145. zk., 2022ko uztailaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (447 KB - 15 orri.)
- EPUB (1141 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
3434
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 6koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, gas naturalaren prezio altuen eraginpeko industria-sektoreko enpresentzako laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen, haien deialdia egiten eta argitaratzen dituena.
2022ko martxoaren 24an argitaratu zen EBEOn (2022/C 131 I/01) Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia bultzatzeko estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparrua. EBko Aldi Baterako Esparru horretan ezartzen denez, Ukrainaren aurkako errusiar erasoaren edo ezarritako zigorren, edota zigorrei erantzunez hartutako errepresalia-kontraneurrien eraginpeko enpresentzako zenbateko mugatuko aldi baterako laguntzak, konponbide egokia, beharrezkoa eta selektiboa izan daitezke egungo krisi honetan.
2022ko apirilaren 12an Gobernu Kontseiluak 158 M euroko neurri pakete bat onartu zuen ekonomia dinamizatzeko, enplegua mantentzeko eta pertsona eta familia kalteberenei laguntzeko, eta horrela, Ukrainako gerraren efektuei erantzuteko. Neurri pakete hori gauzatzeko, bi funts espezifiko sortu dira, batetik, erreskate sozialeko funts bat (15,1 M€) eta, bestetik, ekonomia-erreskateko beste funts bat (142,9 M€). Ekonomia erreskatatzeko funtsaren barruan, zehazkiago enpresa eta mikroETEentzako laguntza osagarrien artean, gas-kontsumo intentsiboa egiten duten industriarentzako laguntza-programa baten deialdia aurreikusten da, 5 M euroko zenbatekoarekin.
2022ko ekainaren 13an, Europako Batzordeak Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu zuen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia bultzatzeko laguntza-neurriei buruzkoa (SA.102771). Aldi Baterako Esparru Nazional horretan ezarritakoarekin bat etorriz, eskumeneko agintariek aukera izango dute enpresa eta autonomoei aldi baterako laguntzak emateko, zehazkiago, aldi baterako laguntzak, likidezia bultzatzeko eta laguntzeko zenbateko mugatuekin, berme moduan eta subsidiatutako maileguen moduan, betiere, Aldi Baterako Esparru Nazional horretan aurreikusitako gainerako baldintzak bete beharko dituztenak.
Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dugu, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan. 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren (3E2030) misioa, beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, energia-kontsumoan efizientzia gehitzekoa da, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruago bat lortzea.
Aldez aurretik azaldutako guztiaren ondorioz, eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia gauzatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, gas naturalaren prezio altuen eraginpeko enpresentzako laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, programaren edukia ebazpen honi I. eranskin gisa eransten zaiolarik.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, gas naturalaren prezio altuen eraginpeko enpresentzako laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2022ko uztailaren 6a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.