Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2022ko uztailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LEHENDAKARITZA
3446

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 21ekoa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, zeinaren bitartez iragartzen baita goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdia.

Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua hutsik dagoenez –520010 kodea, 174 dotazioa–, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 46.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duela, Lehendakaritzak erabaki du eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta beraren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Halaber, eta aurreko baldintza berekin, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeretan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora eman ez ez duten langileek.

3.– Eskatutako baldintzak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira, eta ordutik esleitutako lanpostuaz jabetu arte ere bai. Parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten parte-hartzaileek ezin izango dute lanpostuaz jabetu.

Bigarrena.– Eskaerak.

1.– Hautagaiek Zerbitzu Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskaerak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun baliodun igaro baino lehen. Eskaeran datu pertsonalak eta oraingo destinoa zehaztu beharko dituzte.

2.– Hautagaiek eskaerarekin batera curriculum vitaea aurkeztu beharko dute; bertan honako hauek adierazi behar dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan aritutako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagutzak, eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimendu guztiak.

Eskaerarekin batera baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak badauzkatela froghatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gainera aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten agerkari, txosten edota bestelako agiri guztiak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Lehendakaritzaren Idazkari Nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eskaerak aurkezteko epealdia bukatu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Hori egiten duenean aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen honek administrazio–bidea agortzen du, eta beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke ebazpena eman duen organoaren aurrean EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro aurretik.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 21a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JESÚS MARÍA PEÑA MARTÍNEZ.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: Goi-kargudunaren idazkaria.

Kodea: 520010.

Dotazioa: 174.

Kidegoak: C1/D1.

Destino-osagarriaren maila: 18.

Berariazko osagarria: VI-A.

Hizkuntza-eskakizuna: 2.

Derrigorrezkotasun-data: datarik gabe.

Kokapena: Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritza.

Herria: Bruselas.

Lanpostua betetzeko baldintzak:

– Frantsesa B1.


Azterketa dokumentala