Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3822

AGINDUA, 2022ko uztailaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta OAI-PMH biltegien bitartez hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen baita eta 2022ko ekitaldirako deialdia egiten den.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren helburu nagusietako bat euskal kultura-ondarea kontserbatzea eta hedatzea da. Helburu horiek artxiboetarako, liburutegietarako eta museoetarako erabili izan dira normalean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak pixkanaka sartu izanak funtsezko aldaketa ekarri du ikuspegi horretan. Nahiz eta erakunde horiek funtsezko zeregina izaten jarraitzen duten kontserbazioan, mundu digitalak erabateko eraldaketa ekarri du zabalkundearen eremuan, eta, txikiagoa bada ere, kontserbazioaren eremuan ere bai.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak euskal kultura-ondarearen definizio irekia ematen du zioen azalpenean: «gure komunitatearen oinordetza kulturala osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak, errealitate material, higiezin edo higigarrien bidez eta errealitate ez-materialen bidez adierazten direnak». Definizio hori lege horren 2. artikuluan zehazten da. Jarraian, legeak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, «objektu analogiko batetik abiatuta birtualizatua edo objektu digital gisa jaioa», eta azpimarratzen du «interkonektatutako kultura-espazio digital berri bat agertu dela, non fitxategiak gordetzeko, datuak tratatzeko eta hedatzeko tresnak partekatzen diren, eta horrek eduki kulturala eskuragarriago egiteko eta berrerabiltzeko aukera eman duela, betiere jabetza intelektualeko eskubideekin eta datu pertsonalen babesarekin uztargarria bada».

Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoek sartu-irten nabarmenak egin dituzte mundu digitalean, baita aitzindari gisa ere gure ingurune hurbilenean. Modu horretan, euskal kultura-ondarea gero eta eskuragarriagoa da edonorentzat, baldin eta ordenagailua, sarerako konexioa eta euskal espazioarekin eta kulturarekin lotutako gaien inguruko ezagutza edo interesa badu. Baina gero eta interkonektatuago dagoen eta gero eta datu gehiago sortzen dituen mundu honetan, ez da nahikoa informazioa digitalizatzea: eskuragarri jarri behar da eta ikusgai egin behar da. Horregatik, euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatu nahi badugu, hainbat eremutan egin behar ditugu ekintzak.

Beraz, 115 konpromisoaren hirugarren ekimenean jasotakoa betez, hau da, berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea kulturan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abian jarri du Euskariana (https://www.euskariana.euskadi.eus/) Euskal Kulturaren Atari Digitala. Liburutegi Nazional Digital baten eredu berritzailea da, eta euskal kulturarekin lotutako alderdi guztietarako sarbidea ematen duen plataforma bateratua da. Horrez gain, Euskadiko erakunde, kultura-ekipamendu eta sormen-agente guztiek partekatzen duten proiektua da. Bestalde, funts propioen digitalizazioa ere ari da lantzen.

Zeregin horiek, ordea, ezin dira ekintza indibidualak izan. Ondare horren ezagutzaren unibertsalizazioak proiektu kolektibo integrala izan behar du, eta bertan euskal kulturaren eremuan inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatu gehienek hartu behar dute parte, elkarrekikotasunaren eta agente bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta erantzukizunekiko errespetuaren ikuspegitik. Ikuspegi horrek, era berean, herritarren inplikazio handiagoa eta euskal kulturaren dinamizazioa ahalbidetu behar ditu, IKTen potentzialtasuna eta gizarte digital baten usadioak eta ohiturak aprobetxatuz.

Beharrezkoa da, gainera, ahalegin hori esparru horretako nazioarteko ekimenekin lotuta egotea, eta, zehazkiago, Europeanarekin, hau da, kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariarekin. 2019an, Eusko Jaurlaritzak Adostasun Txostena sinatu zuen Europeana Fundazioarekin, bere web-orrian euskara erabiltzeko. Akordio hori luzatu egin daiteke, lankidetza-arlo posibleak identifikatzen badira. Lankidetza horrek eskatzen du digitalizazio-prozesuak Europeanak ezarritako eredu estandarizatuen arabera gauzatzea. Eredu horiek objektu digitalen elkarreragingarritasuna, ikusgarritasuna, benetakotasuna eta babesa bermatzen dituzte. Biltegiak eta, zehatzago esateko, OAI-PMH (The Open Archives Initiative - Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegiak, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko erabiltzen diren artxibo zentralizatuak dira, eta euren helburua da elkarreragingarritasun-estandarrak garatzea eta sustatzea gaur egungo digitalizazio-proiektu nagusien artean. Hori lagungarria izango da Interneteko edukiak eraginkortasunez hedatzeko.

Bi lan-ildo horien konbinazioa dela-eta (digitalizazio masiboa eta nazioarteko estandarretara egokitzea), komenigarria eta beharrezkoa da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntzen lerro berri bat sustatzea, euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtzeko, ahalik eta ikusgarritasun handienarekin eta sarera konektatutako edozein puntutatik eskuratzeko moduan. Horretarako, kontuan hartu da dirulaguntzen arloko hiru arau nagusietan jasota dagoena: oinarrizko bitan (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ere.

Dirulaguntzen lerro hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Urteko Planean (DUP 2022) (2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartua) eta 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE 2021-2024) sartuta dago. Aipatutako aginduak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean daude argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/web01-s2hhk/eu/

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da 2022ko ekitaldirako euskal kultura-ondarea OAI-PMH biltegien bidez katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta online hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea eta deialdia egitea.

2.– Deialdiaren helburua da objektu digitalak sortzea, dagozkien datu eta metadatuekin, Europeana Fundazioak edo antzeko erakundeek sortutako nazioarteko arau eta estandarrei jarraituz deskribapenak kodetzeko, eta objektu horiek OAI-PMH biltegi batean kargatu ahal izateko. Biltegi hori eskatzaileak normalean erabiltzen duena izan daiteke, eta, halakorik ez badu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izendatzen duena. Lehenengo kasuan, erakunde eskatzaileak gordailuaren URLa emango dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari. Bigarrenean, metadatuen fitxategiak eta sortutako objektu digitalak dagokion biltegian sartuko dira.

2. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

a) Euskariana: OAI-PMH biltegia, euskal kulturara sartzeko atari digitala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatua.

b) Metadatuak: datuen alderdi bati edo gehiagori buruzko informazioa ematen duten datuak. Datu horien jarraipena eta kudeaketa errazagoa izaten laguntzen duen oinarrizko informazioa laburtzeko erabiltzen dira. Mota askotakoak izan daitezke (deskribatzaileak, estrukturalak, teknikoak, administratiboak...), eta hainbat eredu eta eskema har ditzakete, hedatuta edo ez hain hedatuta dauden estandarren arabera. Hona hemen agindu honetan aipatzen diren ereduetako batzuk: MARC21, METS edo PREMIS.

c) Babes digitaleko metadatuak: kontserbazio digitalaren prozesua jasotzen eta dokumentatzen duen informazioa. Termino hori berariaz erabiltzen da material digitalen bideragarritasuna, ikusgarritasuna, ulergarritasuna edo benetakotasuna kontserbazioaren testuinguruan mantentzen laguntzen duten metadatuetarako. Hala, babeserako metadatuek barnean hartzen dituzte metadatu administratiboak, estrukturalak eta teknikoak.

d) METS: Metadata Encoding and Transmission Standard-en akronimoa. Liburutegi digital bateko objektuen metadatu deskribatzaileak, administratiboak eta estrukturalak kodetzeko metadatuen eskema da, XML lengoaiaren eskema erabiliz adierazia.

e) OCR (Optical Character Recognition): karaktereen ezagutze optikoa. Teknologia honen bitartez, eskaner edo kamera batek hartutako testu-irudiak datu editagarri eta bilagarri bihurtzeko aukera dago.

f) PREMIS: «PREservation Metadata: Implementation Strategies» (Babeserako metadatuak: ezarpen-estrategiak) delakoaren siglak dira. OCLCk eta RLGk 2003-2005 urteen artean babestutako nazioarteko lantaldearen izena da hori. Agindu honetan, METS-PREMISi buruz hitz egiten da; izan ere, estandar bana erabiltzen da babes digitaleko metadatuak kodetzeko.

g) Biltegia: artxibo zentralizatua, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko.

h) OAI-PMH biltegia: OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegia, zeinaren xedea baita elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzea, edukiak modu eraginkorrean hedatzeko interneten.

i) Objektu digitala: baliabide baten irudikapen digitala.

j) Digitalizazio-plana: epe labur/ertainean jorratu beharreko digitalizazio-proiektuen multzoa bildu beharko du, eta, gutxienez, honako hauek izan beharko ditu: faseka banakatutako kronograma bat, proiektu edo fase bakoitzeko digitalizatu beharreko baliabideen definizio zehatz bat, eta gutxi gorabeherako aurrekontu bat.

k) Jabari publikoa: ustiapen-eskubideak iraungi zaizkien obrak jabari publikoaren parte dira. Edonork erabili ahal izango ditu jabari publikoko obrak, betiere obraren egiletza eta osotasuna errespetatzen badira, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako baldintzetan. Era berean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak eta ondorengo arau-eguneratzeak erregularizatu, argitu eta harmonizatuko dira. (Orientazio gisa II. eranskineko taula kontsulta daiteke).

l) Ustiaketa-eskubideak: ustiaketa-eskubideek barne hartzen dituzte erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean jartzeko eta eraldatzeko eskubideak, Jabetza intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen eta gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan jasotakoarekin bat eta beranduago egindako arauen eguneraketei jarraikiz.

3. artikulua.– Organo eskuduna.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

Informazio gehigarria eskuratzeko, jo ezazu Euskadiko Liburutegi Digitalaren web-orrira (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/euskadiko-liburutegi-digitala/), euskadikoliburutegidigi-tala@euskadi.eus helbide elektronikora, edo 945-016842 telefonora.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 200.000 (berrehun mila) eurokoak dira, eta horietatik 120.000 (ehun eta hogei mila) 2022ko aurrekontuari dagozkio, eta 80.000 (laurogei mila) 2023. urteko aurrekontu-konpromisoei.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta muga.

1.– Proiektu bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbateko osoa izango da, artikulu honen 3., 4. eta 5. apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriz.

2.– Proiektu bakoitzaren dirulaguntzak ezingo du gainditu 20.000 (hogei mila) euroko zenbatekoa. Halaber, diruz lagundu daitezkeen proiektuek eskatutako aurrekontua ez da inolaz ere izango jarraian datozen zenbatekoak baino txikiagoa, proiektu motaren arabera:

a) Katalogazioa: 7.500 (zazpi mila eta bostehun) euro.

b) Digitalizazioa: 5.000 (bost mila) euro.

c) Katalogazioa eta digitalizazioa: 10.000 (hamar mila) euro.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak hautatutako objektuak digitalizatzearekin edo katalogatzearekin lotutakoak izango dira, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin inongo zalantzarik gabe lotuta daudenak. Gastu horiek sortuta eta ordainduta egon beharko dute deialdiaren ebazpena ematen den unetik 2023ko irailaren 15era bitartean, biak barne.

5.– Ondorio horietarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, diruz lagundutako proiektuaren barruan, erakunde onuradunak katalogaziorako edo digitalizaziorako bideratzen dituen langile-kostuak, betiere onuraduna ez bada administrazio publiko bat edo sektore publikoko erakunde bat.

6.– Honako gastu hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

a) Zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

b) Argitalpenak edo dokumentuak zaharberritzea, digitalizatzeko.

c) Softwarearen mantentze-lanak.

d) OAI-PMH biltegiak sortzea.

e) Ekipamendua, softwarea eta dirulaguntzaren xede den proiektua egiteko beste elementu batzuk erostea, egindako lana Euskadiko Liburutegi Nazionalaren zerbitzuari emateko euskarria (disko gogor ateragarria edo USB memoria) izan ezik.

f) Dirulaguntzaren xede den proiektua egitearekin lotutako beste kontzeptu batzuk; hala nola, erregistroak aztertzea eta antolatzea, proiektua koordinatu, administratu eta gainbegiratzea, edukiak sortzea, kudeaketa-gastuak, prestakuntza, eta abar.

g) Egitura-kostuak eta zeharkako beste kostu batzuk.

7.– Aurrekontuari buruzko III. eranskineko epigrafea («Diruz lagundu beharreko proiektuak») betetzeko orduan, kontuan hartu behar da diruz lagundu ezin diren gastuen zerrenda, gastu horiek bertan ez sartzeko.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, dirulaguntza jaso duten jarduketen % 100 azpikontratatu ahal izango dira.

9.– Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 83. artikulua, diruz lagundu daitezkeen gastuak arautzen baitituzte.

6. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

7. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak:

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titular diren pertsona fisikoak eta erakunde publiko edo pribatuak, edozein dela ere haien egoitza geografikoa, soziala zein fiskala, betiere baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Elementu horiek jabari publikoan egotea. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen eta gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, obrak jabari publikoan sartzen dira haien ustiaketa-eskubideak iraungitzen direnean. (Orientazio gisa II. eranskineko taula kontsulta daiteke).

b) Elementu horien titularrek (pertsona fisikoak edo erakunde publiko edo pribatuak) horiek ustiatzeko eskubideak izatea.

c) Elementuak obra umezurtzak izatea, obra umezurtzen araubide juridikoa garatzen duen maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzean obra umezurtzen datu-basean erregistratuta egotea. Datu-base hori Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoak sortu eta kudeatzen du.

2.– Baldintzak:

a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

c) Ez egotea zigortuta zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, eta ez egotea hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenarekin eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Legea bigarren aldiz aldatzeko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenarekin bat.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea.

e) Pertsonak edo erakundeak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo dira dirulaguntza ematea eta ordaintzea. Itzultzeko prozedura amaitu eta gero, pertsonak edo erakundeak zenbateko jakin bat itzultzeko betebeharra badu, dirulaguntza eman ahal izateko edo, hala badagokio, ordainketa egiteko, ezinbestekoa izango da zorra borondatezko epean artatzea, zorra atzeratu eta bermatzea edo zorra etetea erabakitzea, itzultzeko ebazpena aurkaratu delako. Kasu horietakoren bat betetzen ez bada, pertsona edo erakunde eskatzaileak onuradun izateko debekua izango du, ez izateagatik egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrekin lotutako ordainketak.

f) Ez izatea dirulaguntza publikoen onuradun izateko beste debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluekin bat.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuek bete beharreko baldintzak.

1.– Diruz lagunduko diren proiektuak:

Dirulaguntza jaso ahal izango dute euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-ondasunak katalogatzea, digitalizatzea, edo digitalizatzea eta katalogatzea helburu duten programek. Hain zuzen ere, ondasun horien artean sartzen dira, besteak beste, argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materialak, mapak, planoak, kartelak, prentsa, funts bibliografikoak eta dokumentu-funts historikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legean aurreikusitakoarekin bat. Adierazitako kasu bakoitzean parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Katalogazioa:

bi baldintza hauek bete behar dira agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideak digitalizatuta egotea. Digitalizazioak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu.

– Baliabideek ez izatea metadatu deskribatzailerik edo erregistro katalografikorik.

b) Digitalizazioa:

bi baldintza hauek bete behar dira agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideek metadatu deskribatzaileak edo erregistro katalografikoak izatea.

– Baliabideak ez egotea digitalizatuta edo, digitalizatuta egonik, digitalizazio horrek ez betetzea agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak. Azken kasu horretan, baliabideak berriro digitalizatzeko beharra justifikatu beharko da.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak digitalizatzea, ez eta jatorriz digitalak diren baliabideak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoetara egokitzea ere.

c) Katalogazioa eta digitalizazioa:

bi baldintza hauek bete behar dira agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideek ez izatea metadatu deskribatzailerik edo erregistro katalografikorik.

– Baliabideak ez egotea digitalizatuta edo, digitalizatuta egonik, digitalizazio horrek ez betetzea agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak. Azken kasu horretan, baliabideak berriro digitalizatzeko beharra justifikatu beharko da.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak digitalizatzea, ez eta jatorriz digitalak diren baliabideak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoetara egokitzea ere.

2.– Aurkeztutako proiektuak aipatutako hiru kasuetako batera mugatu beharko dira: a) katalogazioa, b) digitalizazioa edo c) katalogazioa eta digitalizazioa. Baliabideak kasu desberdinetan kokatzen badira (katalogazioa, digitalizazioa, edo katalogazioa eta digitalizazioa), bi proiektu bereizi aurkeztu beharko dira.

3.– Baldintza hauetakoren bat bete behar da baliabide digitalizagarrien edo dagoeneko digitalizatuta daudenen kasuan:

a) Baliabide horiek jabari publikoan egotea. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen eta gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, obrak jabari publikoan sartzen dira haien ustiaketa-eskubideak iraungitzen direnean. (Orientazio gisa II. eranskineko taula kontsulta daiteke).

b) Baliabide horien titularrek (pertsona fisikoak edo erakunde publiko edo pribatuak) horiek ustiatzeko eskubideak izatea.

c) Baliabideak obra umezurtzak izatea, obra umezurtzen araubide juridikoa garatzen duen maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzean obra umezurtzen datu-basean erregistratuta egotea. Datu-base hori Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoak sortu eta kudeatzen du.

4.– Europako Batzordearen gomendioei jarraituz, jabari publikoan dauden materialak jabari publikoan mantenduko dira digitalizatu ondoren. Material horiek eskubideen deklarazio honen pean lizentziatuko dira:

• The Public Domain Mark (PDM):

http://creativecommons.org/publicdomain/mark/1.0/

5.– Obra umezurztzat jotzen diren baliabideei dagozkien objektu digitalizatuak eskubideen deklarazio honen pean lizentziatuko dira:

• In Copyright - EU Orphan Work (InC-EU-OW):

http://rightsstatements.org/vocab/InC-OW-EU/1.0/

6.– Jabari publikoan ez dauden eta obra umezurztzat jotzen ez diren baliabideei dagozkien objektu digitalizatuak eskubideen deklarazio hauen pean lizentziatuko dira:

• The Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication (CC0):

https://creativecommons.org/publicdomain/zero/1.0/

• Creative Commons - Attribution (BY):

https://creativecommons.org/licenses/by/4.0/

• Creative Commons - Attribution, ShareAlike (BY-SA):

https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0/

• Creative Commons - Attribution, No Derivatives (BY-ND):

https://creativecommons.org/licenses/by-nd/4.0/

• Creative Commons – Attribution, Non-Commercial (BY-NC):

https://creativecommons.org/licenses/by-nc/4.0/

• Creative Commons – Attribution, Non-Commercial, ShareAlike (BY-NC-SA):

https://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/4.0/

• Creative Commons – Attribution, Non-Commercial, No Derivatives (BY-NC-ND):

https://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/4.0/

• In Copyright – Educational Use Permitted (InC-EDU):

https://rightsstatements.org/vocab/InC-EDU/1.0/

• In Copyright (InC):

https://rightsstatements.org/vocab/InC/1.0/

7.– Nolanahi ere, objektu digital bakoitzari esleitzen zaion lizentzia mota objektu horren metadatuetan jaso beharko da.

8.– Sortutako metadatuak lizentziatu egingo dira edo CC0 1.0 (Domeinu Publikoaren Lagapena) delakoaren pean lizentziatutzat joko dira, eta murrizketarik gabe berrerabili ahal izango dira, helburu komertzialekin ere bai, Europeanarekin (DEA, Data Exchange Agreement) datuak trukatzeko sinatutako akordioan zehazten den bezala (akordio hori 2019ko azaroaren 14an argitaratu zen).

9.– Diruz lagundutako pertsonak edo erakundeak bere gain hartuko du lizentzien esleipen oker edo desegoki baten ondoriozko erantzukizun oro.

10.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kultura-ondareari buruzko legediak ematen dizkion eskumenak betetze aldera, dirulaguntza jaso duten eta biltegi propiorik ez duten erakunde edo pertsonek digitalizatutako baliabideen kopia bat jasoko du proiektu bakoitzeko, eta kopia horren erreprodukziorako eta komunikazio publikorako eskubideak lagatzat joko dira. Lagapen horrek lurralde-eremu globala du, eta iraupen mugagabea, baliabide horiek jabari publiko bihurtu arte.

11.– Ezin izango dira katalogatu edo digitalizatu pertsonen segurtasunari, ohoreari, osasunari, intimitateari edo irudiari eragin diezaieketen datu pertsonalak dituzten baliabideak, ez eta genero-indarkeriari dagozkionak, Estatuaren segurtasunari eta merkataritzako sekretuari eragiten diotenak, ezta Konstituzioan eta legeetan zabalkunderako aurreikusitako salbuespenak edo mugak dituzten beste edozein ere.

12.– Proiektuek zehatz-mehatz definitu beharko dituzte katalogatu edo digitalizatu nahi diren baliabideak, bai bolumenari dagokionez, bai edukiari dagokionez. Ildo horretan, proiektua baloratua izan dadin, proiektuek adierazi beharko dute zenbatekoa den katalogazioko edo digitalizazioko objektu digitalen kopurua, eta saihestu egingo da katalogatu edo digitalizatu beharreko baliabideen bolumena metro linealen, kutxen edo antzeko kontzeptuen terminoetan definitzea.

13.– Aurkeztutako proiektuak agindu honen I. eranskinean jasotako baldintza teknikoen mende egongo dira. Erakunde eta instituzio espezializatuek izan ezik, gainerako pertsona edo erakunde onuradunek enpresa espezialistak kontratatu beharko dituzte proiektuak gauzatzeko, dirulaguntzaren xede diren arloetan.

14.– Emaitza, gerora, «Euskariana» eta «Europeana» (Europako Kultura Ondarera linean sartzeko ataria) biltzaileetan gehitu ahal izango da.

15.– Dirulaguntzaren xede izango diren proiektuak 2022an abiarazi beharko dira, dirulaguntzaren ebazpenaren ondoren, eta amaitzeko azken eguna 2023ko irailaren 15a izango da, egun hori barne.

16.– Eskatzaile guztiek, biltegi propioa izan ala ez, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari bidali beharko diote dirulaguntzaren esparruan egindako lanen emaitza. Horretarako azken eguna 2023ko irailaren 15a izango da, egun hori barne. Entrega disko gogor ateragarri batean edo USB memoria batean egingo da, eta disko/memoria bat entregatu beharko da aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

Diskoaren (edo USB memoriaren) kanpoaldean jatorria eta edukia identifikatu ahal izateko datuak egon beharko dira (espedientearen kodea, onuradunaren izena, proiektuaren izenburua eta sortze-data), eta eskatutako fitxategi guztiak bilduko ditu, aginduaren I. eranskinean ezarritakoarekin bat.

Helbide honetara bidaliko da:

Euskadiko Liburutegi Digitala / Biblioteca Digital de Euskadi

(Kultura Ondarearen Zuzendaritza / Dirección de Patrimonio Cultural)

Donostia-San Sebastián kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

17.– Biltegi propioa duten eskatzaileek, gainera, dirulaguntzaren esparruan katalogatu eta/edo digitalizatutako erregistroetarako berariaz sortutako setaren URLa bidali beharko dute. URL hori 2023ko irailaren 15era arte, egun hori barne, bidali ahalko da helbide elektroniko honetara: euskadikoliburutegidigitala@euskadi.eus

18.– Pertsona edo erakunde onuradunek egindako lanak entregatzeak ez dakar berekin sortutako objektu digitalak Euskarianan sartzeko konpromisoa. Alde horretatik, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuak baloratuko du ea egokia den baliabideen katalogazioren eta/edo digitalizazioaren kalitatea, eta horren arabera erabakiko du horiek Euskarianan sartu ala ez. Katalogatu eta/edo digitalizatutako baliabideak Euskarianan modu egokian integratzeko beharrezkotzat jotzen duenean, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuak aldaketak eta zuzenketak egin ahalko ditu dirulaguntzaren pertsona edo erakunde onuradunek entregatutako METS katalogazio eta fitxategietan.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaile bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu soilik. Pertsona edo erakunde batek bi proiektu baino gehiago aurkezten baditu, hamar egun balioduneko epean adierazi beharko du zein bi proiektu nahi duen baloratuak izatea, eta, hala egin ezean, jakinaraziko zaio proiektu guztiak baztertuko zaizkiola.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio, eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, soilik aurretiazko hitzorduarekin, eta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo aurretiazko hitzordua eskatu edo bertan behera uzteko telefono-zenbakian: 945 01 90 00 edo EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

– Bide elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

4.– Pertsona juridikoek bide elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honen 6. apartatuan aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.

5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honetan eskura daitezke:

https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106003

7.– Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekarpeta

8.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta atxikitzen diren egiaztagiriak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

10.– Eskabideak aurkezteak adierazten du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

10. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, eta bete egiten direla agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

2.– Onuradun izateko betekizunak egiaztatzeko modua:

2.1.– Deialdi honetako 7.2.a eta 7.2.b artikuluetan jasotako betekizunak egiaztatzeko modua:

a) Pertsona juridiko pribatuen kasuan:

a.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira erakundearen legezko osaera eta erakundearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, baita erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere, eta Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

a.2.– Erakunde interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

a.3.– EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean badaude inskribatuta, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, baita erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Ofizioz egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

b) Pertsona fisikoen kasuan:

b.1.– Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, eskatzailearen NANaren fotokopia aurkeztu beharko da nahitaez.

b.2.– Dirulaguntzak eskatu dituzten pertsonen kasuan, deialdi hau kudeatzen duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien baimenik eskuratu beharko, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, eskatzaileak Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

b.3.– Pertsona interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.2.– Katalogatu edo digitalizatu beharreko baliabideak jabari publikoan badaude, pertsona/erakunde eskatzaileak behar bezala zehaztu beharko ditu haien sorrera-datak, diruz lagundu beharreko proiektuaren III. eranskineko «Katalogatuko/Digitalizatuko diren baliabideen gaia edo edukia» epigrafean.

Katalogatu eta/edo digitalizatuko diren baliabideak obra umezurztzat jotzen badira, pertsona/erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoaren obra umezurtzen datu-basean erregistratuta daudela.

Katalogatu eta/edo digitalizatuko diren baliabideak ez badaude jabari publikoan eta ez badira obra umezurztzat jotzen, pertsona/erakunde eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du egiaztatzeko katalogatu eta/edo digitalizatuko diren baliabideen gaineko jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela. Pertsona/erakunde eskatzaileak dokumentazio hori ez badu, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, eta, bertan, bere erantzukizunpean, katalogatu edo digitalizatu beharreko baliabideekin lotutako jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela adierazi beharko du.

2.3.– Pertsona onuradun izateko gainerako baldintzak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Hauek dira nahitaez aurkeztu beharreko agiriak:

a) Eskabidea: 10. artikuluan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu eskabide horrek, onuradun izateko betekizunak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuetako betekizunak egiaztatzeko. Era berean, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du eskabideak. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez jasoko da, orobat, pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen edo zerga hori ken edo konpentsa dezakeen.

b) Diruz lagundu daitekeen proiektua, agindu honen III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Honako eduki hauek izango ditu:

I) Proiektuaren memoria; agindu honen 14. artikuluko a), b), c), d), e) eta f) apartatuetan adierazitako irizpideei jarraikiz balioetsiko da.

II) Proiektuaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere. Proiektuaren zenbateko osoa eta eskatutako laguntzaren zenbateko osoa bereiziko dira.

III) Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

c) Katalogatu eta/edo digitalizatuko diren baliabideak obra umezurztzat jotzen badira, Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoaren obra umezurtzen datu-basean erregistratuta daudela egiaztatzeko dokumentazioa. Katalogatu eta/edo digitalizatuko diren baliabideak ez badaude jabari publikoan eta ez badira obra umezurztzat jotzen, pertsona/erakunde eskatzaileak horien gaineko jabetza intelektuala ustiatzen eskubideak betetzen dituela egiaztatzeko dokumentazioa, agindu honen 10.2.2) artikuluan adierazitako baldintzetan.

d) Hala badagokio, aditu independenteek idatzitako txostenak, zeintzuen bitartez egiaztatu ahal izango den katalogatzeko edo digitalizatzeko proposatutako baliabideak interesgarriak direla erabiltzaileentzat, 14.1 artikuluaren b.2) apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz.

e) Diruz lagundu daitekeen jardueraren zenbateko osoak, ekarpen guztiak barne, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikientzat finkatutako zenbatekoak gainditzen dituenean, pertsona edo erakunde onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie hiru hornitzaileri, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, eta hori proiektuarekin batera aurkeztu beharko du. Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidearen izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona edo entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.

Agindu honi jarraikiz eskabidea bide elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, eskabidea bide elektronikoz aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaio.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako proiektuen azterketa eta ebaluazioa, agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzordea osatzeko, kontuan hartuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoa.

2.– Balorazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

– Mikel Aizpuru Murua, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.

– Gumersinda Barbeito Meizoso andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegi Digitalaren arduraduna.

– June Gómez Alonso andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegi Digitaleko teknikaria.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna den Juan Carlos Soto Pérez jauna izango da Balorazio Batzordeko idazkaria. Hitza izango du, baina botorik ez. Balorazio Batzordeko idazkariak kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du, organo horren jarduketak ziurtatu beharko ditu, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespeta daitezela bermatuko du.

Balorazio Batzordearen osaera aldatu ahal izango da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko baita.

3.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

4.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria egotea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

5.– Balorazio Batzordea osatzen duten pertsonak abstenitu egin beharko dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

14. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, Balorazio Batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera balioetsiko du eskabideen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

Balorazioa gehienez 100 punturekin egingo da, sei irizpide hauetan banakatuta:

a) Baliabideen ondare-balioa. 25 puntu, gehienez.

Euskal Kultura Ondarearen kontzeptua kontuan hartuta, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan ondare-balioa zehazteko:

a.1.– Balio iraunkorra, euskal kultura-ondarea osatzen duten baliabide gisa, euskara erabiltzeagatik, Euskadiri buruzkoak izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko edo kanpoko euskal erakundeek sortuak izateagatik, edo euskal kulturaren esparruan izen handikoak diren pertsonek edo erakundeek sortutakoak izateagatik. 15 puntu, gehienez.

a.2.– Katalogatuko edo digitalizatuko diren baliabideen antzinatasuna. 5 puntu, gehienez.

– Puntuatzeko irizpideak:

• 1900 baino lehenagoko baliabideak: 5 puntu.

• 1900 baino geroagoko eta 1972 baino lehenagoko baliabideak: 2,5 puntu.

• 1972 baino geroagoko baliabideak: 0 puntu.

– Katalogatu edo digitalizatu beharreko baliabideak tarte desberdinetan kokatzen badira, puntuazioa modu proportzionalean emango da, tarte bakoitzean sartzen den objektu digitalen portzentajearen arabera. Horretarako, horrelakorik gertatuz gero, eskatzaileak zehaztu beharko du definitutako tarte bakoitzean sartzen den objektu digitalen portzentajea.

a.3.– Kontserbazio-egoera, hauskortasuna edo desagertzeko arriskua, betiere baldintza horiek digitalizatzeko aukera ematen badute. 5 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren koherentzia eta osotasuna. 25 puntu, gehienez.

b.1.– Koherentzia. 10 puntu, gehienez.

– Proiektuan aurkeztutako baliabide guztiak egile edo erakunde batek sortuak izatea baloratuko da, edo baliabide horiek osatzen duten multzoa egokia izatea gai bat aztertzeko.

b.2.– Erabiltzaileentzako interesa. 10 puntu, gehienez.

– Proiektuan aurkeztutako baliabideen eskari handia egotea edo eskari potentzial handia aurreikustea baloratuko da, bai publiko orokorraren aldetik, bai talde espezifikoen aldetik, eta, era berean, baliabide horiek hezkuntzako, prestakuntzako, ikerketako edo euskal kulturako beste ingurune batean aplikatzeko modukoak izatea.

– Justifikazioan datu objektiboak sartzea baloratuko da, baldin eta, datu horien bitartez, dagoen edo egon daitekeen eskaria berresten bada: baliabideek urtebetez izan duten kontsulten kopurua, baliabideak erreproduzitzeko eskabideak (argitalpenetan erabiltzeko), erakusketak...

– Eskatzaileak, justifikazioarekin batera, gaian edo katalogatu edo digitalizatu nahi den baliabidean adituak direnen txostenak edo gomendioak aurkeztu ahal izango ditu.

– Puntuatzeko irizpideak:

• Dagoen eskari esanguratsuaren justifikazioa: gehienez ere, 10 puntu.

• Egon daitekeen eskari esanguratsuaren justifikazioa: gehienez ere, 5 puntu.

b.3.– Digitalizazio-plan bat izatea. 5 puntu, gehienez.

– Planak epe laburrean/ertainean egin beharreko digitalizazio-proiektuen multzo bat izan beharko du. Gutxienez, proiektu edo fase bakoitzeko digitalizatu beharreko baliabideen definizio zehatz bat izan beharko du.

– Plan horren definizio-maila baloratuko da, eta, zehazki, honakoak jasotzea bere baitan:

• Fasetan banatutako kronograma.

• Zenbatetsitako aurrekontua,

• Digitalizazio-jarraibideen dokumentua.

• Digitalizazioari buruzko kalitate-kontroleko programa.

• Kontserbazio-plana.

c) Lizentzia mota. 15 puntu, gehienez.

– 15 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak honako eskubide-adierazpenen baten pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• The Public Domain Mark (PDM):

https://creativecommons.org/publicdomain/mark/1.0/

• The Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication (CC0):

https://creativecommons.org/publicdomain/zero/1.0/

• Creative Commons - Attribution (BY):

https://creativecommons.org/licenses/by/4.0/

• Creative Commons - Attribution, ShareAlike (BY-SA):

https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0/

– 7,5 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak honako eskubide-adierazpenen baten pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• Creative Commons - Attribution, No Derivatives (BY-ND):

https://creativecommons.org/licenses/by-nd/4.0/

• Creative Commons - Attribution, Non-Commercial (BY-NC):

https://creativecommons.org/licenses/by-nc/4.0/

• Creative Commons - Attribution, Non-Commercial, ShareAlike (BY-NC-SA):

https://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/4.0/

• Creative Commons - Attribution, Non-Commercial, No Derivatives (BY-NC-ND):

https://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/4.0/

• In Copyright - EU Orphan Work (InC-EU-OW):

https://rightsstatements.org/vocab/InC-OW-EU/1.0/

– 5 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak eskubide-adierazpen honen pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• In Copyright - Educational Use Permitted (InC-EDU):

https://rightsstatements.org/vocab/InC-EDU/1.0/

– 0 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak eskubide-adierazpen honen pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• In Copyright (InC):

https://rightsstatements.org/vocab/InC/1.0/

– Proiektu batean hainbat eskubide-adierazpen sartzen badira, puntuazioa modu proportzionalean kalkulatuko da, eskubide-adierazpen bakoitzaren pean lizentziatzen diren objektu digitalen portzentajearen arabera. Horretarako, eskubide-adierazpen bakoitzaren pean lizentziatutako objektu digitalen kopurua zehaztu beharko da.

d) Proiektuan genero-berdintasuna eta emakumearen ikusgarritasuna sustatzen duten elementuak sartzea. 5 puntu, gehienez.

– Genero-berdintasuna sustatzen duten elementutzat hartzen dira digitalizatu beharreko baliabideak emakumeek sortuak izatea edo, digitalizatu beharreko baliabideen edukiari dagokionez, emakumearen estereotipo tradizionalak hausten dituzten rol edo jarreretan islatzea emakumearen presentzia.

e) Eskatzaileak proiektua finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoaren portzentajea. 10 puntu, gehienez.

– Eskatzaileak proiektua finantzatzeko ekarpen ekonomikoa egiten duenean, 1 puntu emango zaio (gehienez ere, 10), ekarpen hori proiektuaren aurrekontuaren % 10 baino handiagoa den % 1 bakoitzeko.

– Ekarpena agindu honen 5. artikuluan jasotako proiektuaren eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuei buruzkoa izango da.

– Eskatzaileak BEZa kendu edo konpentsatu ahal badu, ekarpenaren portzentajea zerga-oinarriarekiko kalkulatuko da. Bestela, kalkulua guztirakoaren arabera egingo da, BEZa barne.

f) Katalogazioaren edo digitalizazioaren kostu unitarioa. 20 puntu, gehienez.

Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:

– Atal honi dagokion puntuazioa ezartzeko, bereizita aztertuko dira 8. artikuluan jasotako kasuetako bakoitzera zuzendutako proiektuak: katalogazioa, digitalizazioa edo katalogazioa eta digitalizazioa.

– Katalogaziora zuzendutako proiektuek prezio unitario bat aurkeztu beharko dute katalogatutako erregistro bakoitzeko, erregistro motaren arabera, I. taulan ezarritako kategoriekin bat etorriz.

– Digitalizaziora zuzendutako proiektuek prezio unitarioa aurkeztu beharko dute digitalizatuko den dokumentu mota bakoitzeko, II. taulan ezarritako dokumentu moten kategorien arabera.

– Katalogaziora eta digitalizaziora zuzendutako proiektuek prezio unitarioa aurkeztu beharko dute katalogatutako erregistro bakoitzeko, erregistro motaren arabera eta I. taulan ezarritako kategoriekin bat etorriz, eta, era berean, prezio unitarioa aurkeztu beharko dute digitalizatuko den dokumentu mota bakoitzeko, II. taulan ezarritako dokumentu moten kategorien arabera.

– Hiru kasuetan, lotutako metadatuak sortzeari dagokion prezioa sartu beharko da.

– Prezio unitarioak proiektuen aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu behar dira, ez eskatutako aurrekontua kontuan hartuta.

– Testu-edukia duten dokumentuen digitalizazioak (monografiak eta argitalpen seriatuak) OCR (Optical Character Recognition) prozesamendua izango du.

– Prezio unitarioak ondoren adierazitako gehieneko prezioak baino txikiagoak edo berdinak izango dira.

– Katalogatutako erregistro bakoitzeko gehieneko prezio unitarioa, dokumentu motaren arabera, honako taula honetan jasotzen da (II. taula):

(Ikus .PDF)

– Digitalizatutako orrialde/irudi/minutu bakoitzeko gehieneko prezio unitarioa, dokumentu motaren arabera, honako taula honetan jasotzen da (II. taula).

(Ikus .PDF)

– Puntuazioa kalkulatzeko, formula hauek erabiliko dira:

i) Katalogazioa:

Proiektuak dokumentu mota bakarra katalogatzea planteatzen badu, formula hau aplikatuko da:

Pc = 10 x (%S / %M)

hor:

Pc: puntuazioa

%S: balorazioaren xede den eskabidearen bajaren portzentajea, katalogatutako erregistro bakoitzeko ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

%M: aurkeztutako eskabideen artetik, baja handienaren portzentajea, katalogatutako erregistro bakoitzeko ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

Proiektuak zenbait dokumentu mota katalogatzea planteatzen badu, puntuazioa dokumentu mota bakoitzean katalogatutako erregistro kopuruaren arabera haztatzearen emaitza izango da, eta formula hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

hor:

Pc: puntuazioa

ni: i dokumentu motaren katalogatutako erregistro-kopurua.

Pi: i dokumentu motak lortutako puntuazioa, dokumentu mota bakarra digitalizatzeko kasuetarako ezarritako formula aplikatuta.

nT: katalogatutako erregistroen kopuru osoa.

ii) Digitalizazioa:

Proiektuak dokumentu mota bakarra digitalizatzea planteatzen badu, formula hau aplikatuko da:

Pd = 10 x (%S / %M)

hor:

Pd: puntuazioa

%S: balorazioaren xede den eskabidearen bajaren portzentajea, dagokion dokumentu motarako ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

%M: aurkeztutako eskabideen artetik, baja handienaren portzentajea, balioetsi beharreko eskabidearen dokumentu motarako ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

Proiektuak zenbait dokumentu mota digitalizatzea planteatzen badu, puntuazioa dokumentu mota bakoitzean digitalizatutako orrialde/irudi/unitate/minutu kopuruaren arabera haztatzearen emaitza izango da, eta formula hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

hor:

Pd: puntuazioa

ni: i dokumentu motaren orrialde/irudi/minutu kopurua.

Pi: i dokumentu-motak lortutako puntuazioa, dokumentu mota bakarra digitalizatzeko kasuetarako ezarritako formula aplikatuta.

nT: digitalizatutako orrialde/irudi/unitate/minutu kopuru osoa.

iii) Katalogazioa eta digitalizazioa:

Katalogazioari dagokion puntuazioa (Pc) kalkulatzeko, soilik katalogaziora bideratutako proiektuetarako aurreikusitako formula erabiliko da, eta digitalizazioari dagokion puntuazioa (Pd) kalkulatzeko formula, berriz, soilik digitalizaziora bideratutako proiektuetarako aurreikusitakoen artean dagokiona izango da. Azken puntuazioa (Pcd) bi puntuazio partzial horien batezbestekoa izango da:

Pcd = (Pc + Pd) / 2

Berdinketa bada, a) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.

15. artikulua.– Prozedura izapidetzea.

1.– Laguntza-deialdia norgehiagoka bidez ebatziko da. Horretarako, 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko dira, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 4. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 40 puntu lortu dituzten proiektuei bakarrik emango zaie laguntza.

2.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (14. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (5. artikuluan xedatutakoaren arabera), Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira: dirulaguntzen zenbatekoa (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), finantzatutako jarduketa-proiektuak, zer eskabide ezesten diren eta zergatik (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), eta zer eskabide ez diren onartzen eta zergatik.

3.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

16. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Deialdiko oinarriak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu Balorazio Batzordeak, eta oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetarako irizpideak ezarriko ditu.

2.– Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, Kulturako sailburuordeak egingo du ebazpena, eta banan-banan jakinaraziko die pertsona edo erakunde interesdunei, sei hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Banan-banan jakinarazteari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela EAEko Administrazio Nagusiaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://euskadi.eus/nirekarpeta). Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ebazpen-epea igarota, interesdunei ebazpena jakinarazi ez bazaie, eskabidea ezetsi zaiela ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

5.– Zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, agindu honen 14. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

6.– Pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Balorazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta hark onartzen badu. Erakundeari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

7.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da. Hala ere, agindu honen 16.6 artikuluan adierazten den moduan, pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, eta dirulaguntza eman duen organoak erabakitzen badu puntuazioaren arabera dirulaguntza hurrengo pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea, berariaz onartu beharko da dirulaguntza.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Katalogatzeko edo digitalizatzeko behar adinako kualifikazioa duten giza baliabideak erabiltzea, bai propioak, bai azpikontratatuak, eta azpikontratatutako enpresei langileen kualifikazioa eskatzea lan horiek egiteko.

d) Jarduera aurrera eramatea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

e) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

f) Hala badagokio, aurkeztutako proiektuan hitzemandako finantzaketa propioaren portzentajea ematea.

g) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

h) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

i) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

j) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazegoen, laguntza horien egoera zein den adieraztea ebazpenaren berri izatean.

k) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari. Aldaketa hori Kulturako sailburuordeak baimendu beharko du.

l) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako babesa beren-beregi adieraztea dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

m) Edozein formatuko argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dira. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

n) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

o) Emandako laguntzarekin sortutako baliabide digitaletarako sarbidea ematea, librea, doakoa, baliabide osora eta webgunearen bitartez.

p) Sortutako metadatuak CC0 1.0 lizentziaren pean (Domeinu Publikoaren Lagapena) lizentziatzea.

q) Proiektua amaitu ondoren, metadatuak prest izatea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak edo OAI-PMH edozein biltegik jaso ahal izan ditzan.

r) Metadatuak hizkuntza-irizpide hauen arabera izendatzea:

– Informazio-tresna hitz idatzia, ahozkoa edo abestua bada, ISBDn eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren «Katalogatzeko prozedura orokorrak» dokumentuan katalogazio-hizkuntzari buruz ezarritakoa beteko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eips_dokumentazioa/eu_def/adjuntos/2015-Prozedurak_baq.pdf

– Gainerako kasuetan (material grafikoa, argazkiak...), katalogazioa euskaraz egingo da, betiere materialean ez badago testurik. Kasu horretan, aurreko puntuan adierazitakoaren arabera aplikatuko dira hizkuntza-irizpideak.

– Nolanahi ere, gaiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jaso beharko dira beti.

s) Oro har, dirulaguntzen arloan aplikagarria den beste edozein betebehar, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Bi ordainketatan emango da dirulaguntza:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, dirulaguntza esleitzen den unean.

b) Bigarren ordainketa, % 40koa, dirulaguntza justifikatu ondoren ordainduko da, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.– Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, Erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi egin beharko du. Eredu hori URL honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Eredu hori erregistroari buruzko gaietan laguntzeko bulegoetan ere eskura dezakete pertsona fisikoek.

3.– Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

4.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada, agindu honen 7.d) artikuluan jasotzen den moduan.

19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioek bat etorri beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin, eta bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira helbide honetan: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106003

2.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude agindu honen 9.6 artikuluan zehaztutako helbidean.

3.– Horrez gain, justifikazioek bat etorri behako dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 72. eta 73. artikuluekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

4.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek 2023ko irailaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, egun hori barne, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

a) Diruz lagundutako proiektuaren xedea bete dela justifikatzeko memoria, agindu honen IV. eranskinaren arabera egina.

b) Justifikaziorako memoria ekonomikoa, agindu honen V. eranskinaren araberakoa, honako hauek jasoko dituena:

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra.

– Egindako gastuen zerrenda sailkatua. V. eranskineko taula ere bete beharko da, gastuak egiaztatzeko fakturak edo nominak aurkeztutako egiaztatzen diren.

Gastuak fakturen bidez egiaztatzen badira, datu hauek adierazi beharko dira: hartzekodunaren identifikazioa, faktura-zenbakia, zenbatekoa (hala badagokio, zerga-oinarria eta BEZa xehakatuta), igorpen-data eta ordainketa-data.

Gastuak nominen bidez egiaztatzen badira, datu hauek adierazi beharko dira: langilearen izen-abizenak, nominaren hilabetea eta urtea, nominaren zenbatekoa, langilearen arduraldiaren portzentajea hileko ordu guztiekiko eta aurreko portzentajea aplikatu ondoren diruz lagundu beharreko zenbatekoa.

– Lanak azpikontratatu badira, gastuak jatorrizko fakturak edo horien benetako kopiak eta froga-balioa duen gainerako dokumentazioa aurkeztuta egiaztatuko dira. Edukiaren jatorriaren eta osotasunaren benetakotasuna bermatzeko, faktura elektronikoek igorlearen sinadura elektroniko aurreratua izan beharko dute.

– Lanak baliabide propioekin egin badira, gastuak honako agiri hauek aurkeztuta egiaztatuko dira:

i) Katalogazio- eta/edo digitalizazio-lanetan parte hartu duen langile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, lan horietan eman duen denbora (eguneko orduetan eta hileko egunetan xehakatuta) eta arduraldi horrek hileko ordu guztiekiko zein portzentaje hartzen duen zehaztuta. Adierazpen hori langileak eta erakundearen arduradunak sinatu beharko dute.

ii) Digitalizazio- eta/edo katalogazio-lanak egin dituzten langileen nominen kopia.

– Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda. Edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez pertsona edo erakunde onuradunak adieraziko duen ez duela proiektua finantzatzeko beste dirulaguntza edo diru-sarrerarik jaso.

5.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada eskumena duen administrazio-organoaren aurrean, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epean aurkezteko. Epe hori ezin izango da luzatu. Ezarritako epe berri horretan justifikaziorik aurkezten ez bada, ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70.3 artikuluaren arabera. Horrez gain, bidezkoa bada, dagokion zehapen-prozedura irekiko da.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

Dirulaguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada–, eta arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren, dirulaguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Horretarako, jakinarazpena egin eta gero eta alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

d) Baldintza teknikoei buruzko I. eranskinean eskatzen diren estandarrak ez betetzea, katalogazioaren zein digitalizazioaren esparruan, edo horiek behar bezala ez aplikatzea.

2.– Kasu horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez.

3.– Jarduera egikaritzean ez-betetze partzialak onartu ahalko dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerari loturiko helburuak eta konpromisoak betetzen egindako ahalegina argi eta garbi ziurtatzen bada, eta eskabidean aurkeztutako jarduera osoaren aurrekontuaren gutxienez % 65 bada gauzatu den zatia. Kasu horretan, emateko ebazpena aldatu beharko da, azkenean eman den zenbatekoa aurrekontu osotik egiatan justifikatu den kopuruaren arabera murriztuta.

Salbuespen gisa, lehen ezarritako ehunekoan gauzatzen ez bada proiektua, dirulaguntza kudeatzen duen organoak ez-betetze partzialak daudela baietsi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun-ezaugarri objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ekartzen badiote.

22. artikulua.– Minorazioak.

1.– Minorazioa ez-betetze partzialagatik.

Bigarren ordainketari dagokion zenbatekoa doitu egingo da benetan digitalizatutako orrialde, irudi, minutu edo unitateen kopuruaren arabera eta benetan katalogatutako erregistroen kopuruaren arabera, betiere irizpide hori aplikatu ondoren ez bada ateratzen emandako dirulaguntza baino zenbateko handiagoa.

Mota jakin bateko baliabide batzuen kopuru txikiagoa digitalizatu edo katalogatu bada proiektuan aurreikusitakoaren aldean, eta beste mota bateko baliabideen kopuru handiagoa digitalizatu edo katalogatu bada proiektuan aurreikusitakoaren aldean, ofizioz konpentsatuko dira gutxiago digitalizatu edo katalogatu diren baliabideak gehiago digitalizatu edo katalogatu diren baliabideekin, betiere alde horiek % 10etik beherakoak badira eta gehienez ere emandako dirulaguntzaren zenbatekora arte. Alde horiek % 10etik gorakoak badira, desbideratzearen arrazoia justifikatu beharko da IV. eranskinean («Diruz lagundutako programa bete dela justifikatzeko memoria»), eta desbideratze hori behar bezala justifikatu bada soilik konpentsatuko da.

Material bat ez dagokion kategoria batean sailkatu bada, aplikatu beharreko prezio unitarioa pertsona/erakunde onuradunak benetan dagokion kategoriarako eskaini duena izango da. Proiektuan ez bada jaso benetan dagokion kategoriarako prezio unitarioa, eta kategoria horretako prezio unitarioa oker sartu den kategoriako prezio unitarioa baino txikiagoa bada, kontuan hartu beharreko prezio unitarioa kalkulatzeko, pertsona/erakunde onuradunak kategoria okerrerako egindako bajaren portzentajea aginduan benetan dagokion kategoriarako finkatutako gehieneko prezio unitarioari aplikatuko zaio.

2.– Minorazioa baldintza teknikoak ez betetzeagatik.

Proiektuan ezarritako baldintza teknikoak ez betetzeak minorazio hauek eragingo ditu:

a) Digitalizazioarekin lotutako ez-betetzeak:

(Ikus .PDF)

Aurreko taulan jasotako minorazio-portzentajeak aplikatuko zaizkio pertsona/erakunde onuradunak kasu bakoitzean dagokion material mota digitalizatzeko eskainitako prezio unitarioari.

b) Katalogazioarekin lotutako ez-betetzeak:

(Ikus .PDF)

Aurreko taulan jasotako minorazio-portzentajeak aplikatuko zaizkio pertsona/erakunde onuradunak kasu bakoitzean dagokion baliabide mota katalogatzeko eskainitako prezio unitarioari.

Katalogazioarekin lotutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko minorazioaren portzentaje zehatza Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuak zehaztuko du, akatsen magnitudearen eta zuzenketak dakarren lan-bolumenaren edo zailtasunaren arabera.

23. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba

Telefonoa: 945.018000

Web-orria: https://euskadi.eus

– Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datuak Babesteko Araudi Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala