168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 8 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3814
AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2022an Irale programan irakasle liberatuak dituzten itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntza deialdia iragartzen duena.
Hezkuntza Sailburuordetzak 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetarako aginduak argitaratuak ditu formatu elektronikoan (https://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/), eta, han, aukera ematen zaie ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko.
Horregatik, kontuan hartu dira honako lege eta dekretu hauek: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege hori garatzen duen eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hori guztia kontuan izanik, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egitea eta deialdia arautzeko oinarriak ezartzea, 2022an Irale Programako ikastaroetan, eskola-ordutegiaren barruan, aritutako irakasleen ordezkatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko.
2. artikulua.– Diruz lagundutako jarduera.
1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren ikastaroak U2, U3, 3000, 4000, 5000, R300, R400, R600 eta R900 ikastaroak dira, honako bi agindu hauen bidez deituak: Agindua, 2022ko martxoaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deitzen baitira Irale programaren 2022ko udako eta 2022-2023 ikasturteko ikastaroak eta, ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita (2022ko apirilaren 22ko EHAA); eta: Agindua, 2021eko apirilaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Irale programaren 2021eko udako eta 2021-2022 ikasturteko ikastaroetarako, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita (2021eko apirilaren 26ko EHAA).
2.– Dirulaguntzaren xede den jarduera da 2022an ikastaro horiek egingo dituzten irakasleen lanaldi-liberazioa, betiere liberazio horrek haien ordezkapena kontratatzea badakar.
3.– Ondorio horietarako, liberaziotzat hartuko da ikastaroa egiten den hilabeteetan lanik ez egitea, lan-eskubideak murriztu gabe, soldata barne; eta ikastaroa egitetzat hartuko da ikastaroaren deialdian ezarritako baldintzak betetzea.
4.– Ordezkapena, ordezko irakasleei dagokienez, 6. artikuluan ezarritakora egokituko da.
3. artikulua.– Kreditu erabilgarria eta horren banaketa.
1.– Dirulaguntzak emateko 1.433.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorren kontura.
2.– Zuzkidura hori honela banatuko da:
a) 2022ko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, zuzkidura osoaren % 70.
b) 2022ko irailetik abendura bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, zuzkidura osoaren % 30.
a) letran aurreikusitako zuzkiduran sortzen den soberakinak b) letran aurreikusitakoa handituko du.
4. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa hurrengo taulan finkatutako zenbatekoen arabera kalkulatuko da, ordezkapen-aldiaren eta emandako irakasmailaren arabera. Honako arau hauek aplikatuko dira:
a) % 80ari dagokion zutabeak erreferentziazko gutxieneko zenbatekoak finkatzen ditu.
b) % 100ari dagokion zutabeak erreferentziazko gehieneko zenbatekoak finkatzen ditu.
c) Taulako zenbatekoak irakasleko eta aldi bakoitzerako zenbateko oso bezala finkatu dira.
d) Zenbatekoa aldi osorako gehienekoa da; liberazioa edo ordezkapena aldi osoa baino txikiagoa bada, dagokion zenbateko proportzionala aplikatuko da.
e) Zenbatekoak lanaldi osoan ordezkatutako irakasle baten kasurako finkatuta daude. Ordezkatutako irakasleak lanaldi partziala badu, kalkulua dagokion proportzioan egingo da.
f) Dirulaguntzan ez dira sartzen ordezkatutako irakaslearen Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak.
(Ikus .PDF)
2.– % 80ari dagokion zutabearen arabera urtarriletik ekainera arteko gastuari dagozkion ordezkapenetarako zenbateko osoa kalkulatu ondoren, aldi horretatik kreditu erabilgarria soberan geratzen bada, irailetik abendura bitarteko hilei dagokien gastura bideratuko da, % 100ari dagokion zutabean finkatutako zenbatekoaren mugarekin.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak, baldintzak eta horien egiaztapena.
1.– Deialdi honetan parte hartu eta dirulaguntza jaso ahal izango dute hezkuntza-ituna duten ikastetxeen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta aldi berean jarraian adierazitako baldintza espezifiko eta orokorrak betetzen badituzte.
2.– Honako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 1. artikuluan aurreikusitako ikastaroa egiteko aldian hezkuntza-ituna izatea, ikasturtean onartutako irakasleek emandako irakasmaila eta irakaskuntzetarako.
b) Ikastaroan onartutako irakasleak beren lanalditik liberatu izana.
c) Onartutako irakasleen ordezkapen osoa kontratatuta izatea, lan-kategoria eta irakaskuntza-esleipen bereko irakasleekin.
3.– Erakunde eskatzaileek eta onuradunek dirulaguntzen arloari dagozkien honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betebehar horien ordainketan egunean daudela ulertuko da zorrak geroratuta edo zatikatuta daudenean eta geroratzearen edo zatikatzearen ondoriozko obligazioetan egunean daudenean.
b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik sortutakoak barne.
c) Berdintasun-plana indarrean izatea, erakundea horretara behartuta badago, Estatuaren araudiaren arabera.
d) 50 langile baino gehiago dituzten erakundeen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak.
4.– Nolanahi ere, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.
5.– Deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du aurreko 2. apartatuko a) letran jasotako baldintza espezifikoa eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko baldintza orokorrak betetzen direla, salbu eta erakundeak horretarako baimenik ematen ez badu; kasu horretan, organo eskudunek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzen dutenak.
6.– Aurreko 2. apartatuko b) eta c) letretan jasotako betekizun espezifikoak betetzen direla honela egiaztatuko da:
a) Deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bukatuta dauden liberazioak eta ordezkapenak eskabidearekin batera egiaztatuko dira, ordezkoaren kontratuaren kopia erantsita.
b) Deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bukatu ez diren liberazioak eta ordezkapenak 14. artikuluan xedatutako moduan egiaztatuko dira.
7.– Aurreko 3. apartatuko b), c), d) eta d) letretan jasotako betekizun orokorrak eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
6. artikulua.– Ordezko irakasleak.
Ordezko irakasleak kontratatzeko, arau hauek bete beharko dira:
a) Kontratazioa legedi eta hitzarmen kolektibo aplikagarriaren araberakoa izango da.
b) Ordezko irakasleek irakaskuntzak emateko baldintzak bete behar dituzte, eta ordezkatutako irakasleen lan-kategoria eta irakaskuntza-esleipen berarekin egin behar dute.
c) Irakasle liberatu bakoitzaren ordezkapena irakasle batekin edo batzuekin egin ahal izango da, baina ordezkapenaren indarraldia ez da ikastaroa egiteko aldia baino luzeagoa izango eta, ondorioz, ezta liberazio-aldia baino luzeagoa ere.
d) Ordezkapena bitarteko kontratu bidez egingo da, erlijioko irakasleak ordezkatzeko edo ondorengo kasu hauetarako izan ezik, kasu horietan ordezkapena plantillako langile mugagabeekin egin ahal izango baita:
– Ordezkapena dagokion ikasturtean ikastetxeko gela-kopurua murriztu denean aurreko ikasturtearekiko, baina irakasle kopurua mantendu.
– Ikastetxeak, ordezkapena egiteko, ikastetxeko irakasleen lanaldi partziala handiagotzen duenean.
7. artikulua.– Deialdiaren instrukzio-organoa eta dirulaguntzen kudeatzailea.
Hezkuntza Saileko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi hau bideratzea eta emandako dirulaguntzak kudeatzea.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.
1.– Eskabidea ikastetxeko pertsona fisiko edo juridiko titularrak aurkeztuko du, elektronikoki, hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabidea egiteko informazioa eta ondorengo izapideetarako sarbidea eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, horren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2022/irale-pribatuak/web01-tramite/eu
Eskabide bakarra beteko da ikastetxeko titular bakoitzeko, eta bertan ikastetxean ordezkapenaren xede diren irakasleak eta horien ordezko irakasleak zerrendatuko dira.
3.– Eskabidean, baimena eman ahal izango da kudeaketa-zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak eskuratzeko.
Baimenik eman ezean, betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak erantsi beharko dira.
4.– Eskabidearekin batera, 5. artikuluko 6. apartatuan jasotako egiaztagiriak aurkeztuko dira.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen du, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, eta, hala bada, laguntza eman duen erakundearen zenbatekoa eta izena adieraztea.
b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta.
c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako ezein egoeratan ez dagoela.
6.– Eskabidearen ondorengo izapideak (sarbidea, izapidetzea eta jarraipena) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko «nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
9. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik bete edo eskatutako dokumentazioren bat ez badago erantsita, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.
2.– errekerimendua elektronikoki jakinaraziko da, eskatzailearen «nire karpeta» atalaren bidez.Zuzendaritza kudeatzaileak jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango ditu eskabidean horretarako adierazitako posta edo gailu elektronikora, baina jakinarazpen horrek ez du jakinarazpen-ondoriorik izango.
10. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Deialdi honen 3. artikuluko 2. atalean jasotako kreditua banatzeko bi zuzkiduretako bakoitzean, baldintzak betetzen dituzten dirulaguntza eskaera guztiak emango dira zuzkidura agortu arte, Hezkuntza sailburuaren 2022ko martxoaren 30eko Aginduaren 14. artikuluan ezarritako lehentasun-irizpideei jarraiki. Agindu horren bidez, Irale programako prestakuntza-ikastaroetarako deialdia egiten da 2022ko udan, eta 2022-2023 ikasturterako.
2.– Zuzendaritza instrukzio-egileak aplikatuko ditu irizpideak, eta zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena onartuko du. Proposamen hori elektronikoki jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.
3.– Proposamenak 3.2 artikuluak kreditua banatzen duen zuzkidura bakoitzerako egingo dira; honako hauek bereiziko dira:
a) Baldintzak ez betetzeagatik onartu ez diren eskaerak. Ondorio horietarako, eskatutako ordezkapenen zati bati edo guztiei buruzkoa izan daiteke ez onartzea, eta ebazpenean adieraziko da bete ez den betekizuna.
b) Emandako eta ukatutako dirulaguntzak, baldintzak betetzen dituztenen artean. Emandakoetan irakasle ordezkatua eta ordezkoa edo ordezkoak adieraziko dira, eta baita emandako zenbatekoa ere; ukatutakoetan ukatzeko arrazoia adieraziko da.
4.– Erreklamazioak aurkezteko epea igarotakoan eta aurkeztutakoak aztertu ondoren, zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena helaraziko dio sailburuordeari.
11. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Hezkuntzako sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea, ez onartzeko, emateko eta ukatzeko ebazpenen bidez. Ebazpen horietan, zuzendaritza instrukzio-egileak onartutako behin betiko proposamena jasoko da.
2.– Prozeduraren ebazpena honako egutegi honen araberakoa izango da:
a) 2022ko urriaren 31 baino lehen, 2022ko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen ordezkapenei dagozkien dirulaguntzak.
b) 2022ko abenduaren 31 baino lehen, 2022ko irailetik abendura bitarteko liberazioei dagozkien ordezkapenei dagozkien dirulaguntzak.
3.– Ebazpen horiek elektronikoki jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, eta, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari.
Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Gardentasunaren ondorioetarako, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
12. artikulua.– Dirulaguntza jaso duten erakundeen betebeharrak.
Hauek dira dirulaguntzen erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta 15 eguneko epean idatziz uko egiten ez bazaio, onartu egin dela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Deialdi honetan irakasleak liberatzeari eta ordezkatzeari buruz ezarritakoa betetzea, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren gainerako baldintzak ere.
d) Jarduera eta gastua bete direla justifikatzea, 14. artikuluan adierazitakoaren arabera.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.
f) Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, betiere gain finantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso direla jakinarazi beharko da. Gain finantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
14. artikulua.– Diruz lagundutako jarduera bete izanaren eta egindako gastuaren justifikazioa.
Jarduera bete izanaren eta egindako gastuaren justifikazioa honela egingo da:
a) 2022ko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, dirulaguntza eskaerari ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsita.
b) 2022ko irailetik abendura bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkeztuz, ikasturtea hasi eta hilabeteko epean.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Ordezkatutako irakaslearen liberazio-aldia amaitu ondoren ordainduko dira dirulaguntzak, betiere ordezkapena eta gastua aurreko artikuluan adierazitako moduan justifikatu badira.
16. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira – besteak beste, ordezkatutako irakasleen Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak eta ezarritako mugak urratuz beste laguntza edo dirulaguntza batzuk aldi berean lortzea –, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
17. artikulua.– Ez betetzea, ordaintzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.
1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, aitortzeko prozedura egin ondoren, galdu egingo da emandako dirulaguntza ordaintzeko eta ordaindutakoa itzultzeko eskubidea, bai eta dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea erabakitzen den egunera arteko berandutze-interesak ere. Horretarako, Hezkuntza Sailak dagozkion egiaztapenak egiteko ahalmena izango du.
2.– Ordainketarako eskubidea galdu dela edo ordaindutakoa itzuli behar dela deklaratzen denean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak.
Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Ikaskuntza eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak:
Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik aurrera izango du eragina.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aurkaratzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.