Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2022ko irailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3845

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 6koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Alkolea parkeko («EG.15 Martin Santos» HE, Egia) eta Martuteneko («MA.09 ST Martutene» HE, Martutene) transformazioko azpiestazioei dagokien Donostiako hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2022ko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Alkolea parkeko («EG.15 Martin Santos» HE, Egia) eta Martuteneko («MA.09 ST Martutene» HE, Martutene) transformazioko azpiestazioei dagokien hiri-antolamenduko plan orokorraren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 16an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako hiri-antolamenduko plan orokorraren Alkolea parkeko («EG.15 Martin Santos» HE, Egia) eta Martuteneko («MA.09 ST Martutene» HE, Martutene) transformazioko azpiestazioei dagokien aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian jasotzen den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planak helburu bikoitza du, eta Donostiako udal-mugarteko bi eremutan garatzen da: alde batetik, Martuteneko transformazioko azpiestazioko lurzatiaren lurzoru-sailkapena aldatzea, administrazio-eraikin berri bat garatu ahal izateko, eta, bestetik, Egian dagoen transformazioko azpiestazioko lurzatiaren zonakatze xehatua berregokitzea, egungo hirigintza-baldintzetara egokitzeko.

Ildo horretan, Martuteneko transformazioko azpiestazioa indarreko plangintza orokorrak «lurzoru urbanizaezin» gisa sailkatutako lurzati baten gainean dago. Instalazioak trinkotzeak dagoeneko eraldatuta dagoen espazio bat libratuko du, eta, horri esker, instalaziorako osagarria izango den administrazio-eraikin berri bat ezarri ahal izango da. Hala, Planak lurzatian sestra gaineko hiru solairuko (beheko solairua, lehenengoa eta bigarrena) eraikin bat garatzea planteatzen du, bulego eta bestelako zerbitzuetarako 4.500 m2-ko azalera eraikiarekin, eta ibilgailuak aparkatzeko eta biltegietarako 1.500 m2-ko sestra azpiko solairu batekin. Gainera, 1.500 m2-ko lur gaineko aparkaleku bat antolatu du. Horrek guztiak lurzatiaren sailkapena «lurzoru urbanizagarri» bihurtzea eskatzen du aurrez. Planak «MA.09 ST Martutene» hirigintza-eremu urbanizagarri isolatu berri bat antolatzen du, eta bertan sartzen dira hornidura elektrikoaren transformazioko azpiestazioari atxikitako lursailak. Zehazki, 19.280 m2-ko azalera duen eremu bat da, lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen dena eta «h.00 Zerbitzuen azpiegitura» gisa kalifikatzen dena. Erabilera nagusia transformazioko instalazioa da.

Bestalde, «EG.15 Martin Santos» HEren barruan, Planak proposatzen du etxebizitza-eraikuntza kokatuta dagoen lurzatiaren zonakatze xehatua. Gaur egun Iberdrolaren transformazioko azpiestazioko eremuan sartuta dago, baina ez dago lotuta bizitegi-jarduera gisa duen jarduerarekin, indarrean dagoen plangintzak ematen dion zerbitzu-azpiegituren zonakatze xehatuaren aldean. HAPOren aldaketak planteatzen du 530 m2 inguru banantzea Iberdrolaren azpiestazioaren partzelatik; horietatik, 377 m2, etxebizitzak hartzen dituen lursailak, «Eraikuntza irekiko bizitegi» gisa zonakatzea (a.30), eta 153 m2, Egia kaletik bertara ibilgailuz eta oinez sartzeko direnak, «Bide-komunikazioko sare (e.10 )» gisa zonakatzea. Gainera, indarreko HAPOren hirigintza-fitxan ezarritako «EG.15 Martin Santos» HEren gainerako ezaugarriak eta zehaztapenak finkatzen ditu.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-efektu nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kultura-ondareari, lurzoru kutsatuei, uholde-arriskuari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen ezaugarriak, eta eragina jasan dezakeen eremuarenak:

Planaren eremua bat dator Iberdrola Taldeak Donostian dituen bi elektrizitate-transformazioko azpiestaziok hartzen duten eremuarekin.

– Martuteneko transformazioko azpiestazioaren eremua («MA.09 ST Martutene» HE berria, Martutene): azpiestazio hori Martutene auzoan dago, 27 industrialdearen sarreratik Intxaurrondo auzoraino doan GI-40 errepidean bermatuta. Eremua lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago gaur egun, eta sare elektrikoaren jarduerari lotutako hainbat eraikin eta azpiegitura hartzen ditu.

Aldapa desberdina duen lurzati bat da, baina haren zati handi bat –transformazioko estazioa kokatuta dagoen tokia– % 10eko desnibeleko malda txikiagoak ditu. Urumea ibaiaren eskuinaldetik 100 metro baino gehiagora dago, kota altuagoetan, eta, daukagun kartografiaren arabera, Plazentzi errekastoak eremua zeharkatzen du.

Eremuan dagoen fauna lurzoruaren eta haren ingurunearen artifizializazio-mailak baldintzatzen du, eta, beraz, interes handirik gabeko fauna-espezieek eremua erabiltzea nabarmen mugatzen da.

«MA.09 ST Martutene HE» eremu berriko egoera akustikoari dagokionez, aztertutako hiru aldietarako egoera akustikoa txarra da, eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira, bai kanpoko zaratarako, bai fatxadako zaratarako.

Gainera, «MA.09 HE» eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzati bat identifikatu da; hots, azpiestazioaren instalazioak hartzen dituen zelaiguneak hartzen duena. 20069-000698 kodearekin inbentariatuta dago eta eremuaren % 42 hartzen du.

Beraz, eremuaren ezaugarri nagusiak kontuan hartuta, eta Planaren proposamenak, azken batean, lurzoru urbanizaezina lurzoru urbanizagarri gisa birsailkatzea eta administrazio-eraikin berri bat eraikitzea dakarrela kontuan hartuta, honako eragin hauek sor daitezke (horien tamaina eraikinaren kokapen zehatzaren eta lurrazaleko aparkalekuaren araberakoa izango da):

– Lurzorua okupatzea; hots, instalazioen egungo plataformatik kanpoko lursail berriak okupatzea, 1.500 m2-ko oinplano-okupazioa duen eraikin bat eta beste 1.500 m2-ko azalerako aparkaleku bat, eta 230 m2 inguru, GI-40 errepidetik lurzatirako sarbidea berrantolatzeko.

– Landarediari eta nekazaritzari eragitea, okupatuko diren espazio libreetako landaredia garbitzeagatik.

– Lurrazaleko urei eragitea. Sestra azpiko solairua egiteak Plazentzi errekastoari eragin liezaioke, ia ibilbide osoan lurpetik igarotzen baita, bai eta azpiestazio elektrikoaren eremutik ere.

– Kutsagarriak izan daitezkeen lurzoruek eragiteko arriskua, «MA.09 HE» eremua bat datorrelako inbentariatutako 20069-00698 lursailarekin, 8.137,85 m2-ko azaleran. Bertan, a priori, bat etorriko da eraikin berriak sestra azpiko solairu batekin hartuko duen espazioarekin eta planteatutako gainazaleko aparkalekuarekin.

– Hondakinak eta indusketa-soberakinak sortzea eraikuntza- eta urbanizazio-obren fasean, aurreikusitako sestra azpiko solairua egikaritzeko lur-mugimenduengatik.

– Zarata: lurzoru tertziario eta industrialaren erabileraren kasuan, barnealdeari aplika dakizkiokeen kalitate akustikoko helburuak betetzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako estipulazioak bete beharko dira.

– Alkolea parkeko transformazioko azpiestazioaren eremua («EG.15 Martin Santos» HE, Egia): Egia auzoan dago, «EG.15» HEan, eta, zehazki, HAPOren aldaketa haren ekialdeko muturreko lurzati batera mugatzen da; lurzati horretan, bizitegi-eraikin bat dago, azpiestazioaren instalazioekin eta jarduerarekin loturarik ez duena. Hiri-lurzoru bat da, erabat garatuta dago, eta hiriaren hiri-bilbean sartuta.

Eremuko lursail urbanizatu eta eraikietan ez dago inolako landaredirik edo landaredi hori lorategi apaingarri txikietara mugatzen da, eta eremuan dagoen fauna lurzoruaren eta haren ingurunearen artifizializazio-mailak baldintzatzen du.

Eremuaren –Egiako lurzatian, hego-ekialdean, Alkoleako pasabideari dagokiona– egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustikoak emandako informazioaren arabera, gaur egun ez dira betetzen eremu akustikoari aplika dakizkiokeen KAHak, eta errepideak eta trenbidea dira zarata-foku nagusiak. Planaren eremua «Ipar-mendebaldeko» Babes Akustiko Bereziko Eremuaren (BABE) barruan dago. Eremu horrek Egia, Gros, Bidebieta, Herrera eta Altza auzoak hartzen ditu, eta Urumeako Zonako Plana du. Nolanahi ere, aztergai den eraikinak ez du eraginik izango, eta fatxadan lortutako emaitzak aldekotzat jo daitezke.

«EG.15 HE» eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzati bat identifikatu da. Lurzati hori ia guztiz bat dator inbentariatutako 20069-00128 lursailarekin, eta mendebaldera hedatzen da, Iberdrolaren gainerako lurzatia hartuta, azpiestazio-jardueraren beraren ondorio baita.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Alkolea parkeko («EG.15 Martin Santos» HE, Egia) eta Martuteneko («MA.09 ST Martutene» HE, Martutene) transformazioko azpiestazioei dagokien hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Planaren ondoriozko eragin posibleak minimizatzeko, lurzoruaren zehaztapen eraldatzaileen garapena, ahal den neurrian, garapen berria hartzeko baldintza onak dituzten eta dagoeneko artifizializatuta dauden lurzatietako eremuetara mugatu beharko da.

Planak jaso beharko du kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituzten lurzatiei eragiten bazaie, eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazi beharko duela. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Nolanahi ere, eremuan aurreikusitako jarduketak bateragarria izan beharko du indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoa betetzearekin, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.l) eta k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe aipatu arauaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak. Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Zarata obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza posible berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterrena egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; besteak beste, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako garaiko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartuta, ez dela aurreikusten Alkolea parkeko («EG.15 Martin Santos» HE, Egia) eta Martuteneko («MA.09 ST Martutene» HE, Martutene) transformazioko azpiestazioei dagokien hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketak eragin kaltegarri nabarmenak izatea ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Alkolea parkeko («EG.15 Martin Santos» HE, Egia) eta Martuteneko («MA.09 ST Martutene» HE, Martutene) transformazioko azpiestazioei dagokien hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketaren ebazpena. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala