145. zk., 2022ko uztailaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSASUN SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3431
85/2022 DEKRETUA, uztailaren 12koa, «Retina Araba Begisare: Asociación de Afectados por Distrofias Hereditarias de Retina de Álava / Arabako Erretinako Distrofia Hereditarioek Eragindakoen Elkartea» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, «Retina Araba Begisare: Asociación de Afectados por Distrofias Hereditarias de Retina de Álava / Arabako Erretinako Distrofia Hereditarioek Eragindakoen Elkartea» izeneko elkarteak aitormen hori emateko eskatu du. Bere ustez, elkartea onura publikokoa dela aitortzea merezi du interes orokorra sustatzen duelako erretinaren distrofia hereditarioak eta ikusmen-desgaitasuna eragiten duten bestelako afekzioak dituzten pertsonei arreta integrala etengabe eta eraginkortasunez emanez, pertsona horien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko.
Sentsibilizazio-lan handia egiten dute eta gaixotasuna gizarteari ezagutarazten diote, gizarte inklusiboagoa eraikitzeko eta dibertsitate funtzionala duten pertsona guztiak integratzeko.
«Retina Araba Begisare: Asociación de Afectados por Distrofias Hereditarias de Retina de Álava / Arabako Erretinako Distrofia Hereditarioek Eragindakoen Elkartea» izeneko elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/A/21108/2017), Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak 2017ko uztailaren 21ean emandako Ebazpena dela bide.
Arabako Lurralde Historikoan garatzen ditu bere eginkizunak.
Eratu zenetik, «Retina Araba Begisare: Asociación de Afectados por Distrofias Hereditarias de Retina de Álava / Arabako Erretinako Distrofia Hereditarioek Eragindakoen Elkartea» izeneko elkarteak beharrezko jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusia lortzeko, hau da, erretinaren distrofia hereditarioak eta ikusmen-desgaitasuna eragiten duten bestelako afekzioak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak, oro har.
Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu baten bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren, Osasuneko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, entitate eta erakunde interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Retina Araba Begisare: Asociación de Afectados por Distrofias Hereditarias de Retina de Álava / Arabako Erretinako Distrofia Hereditarioek Eragindakoen Elkartea» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/A/21108/2017 zenbakiarekin.
Horrekin batera, adierazpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 12an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.