145. zk., 2022ko uztailaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (229 KB - 19 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3435
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 13koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Ekintzaile» 2022 laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea, argitaratzea eta deialdia egitea agintzen duena.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta garatu behar dituen jarduerek helburu hauek dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzea eta euskal enpresei laguntzea trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetikoa eta ingurumenekoa eta trantsizio demografiko-soziala egiten, lehiakortasunerako tresna gisa, inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-jarduera ekintzailearen sustapenaren bidez.
Horri dagokionez, SPRIk ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatzeko hainbat ekintza garatu izan ditu, eta horretarako, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini die. Helburua laguntza integrala, malgua eta beharren araberakoa ematea da, ekimen horiek merkatuan arrakastaz abian jartzeko, hazteko eta finkatzeko aukera izan dezaten; era berean, erraztasunak ematen zaizkie hasierako finantzaketa eskuratzeko, eta, bereziki, proiektuek behar duten epe luzeko finantzaketa lortzeko.
Ondorioz, «Ekintzaile» laguntza-programak finantza-laguntza eman nahi die pertsona fisikoek edo enpresek eratu berriek gidatzen dituzten eta BIC baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaile eta/edo oinarri teknologikoko proiektu berriei, ahal dela, industria-arloko proiektuei eta/edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei, ideia heltzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako.
Horrela, programak laguntzak aurreikusten ditu enpresa berrien bideragarritasuna aztertu, abian jarri eta heltzeko prozesu osoan laguntzeko, jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzen ditu, eta, horretaz gain, enpresako plana gauzatzeko beharrezko inbertsioen finantzaketa lortzeko bideak aurkitzea errazten du.
Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitakoa) 48.5 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantzatuta dauden erakunde guztiek, dirulaguntzaren bat eman behar dutenean, publizitatearen printzipioa bete beharko dutela, besteak beste, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Ekintzaile» 2022 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia Eranskin gisa gehitu da Ebazpen honetan.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2022ko uztailaren 13a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
«EKINTZAILE 2022» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
Ekintzailetza funtsezko politika izan da euskal administrazio publikoentzat. Horrela, hainbat plan eta programa onartu dira ekintzailetza modu integralean bultzatzeko, gero eta proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarri gehiago sortu eta haz daitezen, bereziki etorkizuneko sektoreetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren etapa berri bat sortuz.
Euskadiko ekintzailetzan identifikatutako erronken artean dago «arrantza-leku» eta iturrietatik sortutako ideien eta ekimen berrien masa kritikoa eta kalitatea handitzea, proiektu bakoitzaren behar espezifikoei erantzunez. Finantzaketarako eta inbertitzeko aukerak eskaintzen zaizkie jaio, abiarazi, hazi eta finkatzeko potentziala duten proiektuei; horretaz gain, merkatuan sartzeko eta «lehen bezeroak» lortzeko aukerak ematen zaizkie proiektu ekintzaileei, batez ere etorkizuneko sektoreetan potentzial handiena duten proiektuei.
Ekintzaileei laguntzeko apustua herrialde osoaren konpromisoa da oraindik, eta, horretarako, inplikatutako erakunde eta eragile guztien arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi da, uste sendoa baitugu enpresa-ekimen berritzaile berriak sortzea giltzarri dela gure erkidegoak etorkizunean hazten jarrai dezan.
Bestalde, gure enpresa-sare sendoa ere funtsezkoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, enpresa-ekimen berriak sortzeko eta gure hazkunde ekonomikoaren ereduaren egitura-aldaketan aurrera egiteko, ezagutza-jarduera trinkoak, teknologia berriak eta zerbitzu aurreratuak sartuz, eta ekintzailetza-sare global eta lehiakorra garatuz.
Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (EBZ) parte-hartze handia dute programan, ekintzaileei eta enpresak sortzeari laguntzeko tresna gisa duten eginkizuna dela eta. Zentro horiek enpresa berrien heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan laguntzen dute, enpresen jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzeaz gain.
Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua jokatu behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Azken batean, Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH) aukera ematen dute garapen iraunkorraren arloan munduan dauden erronkarik handienei aurre egin ahal dieten konponbideak eta teknologiak garatu eta ezartzeko. Era berean, esan beharra dago Programa hau erakundeak 2022 ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dagoela.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen helburua da EAEn dauden Bussiness Innovation Center (BIC) zentroetako baten tutoretzapeko enpresa-proiektu berritzaile berrientzako eta/edo industria- eta teknologia-oinarriko eta/edo prozesu-proiektu industrialari lotutako zerbitzuetako enpresa-proiektuentzako laguntza arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan zehar.
Laguntza hori honela gauzatuko da:
1.– Ildoa: Pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari lagun egin ideia heltzeko eta enpresako plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.
2.– Ildoa. 1. ildoko bezalako ekintzailetza-proiektuek sortutako enpresa berrientzako laguntza, zehaztutako enpresako plana gauzatzeko behar diren inbertsioen finantzaketa errazago eskuratzeko. Laguntza hori gauzatzeko, arau honen babesean formalizatzen diren mailegu-eragiketetarako finantza-kostua murriztuko da, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduarekin horretarako sinatzen den hitzarmenaren arabera.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Dirulaguntzen programa honek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.3 artikuluan ezarritako printzipioak bete behar ditu.
2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo aitortzeko prozeduraren arabera emango dira. Ildo horretan, banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritakoaren mende daude.
4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.
5.– Programa honetan emandako dirulaguntzak ez daude zuzen lotuta esportutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
1.– Business Innovation Center: Enpresa- eta berrikuntza-zentroak dira, irabazi-asmorik gabekoak; ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen diete, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BICak tresna dinamizatzaileak dira enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sartzeko, eta haien helburua da proiektu horien etorkizunari arrakasta-berme onenekin ekitea, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko konpromisoaren bidez.
2.– Enpresako plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertuta. Plan horretan negozio-aukera hori enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar diren prozedura eta estrategia guztiak garatzen dira.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2022an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 2.100.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, laguntzak esleitzeko, espedientea osorik dagoen unearen arabera egingo da, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak, Programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.
3.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, Programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIren zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez eta webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai, baina ebazteko dauden eskariak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Laguntzaren erakunde onuradunak (1. ildoa).
Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoak eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako edo 2021eko urtarrilaren 1az geroztik jarduera ekonomikorik ez duten baina egoitza soziala edo/eta gutxienez jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak izan daitezke bidelaguntzaren onuradun, baldin eta enpresa-proiektu berritzailea eta/edo industria- eta teknologia-oinarrikoa eta/edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoa bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoan abiarazi nahi bada.
2.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntzaren erakunde onuraduak (2. ildoa)
Euskal Autonomia Erkidegoan enpresako plana gauzatzeko konpromisoa hartzen duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek bakarrik jaso ahal izango dituzte finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzak:
a) Sortu berriak izatea, hau da, 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren eratutako enpresa guztiak, data hori barne. Era berean, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako enpresen laguntza eskariak tramitera onartuko dira, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako datatik bi hilabeteko epean aurkeztutako eskariak badira.
b) Gutxienez 3 enplegu sortzea aurreikustea 3 urteko epean.
c) ETEa izatea, Batzordearen 2020ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, L 124 zenbakia, de 20-05-2003-05-20koa, 0036-0041 or. 0036-0041.
d) Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
e) Ekintzailetza prozesu batetik etortzea.
3.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:
a) Administrazio publikoak direnak edo haietariko baten sektore publikokoak direnak.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurrez ikusitako kasuetako batean daudenak, besteak beste:
– Egunean ez edukitzea beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Egunean ez edukitzea dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren ondoriozko betebeharrak.
– Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zigortuta ez egotea, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere.
c) Armen ekoizpen, komertzializazio eta finantzaketaren arloetan jarduera garatzen dutenak.
d) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
e) Sexuagatik diskriminatu dutenek, 2005eko otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen seigarren Amaierako Xedapenean ezarritakoaren arabera. Eta sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso dutenek, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako erakunde hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
4.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak, eskaera aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.
5.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
a) SPRIk eta/edo BICek ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:
– Pertsona juridikoek industria-jarduerako zentro bat dutela Euskal Autonomia Erkidegoan, non proiektuak eragina izango duen.
– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Finantzaziorako laguntzen kasuan (2. ildoa):
a) ETEa dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoak, halakorik balego.
b) Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira (eskaera-orri elektronikoan egongo da), eta eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak hauek dira:
1. ildoa: pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari lagun egiteko ideia heltzeko eta enpresako plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.
2. ildoa: enpresako plana gauzatzeko behar diren inbertsioen finantzazioa eskuratzea errazteko laguntza. Laguntza hori gauzatzeko, arau honen babesean formalizatzen diren mailegu-eragiketetarako finantza-kostua murriztuko da, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduarekin horretarako sinatzen den hitzarmenaren arabera.
7. artikulua.– Laguntzan diruz lagundu daitezkeen gastuak (1. ildoa).
1.– Lagun egiteko laguntza bada, hautatu daitezkeen gastuak izango dira honako hauek, gutxienez 100 euro baino gehiago badira:
– Enpresa-arloko prestakuntza espezifikoa.
– Kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoko gastuak.
– Prospekzio- eta dokumentazio-azterlanak.
– Azoketara joatea, merkataritza-prospekzioko bidaiak.
– Maketak eta prototipoak egitea.
– Bestelakoak.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak proiektuaren tutorea den BICak onetsi beharko ditu. Gastuek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Maketa eta prototipoen gastuak, oro har, ezin dira izan onartutako aurrekontu osoaren % 25etik gorakoak.
b) Gastuen sortzapena laguntza-eskaeraren ondorengoa izan beharko da, eta gehienez ere eskaera aurkezten denetik 18 hileko epearen barrukoa. SPRI- Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, behin proiektua hasita, ebazpenean hautagarritzat jo ditzake laguntza emateko ebazpenaren aurretik egindako gastuak, baldin eta 2022ko urtarrilaren 1aren ondorengoak badira; hala bada, 18 hileko epea hautagarritzat jo den lehenengo gastuaren sortzapenaren datatik aurrerakoa izango da.
c) Ez da diruz laguntzeko gastu hautagarritzat joko fakturetan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga, non eta pertsona fisikoa eta ez autonomoa ez den.
d) Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
i) Herri-administrazioen mendeko edo haiei lotutako berezko nortasun juridikoa duten erakundeak ez izatea.
ii) Loturarik ez izatea laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin, akzioen edo partaidetzen bidez, edo zuzenean edo zeharka administratuta.
3.– Gastu hautagarrien balorazioa egitean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programa honen xede den jarduerarekin, eta haren artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
b) Deskontuek eta antzekoek gastuaren balio txikiagoa ekarriko dute.
c) Gastu hautagarrien balorazioa euroa ez den beste moneta batean egiten bada, eurora aldatuko da, ordainketaren datako truke-tasa kontuan hartuta.
d) Inola ere ez dira gastu hautagarritzat hartuko fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak eta/edo zerbitzuak, ez eta eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak edo akzioen edo partaidetzen bidez (zuzenean edo zeharka) laguntzaren eskatzailearekin lotutakoak.
8. artikulua.– Finantzatu beharreko inbertsioak, finantza-arloko eragiketak eta maileguen ezaugarriak, finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzetan (2. ildoa).
1.– Finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzetan (2. ildoa), inbertsioak aktibo finkoaren elementu berrietarako izan behar dira. Halaber, pertsona juridikoaren diruzko kapital sozialarekin autofinantzatu beharko dira, gutxienez % 30ean, sinatutako eta ordaindutako kapitalaren diruzko ekarpenaren bidez, dirulaguntzetatik datorren zatia zenbatu gabe.
2.– Finantzatuko diren inbertsioak honako hauek dira:
a) Ibilgetu materiala, lursailak eta eraikinak izan ezik.
– Lokalak berritzea eta egokitzapenak.
– Makineria.
– Ekipamendu-ondasunak.
– Tresneria.
– Industria-ibilgailuak.
– Instalazio teknikoak.
– Altzariak.
– Beste inbertsio batzuk aktibo finko materialetan.
b) Ibilgetu ukiezinak.
– Aplikazio informatikoak.
– Jabetza industriala.
– Jabetza intelektuala eta pizgarri administratiboen edo frankizien kanonak.
Ibilgetu ukiezinean egindako inbertsioak gastu hautagarritzat joko dira, baldin eta inbertsioak badaude ibilgetu materialean.
3.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntzak gauzatzeko (2. ildoa), erakunde onuradunek SPRIren, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduaren eta Autonomia Erkidegoaren administrazioaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan egindako mailegu-eraiketetan artikulatuko dira.
4.– Maileguek honako ezaugarri hauek izango dituzte:
Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.
Gehieneko zenbatekoa: 180.000 euro.
Interes-tasa: euriborra sei hilabetera + % 1,25.
Amortizazio-epea: 7 urte.
Gabealdia: 2 urte.
Kuotak: hiruhilekoak, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.
Bermeak: enpresa-proiektua egiteko konpromisoa.
Irekiera- eta azterlan-batzordea: Salbuetsita.
Xedapena: erakunde laguntzaileak baimentzen duen neurrian, proiektua gauzatzearen arabera.
5.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eragiketen epea eta gabealdia luzatu ahal izango ditu, gehienez ere hiru urtez, eragiketaren jatorrizko epeari dagokionez. Luzarok edo enpresak egindako eskaeraren arabera egingo da luzapen hori, zerbitzu-emaileek ordainketa-egutegia betetzeko justifikatzen dituzten zailtasunak kontuan hartuta eta jatorrizko mailegu-kontratuari erantsitako dokumentu batean formalizatuko da luzapena.
9. artikulua.– Laguntza motak eta zenbatekoa.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira.
1.– Lagun egitea (1. ildoa) gastu hautagarrien % 100era arte; gehieneko zenbatekoa: 30.000 euro.
2.– Finantzazioa (2. ildoa) eskuratzeko, honako hauek lagunduko dira diruz:
– Emandako finantzazio-zenbatekoaren % 20ko dirulaguntza.
– Mailegua formalizatu eta indarrean den hiruhileko naturala amaitu arteko aldian sortutako interesak, eta ondorengo 8 hiruhileko naturaletako bakoitzean sortutako interesak.
10. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.
1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin, edo dirusarrera publiko edo pribatuarekin, edo Erkidegoaren beste finantzaketa-modu batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen bada.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, Programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan, hasitako ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bi urteetan zehar kontabilizatuta.
5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– Muga horietako bat edo Programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.
a) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
b) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste erakunde (ezaugarri bereziak ditzutelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.
Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta , proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori.
11. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.
2.– Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko jarraibideak, bai eta eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.
3.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
12. artikulua.– Laguntza eskatzea.
1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen eskaera bete behar dute.
2.– Eskaera hori pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez). Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren sistemetan eskarian duen sinadura elektronikoarena.
3.– Laguntzaren eskaerak berekin dakar SPRI baimentzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eskatzeko, bai eta enpresa EJZn (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga) altan emanda dagoen epigrafea kontsultatzeko ere.
4.– Laguntzaren eskaerak pertsona fisikoaren edo enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada:
a) Talde sustatzaileko kideen nortasun-agiri nazionala.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko erroldatze-ziurtagiria.
c) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
d) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaeran atxikitako ereduarekin bat, non inguruabar hauek jasoko diren:
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako debekurik ez izatea.
– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.
– Ez izatea sektore publikoetako edozein Administrazio edo erakunderen aurrekontu publikoetatik datozen zorrei edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrik. Deialdi honetan ezingo dute parte hartu laguntza publikoen emakidatik edo mota horretako programetan parte hartzea eragozten duen beste edozeinetatik eratorritako zehapen-prozedura batean zigortuek, zigorra betetzeko epean badaude. Eskatzailea mota horretako itzulera- edo zehapen-prozedura batean badago, prozedura horren emaitzak baldintzako du laguntzaren emakida edo ordainketa.
– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Laguntza-kontzeptuan ez jaso izana 200.000 euro baino gehiago hiru urteko epean, eta, kasu horretan, adieraztea.
2.– Onuraduna enpresa bat bada:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).
b) Sozietatearen eratze-eskrituraren kopia.
c) Sozietatearen ordezkariaren ahalordearen kopia.
d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.
e) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
f) Hala badagokio, EJZn alta emanda ez egotearen ziurtagiria.
g) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.
h) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako adierazpena, eskaerari erantsitako ereduaren arabera, honako inguruabar hauek jasotzen dituena:
– Enpresa eta haren legezko ordezkariak ezingo dira egon epai irmoen bidez zigortuta laneko osasunaren aurkako delituak egiteagatik, edo ezingo dute zigor irmorik izan arlo horretako administrazioko arau-hauste oso larriak egiteagatik deialdiaren aurreko 5 urteetan zehar.
– SPRI taldeko sozietateekin eta erakunde kolaboratzaile eta sustatzaileekin iraungitako zorrik ez edukitzea ez onuradunak, ez sustatzaileek eta ez lotutako beste sozietate batzuek.
– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.
– Ez izatea sektore publikoetako edozein administrazio edo erakunderen aurrekontu publikoetatik datozen laguntzei edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrik. Deialdi honetan ezingo dute parte hartu laguntza publikoen emakidatik edo mota horretako programetan parte hartzea eragozten duen beste edozeinetatik eratorritako zehapen-prozedura batean zigortuak izan direnak, zigorra betetzeko epean badaude. Eskatzailea mota horretako itzulera- edo zehapen-prozedura batean badago, laguntzaren emakida edo ordainketa prozeduraren emaitzak baldintzako du.
– Ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, lehiaketa-adierazpena eskatu izana, lehiaketan deklaratuta ez egotea, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituta ez egotea lehiaketaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean zehar emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta, hala badagokio, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Laguntza-kontzeptuan ez jaso izana 200.000 euro baino gehiago hiru urteko epean.
i) Finantzaketa lortzea errazteko laguntza eskatzeko (2. ildoa), beharrezkoa izango da, gainera, dokumentazio hau aurkeztea:
– Enpresako planaren kopia bat.
– Enpresa-talde bateko kide izanez gero, taldearen eta zeharkako parte-hartzea duten beste sozietate batzuen sozietate-organigrama (ETE irizpidearen arabera: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa), parte-hartzearen ehunekoa adierazita.
– Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.
3.– Halaber, SPRIk eta finantza-erakundeak beste dokumentu batzuk eta informazio osagarria eskatu ahalko dituzte beharrezkotzat jotzen denean aurkeztutako eskaera ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.
4.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotasuna emango diete enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren posta elektroniko kontura bidalitako notifikazio guztiei. Harremanetarako onartuko den posta elektronikoko kontu bakarra programaren enpresa onuradunarena izango da.
14. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
1.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2022ko abenduaren 12an amaituko da. Nolanahi ere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2022ko abenduaren 12ko 15:00etan (Espainiako ordu penintsularra) amaituko da.
15. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.– Aurkezpena:
a) Erakunde eskatzaileak eskaera bete eta telematikoki bidaliko du.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dio eskaera.
c) BIC horrek egiaztatuko du informazio guztia zuzena dela, eta horren aldeko txostena egingo du, hala badagokio.
2.– Ebaluazioa.
1) Aurkeztutako laguntza-eskaeren analisia eta ebaluazioa BICen esku egongo da, eta eskatzaileari beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio guztia eskatu ahalko diete horietako bakoitza behar bezala ulertu eta ebaluatzeko.
Eskaerak akatsak baditu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada erantsi aurreko artikuluan zerrendatutako dokumentazioa, BICak edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean akats horiek konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio hori egin ezean eskaera bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak aurretiaz ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat. Eskaera aintzat hartuko da dokumentazio osoa aurkezten denean.
2) Laguntzak eman eta ebazteko espedienteen izapidetzea, arau honetan xedatutakoarekin bat, modu ordenatuan egingo da, eskaera-espedientea eta dagokion dokumentazioa guztiz osatuta dauden unearen arabera.
3) BICei dagokie aurkeztutako eskaeren hasierako analisia eta balidazioa, eta, oinarri hauen 17. artikuluan izendatutako funtzioen esparruan, txosten bat egitea, enpresa-proiektua aztertzeko bidelaguntzaren kasuan (1. ildoa) eta Enpresa Plana finantzaketarako sustenguaren kasuan (2. ildoa).
BICek egiaztatuko dute enpresa eskatzaileak ETEak direla, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, L 124 zenbakia, 2003-05-20koa, 0036-0041 or.
BICek eskaerei buruzko txosten bat bidaliko diote proiektuen jarraipena egiteko Balorazio Batzordeari; hura Lurralde Historiko bakoitzean osatuko dute Eusko Jaurlaritzako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako eta dagokion Foru Aldundiko kideek.
Batzordearen funtzionamenduarekin lotutako guztiari Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoa aplikatuko zaio.
Balorazio Batzordeak proposamenak aztertuko ditu sarrera-ordenari jarraikiz. Espedienteak bete ondoren, programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.
Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, laguntza emateko proposamena idatziko da SPRIren Zuzendaritza Nagusiarentzat.
4) Hitzarmenaren babespean formalizatutako maileguen bidez inbertsioen finantzaketa lortzea errazteko laguntzen eskaerak, Luzaro EFC erakundeari bidaliko dizkio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak. Luzaro EFC erakundeak eskaera onartu edo ukatzeko erabakia jakinaraziko die eskatzaileari eta SPRIri hura jaso eta hilabete bateko epean, eta, ondoren, SPRIk dagokion baiespen- edo ezespen-ebazpena emango du.
3.– Ebazpena.
1) Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, zuzeneko esleipenaren erregimenean, eta eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, beharrezko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
2) Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ezetsi egingo dira SPRI - Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren banakako ebazpenen bitartez, eta horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.
3) Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, ezespen-ebazpentzat joko da.
4) Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.
16. artikulua.– Laguntzen likidazioa – Ordainketa.
1.– Lagun egiteko laguntzak (1. ildoa).
a) Erakunde onuradunei emandako dirulaguntza SPRIren bitartez igorriko da, BICek egindako balorazioaren eta SPRIren ondorengo balidazioaren arabera.
b) Aldian-aldian, erakunde onuradunek proiektuaren exekuzioa justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoko likidazioaren eskaera-inprimakiak erabiliz.
c) Likidazio-eskaera pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektronikoaren bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.
d) Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:
(i) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapena eginda.
(ii) Fakturen ordainketen ordainagiriak, bankuko kontuetan islatuta, edo ordainketaren banku-egiaztagiria.
(iii) Hala badagokio, emandako zerbitzuaren egiaztagiriak.
(iv) Seihilekoan behin: Enpresa Proiektuaren prestaketaren bilakaera, jardueraren memoriaren bidez.
(v) Lagun egiteko aldiaren amaieran: egindako Enpresa Plana.
(vi) Enpresa sortzeko unean: sozietatearen eratze-eskrituren kopia eta IFZ.
Likidazioa ez bada guztiz betetzen edo ez bada harekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsa konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
2.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntza (2. ildoa).
a) Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzari dagokionez, SPRIk 15 egun naturaleko epean ordainduko du, onuradunari SPRIren ebazpen baieslea jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Halaber, zenbateko hori Luzarok pignoratuko du, finantzaketaren berme gisa. Finantzaketarako baldintzak bete ondoren, adierazitako zenbatekoa onuradunari erantsiko zaio.
b) Luzarok SPRIri kobrantzaren berri ematen dionean, SPRIk enpresa onuradunari honako zenbateko hauek ordainduko dizkio:
i) Maileguaren formalizazio-dataren eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak.
ii) Hiruhileko bakoitzean sortutako interesak, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.
Ordainketak zuzenean Luzaro finantza-erakundearekin harremanetan dagoen erakunde onuradunaren kontuan egingo dira.
c) Erakunde onuradunek laguntza emandako xederako erabiltzeko betebeharra izango dute, eta BICei honako dokumentazio hau emateko konpromisoa hartzen dute:
i) Seihilekoan behin: inbertsioen egoeraren txostena, baita fakturen eta ordainagirien bidez egindako ordainketak ere.
ii) Seihilekoan behin: jardueraren txostena eta Enpresa Planaren exekuzioa, desbideratzeak, berrikuspenak eta doikuntzak.
17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak eta LUZARO erakunde laguntzaile izendatzen dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako terminoetan, baita arau honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat ere.
2.– Hauek dira EAEko BICak:
Araba
– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea AB – Centro de Empresas e Innovación de Alava, S.A.
Bizkaia
– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Ezkerraldeko Enpresa-Garapenerako Zentroa.
– Bizkaiko Enpresa- eta Urrerapenzentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).
– BIC Bizkaia, Bizkaia Parke Teknologikoa.
Gipuzkoa
– BIC Gipuzkoa: Gipuzkoako Enpresa- eta Berrikuntza-Zentroa.
– Saiolan.
3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:
a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzeaz.
b) Onetsitako proiektuaren jarraipenaz eta tutoretzaz.
c) Ordainketa-proposamena ebaluatu eta hasiera batean balioztatzeaz.
d) Finantzaketarako laguntzaren kasuan (2. ildoa), Enpresa Planak aztertzeko txostenak egiteaz eta horiek Balorazio Batzordeari eta hala badagokio Luzarori bidaltzeaz.
e) Oinarri hauetako 19. artikuluan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak.
f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.
4.– Luzarok, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko da:
a) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak igorritako 2. ildoko proiektuak aztertu eta ebaluatzeaz.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari eta onuradunari horiek baiespena edo ezespena jakinarazteaz.
c) Poliza formalizatzeaz.
d) Enpresa onuradunei zuzendutako ordainketa igortzeaz.
e) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari aldian-aldian onuradunen kuoten ordainketen eta sortutako arazoen berri emateaz.
f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitakoak, eta, zehazki, hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartu egin dela.
b) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.
c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.
d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.
e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.
f) Berehala jakinaraztea SPRIri eta BICari hemen araututako laguntzen xede bererako edo antzekorako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik.
g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.
h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.
i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.
19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuen laguntzak edo dirulaguntzak eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena ere aldatu ahalko da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta aldaketak baimendu ahalko dira, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasieran lortu nahi dituen jarduketen eta helburuen izaera.
20. artikulua.– Ez betetzeak.
1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko legezko ekintzak abiaraziko dira. Halaber, enpresa hornitzaileari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.
2.– Edonola ere, ez-betetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasieran lortu nahi dituen jarduketen eta helburuen izaera.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak eta eskakizunak edo laguntza emateko ezarritako baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
f) Proiektua beste edozertara desbideratzea edo laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI- Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
6.– Halaber, bidezkoa izango da jasotako laguntza itzultzea onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:
1.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.
2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.
4.– Europako Batzordearen 1407/2013 EB Zuzentaraua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legean eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.
Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi: www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/) transmititu ahal izango zaie.
Interesdun guztiek dute datuak babesteko araudiak emandako eskubideak SPRIren aurrean baliatzeko ahalmena, eta horretarako, idatzi bat bidali beharko dute lopd@spri.eus helbidera. Era berean, erakundeko Datuak Babesteko Ordezkariarekin harremanetan jar daitezke dpd@spri.eus helbide elektronikoan.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika web-orrialdeko Pribatutasun-politika kontsulta daiteke.
Jakinarazten da datuen babesa eskatu behar bada, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) izango dela kontrol-agintzaritza.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.