146. zk., 2022ko uztailaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (330 KB - 37 orri.)
- EPUB (1895 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3453
AGINDUA, 2022ko uztailaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldietarako 2022. urterako laguntzak, minimis araubideari atxikitakoak.
Nekazaritza- eta arrantza-jarduerak alde batera uztea eta landa- eta itsasertz-eremuetako belaunaldi-erreleborik eza bezalako gaiak lurralde horietan bizi diren herritarren premiei eragiten dieten esparru guztiak aintzat hartuta jorratu behar dira. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremuak biziberritzeko gizarte-ekitaldiak egitea.
Gizarte-ekitaldiek zeharkakotasuna eskaintzen diote landa- eta itsasertz-eremuari, eta gizarte- eta ekonomia-arloak zeharkatzeko gai diren energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gaitasuna. Beharrezkoa da azpimarratzea bai gizarte-kohesioa eta identitatea eta bai herri edo landa- edo itsasertz-eremu bateko kide izatearen sentimendua, eta gizarte-ekitaldiak elementu intrintseko eta aglutinatzaile bat dira. Hori dela-eta, garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzea, aldi berean nekazaritza-jarduera alde batera uztearen eta belaunaldi-erreleborik ezaren krisia aukera gisa jorratuz, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko estimulu gisa, baita gizarte-arlotik ere, antolakuntza-diseinu malgu batean oinarritutako eredu ekonomiko berrien barnean, ekimena eta lidergo pertsonala (ekintzailetza) eta sare irekiak (Internet, lankidetza-plataformak) konbinatuz.
Laguntza- programa honen bitartez, landa eta itsasertzeko udalerriei bizia eman eta horietan jarduerak egin daitezela sustatu nahi da, orain arte, ekitaldi gehienak hiri-eremuetan egin baitira; horregatik, oso garrantzitsua da ahalegin bat egin eta ekitaldi horiek landa- eta itsasertz-eremuetara eramatea. Era berean, landa-garapenerako laguntzak areagotzeko aukera bat da, diziplina anitzeko ikuspegi berri batetik. Landa- eta itsasertz-eremuetan bizi-kalitate altua mantentzeko helburu estrategikoan kokatzen da, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez; jarduera ekonomikoa sortzen ere lagunduko luke.
Hortaz, agindu honen xedea da, 2022ko ekitaldirako, gizarte-ekitaldiak sustatzeko laguntzak bideratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, agindu honetan aipatutako dirulaguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
Bestalde, aurtengo ekitaldiko laguntza-deialdia egitea ahalbidetzen dute 1/2011 Legegintzako Dekretuak (maiatzaren 24koa, zeinaren bitartez, batetik, onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina, eta, bestetik, arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena) eta 11/2021 Legeak (abenduaren 23koa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorrak).
Horien arabera:
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak egiteko, minimis araubideari atxikitako laguntza-deialdiaren 2022. urterako oinarriak onartzea. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 13a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.