167. zk., 2022ko abuztuaren 31, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (442 KB - 25 orri.)
- EPUB (515 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3789
AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programarako 2022-2023ko ikasturteko dirulaguntzen deialdia egiten baita.
Hezkuntza Saila ekimen multzo bat bultzatzen ari da derrigorrezko hezkuntzan eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten konpetentzia hobetu dezaten.
Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Sailak Erasmus + Europako programak finantzatzen parte hartzen du; Lanbide Heziketako praktikak egiteko dira programa horiek, eta, haien bidez, ikasleei aukera ematen zaie praktiken bidezko prestakuntza jasotzeko Europar Batasuneko herrialdeetan. Horretaz gainera, heziketa-moduluak atzerriko hizkuntzetan egitea ere eskaintzen du.
Bestalde, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak eleaniztasunaren alde egiten du nabarmen, Lanbide Heziketaren Euskal Sistema nazioartekotzeko estrategiari jarraituz. Estrategia hori lehendik ere garatzen ari zen, eta indartu egin da V. Planarekin. Eleaniztasuna jorratzen da, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 28. artikuluan.
Hizkuntzak giltzarri dira ikasleen enplegagarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko, enpresek merkatu global batean jardutea eskatzen dutenez gero.
Azkenik, Europako Batzordeak azpimarratu egiten du oso garrantzitsua dela hizkuntzak ikastea eta herritar guztien hizkuntza-gaitasunak, batik bat prestakuntza jasotzen ari direnen gazteenak, hobetzen lagunduko duten sistemak sendotzea, dimentsio europarra, enplegagarritasuna eta mugikortasuna sendotzen laguntzeko.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA: OINARRI OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programarako 2022-2023ko ikasturteko dirulaguntzen deialdia egiten da.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– 100.000 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
2.– Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa hau izango da: 50 euro modalitate presentzialean sortu den talde baimendu bakoitzaren irakastorduko. Modalitate ez-presentzialean (online) sortu den talde baimendu bakoitzaren zenbatekoa 4 eurokoa izango da irakastorduko eta ikasleko. Modalitate mistoan sortu den talde baimendu bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 5 eurokoa izango da irakastorduko eta ikasleko.
Deialdiaren xedeetarako, talde baimendua izango da Agindu honetan ezarri diren dirulaguntzak jasotzeko baldintzak edo betekizunak betetzen dituena.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak. Ikastetxe eskatzaileak beti bete beharko ditu honako hauetan xedatutako baldintzak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean 13. artikulua eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, laguntzon onuradun izateko indarrean dagoen araudia denez.
2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez.
Hori horrela, 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza-eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena emango dio dirulaguntza ematen duen organoari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan xedatzen direnak egiazta ditzan. Hori bai, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, baina, orduan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatzen den egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Edozein ordainketa egin baino lehen, ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta, Gizarte Segurantzari nahiz dirulaguntzak itzultzeko prozedurei loturikoak beteta dituztela egiaztatuko da.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
3.– Entitate onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek eta zuzenbide pribatuko ente publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4.– Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten duen zigor- edo administrazio-arloko zehapenak dituztenek, ez eta sexu-diskriminazioa dela-eta zigor- edo administrazio-arloko zehapenak dituztenek ere (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).
Derrigortasun-kasuetan, berdintasun-plan bat indarrean izatea eta/edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan.
Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du sexuan oinarritutako bereizkeriarik eragin.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.
1.– Diruz lagunduko da Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntzako ikastaroak ematea, baldin eta 2022-2023ko ikasturtean ikastetxean bertan matrikulatuta badaude. Jarduera hori irakastorduez kanpo gauzatuko da, eta gutxienez 60 ordu eta gehienez 100 ordu iraungo du irakaskuntza-modalitate presentzialean, ez-presentzialean (online) edo mistoan (ikastaroaren orduen % 20 gutxienez modalitate presentzialean). Ikastaroa modu presentzial, ez-presentzialean (online) edo mistoan eskain daiteke, haietako edozein aldaeratan, eta astean gutxienez 2 ordukoa eta gehienez 8koa izango da, 2022-2023ko ikasturtean.
2.– Ikastetxeko berezko irakasleek edo % 100era arte azpikontratatutakoek eman ditzakete klaseak. Irakasleek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea den hizkuntza-gaitasunaren agiria izan beharko dute gutxienez. Ikastetxeko Zuzendaritza arduratuko da betekizun hori betetzen dela bermatzeaz.
3.– Ikastaro horietan hizkuntza ikuspegi praktikotik landuko da, batetik, Lanbide Heziketako tituludunen lan-egoeren eguneroko erabilerei lotuta, eta, bestetik, taldeko ikasleek ikasten duten lanbide-arloei lotutako erabilera teknikoei lotuta. Ahozko trebetasunen komunikazio-gaitasuna landuko da bereziki, elkarrizketa-praktika eta banakako eta taldeko ahozko azalpenak sustatuko dira eta eguneroko lanean multimedia-baliabideak erabiliko dira. Horiek guztiak modalitate presentzialean zein ez-presentzialean (online) egin ahalko dira. Ikastetxeak erabakiko du.
4.– Nominen edo fakturen bidez justifikatu beharreko ikastaroen gastuek bakarrik jaso dezakete laguntza. Era berean, multimedia-materialak ere diruz lagunduko dira, hala nola erabilera-lizentziak eta softwareak, bai irakaskuntza modalitate telematikoan irakastekoak, bai aldiberekotasun-baldintza bete gabe ikastekoak, hau da, ikasleek bakarka ikasteko multimedia-programen lizentziak edo baliabide informatikoak.
Azpikontratazioa Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da. Enpresa kontratatuak entitate onuradunaren mende soilik egongo dira, eta horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean. Idatziz egingo da entitate onuradunaren eta kontratisten arteko kontratua. Kontratistak, betiere, antzeko arloetan egiaztatutako prestakuntza-esperientzia izan beharko du.
5.– Irakasleak ikastetxekoak badira, atzerriko hizkuntza indartzeko programa emango duen irakasleen soldata-kostua ez du estaliko hezkuntza-itunetatik eratorritako ordainketa eskuordetuak.
6.– Honela kontrolatuko da bertaratzea:
6.1.– Ordu presentzialak: sinaduren kontrol-orrien bidez (3. eranskina).
6.2.– Ordu ez-presentzialak (online): ebidentzia-mota hauek jaso beharko dira:
a) prestakuntza-saio bakoitzaren pantaila-argazkia, parte-hartzaileak bertaratu direla adierazten duena. (Ordu sinkronoak).
b) Saio ez-presentzialen (online) plangintza eta pertsona bakoitzak saio bakoitzean duen bertaratzea jasotzen dituen klase-emailearen adierazpena. (Ordu sinkronoak 4. eranskinean). (Ordu asinkronoak 4.2 eranskinean).
c) Erabilitako plataformak sortzen dituen konexioen erregistro eraginkor eta sinesgarria. Erregistro horrek pertsonak, datak eta konexio-denborak identifikatuko ditu. (*Ordu sinkronoak eta asinkronoak).
*Sinkronoak: ikastaroan parte hartzen dutenek aldi berean gauzatzen dute ikaskuntza-prozesua. Asinkronoetan edozein unetan ematen da.
5. artikulua.– Programan parte har dezaketen ikasleak.
Edozein heziketa-ziklotako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek parte har dezakete atzerriko hizkuntza indartzeko programan.
6. artikulua.– Izena ematea, ikasleak hautatzeko metodoa eta eskoletara joatea.
1.– Matrikula boluntario eta doakoa eskainiko da atzerriko hizkuntzako ikastaroetan, eta nahitaezkoa izango da gutxieneko bertaratzea betetzea (orduen % 80), modalitate bakoitzean.
2.– Ikastetxe batek jaso dituen eskabideak eskaini ditzakeen plazak baino gehiago badira, berdintasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioetan oinarrituko da hautaketa-metodoa. Erabiliko den hautaketa-metodoa 2. eranskinean adierazita dago.
7. artikulua.– Taldeak eratzea.
1.– Modalitate presentzialean, hizkuntza bakoitzeko taldean gutxienez 8 ikasle egongo dira, eta gehienez 20. Modalitate ez-presentzialean (online), ez da egongo gutxieneko eta gehieneko ikasle-kopururik.
2.– Hizkuntza bakoitzean taldeak eratuko dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan (HEEEB) ezarritako mailak kontuan hartuta: A2, B1.1, B1.2 eta B2. Ikastetxe batek maila berean interesa duten 20 ikasle baino gehiago balitu, maila horretako bi talde egin ahal izango ditu.
8. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroen ebaluazioa.
Ikasturte-hasieran, ikasleei proba bat egingo zaie, matrikulatu diren mailaren arabera. Klaseak amaitzean, azken azterketa bat egin beharko dute ikastetxeek.
Era berean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak emango duen gogobetetasun-inkesta bat egin beharko dute.
9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten entitate publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.
10. artikulua.– Datu pertsonalak.
Agindu hau aplikatzean jasotako datu pertsonalak 3/2018 Lege Organikoan (abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa) eta aplika daitezkeen gainerako arauetan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuen babesari buruzko informazioa helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/dbao/0097511
Zure datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.
Arduraduna: teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileentzako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: datuak irispidean izan, zuzendu eta ezerezteko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrialdean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
II. KAPITULUA
ESKAERAK ETA EMATEKO PROZEDURA
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskabidea egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.
3.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskabidea egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskaera egiten duten ikastetxeek agindu honetako eranskinak baino ez dituzte erabiliko dokumentazioa aurkezteko, eta behar bezala beteko dituzte.
a) Eskabide-inprimakia (1. eranskina).
b) Prestakuntza-jardueraren fitxa (2. eranskina) proposatzen den talde bakoitzeko.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
14. artikulua.– Aurkezpen eta izapidetze elektronikoa.
1.– Entitate interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
Eskabideak izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097511
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, 21/2012 Dekretuak (otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa) eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.
3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkariak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen erregistroa elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Hirugarrenen alta bide elektronikoz izapidetu ahal izango da (hala egin beharko dute izapidetze elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek), egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako dirulaguntzen organo kudeatzailea.
16. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Eman beharreko guztizko zenbatekoak agindu honen 2.1 artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura gainditzen badu, honela jokatuko da:
a) Ikastetxe eskatzaile bakoitzari talde bat emango zaio. Ikastetxeak talde bat baino gehiago eskatu badu, guztira ordu-kopuru txikieneko iraupena duena aukeratuko da.
b) Hala ere, deialdiko aurrekontu-zuzkidura gainditzen bada, talde bat emango da ikastetxe bakoitzeko, 60 ordu gutxienez guztientzat.
c) Aurrekontuaren zenbatekoa ikastetxe eskatzaile bakoitzeko 60 orduko talde bat betetzeko nahikoa ez bada oraindik, irakastordu bakoitzeko prezioa murriztuko da, deialdiaren zuzkidurara egokitu arte.
d) Aurreko a) apartatuan aurreikusitakoaren arabera ikastetxe eskatzaile bakoitzari talde bat eman ondoren talde gehiago finantzatu ahal badira, eskolak ematea aurreikusi duten ikasleen guztizko kopuruaren arabera ordenatuko dira ikastetxeak, handienetik txikienera, eta beste talde bat esleituko zaie ikastetxeei, ikastetxe bakoitzeko bigarren taldea agortu arte.
e) Aurreko d) apartatua aplikatu ondoren aurrekontua geratzen bada erabilgarri, apartatu honetan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da, zuzkidura agortu arte.
17. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Aurkeztu diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira. Hori ebazteko ardura izango du Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak.
2.– Ebazpen hori argitara emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenetan honako hauek ere jasoko dira: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta baztertu eta prozeduratik kanpo geratu direnen zerrenda; emandakoen kasuan, zenbatekoak adierazi beharko dira, eta, baztertu eta prozeduratik kanpo geratu direnen kasuan, horretarako arrazoiak zeintzuk izan diren.
3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
4.– Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskabidea ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
6.– Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
III. KAPITULUA:
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza bi epetan ordainduko da. Lehena, emandako laguntza osoaren % 80, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Dirulaguntzaren zenbatekoaren gainerako % 20a hizkuntza-ikastaroak amaitu eta ikastetxeko zuzendaritzak behar bezala egin direla egiaztatu ondoren ordainduko da, justifikazioa 20. artikuluan zehazten diren epe eta baldintzetan aurkezten bada.
Hirugarrenen alta bide elektronikoz izapidetu ahal izango da (hala egin beharko dute izapidetze elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek), egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https:/www.euskadi.eus/hirugarrenak
19. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, entitate onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
2.– 2022-2023ko ikasturterako Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako heziketa-jarduerak.
3.– Agindu honen 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. artikuluetako baldintzak betetzen direla ikuskatzea.
4.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.
5.– Gutxienez 5 urtean artxibatzea 4.6 artikuluan aipatutako dokumentuak eta gastuen jatorrizko frogagiriak, erakunde eskudunek egiaztatze- eta kontrol-lanak egin ahal izan ditzaten.
6.– Dirulaguntza, eman den xederako erabiltzea.
7.– Ikastaroetako saio bakoitza amaitzean, bertaratze metatuko balantze partziala egitea erabaki zuzenak hartu ahal izateko, deialdiaren 22. artikuluak xedatzen duenaren arabera –artikulu hori dirulaguntzaren baldintzak aldatzeari buruzkoa da–.
8.– Ikastaro osoa egitea dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu den talde bakoitzeko irakastorduen kopuruarekin eta banaketarekin.
9.– Bertaratzea kontrolatzea 4.6 artikuluan aipatutako dokumentuen bidez. Ikasleak bertaratu direla egiaztatuko dute, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenik egin behar denerako.
10.– Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada justifikatu gabe, ikastetxeko zuzendariak, tutoreak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du https://www.euskadi.eus/nire-karpeta helbidearen bidez.
11.– Dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzea eskatzea 22. artikuluan zehazten diren kasuetan.
12.– Dirulaguntza itzultzea 23. artikuluan zehazten diren kasuetan.
13.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, dirulaguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.
14.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betekizunak betetzea, Agindu honen xedeko programen finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematearena barne. Horrenbestez, ikastetxe onuradunak ikasleei eta familiei jakinaraziko die programa diruz laguntzen duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.
15.– Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari dirulaguntza ematean kontuan izandako edozein baldintzaren aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzea.
20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, 2023ko ekainaren 30a baino lehen, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez, DLOren 30. artikuluari jarraikiz:
a) Parte-hartzeari eta hasierako eta amaierako azterketaren emaitzei buruzko akta (5. eranskina).
b) Memoria ekonomikoa, 6. eranskineko inprimakiaren araberakoa.
c) Ikastaroak eman dituzten pertsonen nominen kopiak, bai eta eskatutako eta dirulaguntza-deialdi honen ebazpenaren bidez baimendutako gastuen fakturen kopiak ere. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak «laginketa-teknikak» erabiliko ditu dirulaguntzaren aplikazio egokiaren ebidentzia nahikoa emango duten frogagiriak egiaztatzeko. Horretarako, onuradunari eska diezaioke aurkeztu ez dituen jatorrizko frogagiriak aurkezteko.
d) Baldin eta zenbait gastu lotuta badaude ikastaroa modalitate telematikoan ematearekin eta multimedia-lizentziekin, gastuok egiaztatzeko fakturen kopiak aurkeztu beharko dira (talde bakoitzeko onartutako kostuaren % 20, gehienez).
2.– Artikulu honen aurreko apartatuan adierazitako justifikazio-aldia baino lehen ordaindu diren nominak edo fakturak bakarrik onartuko dira egindako gastu gisa.
3.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioak barne, bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https//www.euskadi.eus/nirekarpeta
21. artikulua.– Jarraipena.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako heziketa-jarduerei, Hezkuntzako Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.
2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako heziketa-jardueren garapenean, kasuan kasuko Ikuskaritzako Buruzagitzak egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, Agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 artikuluarekin eta 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduaren 64. artikuluarekin bat, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatuko da aldi berean beste ekarpen batzuk jaso badira, bai eta kasu hauetan ere:
a) Modalitate presentzialerako:
Orduen % 80ko gutxieneko bertaratzea gainditu duten ikasleen kopurua talde bakoitzeko 6 ikasle baino gutxiagokoa eta 3 ikasle baino gehiagokoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, bertaratze-ehunekoarekin bat etor dadin.
Saio bakoitza amaitzean, bertaratzearen balantze partziala egin beharko da. Ikastaroaren ordu-kopuru osoaren % 80ko gutxieneko bertaratzea gainditu ahal izango duten ikasleen kopurua 3 edo gutxiago bada saioetako batean, ikastetxeko zuzendariak gainerako orduak emateari uzteko aginduko du berehala, eta horren berri eman beharko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez. Kasu horretan, gehienez, ordura arte emandako orduak ordainduko dira.
Modalitate ez-presentzialerako (online) edo mistorako:
Ikasleren batek ezin izan badu % 80ko gutxieneko bertaratzea bete, ikastetxeko zuzendariak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez. Kasu horietan, ordura arte emandako irakastorduak baino ez dira ordainduko.
b) Irakastorduak ez badira 19.8 artikuluan ezarritakoak adina, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da benetan eman diren irakastorduen arabera, betiere 4.1 artikuluan talde bakoitzarentzat ezarritako gutxieneko 60 irakastorduak eman badira.
2.– Horretarako, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du; eman diren zenbatekoak gutxituko dira, eta entitate onuradunak sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, betiere emandako gutxieneko 60 orduen muga errespetatuta.
Horretarako, kontrola egin beharko da 4.6 artikuluan aipatutako dokumentuen bidez. Ikasleak bertaratu direla egiaztatuko dute, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenak egin behar direnerako. Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada, justifikatu gabe, ikastetxeko zuzendariak, tutoreak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du https://www.euskadi.eus/nirekarpeta webgunearen bidez.
23. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:
a) Jarduerak irauten duen bitartean ez betetzea bertaratzearen edo emandako irakastorduen gutxieneko ehunekoak; horrelakoetan, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu ahalko da, 22. artikuluaren arabera. Horretarako, onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, diruz lagundutako jarduketa bete gabetzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza egokituko, aipatutako puntuan ezarritakoari jarraikiz.
b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako itzulketa-kausaren bat gertatzea.
e) Aldi berean entitate publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.
2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, honako xedapen hauei jarraituko zaie: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluari (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluari (698/1991 Dekretua, EAEko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz; horrez gain, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.