169. zk., 2022ko irailaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 8 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3846
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, Arangurengo (Bizkaia) «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzeari buruzkoa.
AURREKARIAK
Zallako Udalak, 2022ko maiatzaren 19an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako honen gainean: Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketa, Arangurengo «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzeko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko ekainaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Zallako Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.
Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketa, Arangurengo «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzekoa (aurrerantzean, Arau Subsidiarioen Aldaketa edo Plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arangurengo «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzeko Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua «La Guata» zelulosa-fabrika zaharrak hartzen duen lurzatia da. Zallako (Bizkaia) Aranguren auzoko San Nikolas kaleko 1. zenbakian dago. Planak, gainera, mendebaldean mugakide den lursailaren zati bat jasotzen du; legeztatu gabeko eraikin osagarri batzuk daude inguru horretan. Eremuak 2.515 m2-ko azalera du.
Zallako Arau Subsidiarioek (1999ko maiatzaren 25ean onartu ziren behin betiko) bizitegi-erabilera globaleko hiri-lurzoru finkatuko eremu gisa definitzen dute area.
Arau Subsidiarioen Aldaketaren xedea da ekipamendu-sistema orokor bat sortzea industria-eraikinak dituen lurzati batean. Eraikinok egoera txarrean daude, eta etxebizitzekin bateragarriak diren industria-erabilerako enpresa txikiak eta tailerrak hartzen dituzte.
Proposamenak egungo eraikinak mantentzea aurreikusten du: eraikin horiek birgaituko dira, bolumena aldatu gabe, kultura- eta ekoizpen-ekipamendurako erabiltzeko. Artistentzako eta haien jarduera osagarrietarako ekoizpen-tailerrak eta -estudioak sortzea proposatzen da. Hala, lehendik dauden eraikinak finkatuko dira: eraikin nagusia, 2.248 m2 eta B+2 profilekoa, eta bigarren mailako eraikina, aurrekoari lotua, 1.455 m2 eta B+1 profilekoa. Eraikin horiek ekipamendu-sistema orokor gisa definitutako lurzatian sartuko dira, 2.325 m2-ko azalerarekin. Azkenik, eremuaren mendebaldeko muturrean, erabilera eta jabari publikoko gune eraikiezin bat aurreikusten da, ibilgailuentzako bideen eta beste esparru batzuen osagarri, 190 m2-ko azalerarekin.
Alternatibei dagokienez, hauek aztertu dira: 0 alternatiba edo ez esku hartzea, eta antolamendurako 3 alternatiba. 1. alternatiba lehen deskribatutako irtenbidea da. Horren aurrean, 2. alternatibak 280 m2-ko estalki gehigarri bat aurreikusten du bi eraikinen artean sortzen den patioan; aldiz, 3. alternatibak 930 m2-ra murrizten du bigarren mailako eraikinaren azalera, eta, horren ordez, erabilera eta jabari publikoko gune eraikiezinaren azalera handitzen du (423 m2).
Baztertu egin da 0 aukera, eremua ez bailitzateke leheneratuko edo berrerabiliko intereseko beste erabilera batzuetarako. Proposatutako beste aukerei dagokienez, ez dago ingurumen- eta hirigintza-desberdintasun aipagarririk, hautaketa baldintzatzen duenik. Udalak 1. alternatiba aukeratu du.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren antolamendu-eremua da bizitegi-erabilera globaleko hiri-lurzoru finkatu bat, Zallako Aranguren auzoan kokatua. Guztira, 2.515 m2-ko azalera du. Lurzati horretan bi eraikin industrial daude, industria-erabilerako enpresa txikiak eta tailerrak hartzen dituztenak; bai eta mendebaldean mugakide den lursailaren zati bat ere, legeztatu gabeko eraikin osagarri txiki batzuk dituena. Planak lehendik dauden eraikinak mantentzea eta birgaitzea aurreikusten du, haien bolumena aldatu gabe, erabilera produktibo-kulturaleko ekipamendu-sistema orokor gisa antolatuta. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua Zallako Aranguren auzoan dagoen 2.515 m2-ko lurzati bat da, eta neurri batean utzita dauden industria-eraikin batzuk ditu. Iparraldetik eta hegoaldetik Renferen trenbideak mugatzen du, ekialdetik Cadaguaren ibilguak eta mendebaldetik Autonomia plazako 3. zenbakiko eraikinaren atzealdeak; beraz, elementu natural interesgarririk ez duen ingurune urbanizatu batean dago.
Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, Cadagua IIko ur-masaren arroan. Ibilgu hori eremuaren ekialdetik igarotzen da, 20 metro ingurura, lehendik dagoen kale batek bereizita.
Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago, Arabako plataformaren domeinu hidrogeologikoko Balmaseda-Elorrio kuaternarioko sektorean. Interes hidrogeologikoko eremu baten barruan dago.
Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, gunea bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremuan sartzen da, eta espezie horrek kontserbaziorako kudeaketa-plan bat du (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik). Zehazki, Cadagua ibaia eta haren adarrak espezie horrentzat hobetu beharreko tarteak dira.
Hala ere, eremuaren ezaugarri zehatzak kontuan hartuta, ez dago intereseko fauna- eta flora-espezierik. Gainera, inguru horretan ez dago interes geologikoko lekurik, naturagune babesturik, hezegunerik, natura-intereseko beste eremurik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere.
Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu. Eremua ekialdetik mugatzen duen kaletik Enkarterrietako Bidearen trazadura igarotzen da, Donejakue Bidearen zati dena, eta azken hori Kultura Ondasun Sailkatu gisa kalifikatuta dago (2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultura Ondasun Sailkatu izendatzekoa).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da. Hala ere, ingurua Cadaguako lehentasunezko fluxu-eremuan sartuta dago, «Cadagua ibaia» Uholde Arrisku Handiko Eremu (UAHE) gisa identifikatuta (ES017-BIZ-6-1 kodea), eta kaltebera da 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen aurrean.
Gainera, eremu osoa Geoiker 48096-0013 lurzatiaren barruan ageri da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Muebles Caber SL enpresak, azterketa-eremuan altzariak fabrikatzeari utzi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion, 2022ko apirilaren 11n, lurzoruaren kalitatearen arloko adierazpenaren prozeduretatik salbuesteko, jarduera horrek lehen hartzen zuen lekuari zegokionez, eremuko eraikin nagusian (700 m2-ko azalera du). Ildo horretatik, ingurumen-organo horrek ondorioztatu du betetzen direla Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako baldintzak, eta, beraz, ez dagokiola hasiera ematea lurzoruaren kalitatearen arloan arauak jasotzen dituen adierazpen-prozedurei, Muebles Caber SLk bere industria-jarduera eten izanagatik Nicolás María Ugoiti kaleko 1. zenbakian duen pabiloian. Nolanahi ere, leku horretan beste jarduera bat ezartzeko salbuespena aplikatu ahal izateko, industria-erabilerari edo industria-erabilerarekin pareka daitekeenari eutsi beharko zaio ekainaren 25eko 4/2015 Legearen ondorioetarako, eta, gainera, jarduera hori ezartzeko ezingo da egin lurrak mugitzea edo zolatak kentzea dakarren obrarik.
Egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustiko bat aurkeztu da, Zallako HAPOren Inpaktu Akustikoari buruzko Azterlanaren emaitzak jasotzen dituena Planaren eremurako. Zallako zarata-maparen arabera, eremua bizitegi-erabilera nagusi den eremu akustiko batean dago (A motakoan, alegia). Aipatutako organoak azaldu duenez, eraikinaren etorkizuneko erabilerak D motako (hirugarren sektoreko erabilera) eremu akustiko batenak izango lirateke, baina, aurrekoa murriztaileagoa izanik, bizitegi-eremuei aplika dakizkiekeen KAHak betetzen ote diren aztertu behar da. Deskribatutakoaren arabera, etorkizunean (hemendik 20 urtera), betetzen dira bizitegi-eremuei aplika dakizkiekeen KAHak, mendebaldeko muturrean izan ezik; eta zarata-maila horrek, dena den, ez du eraginik eraikinetan.
Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak urbanizatzeko obrak egitearen eta eraikinak birgaitzearen ondoriozkoak izango dira. Jarduketa horien ondorioak hainbat izango dira: lurzorua okupatzea; hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea; makinen joan-etorriak, kalteak lurzoruetan istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrengan eragindako eragozpenak, eta abar.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Arangurengo «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzeko Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.
Planak hartu beharreko erabakiei dagokienez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen lurzatian egin nahi diren jarduketetan Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da. Hortaz, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.
Planaren jarduketa-eremuaren zati batek badu jada Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren txostena, 2022ko apirilaren 11koa. Txosten horrek dioenez, betetzen dira Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako baldintzak, eta, beraz, Muebles Caber SL enpresaren pabiloian (700 m2-ko azalera du, eta Nicolás María Ugoiti kaleko 1. zenbakian dago), ez dagokio hasiera ematea lurzoruaren kalitatearen arloan arauak jasotzen dituen adierazpen-prozedurei bere industria-jarduera eten izanagatik. Nolanahi ere, leku horretan beste jarduera bat ezartzeko salbuespena aplikatu ahal izateko, industria-erabilerari edo industria-erabilerarekin pareka daitekeenari eutsi beharko zaio ekainaren 25eko 4/2015 Legearen ondorioetarako, eta, gainera, jarduera hori ezartzeko ezingo da egin lurrak mugitzea edo zolatak kentzea dakarren obrarik.
Uholde-arriskuari dagokionez, eremuan aurreikusitako esku-hartzeek bermatu behar dute beteko dela indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14 bis artikuluan ezarritakoa ere, alde batera utzi gabe, betiere, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.
Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:
– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
Zallako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Donejakue Bidean egin beharreko esku-hartze orok Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan ezarrita dagoena bete beharko du –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun izendatu zen–.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.
– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Espezie autoktonoak erabiliko dira. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Arangurengo «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzeko Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zallako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Arangurengo «La Guata» eremuan ekipamendu-sistema orokor bat antolatzeko Zallako Arau Subsidiarioen Aldaketa onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.