Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3815

AGINDUA, 2022ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie unibertsitatetik kanpoko ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, salbu eta Lanbide Heziketa soilik ematen dutenei, ikastetxean berrikuntza-proiektuak (Berrikuntza Ikastetxean) egin ditzaten 2022-2023ko ikasturtean.

«Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan» jarduera-ildo estrategiko nagusiak jasotzen dira; horien artean, irakasleen etengabeko prestakuntza bultzatzea jasotzen da, irakasle bakoitzaren konpetentzia-profila osatzen laguntzeko. Izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren erronkari aurre egiteko, beharrezkoa da hezkuntza-prozesuan parte hartzen duten alor bakoitzean eskumenak izango dituen irakasleak izatea.

Horrekin bat etorriz, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak honako hau xedatzen du: «Euskal hezkuntza-sistemako irakasleek konpetentzien profil egokia eduki behar dute, ezin hobeto ekin ahal izateko beren egitekoei». Alde horretatik, irakasleen prestakuntzaren helburua da behar den konpetentzia-profila erdiestea ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten. Hortaz, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako prestakuntza-jardueren ezaugarriak, besteak beste, honako hauek izango dira: hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatuz bikaintasuna sustatzea eta profesionalen arteko lankidetza-prozesuetan laguntzea (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan jasotzen den ildo estrategikoetako bat da «hezkuntza-komunitatearen prestakuntza» bultzatzea. Nazioarteko ikerketek bat egiten dute esatean hezkuntza hobetu nahi duen edozein ekimen irakasleen mende dagoela, aldaketaren eragile nagusiak baitira; izan ere, hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzaren mende dago. Horrek berekin du eskola-testuinguruan hezteko zereginari eta ikaskuntzari buruzko etengabeko hausnarketa, eguneratzea eta hobekuntza gauzatzea, hezkuntza-komunitate osoari lotuta.

Bestalde, Europako Batzordeak duela gutxi argitaratu du Hezkuntza Digitalari buruzko Ekintza Plana (2021-2027), eta Europan kalitate handiko hezkuntza digital inklusibo eta irisgarriari buruz duten ikuspegia planteatzen du. Planak bi lehentasun estrategiko ditu:

Errendimendu handiko hezkuntza-ekosistema digitala garatzea.

Konpetentzia eta gaitasun digitalak hobetzea eraldaketa digitala lortzeko.

Bigarren lehentasun estrategiko horretan, irakasleek eta ikasleek trebetasun digital aurreratuak garatzearen garrantzia nabarmentzen da, adimen artifizialarekin zerikusia duten gaitasunak barne. Ildo berean, Europa Digitala programak konpetentzia digital aurreratu horiek barne hartzen ditu, esan nahi baita, «konpetentzia espezializatuak, hau da, teknologiak diseinatzeko, garatzeko, administratzeko eta hedatzeko konpetentziak, hala nola errendimendu handiko informatika, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna» – COM (2018) 434 final - 2018/0227.

Apirilaren 26an, Gobernu Kontseiluak Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana onartu du, eta plan horren helburuen artean dago garapenerako beharrezkoak diren konpetentzia digitalak eskaintzea ikasleei. Eraldaketa digitaleko esperientzia aurreratuak hartzea sustatzen du plan horrek, eta esku hartzeko funtsezko arloetako bat izango da hori. Honako misio hau izango du: «esparru berri bat bultzatzea berrikuntza pedagogikorako palanka gisa, zeinak oinarriak indartuko baititu teknologien integrazio eraginkorraren eta erabilera optimoaren bidez trebetasun digitalak garatzeko; horretarako, ikasleak ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatuko ditu, aro digitalean duten potentzial guztia garatzeko, eten digitala ixteko, bizitzan zehar trebetasunak garatu eta mantentzeko eta Euskadik agertoki globalean duen eginkizuna sendotzeko». Horretarako, zenbait ekintza bultzatuko dira material berriak sortzeko, hezkuntza-komunitateko pertsona guztien gaikuntza digitala lortzeko, azpiegitura berriak garatzeko eta praktika aurreratuak hartzeko ikaskuntzako eraldaketa digitaleko metodoetan. Gainera, beharrezkoa izango da irakasleen gaikuntza digitala sustatzea eta sare bat sortzea digitalki aurreratuta dauden ikastetxeekin, hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitalerako palankarena egin dezan prozesu horretako lehenengo etapetan.

Goian azaldutakoaz gain, Hezkuntza Sailak sustatzen duen hobekuntza-planean ildo estrategiko gisa «hezkuntza-komunitatearen berrikuntzarako prestakuntza» bultzatzen dela ere ikus daiteke. Nazioarteko ikerketek bat egiten dute esatean hezkuntza hobetu nahi duen edozein ekimen irakasleen mende dagoela, aldaketaren eragile nagusiak baitira; izan ere, hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzaren mende dago. Halaber, ekitatearen eta bikaintasunaren helburuak lortzeko, hezkuntza-sistemak prest egon behar du hezkuntza-lanaz eta eskola-testuinguruko ikaskuntzaz etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetzeko. Eta hezkuntza-komunitate osoa, bai ikastetxea, bai irakasleak eta gainerako profesionalak, baita familiak ere, funtsezko eragileak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eta etengabeko hobekuntza-prozesuaren eragile aktibo izan behar dute. Horregatik, proposatzen da prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, inpaktu nabaria izan dezaten, hasierako egoera aldatzen dela ikusteko gisan. Ikastetxe jakin baten barruko prestakuntza-proiektuek eta -esperientziek inpaktu handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitiete, eta antolaketa aldatzeko bidea izan baitaitezke.

Aurrez azaldutako hori guztia kontuan izanda, Hezkuntza Sailak proposatzen du prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, inpaktu nabaria izan dezaten, hasierako egoera aldatzen dela ikusteko gisan. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak nahi du irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntza-ekintzetara bideratzea, ikastetxearen ohiko dinamikan eragin positiboa sortzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, nahitaezkoa da edozein dirulaguntza ezarri aurretik dirulaguntzen plan estrategiko bat edukitzea. Bada, Hezkuntza Sailak 2022ko otsailaren 4an onartu zuen plan hori. Plana Sailaren webgunean bertan dago eskuragarri, URL honetan: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/

Hezkuntza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartuta (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.), eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko administrazio publikoaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan) eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoekin ere, abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez (lege horren bidez, EAEko 2022ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da unibertsitatetik kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea, salbu eta Lanbide Heziketa soilik ematen dutenei, ikastetxean berrikuntza-proiektu mota hauetakoren bat egiteko 2022-2023ko ikasturtean (Berrikuntza Ikastetxean):

– Ikastetxearen berrikuntza-proiektuak, ikastetxeak arlo hauetan hautemandako beharrei buruzkoak:

• Digitalizazio-arloa.

• Curriculum-garapeneko arloa.

• Berrikuntza-arloa elkarbizitzaren, ongizate emozionalaren eta aniztasunaren esparruan.

– Ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

2. artikulua.– Onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatetik kanpoko edozein ikasketa-maila edo -mota emateko baimena badute, Lanbide Heziketa soilik ematen dutenak izan ezik.

3. artikulua.– Berrikuntza-proiektuen definizioa eta ezaugarriak.

1.– Deialdi honetan, hauek joko dira ikastetxearen berrikuntza-proiektutzat:

Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira ikastetxean hezkuntza berriztatzeko proiektuak, eta aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei ekitea dute helburu. Garrantzitsuak direla-eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen inplikazioa behar dutenez, ukitutako hezkuntza-komunitatearen akordioa behar dute.

Ikastetxean hezkuntza berriztatzeko proiektuek aukera ematen diete ikastetxeei prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta ikastetxeko hezkuntza-ereduari buruz hausnartzeko, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan beharrezkoak diren hobekuntzak sar ditzaten, 1. artikuluan adierazitako arloak ardatz hartuta: digitalizazio-arloa, curriculum-garapeneko arloa eta berrikuntza-arloa elkarbizitzaren, ongizate emozionalaren eta aniztasunaren esparruan.

2.– Hezkuntza berriztatzeko proiektuen erreferentzia ikastetxeko hezkuntza-proiektua izango da, baita ikastetxeko urteko planean jasotako planak ere, eta ikastetxean adierazitako arloetan hautemandako beharretan oinarrituko da.

3.– Interesa duen ikastetxeak datu teknikoak eta proiektuaren aurrekontu-datuak adierazi beharko ditu esteka honetan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1219601 eskura duen aplikazio informatikoan; ikastetxearen urteko plana atxikiko du, eta aurkezten duen proiektu mota adierazi ere bai.

4.– Ikastetxean hezkuntza berriztatzeko proiektuek atal hauek izan beharko dituzte:

– Diagnostikoa, inplikazioa eta presentzia ikastetxearen hezkuntza-proiektuan.

– Helburu estrategikoak, proiektuak dirauen bitartean garatuko direnak.

– Helburu orokorrak, proiektuan zehar garatuko direnak.

– Hartzaileak.

– Gauzatuko diren ekintzen planifikazioa, irakasleentzako prestakuntza-jarduerak barne.

– Ikasketako metodologiak, ikastetxearen, gelaren eta ikasleen eskalan.

– Hezkuntza-komunitatean planaren berri zabaltzeko eta familien parte-hartzea sustatzeko aurreikusitako neurriak.

– Aurrekontua, justifikazioa eta banakapena.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak, eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak. Proiektuaren edukiak beste talde batzuei eta irakasleei transmititzeko aurreikuspena.

5.– Ikastetxean hezkuntza berriztatzeko proiektuan sartuta egon behar du klaustro osoak, orotara. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko.

6.– Nahiz eta ikastetxearen berrikuntza-proiektuaren iraupena, hezkuntza-mailan, ikasturte bati dagokiona baino luzeagoa izan, eskatutako dirulaguntza 2022-2023ko ikasturterako bakarrik izango da. Beraz, hurrengo ikasturteetan proiektuak ezartzeko dirulaguntzarik behar izanez gero, proiektua egiten den urteroko deialdietan eskatu beharko da.

4. artikulua.– Prestakuntza-proiektuen definizioa eta ezaugarriak.

1.– Prestakuntza-proiektuen helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren bati ekitea eta hor esku hartzea, ikasturte bakar baten barruan. Prestakuntza-proiektuek irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete ikastetxeei, eta era berean, aukera eskaintzen diete ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukirik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko.

2.– Deialdi honen xede den prestakuntza-proiektuak aintzat hartu beharko du ikastetxearen hobekuntza. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da, eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. Interesa duen ikastetxeak esteka honetako https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1219602 aplikazio informatikoan jarri beharko ditu ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak, eta ikastetxearen urteko plana erantsiko du.

Proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu:

– Diagnostikoa.

– Helburu orokorrak.

– Hartzaileak.

– Gauzatuko diren ekintzak, irakasleentzako prestakuntza-jarduerak barne.

– Aurrekontua.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak, eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.

3.– Prestakuntza-proiektuak, gutxienez, ikastetxeko 5 irakasle izan beharko ditu.

4.– Prestakuntza-proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko.

5. artikulua.– Deialdiaren zuzkidura ekonomikoa.

1.– Helburu hori lortzeko, 640.000,00 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

2.– Zuzkidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagundu daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:

a) 512.000,00 euro ikastetxearen berrikuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 102.400,00 euro Araban, 256.000,00 euro Bizkaian eta 153.600,00 euro Gipuzkoan.

b) 128.000 euro ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako (25.600,00 euro Arabarako, 64.000,00 euro Bizkairako eta 38.400,00 euro Gipuzkoarako).

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa

1.– Deialdi honen kargura, ikastetxe eskatzaile bakoitzak proiektu bakarrerako eskuratuko du finantzaketa. Nolanahi ere, 1. artikuluan jasotako modalitate bakoitzerako eskabideak aurkez ditzake ikastetxeak. Kasu horretan, honela jardungo da:

– Ikastetxe berak proiektu-modalitate bakoitzeko eskabide bat aurkezten badu, ikastetxearen berrikuntza-proiektua baloratuko da lehenik eta behin; hala, proiektu horri dirulaguntza ematen bazaio, ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua ez da sartuko balorazio-fasean, eta dagokion esleipen-prozeduratik kanpo geratuko da.

2.– Zer proiektu finantzatzeko ematen den dirua, hura garatzeko eta gauzatzeko zuzeneko gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru-zuzkidura; nahi izanez gero, gastu guztiak ordaintzeko, hala nola hizlariak kontratatzekoak eta proiektuan parte hartzen duten irakasleek haren barruko jarduerak egitekoak nahiz gelako jarduerak egitekoak. Diruz lagungarriak izango dira gastu hauek:

a) Prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera–, prestakuntzarako laguntza-material bibliografikoa eta hizlariaren lekualdatzeak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, hizlaria prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen badira. Hizlariaren lekualdatzeak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, hemen ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan: 121/2006 Dekretua, ekainaren 13koa, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko dekretua hirugarren aldiz aldatzeko dena. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.

b) Era berean, gastu gisa jar daitezke tresna digitalak eta beste mota batzuetakoak erabiltzeko beharrezko lizentzien eta curriculum-materialaren kostuak; proiektuaren garapenerako erabiliko diren gailuen gastuak ere egotz daitezke, emandako dirulaguntzaren % 50 gainditzen ez badute.

c) Ikasgelan jarduerak egiteko beharrezkoak diren askotariko materialen kostuak.

3.– Proiektuari atxikita egonda diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da diruz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31 artikuluan xedatuaren arabera, gehieneko hauekin, betiere:

– 5.000 euro, ikastetxearen berrikuntza-proiektuetarako.

– 2.000 euro, ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira.

8. artikulua.– Baztertzeak.

Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere:

a) Ikastetxearen berrikuntza-proiektuak, ez badituzte egin behar digitalizazioaren, curriculum-garapenaren edo elkarbizitza, ongizate emozional edo aniztasunaren esparruekin zerikusia duten ekintzak.

b) Ikastetxearen berrikuntza-proiektuak, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloarekin zerikusia duten gaiak lantzen badituzte, xede horretarako berariazko deialdi bat dagoelako.

c) Irakasleentzako jarduerak bakarrik garatzen dituzten eta irakaskuntza-lanaren ondorio diren ikastetxearen berrikuntza-proiektuak eta prestakuntza-proiektuak, baldin eta ikastetxeko ohiko jardunaren parte badira eta ez irakatsi eta ikasteko prozesuenak.

d) Lanbide Heziketari soilik dagozkion edozein modalitateko proiektuak.

9. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 10. artikuluan xedatuarekin bat etorriz.

2.– Honako egoeraren batean dauden ikastetxeek ezin izango dute laguntza eskatu, eta ezin izango dira erakunde onuradun izan:

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa daukatenak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

– Ikastetxe eskatzaileek ez izatea egunean dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak; betekizun hau eskatuko da bai onuradun bihurtzeko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, bat etorriz Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); kasu horretan, lehenago aipatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez duela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.

– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak badakiela zer proiektu aurkeztu den eta onartu egin duela. Deialdia ebatzi baino lehen, ikastetxe eskatzaileak onarpen-dokumentuaren kopia bat igo beharko du egoitza elektronikora, dirulaguntza onartzen duen unean.

– Aplikazioan proiektuaren datuak adierazi dituela, eskatutako modalitatea zein den.

5.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko eskatutako betekizunak bete eta mantendu egin behar dira emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

6.– Erakunde onuradunak eskubidea du kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez dituzten dokumentuak ez aurkezteko, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz administrazio jardulearen eskuetan dauden dokumentuak ez aurkezteko ere; azken kasu horretan, adierazi beharko du noiz eta zein administrazio-organori aurkeztu zizkion dokumentu horiek.

10. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldearen ardura izango da ikastetxearen berrikuntza-proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jarraraztea, eta ikasketa-buruarena haren bilakaera osoa koordinatzea, dela zuzenean, dela irakasle bat koordinatzaile izendatuta. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal izango ditu, hala kopuruari nola banaketari dagokienez, proiektuan duten funtzioarekin bateragarri egiteko; betiere, kasuan kasuko ikasketen ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia beteta eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

4.– Ikastetxearen berrikuntza-proiektua edo prestakuntza-proiektua onartuta duten ikastetxe guztiek aholkulari bat izango dute, gutxienez, Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, onetsitako proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta zuzenketak egitea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bana aurkeztu ahal izango du proiektu-modalitate bakoitzeko.

2.– Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri, eta eskatutako modalitatearen arabera, honako helbide hauetan:

Berrikuntza-proiektuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1219601

Prestakuntza-proiektuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1219602

3.– Ikastetxe eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ web-orriaren bidez egin beharko dira, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazio-izapidea ere.

4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

12. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten ikastetxeetako titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako gainerako izapideak; hain zuzen, bitarteko horiek helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –Platea– onartu zen.

3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

4.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1219601 edo https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1219602, eskatutako modalitatea zein den.

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, honako helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

13. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak kudeatuko du deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura.

14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, eta hauek osatuko dute batzorde hori:

– Sebastián Martín Moreno, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Irakasleen Ikaskuntza eta Hobekuntzarako Zerbitzuaren arduraduna, zeina batzordeburu izango baita.

– Isabel Rejado Vigalondo, Arabako Hezkuntza Berrikuntzako lurralde-arduraduna.

– Juan José Agirrezabala Mantxola, Gipuzkoako Hezkuntza Berrikuntzako lurralde-arduraduna.

– Miren Lore Arechaga Bedialauneta, Bizkaiko Hezkuntza Berrikuntzako lurralde-arduraduna.

– Birginia Pozo González, Berritzegune Nagusiko zuzendaria.

– Celia Luengo Ugidos, Irakasleen Ikaskuntza eta Hobekuntzarako Zerbitzuko teknikaria, zeina batzordeko idazkari izango baita.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Proiektuak aukeratzeko, I. eranskinean eskaerak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan. Esleipen-prozeduratik kanpo geldituko dira I. eranskinean ezarritako baremoko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletan gutxienez 19 puntu lortzen ez dituzten ikastetxearen berrikuntza-proiektuak eta ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak laguntza-zerbitzuei edo gaian aditu direnei eskatu ahal izango dizkiete ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak.

3.– Ebaluazio-batzordeak esleipen-proposamenak egingo ditu, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dizkio. Proposamen horietan, onartzeko proposatutako proiektuen zerrenda sartuko da: ikastetxearen berrikuntza-proiektuak eta ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak. Zerrendarekin batera, adierazita agertuko da horietariko bakoitzari zer dirulaguntza ematea proposatzen den. Gainera, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda sartuko da, kanpoan uzteko arrazoiak aipatuta.

4.– Lehiaketa bidezko prozeduraren bidez esleituko da lurralde historiko bakoitzeko eta diruz hornitu daitekeen proiektu mota bakoitzeko dirulaguntza. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatu eta lehentasunak finkatuko dira, I. eranskineko balorazio-baremoaren arabera. Ondoren, agindu honek ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoa esleituko zaie, artikulu honetako 1. puntuak ezartzen duen gutxieneko puntuazioa lortzen dutenen artean, puntu gehien lortu dutenei; eta, horrela, hurrenez hurren, balorazio-faseko puntuazioaren beherako hurrenkeran, ezarritako onuradunen gehieneko muga bete arte edo, hala badagokio, prozedura honi esleitutako kontsignazio ekonomikoa agortu arte. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna emango zaie baremoko 6. atalean puntuaziorik handiena duten ikastetxeetako proiektuei (I. eranskina). Berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna emango zaio baremoko 1. atalean puntuaziorik handiena duenari.

5.– Esleipen-prozedurak honako ordena hau izango du:

– Hasteko, ikastetxearen berrikuntza-proiektuak esleituko dira. Esleitutako diru-zuzkidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu nahiko aurkeztu ez direlako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino txikiagoak direlako, sobera geratzen den dirua lurralde historiko bereko prestakuntza-proiektuei bideratutako kopuruari gehituko zaio.

– Azkenik, ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak esleituko dira. Soberakinen bat gelditzen bada ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagokien lurralde-esleipenaren ondoren, gainerako lurralde historikoei esleitutako kopuruari gehituko zaio sobera geratzen den zenbatekoa, proportzioan.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak egingo du behin-behineko ebazpena, ebaluazio-batzordearen proposamena oinarritzat hartuta. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da ikastetxe onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei, behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

5.– Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da, deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzak publiko egite aldera. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

17. artikulua.– Ziurtagiriak.

Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta egiteko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jaso badu soilik, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu-mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu, berrikuntza-proiektua bada; eta 30 ordu, ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua bada. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean proiektu-deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, inoiz ez zaio irakasle berari emango 90 ordu baino gehiagoren ziurtagiririk Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako deialdien barruan egindako berrikuntza- eta prestakuntza-proiektuengatik.

18. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.

Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu helburu bererako beste ezein laguntzarekin, funts publikoetakoak nahiz pribatuetakoak izan.

19. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen betebehar espezifikoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat; horietaz gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Proiektua Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.

c) Emandako helbururako erabiltzea dirulaguntza hori, hau da, onartutako berrikuntza-proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua eta hartan jasotako jarduerak egiteko.

d) Esleitutako aholkulariarekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin lankidetzan jardutea, proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

f) Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea. Aplikazio informatikoan jarraipena egiteko ezarritako inprimaki guztiak (Excel formatuan) beteko dira.

g) Ikastetxearen berrikuntza-proiektuak edo ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak egiteko diru-zuzkidura esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin eta unibertsitateekin elkarlanean arituko dira, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak onartuko dituzte, hartara etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko.

h) Ikastetxean hezkuntza berriztatzeko eta konpetentzia digitalak sustatzeko prestakuntza-proiektua egiteko dirulaguntza jaso duten ikastetxeek hitza ematen dute hurrengo ikasturteko ikastetxearen urteko planean jasoko dutela deialdi honetan onartutako proiektuaren inplementazioa.

i) Ikastetxe onuradunek jasotako dirulaguntzen eta laguntzen berri eman beharko dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako moduan eta baldintzetan. Lege horren 5.4 artikuluak xedatutakoa baliatuz gero, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala publizitate-betebeharrak betetzeko bitarteko elektronikoa izango da.

20. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 70; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, esanbidez uko egin ezean.

b) Bigarren igorpena 2023an egingo da, hurrengo apartatuan aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

2.– 2023ko ekainaren 15a baino lehenago, proiektuaren garapenari eta ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazioko kontu erraztua aurkeztu beharko dituzte ikastetxe onuradunek, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ webgunean. Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako atariaren bidez: «Herri-Ikastetxeak/Deialdiak» (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak). Horretarako, aplikazio horretan ezarritako inprimaki guztiak osatuko dituzte (III. eranskina).

Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

Justifikazioko kontuan, jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideratze egon den aurrekontu hori oinarritzat hartuta, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

3.– Hezkuntza Sailak justifikazioko kontuan aipatuta dauden gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak aurkeztu dituzten hiru ikastetxe onuraduni (lurralde bakoitzeko lehenengo ikastetxe onuradunari, eskabidearen sarrera-ordenaren arabera) eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (Arabako lehenengo bi ikastetxe onuradunei, Bizkaiko lehen hiru ikastetxe onuradunei eta Gipuzkoako lehen hiru ikastetxe onuradunei, eskabidearen sarrera-ordenari jarraikiz), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuraduna izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

22. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikasturte amaieran, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneak txosten bat egingo du hautatutako ikastetxearen berrikuntza-proiektuaren eta ikastetxean hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen bilakaerari buruz. Txosten horiek Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari eta dagokion Hezkuntza Berrikuntzaren Lurralde Burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

2.– Proiektuen garapenean, ikasturtean zehar, gorabehera esanguratsurik gertatuz gero, zonako Berritzeguneko zuzendaritzak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari eta Lurralde Burutzari emango die horren berri, Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak behar diren neurriak har ditzan deialdi hau behar bezala betetzeko.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeei egindako bisitaldietan, kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren diruz lagundutako proiektuak, zeinak ikastetxeko urteko planean jaso behar baitira. Ez-betetzerik ikusiz gero, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

23. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari lotuta egongo dira, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede espezifikorako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea dirulaguntza eskatu zen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Oro har ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen).

2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta kudeaketa horretan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ere ezartzen dira. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Erakunde onuradunak proiektua gauzatu arren, ez-betetze partziala egin badu ez duelako justifikatu esleitutako diru-zuzkiduraren kopurua berdintzen edo gainditzen duten gastu egozgarriak egin dituela, esleitutako zuzkiduraren eta proiektuan egin diren gastuen arteko aldea ordainduko da bigarren ordainketan. Alde hori negatiboa bada, kopuru negatibo horren itzulketa abiaraziko da.

24. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: «Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak».

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpekoak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml.

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Agindu honetan araututako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala