147. zk., 2022ko abuztuaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3470
84/2022 DEKRETUA, uztailaren 12koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dekretua.
2021eko urtarrilaren 30ean, indarrean jarri zen 7/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoa betetzeko (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Ondoren, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuan, hainbat alderdi antzeman ziren, hobetuz gero segurtasun juridikoari eta kudeaketaren eraginkortasunari mesede egingo lioketenak. Hori dela eta, Dekretua aldatu egin zen. Horretarako, uztailaren 6ko 167/2021 Dekretua onartu zen, zeinaren bidez aldatzen baita Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dekretua.
Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 12.2 artikuluak ezartzen duenez, sail horretako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren mende dago Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza.
Horrekin jarraituz, aipatutako dekretuaren 13. artikuluaren arabera, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretuaren 5. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gain: «... m) Europako Gizarte Funtsetik eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotura duten Europako beste funts batzuetatik datozen laguntzak planifikatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea».
Bestalde, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 9. artikuluko 2. apartatuak zehazten duenez, sail horretako Ekonomia eta Europako Funtsetako Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza.
Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari dagokionez, otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 11. artikuluak adierazten duenez, zuzendaritza horri dagozkio, besteak beste, honako eginkizun hauek:
– Euskal Autonomia Erkidegoak Batasuneko Kohesio Politika aplikatzeko izan behar duen esparru estrategikorako proposamena egitea, suspertze- eta erresilientzia-mekanismotik sortutako jarduketak barnean hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegorako Estatu Laguntzen Maparako proposamena egitea, aplikatu behar den Batasuneko araudiarekin bat etorriz.
– Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren esku-hartze programak eta ekimenak lantzea, horien jarraipena egitea eta kontrolatzea, Europako kohesioaren eta eskualde-politikaren arloan, alde batera utzita nekazaritza, arrantza eta elikaduraren arloetan eskumena duten sailek lantzen dituzten programak eta ekimenak.
– Europar Batasunak ezarritako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kudeatutako egitura-funtsek, Kohesio Funtsak eta egiturazkoak ez diren beste finantza-tresna batzuek, eta bereziki Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsek, batera finantzatutako jarduerak programatu, jarraitu eta ebaluatzea, gaiaren arabera eskumena duten sailekin koordinatuta.
Hori guztia kontuan hartuta ondorioztatzen denez, sinergia garrantzitsuak daude aipatutako eginkizunen eta Lan eta Enplegu Sail honetako Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzari eta Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari dagozkien eginkizunen artean.
Hori guztia dela eta, bildutako esperientziaren arabera gomendagarria da, eraginkortasun handiagoa lortze aldera, Lan eta Enplegu Sail honetako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzako Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzari dagozkion eskuduntzak aldatzea, Europako Gizarte Funtsetik eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotutako beste funts europar batzuetatik datozen laguntzak planifikatu, kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzeko jarduera-eremuari dagokionez.
Berehalako ondorio gisa, inplikatutako bi sailek hala nahi izanda, Lan eta Enplegu Sailak esleituta dituen eskuduntzen sorta hori Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomia eta Europako Funtsetako Sailburuordetzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzaren jarduera-eremuan sartu behar da.
Beraz, beharrezkoa da Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala deskribatutako egoera berri horretara egokitzea, eta, hortaz, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretua aldatzea.
Horren ondorioz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 12ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 13. artikuluko m) letra kentzen da, eta artikulua honela geratzen da idatzita:
13. artikulua.– Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza.
Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:
a) Enplegu-planen eta -ekimenen plangintza eta diseinua zuzentzea, horien ezarpena koordinatzea, horien jarraipena egitea, eta horrek guztiak enpleguan dituen emaitzak eta inpaktua ebaluatzea.
b) Ikerketak, azterlanak, analisiak eta txostenak egitea enplegu- eta prestakuntza-berrikuntzarako, eta prestakuntza eta enpleguaren arloko plangintza estrategikorako, lan-merkatuaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arteko harreman-ikuspuntu berriak zehaztuz.
c) Enplegu- eta prestakuntza-berrikuntzako proiektuak garatzea, zeharka, beste sail, administrazio edo entitateekin.
d) Enpleguaren, prestakuntzaren, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko arau-proposamenak egitea.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin koordinatzea eta, hala dagokionean, koordinazio-jarduerak egitea beste enplegu-zerbitzu publiko batzuekin.
f) Lan-merkatuaren joerak aztertu eta ebaluatzea.
g) Formula berritzaileak ikertzea zailtasunak dituzten kolektiboko kideek –besteak beste, gazteek, desgaitasuna duten pertsonek, emakumeek eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileek– enplegurako sarbidea izan dezaten, eta, horretarako, enpresa-munduarekin lankidetzan jarduteko formulak aztertzea.
h) Enplegagarritasun-politikak eraberritzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan langileen eta enpresen arteko bitartekotza- eta komunikazio-bideak hobetuz.
i) Enpleguari, prestakuntzari, diru-sarrerak bermatzeari eta gizarteratzeari dagokienez, administrazio publikoen politikak behatzea, europar estrategian arreta berezia jarriz, eta nazioarte-mailan sektoreak dituen joerak aztertuz.
j) Enpresaren eta hezkuntzaren munduarekin lankidetzan jardutea, enpleguari eta prestakuntzari buruzko ikerketarako, arlo horretan konponbide berritzaileen ezarpena sustatuz.
k) Langabeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin ezartzen dituzten laneratze aktiboko hitzarmenen aplikazioa aztertzea, eta horien emaitzei buruzko ikerketa egitea.
l) Enpleguak eta prestakuntzak gainerako sistemekin duten koordinazioa aztertzea; besteak beste, Hezkuntzarekin, Osasunarekin edo Gizarte Zerbitzuekin.
m) Enpleguaren eta prestakuntzaren arloan plangintza berritzailea ahalbidetzen duen antzeko beste edozein egiteko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 12an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.