147. zk., 2022ko abuztuaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3480
AGINDUA, 2022ko uztailaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, Leioako udalerrian (Bizkaia) dagoen «St. George’s British International School» atzerriko ikastetxe pribatuaren jardunaren jarraipenari baimena emateko dena.
«Sociedad Mercantil Colegio San Jorge, S.L.» erakundearen ordezkariak aurkeztutako eskaera aztertu da, zeinaren bidez Leioako udalerrian (Bizkaia) atzerriko ikastetxe pribatuak aldi batez jarraitzeko baimena eskatzen den.
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.
Arau hauek ikusi dira: uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Heziketarako eskubidea arautzen duena (uztailaren 4ko BOE); otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak (martxoaren 12ko BOE) aldatzen duen maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretua, Espainian dauden atzerriko ikastetxeen erregimenari buruzkoa (ekainaren 23ko BOE); 2012ko martxoaren 12ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturari buruzko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakasgaiak ezartzen eta arautzen dituena (apirilaren 20ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoa den indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau:
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematen zaio Leioako udalerriko (Bizkaia) «St. George’s British International School» Atzerriko ikastetxe Pribatuari Hezkuntza Sistema Britainiarreko Irakaskuntzak ematen jarraitzeko.
Honako hau izango da ikastetxearen egitura:
Kode-zenbakia: 015852 eta 48019481
Izen generikoa: Atzerriko Ikastetxe Pribatua
Izen espezifikoa: «St. George’s British International School»
Titularra: Sociedad Mercantil Colegio San Jorge S.L.
Helbidea: Artazagane kalea, 51
Udalerria: Leioa
Lurralde Historikoa: Bizkaia
Honako hauek dira ikastetxean emango diren britainiar hezkuntza-sistemako irakaskuntzak:
Pre-Nursery-tik Year 7-ra, 240 ikaspostuko edukiera.
Year 8 eta Year 9, 50 ikaspostuko edukiera.
Year 10 eta Year 11, 50 ikaspostuko edukiera.
2. artikulua.– British Councilek emandako txostenaren arabera, emandako baimenak 2025eko maiatzaren 24ra arte izango du balioa, Pre-Nurserytik Year 7ra dauden irakaskuntzei dagokienez. Data horretatik aurrera, baimena Britainiar Enbaxadako zerbitzuen ikuskaritza berri baten menpe egongo da.
3. artikulua.– British Councilek emandako txostenaren arabera, emandako baimenak 2024ko abenduaren 31ra arte izango du balioa, Year 8 eta Year 9 irakaskuntzei dagokienez. Data horretatik aurrera, baimena Britainiar Enbaxadako zerbitzuen ikuskaritza berri baten menpe egongo da.
4. artikulua.– Britainiar Bigarren Hezkuntzako Year 10 eta Year 11 irakasteko baimena ematen da. Year 11 hurrengo 2023-2024 ikasturtean hasiko da. British Councilek egindako txostenaren arabera, irakaskuntza honek 2026ko maiatzaren 31ra arteko balioa izango du. Data horretatik aurrera, baimena Britainiar Enbaxadako zerbitzuen ikuskaritza berri baten menpe egongo da.
5. artikulua.– Ikastetxeak baimendutako irakaskuntzak Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakaskuntzekin osatu beharko ditu, 2012ko martxoaren 12ko Aginduan ezarritakoaren arabera (2012ko apirilaren 20ko EHAA).
6. artikulua.– Ikastetxeak NBE CPI/96 Eraikuntzako Oinarrizko Araua bete beharko du, suteen aurka babesteko eraikinek bete beharreko baldintzei buruzkoa (urriaren 4ko 2177/1996 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere.
7. artikulua.– Indarrean dauden legeak betetzera beharturik gelditzen da ikastetxea, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.
8. artikulua.– Agindu honen bidez emandako baimena Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek 2022-2023 ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 8a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.