147. zk., 2022ko abuztuaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (270 KB - 28 orri.)
- EPUB (406 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
INDARGABETUTAKO XEDAPENA
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3472
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 7koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondokoaren eta Etengabeko prestakuntzaren arloko errektoreordearena, berezko tituluetako 2022-2023 ikasturteko jardunbidea, Graduondoko Batzordeak eta Graduko Batzordeak onartua, argitaratzeko dena.
UPV/EHUko Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuek (2011-02-24ko EHAA, 2011038 zk.), 86. artikuluan diote Gobernu Kontseiluak arautuko dituela unibertsitateko berezko ikasketak, ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.
Berezko tituluen arautegi bateratuan (Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7an onartua), xedapen gehigarrietatik lehenengoan, ahalmena ematen zaio UPV/EHUko batzorde eskudunari arau hori garatzeko eta arau osagarriak emateko.
Graduondoko Batzordeak, 2022ko uztailaren 1ean eta Graduko Batzordeak, 2022ko ekainaren 30ean egindako bileretan, 2022-2023 ikasturtean berezko tituluen arloan ezarriko diren prozedura arauak onartu zituzten.
2004ko martxoaren 12an, EHAAn, otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, argitaratu zen eta lege horretako 9.2 artikuluan honakoa dago jasota:
«Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.»
Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 9.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honakoa
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berezko Tituluei buruzko 2022-2023 ikasturteko jardunbidea, ebazpen honetako eranskinean jasotako eran.
Leioa, 2022ko uztailaren 7a.
Errektorea.
EE (2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpena, errektorearena; 2021eko otsailaren 12ko EHAA)
Graduondoko eta Etengabeko prestakuntzaren arloko errektoreordea,
MONTSERRAT MARITXALAR ANGLADA.
ERANSKINA
BEREZKO IKASKETEN ARLORAKO PROZEDURA ARAUAK, GRADUKO ETA GRADUONDO BATZORDEEK ONARTUAK - 2022-2023 IKASTURTEA
I. TITULUA
BEREZKO TITULUAK
I. KAPITULUA
IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA
1. artikulua.– Ikasleak.
UPV/EHUk eskaintzen duen berezko tituluren bat egin nahi izanez gero, egin nahi den titulu edo tituluak egin ahal izateko izenemate orria bete beharko da. Kasuan kasu eskatuko den dokumentazioa, egin nahi den berezko titulua eskaintzen duen sail, institutu edo ikastegietako idazkaritzetan aurkeztuko da.
2. artikulua.– Ikasleak onartzeko baldintzak.
1.– Berezko titulu bakoitzerako baldintza zehatzak ezarri ahal izango badira ere, ikasleek Gobernu Kontseiluak onartutako Berezko Tituluei buruzko Arautegiko II. tituluan (2018-06-07an Gobernu Kontseiluak onartua) zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
2.– Atzerriko titulua daukaten ikasleak.
Atzerriko titulua daukaten ikasleek ez dute titulua homologatu behar berezko tituluetara sartzeko.
Ikasle horiek honako prozedura bete beharko dute:
Ikasleak, izena ematean, sarrera eskaria aurkeztuko dio kasuan kasuko titulazioko batzorde akademikoari, ondoren aipatu eta gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko diren agiriekin batera (frantsesez, ingelesez, italieraz edo portugesez daudenean izan ezik):
a) titulu ofiziala: Graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria.
b) egindako irakasgaien ziurtagiria, izena, iraupena eta lortutako kalifikazioa zehaztuta.
Itzulpenik behar izanez gero, honako eraren batean egin daiteke:
a) Estatu espainiarrak atzerrian daukan edozein ordezkaritza diplomatikok edo kontsuletxek egindako itzulpena.
b) Eskatzailearen herrialdeak edo dokumentua egin duen herrialdeak Espainian daukan ordezkaritza diplomatikoak edo kontsuletxeak egindako itzulpena.
c) Zinpeko itzulpena, Espainian behar bezala baimenduta edo erregistratuta dagoen pertsonak egina.
Izena emateko prozesuaren barruan, berezko tituluko zuzendari akademikoak ikaslearen espedientea eta aurkeztutako tituluaren egokitasunari buruzko txostena igorriko dio graduko edo graduondoko batzordeari. Horiek aztertu ondoren, azpibatzorde eskudunak erabakiaren berri emango dio titulazioko batzorde akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.
Onartuta egonda matrikula egin dutenei UPV/EHUko errektoreak egindako baimena emango zaie.
3.– Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak.
Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak unibertsitate espezializazioko eta aditu tituluetara sartzeko eskaria graduondoko batzordeak eman behar du ontzat titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamena kontuan hartuta. Prozedura honakoa da:
Ikasleak, izena ematerakoan, sarrera eskaria (II. eranskina) aurkeztuko dio titulazioko batzorde akademikoari honako dokumentazioarekin batera:
a) Unibertsitatera sartzeko titulua edo unibertsitaterako sarrera egiaztatuko duen dokumentazioa. Tituluaren edo dokumentazio egiaztagarriaren fotokopia konpultsatua edo fotokopia eta originala, berori parekatzeko, edo berau eskatu izanaren gordekina.
b) Curriculum vitae, beharrezko agiriekin batera. Gizarte Segurantzak ematen duen lan bizitzaren agiria ere nahitaez aurkeztu beharko da.
Hautaketa prozesua behin bukatuta, titulazioko batzorde akademikoak txostena egingo du titulazioa egokia den edo ez azalduz, eta txostena eta aipatutako agiriak graduondoko batzordeari bidaliko dizkio. Horiek aztertu ondoren, batzorde eskudunak erabakiaren berri emango dio titulazioko batzorde akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.
3. artikulua.– Ikasleak hautatzea eta onartzea.
1.– Berezko titulu baten matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Hautaketa irizpideek kasu guztietan errespetatuko dituzte lehen adierazitako baldintzak, eta, betiere, irizpide horiek irakaskuntza proposamenean ezarritakoak izango dira.
Ikasleen eskariak ez badira heltzen titulua irakasteko proposamenean jasotako gutxieneko ikasle kopurura, beharrezkoa izango da batzorde eskudunaren baimena titulua eman ahal izateko. Hori dela eta, matrikula egin baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Ezin izango da matrikula prozesua hasi, inolaz ere, batzorde eskudunaren baimena izan gabe.
2.– Ikasleak hautatu ondoren, zuzendari akademikoak gestio hauek egin beharko ditu:
a) Ikasleari bere egoeraren berri ematea (onartuta, itxaron zerrendan edo kanporatuta dagoen). Onartutako ikasleek, edozelan ere, berretsi egin beharko dute onarpena.
b) Ikasle ez onartuei jakinarazi egin beharko die zein errekurtso mota aurkez dezaketen erabaki horren kontra, horretarako aukerarik egonez gero.
c) Onartutako ikasleari matrikula egiteko dataren berri eman.
d) Berezko Ikasketen Atalari matrikula epearen berri ematea, epe hori hasi baino gutxien dela 5 egun lehenago eman ere. Jakinarazpenean jasota ageri beharko da zein egunetan hasiko den matrikula, baldin eta proposamenean zehaztutako data aldatu baldin bada. Bestalde, zuzendaritza akademikoak laguntzarik eman badu eskura dituen laguntzen kargura, laguntza horiek jasota ageri dituen akta igorri beharko da.
3.– Matrikula epea behin bukatuta, berezko tituluaren zuzendari akademikoak egiaztatu egin beharko du bete egin dela proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua. Ez bada gutxieneko hori bete, arautegi honetako 10. artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko dio. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio batzorde eskudunari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da eskolarik ematen hasi baimen hori izan gabe.
II. ATALA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK
4. artikulua.– Matrikula.
Plaza bat lortu duen ikasleak titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula.
5. artikulua.– Matrikula zabaltzea eta aldatzea.
Matrikula aldatzeko eskari arrazoitua egin beharko da eta eskari hori batzorde eskudunak onartu beharko du, berezko tituluaren batzorde akademikoaren proposamenez. Aldaketak kredituak gehitzea edo kentzea badakar, 2022ko azaroaren 30a baino lehen egin beharko da eskaria, titulazioaren irakaskuntza 2022an hasten bada, eta 2023ko otsailaren 46a baino lehen, 2023an hasten bada.
6. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.
2022an hasiko diren titulazioetarako, berezko tituluko zuzendari akademikoak zehaztuko du matrikula egiteko epea, gehienez ere astebetekoa izango dena. Matrikula egiteko epea irekitzea eskatzeko, onartutako ikasle kopurua izan beharko da, nahitaez, proposamenean adierazitako gutxieneko ikasle kopurua edo hori baino handiagoa. Gehienez ere bi epe eskatu ahal izango dira matrikula egiteko.
Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 eguneko tartea egon behar da.
Titulazioa moduluka egiten denean, eta titulazioa 2023ko urtarrilean hastekoa izanik plaza hutsik badago, izena emateko beste epe bat irekiko da abenduan.
Egun hauek aldatzeko, batzorde eskudunaren baimena beharko da.
7. artikulua.– Matrikula egiteko lekua eta dokumentazioa.
Onartuek, Internet bidez, GAUR aplikazioan, egin behar dute matrikula.
Agiriak postaz bidali behar dira Berezko Ikasketen Atalera, eta, hain zuzen ere, ondokoak dira matrikularekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
a) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatedunak), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo pasaportearen fotokopia edo egoiliar txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).
b) Graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Titulua UPV/EHUn lortu dutenek 1988a baino oraintsuago, ez dute agiri hori aurkeztu behar.
c) Argazki bat, atzean izena eta deiturak idatzita.
d) Ordainagiria, ondorengo artikuluan adierazitako moduari jarraiki.
e) Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak, 9.1 artikuluan aipatu bezala.
Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, Berezko Ikasketen Atalak honako jakinarazpen hauek bidaliko dizkio berezko tituluaren ardura duen organoari: matrikulako diru sarreren jakinarazpena, bildutako diru sarrerena eta unibertsitateari gastu orokorrengatik dagokion zenbatekoarena.
8. artikulua.– Matrikula ordaintzea.
1.– Zenbatekoa.
Ikasleak matrikulagatik ordaindu beharrekoa modu automatikoan kalkulatzen da matrikula eskaria egitean. Kopuru horretan sartuta egongo dira, hala dagokionean, matrikulako gastu finkoak, Hezkuntza sailburuaren Aginduaren arabera (agindu horren bidez 2022-2023 ikasturtean Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere). Matrikulako gastu finkoak 30,68 euro dira.
Unibertsitatean aldi berean beste ikasketa batzuk egiten daudenek egiten duten lehenengo matrikulan ordainduko dituzte.
Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, urtean-urtean egin beharko da matrikula, eta aurtengo matrikulan ikasturte honetan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.
Onartutako kredituengatik ordaindu beharrekoa: arautegi honetako 22. artikuluan zehaztutakoa ordaindu beharko da.
2.– Ordaintzeko era.
Matrikula era honetara ordaindu ahal izango da:
a) Matrikula formalizatzerakoan ematen den ordainagiri pertsonalizatua. Agiri horrekin hurrengo puntuan adierazitako kontuan egin beharko da ordainketa. Kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ordainagiriaren jatorrizkoa Berezko Ikasketen Atalera bidali behar da. Ikasleak bikoiztua gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.
b) Ordainketa pasabidea erabiltzea.
c) Banku transferentzia. Ikasleak diru sarreraren egiaztagiria bidali behar du Berezko Ikasketen Atalera.
3.– Ordainketa egiteko kontua.
Kutxabank
Kontu zenbakia: 2095 0292 92 3239008657
IBAN kodea: ES88 2095 0292 92 3239008657
SWIFT edo BIC kodea: BASKES2BXXX
4.– Ordainketa datak.
Ezarritako prezioak epe bakarrean ordaindu ahal izango dira matrikula egiten den unean, edo zenbateko berdinekin bi epetan; lehenengoa ordainduko da matrikula egitean eta bigarrena hurrengo datetan:
a) Matrikula 2022an egin bada: 2023ko urtarrileko 9tik 15era.
b) Matrikula 2023an egin bada: 2023ko apirileko 10etik 16ra.
9. artikulua.– Tasen murrizketa eta salbuespena.
1.– Tasen murrizketa eta salbuespena egiteko kasuak:
a) Berezko tituluaren antolaketak hala erabakitzen badu, titulu horretarako emandako dirulaguntzetan tasak sartu direlako. Besteak beste, deskontua EHUalumni izateagatik.
b) Familia ugari berezietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko; familia ugari orokorretako kideek, berriz, matrikularen % 50 ordaindu beharko dute. Familia ugari bateko kide izatea egiaztatu behar da aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia erkatuaren bidez edo fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztuta, biak parekatzeko; agiri hori iraungi gabe egon behar da. Iraungita badago, agiri hori berritzeko tramiteetan dagoela egiaztatu beharko du interesatuak.
c) Ekintza terroristen biktimek eta beren ezkontide eta seme-alabek ez dute ezer ordaindu behar. Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Herritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko Azpizuzendaritza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute; edo, bestela, Terrorismoko Biktimei Laguntzak Emateko Programaren babesa dutela adierazten duen erabakia.
d) Organo eskudunak aitortuta ezintasunaren maila % 33 edo handiagoa aitortuta duten ikasle gutxitu edo ezinduek ez dute ezer ordaindu beharko. Egoera hori aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiriaren bidez egiaztatu behar da.
e) Genero indarkeriaren biktimak erabat salbuetsi daude (genero indarkeriaren biktimatzat hartuta Indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuan zehaztutakoak) eta egoitza berean bizi diren haren kargurako 25 urtetik beherako seme-alabek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.
f) Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.
UPV/EHUko berezko tituluetan pertsona bakoitzak arrazoi bakarra argudiatu ahal izango du tasetatik salbuesteko.
10. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.
1.– Aurkeztutako matrikulak behin-behinean onartuko dira, Gobernu Kontseiluak onartutako Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko; hau da, titulua irakasteko proposamenaren arabera bete beharreko baldintzen ingurukoak. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igaroz gero Berezko Ikasketen Atalak horren kontra erabaki eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da, eta erabaki irmoa izango da ondorio guztietarako.
2.– Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekin zorretan dauden ikasleek ezin izango dute matrikularik egin berezko tituluetan.
3.– Matrikula ez onartzeko erabakia arrazoitua izan behar da eta ordaindutako prezio publikoak itzultzea ekarriko du. Erabaki horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskuordetutakoari.
4.– Matrikula baliogabetu egingo da, baldin eta prezio publikoak ordaintzen ez badira 8.4 artikuluan zehaztutako epeetan. Matrikula prezioak ez ordaintzeagatik baliogabetu bada, ikasleak galdu egingo du ordaindutako dirua.
5.– Edozein unetan egin daiteke matrikula baliogabetzeko eskaria, baina eskari hori eskolak hasi aurretik egin duenean baino ez zaio itzuliko ordaindutakoa.
6.– Ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, aurkeztutako matrikula artxibatu egingo da, interesdunari horren berri eman eta gero. Interesdunak erantzunik ematen ez badu, matrikula eskaria bertan behera utziko da, horretarako emango den erabakiaren bidez.
7.– Matrikula egin eta gero berezko tituluaren antolatzaileek ikasketak ez direla emango erabakitzen badute, berezko tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, matrikula egiteko epea amaitu eta 5 eguneko epean. Jakinarazpen horretan adierazita agertu beharko da zeintzuk diren egin beharreko tramiteak ordaindutako prezioak jasotzeko; izan ere, idatzia aurkeztu beharko da Berezko Ikasketen Atalean ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada) adieraziz.
8.– Batzorde eskudunak matrikula egiteko epea bukatu eta gero erabakitzen badu berezko titulua ez dela irakatsiko, tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordaindutako prezio publikoak jasotzeko egin beharreko tramiteen berri ere emango zaie ikasleei, aurreko atalean adierazitako moduan.
II. KAPITULUA
GESTIO EKONOMIKOA
I. ATALA
GASTUEN GESTIORAKO UNITATE ORGANIKOAK
11. artikulua.– Unitate organikoak.
Berezko Ikasketen Atalak, jakinda titulua irakatsi egingo dela, behin-behineko unitate organikoa irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko berezko tituluaren gastuak gestionatzeko; edizio bakoitzerako bat irekiko da eta unitate hori titulua proposatu duen organoari dagokion unitate organikoaren menpe egongo da. Proposamena organo batek baino gehiagok egin badu, berezko tituluaren antolatzaileak erabakiko du unitate organikoren menpe egongo den.
Tramite hori egiteko, IV. eranskineko dokumentua bidaliko dio Berezko Ikasketan Atalak berezko tituluaren zuzendari akademikoari. Zuzendariak inprimakiak bete eta itzuli egingo ditu; atalak, egiaztapenak egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bideratuko du unitate organikoa zabal dezaten.
Gune organikoko lehenengo sinatzailea tituluaren zuzendari akademikoa izango da, eta bigarrena berezko tituluaren zuzendaritza akademikoa dagokion organoaren arduraduna. Proposamen egileak bat baino gehiago badira, zuzendari akademikoa atxikita dagoen ikastegiko dekano/zuzendaria edo saileko zuzendaria izango da Batzorde Akademikoaren burua. Irakasle berak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna antolaketa eta gestioaren ardura duen ikastegiko, saileko edo institutuko idazkaria izango da.
Berezko tituluaren edizioa behin bukatuta, organikoa irekita egongo da hurrengo urtean gastuen kitapena egiteko edo berezko ikasketei buruzko arautegiko 31. artikuluan zehaztutakoari jarraituz erabiltzeko. Edonola ere, urte hori igarota, organikoa itxi egingo da, eta bertan dirurik geratzen bada, unibertsitatearen kontu orokorrera pasatuko da.
II. ATALA
UPV/EHUKO IRAKASLEEI ESKOLA ORDUAK ORDAINTZEA
12. artikulua.– Eskola orduak ordaintzea.
Gobernu Kontseiluak onartutako arauetan zehaztutakoa betetze aldera, 2022-2023 ikasturterako onartutako proposamenei dagokienez, honakoa da jardunbidea:
Irakasleari unitate organikoan egiten zaizkion ordainketen atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituei dagozkien ordainsarien bi heren jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak berezko tituluetan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak(*) aztertu beharko dira. Irakasleei egin beharreko ordainketa guztiak irailaren 30a baino lehen egin beharko dira, eta martxoaren 30a baino lehen titulua ikasturte bat baino haratago luzatzen bada. Data horretatik aurrera, batzorde eskudunaren baimena beharko da ordainketak egiteko.
(*) Soberakinik badela ulertzen da, irakasleak egiazko irakats betebeharren (EIB) % 85etik beherako irakats betebeharra duenean. Soberakin hauek konpentsa daitezke aurreko ikasturteko superabitarekin.
Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.
Ikasturtea bukatu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da kontuan hartuta irakasle horrek unibertsitateko berezko ikasketa guztietan eman dituen eskolak eta ikasturte horretako Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak. Kitapenaren emaitzen arabera, irakasleari dirua kendu edo itzuli egingo zaio nominaren bidez.
Eragindako irakasleei behin-behineko kitapen osoaren berri eman beharko zaie, eta 10 eguneko epea izango dute alegazioak egiteko. Epe hori igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada edo aurkeztutakoak ebatzi badira, kitapena behin betikoa izango da.
III. KAPITULUA
PROPOSAMENAK ALDATZEA. EBALUAZIOA ETA KREDITUEN AITORPENA
13. artikulua.– Proposamenak aldatzea.
Berezko ikasketen arautegiari jarraituz, proposamena onartu ondoren aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak berariazko baimena eman beharko du. Bestalde, ikasketa planetako aldaketak direla eta, matrikula egiteko epea baino lehen jakinarazi eta baimendu beharko dira. Beraz, aparteko kasuren batean ikasketa planean aldaketaren bat egin beharra badago, batzorde eskudunari proposamen arrazoitua bidali beharko zaio matrikula epea hasi baino lehen.
Berezko tituluko irakasle taldeetako aldaketei dagokienez, aldaketok ondo arrazoituta egon beharko dira, eta kontuan hartuko dira baldin eta ezustekoen ondorioz eragindakoak badira (adibidez, laneko baja...). Ez dira onartuko, baina, edukietan egindako aldaketen edo egokitzapenen ondorioz eragindakoak. Horiek, helburu horretarako zehaztutako ereduari jarraituz egin beharko dira.
I. ATALA
EBALUAZIOA
14. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazioak.
Titulazioko batzorde akademikoak egingo du ikaslearen azken ebaluazioa eta ebaluazio orokorra.
1.– Berezko tituluko kredituak lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak bai jarduera akademikoak. Eskoletara joate hutsa ez da nahikoa titulua lortzeko. Ebaluazio sistema matrikularako epea zabaldu aurretik jarri beharko da jendaurrean.
Kalifikazioa Gai, Ez Gai ala Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada batzorde eskudunak horretarako berariazko baimena eman duela.
Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.
Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan ikasturte bakoitzean ebaluazioa egin ahal izango da. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo da eta hurrengo ikasturteren baten antolatuz gero titulazioa, kredituok onartu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.
2.– Kalifikazioen aktak.
Hamar eguneko epea egongo da ikasleen kalifikazioak jartzeko. Epe hori ikasturtea amaitzen den egunean hasiko da, edota, halakorik badago, azken proba edo lanaren defentsa egiten denean. Berezko Tituluen Bulegoak sortuko ditu kalifikazioak jasotzeko erabili beharreko aktak.
Kalifikazioak titulazioko batzorde akademikoko buruak grabatuko ditu, edo UPV/EHUkoa den batzordeko kideak.
Kalifikazioak behin grabatua, argitara emango dira iragarki oholean. Argitaratzean ikaslearen NAN zenbakia baino ez da zehaztuko. Argi agertu beharko da argitaratze data, kalifikazioen aurkako erreklamazioak aurkezteko epea zenbatzeari begira.
15. artikulua.– Kalifikazioei buruzko erreklamazioak egiteko prozedura.
Azken kalifikazioko aktak argitaratuta, ikasleak erreklamazio idatzia bidali ahal izango dio UPV/EHUko batzorde eskudunari, kalifikazioa argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barruan.
Erreklamazioak ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
Batzorde eskudunak hartutako erabakiaren kontra ikasleak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak, erreklamazioa ebazteko, txostena eskatuko die batzorde akademikoari eta batzorde eskudunari.
Errektorearen erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.
Erreklamazioak jartzeko epea bukatuta, ikasle bakoitzaren notak espedientera pasatuko dira. Jakinaren gainean jarriko da Berezko Tituluen Bulegoa.
Berezko Tituluen Bulegoak kalifikazioen akta bidaliko du, batzorde akademikoko kideek sina dezaten (behintzat batzordeko buruak eta UPV/EHUkoa den kideak), bai eta tituluaren zuzendaritza akademikoaz arduratu den organoko zuzendariak ere.
Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Horrelakorik izanez gero, diligentzia egin beharko da eta aipatutako kideek sinatu.
Aktak Berezko Tituluen Bulegora bidaliko dira, ikastaroa amaitu eta gehienez hilabeteko epean.
II. ATALA
KREDITUAK AITORTZEA
16. artikulua.– Definizioa.
Kredituak aitortzea da ontzat hartzea ikasleak beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak (amaituta edo amaitzeke dituen ikasketetan), eta UPV/EHUn bertan zein beste unibertsitate batean lortutakoak (estatuan zein atzerrian), hartara, UPV/EHUn matrikula eginda izanik, berezko titulu bat lortzera bideratutako ikasketetan burututako kreditutzat hartzeko. Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.
17. artikulua.– Irizpide orokorrak.
Kredituak aitortzeko unitatea ikasketa planean jasotako irakasgaia izango da, eta kredituak aitortzean ez da oinarri hartuko irakasgaien arteko edukien antzekotasuna edo iraupena, ezpada gainditutako kredituei lotutako gaitasuna eta aitorpena. Ezin izango da, inolaz ere, krediturik aitortu azken lanagatik, tesinagatik edo antzekoengatik lortutako kredituengatik.
18. artikulua.– Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzea.
Ondokoak dira berezko beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak aitortzeko mugak.
(Ikus .PDF)
Prestakuntza-programa baten barruko kredituen aintzatespena % 100ekoa izan daiteke modu modularrean egituratutako proposamenen kasuan.
Atal honetan zehaztu ez diren ikasketen bidez kredituak aitortzeko proposamenak edo adierazitako mugak gainditzen dituztenak batzorde eskudunak ebatziko ditu aldez aurretik txostena eskatuta berezko tituluko batzorde akademikoari.
19. artikulua.– Ikasketa ofizialetan egindako kredituak aitortzea.
Graduondoko berezko tituluetan unibertsitateko master tituluetan (ofizialetan) edo doktoregoan egindako kredituak aitortu ahal izango dira.
Graduko berezko tituluetan graduko nahiz lehenengo edo bigarren zikloko titulazio ofizialetan egindako kredituak aitortu ahal izango dira (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa).
Bai batean, bai bestean, gehienez ere ikasketa planaren % 30 aitortu ahal izango da. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari ehuneko hori gehitzeko. Eskaria behar bezala justifikatuta egon beharko da eta batzordeak erabakiko du onartu edo ez.
20. artikulua.– Tramitazioa.
Ikasleak berezko tituluaren idazkaritzan aurkeztu behar du kredituak aitortzeko eskaria: 2022an hasten diren ikasketetarako, 2022ko azaroaren 4ra artekoa izango da epea; 2023an hasten direnetarako, berriz, 2023ko otsailaren 3ra artekoa.
Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:
a) Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri akademikoa; bertan jasoko dira gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak.
b) Ikasketa plana edo egindako irakasgaien taula, hala dagokion ikastegiak, sailak edo institutuak egina.
21. artikulua.– Erabakia.
Titulazioko batzorde akademikoak ebatzi eta jakinaraziko ditu kredituak aitortzeko eskariak: abenduaren lehenengo hamabostaldian, 2022an hasiko diren titulazioetakoak, eta martxoaren lehenengo hamabostaldian, 2023an hasiko direnetakoak. Ikasleari erabakiaren berri emango zaio.
Erabakian ondokoak jaso beharko dira:
a) Onartuko diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaitakoak diren adieraziz.
b) Onartu zaizkion ikasketa planeko irakasgaiak.
c) Eskariari uko egiten bazaio, onartuko ez diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaitakoak diren adieraziz; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.
d) Erabakiaren kontra Unibertsitateko batzorde eskudunari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.
Baliozkotzeei buruzko erabakiak ebatzi ondoren, baliozkotzeen akta bidaliko zaio Berezko Tituluen Atalari eredua (V. eranskina) erabilita. Aktak abenduren 2a baino lehen (2022an hasten diren titulazioen kasuan) edo martxoaren 10a baino lehen (2023an hasten diren titulazioen kasuan) bidali behar dira.
18. eta 19. artikuluetan jasotako salbuespenak ebazteko batzorde eskudunak aurkezten dituen proposamenak azaroaren 25a baino lehen baino lehen (2022an hasten diren titulazioen kasuan) edo martxoaren 10a baino lehen (2023an hasten diren titulazioen kasuan) bidali behar dira Berezko Ikasketen Atalera.
22. artikulua.– Aitortutako kredituak ordaintzea.
Aitortutako kredituak espedientean jaso aurretik, ikasleak ordaindu egin beharko ditu tasak:
a) Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: dohainik.
b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko unibertsitate edo goi ikastegietan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: kredituko ezarritako zenbatekoaren % 25.
c) Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan aitortutako kredituak, Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko 43. artikuluari jarraituz: dohainik.
d) Unibertsitate honetako berezko tituluetan egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: kredituko ezarritako zenbatekoaren % 25. Salbu eta aitortutako kredituak modulu berekoak badira edota berezko tituluak gehitu egin badu kreditu kopurua eta, ondorioz, maila handiagoko beste titulu bat eskaini. Kasu horretan ez da ordaindu behar.
e) Beste unibertsitate batean edo goi ikasketen zentroetan, espainiar zein atzerrikoetan, egindako berezko tituluengatik edo beste ikasketa batzuengatik aitortutako kredituen % 100.
f) Etengabeko prestakuntzan UPV/EHUn egindako ikasketengatik aitortutako kreditua:
1.– Berezko titulu berean egindako moduluak: dohainik.
2.– Beste berezko titulu batean edo master ofizialetan egindako moduluak: kredituko ezarritako zenbatekoaren % 25.
IV. KAPITULUA
BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA
23. artikulua.– Arau orokorra.
UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).
Matrikula moduluka egiten denean, nahitaezkoa da modulu guztien titulua eskatzea azken titulua lortu ahal izateko.
Tituluak ezarritako ereduari jarraituz emango dira.
24 artikulua.– Prozedura.
1.– Tituluak eskuratzeko eskariak.
1.1.– Tituluak eskuratzeko eskariak Berezko Ikasketen Atalean aurkeztuko dira, edota Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko edo Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Interesatuak berak egindako eskaria.
b) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatedunak), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo pasaportearen fotokopia edo egoiliar txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).
c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan, ekintza terroristen biktimen kasuan, genero indarkeriaren biktimen kasuan edo ezintasunen bat daukaten pertsonen kasuan, arautegi honetako 9. artikuluan jasotakoa beteko da.
Berezko titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Ikasketen Atalak ikasleei. Ziurtagiri honek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiri hori ezarritako ereduari jarraituz osatuko da.
Tituluak beste titulu edo modulu solte batzuen aitorpenaren bidez eskuratu direnean, halaxe adierazi beharko da tituluaren atzealdean.
1.2.– Berezko tituluren bat 1993-1994 ikasturtea baino lehen egin dutenek, aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
1.– Berezko titulurako sarrera ematen duen titulu ofizialaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Berezko titulurako sarrera ematen duen titulua 1988. urteaz geroztik UPV/EHUn eskuratu dutenek ez dute agiri hau aurkeztu behar.
2.– Tituluak ematea.
Interesdunak berak jaso beharko du titulua, inprimatu eta gero, Berezko Ikasketen Atalean. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, eta Berezko Ikasketen Atala dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz atal horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Arabako Campuseko errektoreordetzara, Bizkaiko Campuseko errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzara, probintziako Hezkuntza eta Zientzia Zuzendaritzara, Hezkuntza bulegoa edo kontsuletxera.
Salbuespenez, ministerio bulegoen bidez ematerik ez duten probintzietan, titulua posta ziurtatuaz igorriko zaio ikasleari eta honek bere gain hartuko ditu dokumentuak paira litzakeen kalteak eta, arrazoi honengatik eragin litekeen balizko bikoiztuaren kostua.
Tituluak jasotzeko onartuta dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan (artikulu honetako 4. atala).
Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna bere bila joateke, Berezko Ikasketen Atalak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez, hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko. Gainera, jakinaraziko dio titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela, baldin eta epe horren barruan jasotzen ez bada. Titulua hautsi egin bada, akta egin beharko da eta Berezko Tituluen Unibertsitateko Erregistroan gorde.
Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake unibertsitateko errektoreak. Titulu hauek diligentzia eramango dute aurreko aldearen beheko aldean.
3.– Tituluaren izena titulua lortu duenaren generora, maskulino edo femeninora, egokitzea.
Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.
4.– Bikoiztuak ematea.
a) Bikoiztuak ematea, hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:
Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.
Horrelakoetan, interesatuak berak ordaindu beharko ditu tasak.
Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Ikasketen Atalak. Interesdunak ez ditu tasak ordaindu beharko kasu horretan.
Bikoiztuak egiteko prozedurari Berezko Ikasketen Atalak emango dio hasiera.
b) Bikoiztuak ematea, titulua galdu edo lapurtu egin dutelako:
Galtzeagatik edo jatorrizko Tituluari kentzeagatik UPV/EHU-aren Berezko Tituluko kopia espediziorako, aurreko baldintza izango da kopia eskatzen duen arrazoiak agerian jartzen dituen pertsona interesatuaren eskaera bat.
Titulua galdu edo lapurtu izana unibertsitateari leporatu ahal zaionean, administrazioaren kabuz ekingo zaio titulu hori bikoizteko prozedurari. Interesatuak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.
Titulu bikoiztuan jasota ageri beharko da zergatik bikoiztu den; horretarako, diligentzia jarriko da aurreko aldeko beheko aldean.
II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA
25. artikulua.– Ziurtagiriak eskatzea.
1.– Berezko titulu bateko ikasketak gai kalifikazio globalarekin gainditzen duten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Ikasketan Atalean eta Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (1993-1994 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):
a) Behar bezala beteriko eskaria.
b) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan, ekintza terroristen biktimen kasuan edo ezintasunen bat daukaten pertsonen kasuan, arautegi honetako 9.1 artikuluan jasotakoa beteko da.
2.– 1993-1994 ikasturtea baino lehenagoko ikasturte akademikoetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.
3.– Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok batzorde akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu ziurtagiriok emateko baldintzak.
Agiri horiek 26. artikuluan jasotakoaren arabera ordainduko dira.
26. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko tasak.
Berezko titulu eta ziurtagiriengatik ordaindu beharreko tasak, baldin eta Gizarte Kontseiluaren erabakia aldatzen ez bada, arautegi honetako VI. eranskinean ezarritakoak izango dira.
Tasa horiek arautegi honetako 8.3 artikuluan adierazitako kontuan ordaindu behar dira.
II. TITULUA
IKASKETA OSAGARRIAK ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZA
27. artikulua.– Berezko tituluetako moduluak edo irakasgaiak etengabeko prestakuntzaren barruan eskaintzea.
Berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako modulu edo gaiak etengabeko prestakuntza moduan eskaini ahal izango dira, betiere, 20 ECTS kreditu edo hori baino gutxiago badituzte. Baimena emateko, Gobernu Kontseiluak ikasketa osagarrietarako onartutako arautegiari jarraituko zaio.
28. artikulua.– Kredituak aitortzea.
UPV/EHUko berezko tituluetan UPV/EHUn egindako etengabeko ikasketetan lortutako kredituak aitortzeko aukera egongo da arautegi honetako 18. artikuluan ezarritakoarekin bat.
29. artikulua.– Matrikula.
Matrikula ikasketen ardura duen organoko idazkaritzan egin beharko da.
Matrikula epe bakarrean ordainduko da, dagokion unitate organikoaren kontuan. Batzorde eskudunak matrikula zatika ordaintzea baimendu ahal izango du.
Ikasleak matrikula ezeztatzeko eskaria eginez gero, horrek ez du eragingo ordaindutakoa itzultzerik, ez bada ikasturtea hasi gabe dagoela.
30. artikulua.– Gastuen gestioa.
Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, ikasketen ardura duen pertsonak honako tramite hauek egingo ditu:
Sailak edo arlo arduradunak ikaslearen izen ematea eta matrikula egingo du ikastarorako. Onartutako ikasleek tasen diru sarrera egingo dute horretarako egongo den kontuan, bai eta aseguruarena ere (aseguruko 4 euroak ordaindu beharko dituzte UPV/EHUko beste ikasketa batzuetan matrikulatuta ez dauden ikasleek).
Matrikula behin eginda, ikastaroaren arduradunak eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari irekitzeko Organika bat kasuan kasuko ikastaro osagarrirako (Traineraren bitartez eta atxikita ikastaro osagarria ematea baimentzen duen erabakiaren kopia). Ondoren, diru sarrera horiei dagokioen kreditua emango da, onartutako aurrekontuaren araberako ordainketak egiteko. Traineran bertan adieraziko da aseguruengatik jasotako diru kopurua, unibertsitateko kontura pasatzeko kopuru hori. Unibertsitate master batekoak diren ikastaro osagarrien kasuan, matrikula zein asegurua ordaintzeko erabiliko den organikoa masterrarena izango da.
– Kontabilitate Zerbitzuari diru-sarrera horiek esleitzeko eskatzea, eta diru-sarrera guztien gainean aurrekontuetan adostutako atxikipena aplikatzea.
31. artikulua.– Ziurtagiriak.
Ikastaroetara joanez gero, «Bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «Onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria». Nahiz eta aukera hau erabilita ikasleak berezko ikasketen titulu bateko irakasgai guztiak gaindituta izan, ez du eskubiderik izango dena delako titulua eskuratzeko.
Bertaratze ziurtagiriak edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiriak errektoreorde eskudunak egingo ditu, ikasleak, aldez aurretik, 8.3 artikuluan jasotako kontuan ordainketa eginda (ordaindu beharrekoa Gizarte Kontseiluak zehaztuko du).
32. artikulua.– Eskola orduak ordaintzea.
Gobernu Kontseiluak onartutako arauetan zehaztutakoa betetze aldera, honakoa da jardunbidea:
Irakasleari unitate organikoan egiten zaizkion ordainketen atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituei dagozkien ordainsarien bi heren jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak berezko tituluetan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak(*) aztertu beharko dira. Ordainketak egin behar dira ikastaroa amaitu eta hurrengo hiru hilabeteko epearen barruan. Data horretatik aurrera, batzorde eskudunaren baimena beharko da ordainketak egiteko.
(*) Soberakinik badela ulertzen da, irakasleak egiazko irakats betebeharren (EIB) % 85etik beherako irakats betebeharra duenean. Soberakin hauek konpentsa daitezke aurreko ikasturteko superabitarekin.
Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.
UPV/EHUko irakasleei ez zaie atxikipenik ezarriko ikasturtearen barruan emandako unibertsitateko ikastaro osagarriengatik egiten zaizkien ordainketetan. Ordainketa horiek ikasturtea behin bukatuta eta azken memoria onartu ondoren egingo dira.
33. artikulua.– Memoria.
Ikastaro osagarria amaitzerakoan, arduradun akademikoak mezu elektroniko bat jasoko du, atxikita izango duena memoriaren zirriborroa, ikastaroaren proposamena egitean aurkeztu ziren datuetan arabera egindakoa. Arduradun akademikoak adierazi beharko ditu aurkeztutako proposamenaren eta errealitatean egin denaren artean dauden aldeak, bai akademikoak bai ekonomikoak. Memorian nahitaez agertu beharko da ikasleen zerrenda (izen-abizenak, NAN, helbide elektronikoa, telefonoa, lan egoera, jatorrizko ikastegia), bai eta ikasle bakoitzari dagokion ziurtagiri mota ere (bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartzearen ziurtagiria). Era berean, memorian jasoko dira ikasleei egindako ebaluazio inkesten emaitza globalak eta bete diren ala ez ikasturte hasieran aurreikusitakoak. Arduradun akademikoak hilabeteko epea izango du, gehienera, memoria eskatuko dion mezu elektronikoa jasotzen duenetik hasita, azken memoria aurkezteko. Memoria hori ikastaroko arduradunak ziurtatuko du, eta ikastaroaren ardura akademikoa izango duen organo proposatzailearen arduradunak eman beharko du ontzat. Azken memoria aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko. Ikastaroak dirulaguntzaren bat jaso badu, laguntza hori eman egin dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira memoriarekin batera, aurretik aurkeztu ez badira (PDF formatuan eta paperean).
Ikastegi atxikiak arautuko dira izenpetuko dituzten hitzarmenen arabera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratuko dira batzorde eskudunak lehendik onartutako prozedura arau guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Arautegi hau 2022-2023 ikasturtean egongo da indarrean.