoko.
– Hautagaiaren doktoratu ondoko mugikortasuna (gehienez 5 puntu). Tesia defendatzeko dataren ondoren izandako egonaldiak balioetsiko dira.
(Ikus .PDF)
b) Ikerketa-proiektuaren balioespena: 25 puntu gehienez.
– Kalitate zientifiko-teknikoa: gehienez 15 puntu. Ikertaldeak gaiari buruzko ezagutzaren egoerari buruz duen ezagutza-maila eta hipotesia balioestea. Proiektuaren helburuen garrantzi zientifiko-sanitarioa. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-plangintza. Proiektuan genero-ikuspegia sartzea.
– Emaitzak osasun-arazoak konpontzera transferitzeko aukera: 10 puntu, gehienez.
Balioespen zientifiko-teknikoan proiektuek 9 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, balioespen-batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat joko.
c) Hautagaiaren ikertalde hartzailearen balioespena, 2014ko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epearen amaierara bitartean: 25 puntu, gehienez.
– Taldeko buruaren CVAn jasotako argitalpenen balioespena, azken 10 urteetan argitaratutako argitalpenak balioetsiko dira, JCR 2021en indexatuak, eta honako tipologia hau dutenak: jatorrizko artikuluak eta berrikuspenak (ez dira onartuko: case report, zuzendariari edo editoreari bidalitako gutunak, editorialak, liburuen kapituluak, gehigarrietako argitalpenak, epub-eko argitalpenak eta taldearen/partzuergoaren sinadurak): 20 puntu gehienez. Honako baremazio hau egongo da:
(Ikus .PDF)
– Taldeak esku hartutako ikerketa-proiektu finantzatuak: 10 puntu, gehienez. Honako baremazio hau egongo da:
(Ikus .PDF)
d) RIS3 Euskadi estrategiaren barruko Osasun Pertsonalizatuaren lehentasuneko Medikuntza pertsonalizatuaren eta terapia aurreratuen arloko lantaldearen xede diren gaietara egokitzea proposamena (https://www.bioef.org/es/ris3-euskadi/): 10 puntu, gehienez.
e) Proposatutako ikerketak arreta sanitarioan, diagnostikoan edo gaixotasunaren tratamenduan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak hartzen ditu kontuan: 3 puntu, gehienez.
5.– Bi hautagaiek edo gehiagok lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, honako kategoria hauetan puntu gehien lortu izana hartuko da kontuan balioak ordenatzeko: hautagaiaren curriculum-merezimenduen a) kategoriaren barruan: lehenik, argitalpenak, eta berdinketa hausten ez bada, proiektuetan parte hartzea, doktoratu ondoko mugikortasuna, doktoregoko aparteko saria, tesi-zuzendaritza eta patenteak, berdinketa hautsi arte.
6.– Laguntza kudeatzen duen organoak dokumenturen bat eskatzen badu merezimenduak egiaztatzeko, organo kudeatzaileari bidali beharko zaio, eskatutako bitartekoen bidez eta epean.
24. artikulua.– Laguntza esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntza emateko prozedura lehiaketa izango da.
2.– Balioespen-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu, eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Osasuneko sailburuordeari.
3.– Ebazpen-proposamenak honako hauek hartuko ditu barne: erakunde onuraduna, hautatutako ikertzailea eta zuzkidura ekonomikoa, agindu honen 4. artikuluan deskribatutakoaren arabera.
4.– Ebazpen-proposamenean, halaber, finantzaketarako proposatu ez diren eta aldeko ebaluazioa duten eskabideen artean, ordezko eskabideen zerrenda ere jasoko da, ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta (puntuaziorik handienetik txikienera), betiere agindu honen 23.4 b) artikuluan aipatutako proiektuaren ebaluazio zientifiko-teknikoan eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu badute.
25. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea, balioespen-batzordeak egindako proposamenean oinarrituta, bai eta erakunde interesdunek adierazitako gai guztiez erabakitzea ere.
2.– Prozeduraren ebazpena arrazoitua egongo da, eta honako hauek identifikatuko ditu: laguntzaren onuradun izango den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agentea, laguntza jasoko duen ikertzailearen nortasuna eta, hala badagokio, ordezko agenteen zerrenda, ebaluazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta (puntuaziorik handienetik txikienera).
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, erakunde eskatzaileek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluei jarraikiz.
4.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza erakunde onuradunari emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatezko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.
6.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, erakundeek esanbidez eta idatziz uko egin ahal izango diote laguntzari. Aipatutako epean uko egiten dela adierazi ezean, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.
7.– Laguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan onuradunak uko egiten badio laguntzari, ordezkoen zerrendan ageri den eskatzaileari emango zaio laguntza, Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, salbu eta geroratzeko ebazpen eman bada.
Kasu horretan eta lanean hasi aurretik, ordezkoen zerrenda indarrean dagoen bitartean, esanbidez uko eginez gero, beste hautagai batzuek ordeztu ahal izango dute, zerrendaren lehentasun-ordenaren arabera. Hurrengo ordezkoei emateko ebazpena Osasuneko sailburuordeak jakinaraziko du.
8.– Hautatutako hautagaia ebazpena eman eta gehienez ere 3 hilabeteko epean hasiko da jardunean. Salbuespenezko eta behar bezala egiaztatutako kasuetan, hiru hilabeteko luzapena eskatu ahal izango da hautagaia formalizatu eta lanean hasteko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntza honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. Kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Osasun Saileko administrazio-organoek edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko beste sail eskudun batzuetakoek egingo dute dirulaguntzen prozedura izapidetzearen ondorioz egin behar den zehatzeko edo bestelako jarduera, baldin eta jarduera horrek administrazio-ahalmenak erabiltzea badakar.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.