Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2022ko uztailaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
3425

88/2022 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez betetzeagatik ezarritako zehapenak ordezteari buruzkoa.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen zioen azalpenean adierazten dena betez (aurrerantzean 1/2016 Legea), 15/1998 Legearen bidez, oinarriak ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoan droga-mendekotasunen arloan prebentzio-, laguntza- eta gizarteratze-politikak gauzatzeko (15/1998 Legea, azaroaren 11koa, Droga-mendekoen alorreko Aurre-hartze, Laguntza eta Birgizarteratzeari buruzkoa). Lege horrek aipatzen zuen prebentzio-politikak barnean hartu behar duela hainbat instantziatako jarduketa-multzo bat (osasun, hezkuntza, herrizaingo, gazteria eta justiziako jarduketak eta gizarte-zerbitzuetakoak, eta abar), legearen araberako ikuspegi batetik bideratu beharrekoa.

Egun arte egiten diren lege-aldaketa guztietan, 1/2016 Legea barne, kontuan izan da ikuspegi pedagogiko eta hezigarri hori. Ikuspegi hori, bestalde, gai izan da egokitzeko denboraren joanean sortu diren erronka eta premia guztietara. Lege honen asmoa da adikzioen eta droga-mendekotasunen fenomenoa lantzea, diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik, azpimarra jarrita osasunerako hezkuntzan eta adingabekoen eta gizarte-talde ahulenen defentsan, eta genero-ikuspegiari arreta berezia eskainita.

Aipatutako legearen testuan jasotzen diren berritasunen artean, adingabekoei debekatu egiten zaie alkohola kontsumitzea; era berean, zehapen-araubide berri bat ezartzen da, eta, zehapen-araubide horren eremuan, aukera ematen da zehapenen ordez beste neurri pedagogiko eta hezigarri batzuk ezartzeko.

1/2016 Legeak zazpigarren tituluan jasotzen du zer araubide aurreikusten den arau-hauste eta zehapenetarako, eta, hor, espresuki aipatzen da nori inputatuko zaion arau-hauste horien administrazio-erantzukizuna (88. artikulua), nola mailakatu zehapenak (91. art.) eta zer aukera dagoen zehapenok ordezteko (93. art.).

1/2016 Legean jasotako arau-hausteen administrazio-erantzukizuna arau-haustea egin duen pertsona fisiko nahiz juridikoari egotziko zaio. Erantzukizun hori adigaberen batengan erortzen bada, 88. artikuluak aukera ematen du, isun-zehapena jarri beharrean, legeak jasotzen dituen neurriak ezartzeko, baldin eta adingabearen guraso edo legezko tutore, hartzaile edo zaintzaileek onartzen badituzte.

VII. Adikzio-planak, eskaintza murrizteari buruzko 2. ardatzean, helburu orokor modura jasotzen du adikzioak sor ditzaketen jarduerak eta substantziak eskuratzeko mugak jartzea, horien kontsumoarekiko tolerantzia soziala murriztea eta indarrean dagoen araudia eraginkortasunez betetzen dela sustatzea. Planaren helburuen artean, bat nabarmentzen da: tabakoaren, alkoholaren eta adikzioa sor dezaketen beste legezko substantzia batzuen sustapenarekin, publizitatearekin, salmentarekin, banaketarekin eta kontsumoarekin erlazionatutako jarduerak kontrolatzea. Helburu horiek lortzeko aurreikusten den ekintzetako batek aipatzen du ezen, zehapenen ordez, beste neurri batzuk sustatu behar direla –hala legezko substantzia esaten zaienen kasuan, nola legez kanpokoen kasuan– pertsonek har dezaten beren ekintzen gaineko erantzukizuna.

1/2016 Legean, zehazpenen ordezko modura aurreikusten diren neurriak baliabide garrantzitsu bat dira lege horretan aurreikusten den filosofia pedagogikoan, zeren araudi hori ez baita erabiltzen soilik dirua biltzeko asmotan, baizik eta tresna hezigarri eta prebentziozko modura, kontzientzia soziala hartzeko balio behar duena mugak jartzeko; bereziki arau-hauslea adingabea bada, adingabe horrek baliabide nahikoa eduki dezan arrisku- eta kalte-egoerei aurre egiteko, eragina izan baitezakete bere osasunean, ongizatean eta beste zenbait bizi-baldintzatan.

Testu hau prestatzeko, kontuan izan dira hala jardunbide onen hainbat esperientzia nola Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakundek garatutako ebidentzia zientifikoak –batik bat udalek garatuak–; baita beste entitate batzuek garatuak, zeinek, sektore sozialetik, zerbitzu profesionalak ematen baitituzte zehapenak prebenitu eta ordezteko.

Horregatik, nahitaezko txostenak eman ondoren, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Osasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 12an egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen helburua da zehapenak ordezteko araubidea arautzea, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 93. artikuluan aurreikusitakoa, eta, horretarako, ordezko neurriak eta horiek aplikatzeko prozedura ezartzea.

2. artikulua.– Aplikazio-kasuak.

1.– Dekretu hau aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dutenei, baldin eta zehatuta badaude 1/2016 Legean jasotzen diren arau-hauste arin edo astunak egiteagatik.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako ordezko neurriak, bestalde, lehentasunez aplikatuko dira arau-hausleak adingabeak direnean edo 25 urte arteko pertsonak.

3.– Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira 1/2016 Legearen 87. artikuluaren arabera berrerorletzat jotzen diren pertsonak, alde batera utzita adingabeak edo 25 urtera arteko pertsonak; azken kasu horietan, mendekotasuna sortzen duten nahasmenduetan prestakuntza duen psikologo baten edo mediku baten txostenak adierazi beharko du kontsumoak edo polikontsumoak osasunerako edo mendekotasunerako arriskua handia sor dezakeela eta pertsona horiek tratamendu-programak behar dituztela.

3. artikulua.– Baliabideak eta lankidetza instituzionalaren printzipioa.

1.– Arau-hauslearentzat, ez da eskubide subjektiboa izango aukera izatea zehapenaren ordez bestelako neurririk ezar dakion. Izan ere, horretarako, ezinbestekoa izango da aipatutako programak eta horietan plaza hutsak egotea.

2.– Hala ere, administrazio eskudunek eta dagokion lurraldean jarduera garatzen duten erakunde edo entitateek zenbait lankidetza- eta elkarlan-mekanismo ezarriko dituzte, horien bidez ordezko neurriak bideratzeko.

3.– Printzipio horren arabera, ahaleginak egingo dira zehatuak bere bizilekutik gertu dagoen herri batean bete ditzan ordezko neurriok, kontuan izan gabe non egin zuen arau-haustea.

4.– Administrazio publiko eskudunek ordezko neurrien programak iragarriko dituzte, eta haien berri emango diete zehatutako pertsonei.

II. KAPITULUA
ZEHAPENEN ORDEZKO NEURRIAK

4. artikulua.– Ordezko neurrien ezaugarriak.

Ordezko neurriak hartzeko, betiere, ezaugarri hauek hartuko dira kontuan:

a) Borondatezkoa izan behar du. Ezinbesteko betekizuna izango da arau-hausleak aldez aurretik eskaera espresua egitea, eta, arau-hauslea adingabea izanez gero, haren gurasoek edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileek eskaeraren berri izan eta hura onartzea.

b) Onarpen pertsonala Arau-hausleak espresuki onartu behar du gauzatuko duela proposatzen zaion neurria, eta, adingabeen kasuan, beharrezkoa izango da haren gurasoek edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileek baimena ematea.

c) Egindako arau-haustearekiko proportzionala izan behar du.

d) Erlazionatuta egon behar du zehatzen den jokaerarekin, ahal den neurrian.

e) Malgutasuna. Ordezko neurriek bateragarriak izan behar dute, ahal den neurrian, arau-hausleen eskolako, laneko eta familiako jarduerekin eta betebeharrekin, batez ere arau-hausleak adingabeak badira.

f) Betebehar pertsonala. Araua hautsi duen pertsonak berak gauzatu behar du ordezko neurria.

g) Doakotasuna. Ordezko neurriak inoiz ez dira ordainduak izango.

h) Neurria onartzen duen pertsonaren duintasuna eta eskubideak bermatu behar dira.

i) Neurriak diseinatu eta abian jartzeko orduan, ekitatea hartuko da kontuan, eta, bereziki, genero-ikuspegia.

5. artikulua.– Ordezko neurri-motak.

1/2016 Legeak 95. artikuluan ezartzen du zer organori esleitzen zaien eskumena arau-hauste arin edo astunen zehapenak ezartzeko. Organo horiek, zehapenen ordez, ordezko neurri hauek ezarri ahal izango dituzte:

a) Gizartearentzako lanak edo jarduerak. Jarduera publikoak dira, interes sozialekoak eta balio hezigarria dutenak, eta kaltetutako komunitateari balio behar diotenak hautsitako araua erreparatzeko.

b) Prestakuntza- edo informazio-programa prebentiboa. Hezkuntza-jarduera bat da, helburu nagusitzat duena sentsibilizatzea eta kontzientziatzea substantziak kontsumitzearen edo bestelako portaera adiktiboak izatearen arriskuaz eta kalteez, eta haien kausa-ondorioez, eta hausnartzea zehapenaren xede den portaeraren inguruan.

c) Tratamendu-programa. Ordezko neurri bat da, kontsumo- edo polikontsumo-patroia duten eta, horien ondorioz, mendekotasuna edo portaera arazotsuak adierazten dituzten pertsonei zuzendua.

6. artikulua.– Helburuak.

Ordezko neurriek, zeinen ezaugarriak dekretu honek arautzen baititu, helburu hauek lortu behar dituzte:

a) Mendekotasuna sorraraz dezaketen substantzien kontsumoarekin lotutako arrisku-jokabideak prebenitzea eta murriztea.

b) Substantzien kontsumoak zer arrisku dakarren antzematen laguntzea euskal gizarteari, oro har, eta batez ere gazteei.

c) Arrisku-egoerak atzeman behar dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, beste baliabide soziosanitario batzuetara bideratu behar dituzte.

d) Ordezko neurria bereizi behar dute, eta banan-banan ezarri, eragingarriagoa izan dadin prebentzio modura.

e) Ordezko neurriak izaera hezitzailea eta konpontzailea izan behar du lehentasunez, jarrera arduratsuak sustatzeko eta babes-faktoreak areagotzen laguntzeko.

f) Gurasoak edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileak inplikatu behar dituzte, ordezkatzen dituzten adingabeen portaera eraldatu eta berreraiki dadin, eta horretarako behar duten informazioa, babesa eta laguntza eskaini behar diete.

7. artikulua.– Ordezko neurrien iraupena zehazteko irizpideak.

1.– Zehazteko zenbat ordu eskaini behar zaizkien ordezko neurriei, kontuan izango da ea arau-hauslea adin nagusikoa edo adingabea den eta ea nolako larritasuna duen arau-hausteak, betiere dekretu honetako I. eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.– Tratamendu-programen iraupena zehazteko, kontuan izango da zer baliabide erabiliko den neurria bete behar duen arau-hauslearekin.

III. KAPITULUA
ZEHAPENAREN ORDEZKO NEURRIAK JARTZEKO PROZEDURA

8. artikulua.– Ordezteko prozedura.

1.– Dekretu honetan ezarritakoaren arabera zehapena ordeztu daitekeenean, espresuki emango da inguruabar horren berri, zehapen-prozedura hastea erabakitzen duen ebazpenean, arau-hausleak edo haren legezko ordezkariak aukera izan dezan zehapena ordeztea eskatzeko.

2.– Zehapen-espedientea irekitzeko erabakia jakinarazten denetik 15 eguneko epean, arau-hausleak edo haren legezko ordezkariak aukera izango dute zehapen-espedientea irekitzen duen organoari eskatzeko zehapena ordezkatzeko. Eskabidean, ara-hauslearen borondatezko baimena jaso behar da, bai eta, hura adingabea bada, haren gurasoen edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileen baimena ere. Era berean, jaso ahal izango da zer inguruabar laboral, familiar edo pertsonal izan daitezkeen interesgarri neurria ezartzeko.

3.– Zehapena ezartzeko eskumena duen organoak ebatziko du egokia den zehapena ordeztea, eta dagokion zehapena ezarriko du, betiere haren betearazpena eta preskripzio-epea etenda. Zehapena etenda geratuko da, baldin eta arau-hausleak dagokion ordezko neurria betetzen badu. Aipatutako ebazpenean, organo eskudunak eskatzaileari jakinaraziko dio Administrazio Publikoaren zer zerbitzu edo entitate arduratuko den ordezkapena zaintzeaz.

9. artikulua.– Elkarrizketa.

1.– Ordezkapena zaintzeaz arduratuko den Administrazio Publikoaren zerbitzuak edo entitateak dei egingo dio arau-hausleari elkarrizketa pertsonal batera. Arau-hauslea adingabea bada, haren gurasoek edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileek ere joan beharko dute elkarrizketa horretara.

2.– Elkarrizketak funtzio informatiboa eta motibazionala izango du, eta balorazioa, orientazioa eta konpromisoa zehaztekoa. Gogoeta egiteko eta ikasteko aukera gisa formulatuko dira zehapena nahiz haren ordezkoa, eta, horretarako, denen babesa eta laguntza beharko dira.

3.– Ebaluatu beharko da zer arrisku- eta babes-faktore dituen pertsona ebaluatuak kontsumoaren aurrean, eta, mendekotasuna dagoela adierazten duen kontsumo-patroirik atzemanez gero, proposatu ahal izango da pertsona hori tratamendu-programa batera bideratzea.

4.– Adingabeen kasuan, prestakuntza- eta laguntza-baliabideak eskaini ahal izango zaizkie gurasoei edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileei, lagun diezaieten ulertzen, hobetzen eta egoki esku hartzen beren seme-alaben heziketarekin lotutako arazoetan.

5.– Elkarrizketa egin ondoren, Administrazio publikoak edo tutoretzaren ardura duen erakundeak txosten bat egingo du, eta, han, zehaztuko du bere ustez zein den zehapena ordezteko neurri egokiena.

10. artikulua.– Gauzatze-plana.

1.– Elkarrizketa egin eta gero, gauzatze-plan bat prestatu behar da, eta, han, jasoko da arau-hausleak konpromisoa hartzen duela ordezko neurri zehatza betetzeko, zer ataza edo jarduera egingo diren ordezko neurri modura, zer baliabidetan gauzatuko den neurria, nor arduratuko den ordezko neurriak kontrolatzeaz eta haien jarraipena egiteaz, zer ordutegi eta egutegi izango duten eta zein diren neurriok betetzeko gainerako baldintzak.

2.– Gauzatze-plana egiteko, arau-hausleak idatziz adierazi behar du bere onarpen espresua; arau-hauslea adingabea bada, haren gurasoek edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileek ere adierazi beharko dute.

11. artikulua.– Ordezkapen-espedientea ebaztea.

1.– Zehapenaren ordez ezarritako neurria gauzatze-planaren arabera bete beharko da, hau da, arau-hausleak eta, hura adingabea bada, haren gurasoek edo legezko edo izatezko tutore, hartzaile eta zaintzaileek onartutako gauzatze-planaren arabera.

2.– Behin ordezko jarduera edo programa gauzatuta, hura zaintzeaz arduratzen den Administrazio Publikoaren zerbitzuak edo entitateak txostena eman beharko du adierazteko ea bete diren proposatutako helburu eta jarduerak; gero, organo eskudunari bidaliko dio.

3.– Organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, prozeduraren ondorio diren gai guztiei buruz erabakitzeko. Arau-hausleak, aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera, bere konpromisoa behar bezala bete duela erabakitzen bada, ezarritako zehapena bertan behera uztea ebatziko du organo eskudunak. Aitzitik, erabakitako ordezko neurria osorik edo partez bete gabe geratu dela erabakitzen denean, zehapena betearaztea ebatziko du.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio adikzioen arloko eskumena duen saileko titularrari bere sailaren berezko gaietan administrazioko xedapen orokorrak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

ERANSKINA
ORDEZKO NEURRIEN GUTXIENEKO IRAUPENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala