146. zk., 2022ko uztailaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 11 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3448
AGINDUA, 2022ko uztailaren 20koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomiako prestakuntzarako laguntzen deialdirako oinarriak eta horien deialdia egiten baita 2022. urterako.
Sistema ekonomikoaren kolapso ziklikoei erantzuteko eta Gobernuak enplegu hobea eta, beraz, gizarte-kohesio handiagoa sortzeko hartutako konpromisoari helduz, saihestezina eta premiazkoa da gizarte-ekonomiak ematen dituen erantzunak ezagutzea eta zabaltzea.
Gizarte-ekonomiaren inguruko gaiak jorratzen dituzten materialak argitaratzeari eta editatzeari buruzko atalak dirua dauka erabilgarri. Alde batetik, enpresen eta haien ingurunearen funtzionamenduaren errealitatea eta gaur egungo egoera jasotzen duten argitalpenetarako. Beste alde batetik, handitu egin da literatura zientifiko-akademikorako zuzkidura, aurreko ekitaldian egindako lanen kopurua eta kalitatea ikusita.
Genero-ikuspegia oinarri hartuta gizarte-ekonomia aztertzen duen ikerketa berriz ere berariaz aipatzen da, hori egitea lehenesteko asmoz. Orain dela gutxi argitaratutako azterlanek frogatu dutena zabaltzeko analisietan sakontzea da helburua: gizarte-ekonomiako enpresek adierazle positiboagoak dituzte generoarekin lotutako alderdietan, gizarte-ekonomiaren familiakoak ez diren enpresekin alderatuta.
Hezkuntzaren eremuan, ekitaldi honetan unibertsitate-eremuko arreta jorratzen da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikasketa eta espezialitate guztietan gizarte-ekonomiaren balioak eta mundua sartzeko moduaren bilaketa ere.
Horrenbestez, 11/2021 Legea (abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, eta 7/2021 Dekretuak (urtarrilaren 19koa, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen dizkidan eskumenen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2022ko ekitaldian emango dituen laguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2022. urterako deialdia egitea.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak jarduera hauek finantzatzeko izango dira:
1.– Prestakuntza-jarduerak:
a) Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak-prestakuntza espezifikoa eta desberdindua-, unibertsitate-eremuan, unibertsitate aurreko eremuan edo sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko hasierako ezagutza lortzeko edo perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.
b) Unibertsitateen eremuan, honako jarduera hauek:
b.1.– Unitate didaktiko egokiak diseinatu eta prestakuntza-jarduerak sistematizatzea, bai curriculumekoak, bai curriculumetik kanpokoak, unibertsitate-eremuan.
b.2.– Esperientzia pilotuak diseinatzea ikastetxeetan, ikastetxeen beharrizanak erantzungo dituen gizarte-ekonomiako prestakuntza-plan bat garatzeko.
b.3.– Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana aztertzea, horren barruan sarturik euskal unibertsitateetan gizarte-ekonomia sartzeko baliagarria den proposamen bat.
2.– Gizarte-ekonomiaren hedapen-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:
a) Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.
b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.
c) Ekitaldi bereziak egitea gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen ikusgaitasuna bultzatzeko, hala nola oroipen- edo omenaldi-egunak, sari berezien banaketa eta antzeko ekitaldiak.
d) Gizarte-ekonomiako zabalkunde-jarduerak egitea. Halakotzat hartuko dira: gizarte-ekonomiako informazio-jarduerak eta beste lurralde-eragile batzuekiko alderaketa, eta zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, Internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko ditu jarduera horiek, betiere praktikara eramanda jarduerok izan dezaketen benetako eraginaren kuantifikazioa eta zenbatespena oinarri hartuta.
3.– Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:
a) Orokorrean, gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz euskal gizarte-ekonomia garatzeko berriak eta erabilgarriak direnak.
b) Lehentasunez, gizarte-ekonomia jorratzen duten ikerketa-jarduerak, honako gai hauekin lotuta:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan erkidegoko eta estatuko araudia aplikatu eta egokitzea ingurumenarekin lotutako gaietan, eta hori azkar ezartzearen ondorioz enpresa-lehiakortasunak etorkizunean izan dezakeen hobekuntza aztertzea.
2.– Elkarriko elkartasun-funtsak eta bestelakoak aprobetxatzeko bideragarritasuna eta diseinua sustatzea, gizarte-ekonomiako ekintzailetza-proiektu berrien promozioa finantzatzeko eta lehendik dauden enpresak finkatzeko. Langileek enpresetan duten partaidetza sustatzeko lehendik dauden funtsen (Lanpar funtsa eta beste batzuk) ezagutza indartu beharko da.
3.– Babes osagarririk ez duten gizarte-ekonomiako kolektiboei estaldura emateko aurreikuspen-plan propioaren bideragarritasuna eta diseinua egitea.
4.– Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen ziozko zehapen-araubidearen Dekretua arau-mailan garatzea.
Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza-, zabalkunde- eta ikerketa-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2023ko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogeita hamazazpi mila (697.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: laurehun eta hamazortzi mila eta berrehun (418.200) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta berrehun eta hirurogeita hamazortzi mila eta zortziehun (278.800) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.
2.– Laguntzak esleitzean, lehiarik gabeko aldi bereko prozedura jarraituko da, garaiz eta modu egokian egiten diren eskabide guztietan, betiere berariaz egiaztatzen badute bete egiten dituztela eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak. Hala, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga portzentualak eta kuantitatiboak kontuan hartuta.
3.– Artikulu honen lehen paragrafoan adierazten den hornidura ekonomikoa aski bada hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, aurreko atalean adierazitakoaren arabera, zenbateko baliokideen ziozko dirulaguntzak esleituko dira. Hala ez bada, murrizketa lineala aplikatuko da kalkulatutako zenbatekoetan, harik eta hornidura hori aski izan arte dena batera estaltzeko.
4.– Ezin izango da guztira 150.000 euro baino gehiago bideratu aldizkako argitalpenak editatzeko. Horietatik, 90.000 euro erabiliko dira bereziki ikerketa-edukiak argitaratzeko, besteak beste unibertsitate-argitalpenak egiteko. Beste 60.000 euroak erabiliko dira EAEko gizarte-ekonomiaren errealitatea zabaltzeko argitalpenak eta edizioak egiteko. Puntu honetan aipatutako bi argitalpen-motetako edozeinetan baliabide ekonomiko nahikorik ez badago eta bestean sobera badago, soberako saldoa nahikoa ez daukan horretarako erabiliko da. Azken kasu horretan, proportzioan murriztuko dira onartutako eskabideak, apartatu bakoitzean modu independente batean.
5.– 2.2.d) artikuluko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horretaz gainera, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu, eskabide bera plan bitan aurkeztuta.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
1.– Fakultateak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro: jarduera guztietan, 2.2.c) eta 2.2.d) artikuluetan adierazitako kasuetan salbu.
2.– Federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako gizarte-ekonomiako enpresen beste elkartze-egitura batzuk, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-erakundeak eta lan-sozietateen taldeak: jarduera guztietan, 2.1.b) eta 2.3.a) artikuluetan adierazitako kasuetan salbu.
Agindu honen ondorioetarako, «gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkartetzat» joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.
3.– Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura edo -taldeen edo lan-sozietateen mende daudenak.
5. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak:
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.
b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.
c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.
d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).
e) Berdintasun-plana indarrean izatea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoenean. 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ezarrita edukitzea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, aurreko artikuluko a) eta e) apartatuen kasuan.
2.– Eskabidea aurkezten bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei lotutako baldintzak betetzen diren, baldin eta berariaz horren aurka agertzen ez bada. Izan ere, egiaztapen horren aurka agertuz gero, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu frogagiriak, bai Ogasuneko bai Gizarte Segurantzako administrazio-agintaritza eskudunek egindakoak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean. Kopururen bat itzultzeko betebeharra duten erakundeen kasuan, itzulketa hori dirulaguntza likidatu arte bete dela egiztatzea ezinbestekoa izango da edozein ordainketa egiteko.
3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek berariaz uka dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Kasu horretan, eskatutako nahitaezko dokumentuak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaileak.
7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) https://www.euskadi.eus/servicios/0055219 helbidean dago, eta fitxa horren bitartez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira.
3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
5.– Prozedura guztia ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman beharko du, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055219.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 2022ko irailaren 15ean amaituko da (egun hori barne).
3.– Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:
– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.
– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.
– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.
– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.
– Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.
2.– Erakunde eskatzaileari laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, emandako laguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke https://www.euskadi.net/hirugarrenak helbidean.
10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Dirulaguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Erakunde batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea benetan bide horretatik egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
11. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.
2.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 2.1.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu, bitarteko propioen bidez egiten denean; bestela, muga 50.000 eurokoa izango da.
b) 2.1.b1) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 2.1.b2) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
d) 2.1.b3) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
b) 2.2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.
d) 2.2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
e) 2.2.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
f) 2.3.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
g) 2.3.b.1) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
h) 2.3.b.2) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 25.000 euro jaso ahal izango ditu.
i) 2.3.b.3) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 25.000 euro jaso ahal izango ditu.
j) 2.3.b.4) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.
3.– Diruz lagundu ahal izango dira enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barneko langileen ordainsariak egotzi ahal izango dira, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.
12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke beste edozein administraziok edo erakunde publikok emandako laguntzekin, arrazoi eta xede bera izan arren. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.
2.– Erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.
13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen baten bidez: alde batetik, agindu honen babesean, zer erakundek jaso duten dirulaguntza, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.
14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:
a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:
a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adierazita, hartzekoduna identifikatuta eta ordainketa egin den data zehaztuta (ordainketa efektiboa edo geroratua izan ahalko da). Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da. Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen eredua erantsi da, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055219.
c) Aurreko ataleko 2.a) apartatuan jasotako gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa. Gastu horiek fakturen bidez eta merkataritza-trafikoan froga-balio bera duten edo administrazioan eraginkorrak diren gainerako agirien bidez egiaztatuko dira.
d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik badago.
e) Hala badagokio, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, proiektua garatu den hilabeteei dagokiena, jardueran parte hartzen duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.
f) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabete izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera; epea, betiere, 2023ko irailaren 30a baino lehen amaituko da.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan deitutako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena.
2.– Betebehar hauek ere bete beharko dituzte:
a) Laguntza edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzuli beharko dituzte.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia emango dute, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen dutenean.
c) Dirulaguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betetzeko. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
d) Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta. Halaber, erakunde onuradunek behar diren zabalkunde-neurriak hartuko dituzte, era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jarduera-finantzaketa publikoa dela. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera berri bat.
3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorrak jarriz zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez.
18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatu behar den lege-araudiak xedatutakoari jarraituz.
19. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/rgpd/0055219.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakieke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Europar Batasuna.
Agindu honetan araututako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.