Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2022ko uztailaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3377

AGINDUA, 2022ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen otsailaren 3ko 21/2009 Dekretua aldatzeko dekretu-proiektua jendaurrean jartzeko dena.

Hezkuntza Sailak dekretu-proiektu bat egin du otsailaren 3ko 21/2009 Dekretua aldatzeko. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezarri ziren. Proiektu hori Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeak ezarritakoaren arabera izapidetu behar da.

Lege horren 8.1 artikuluaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Halaber, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83.2 artikuluak ezartzen duenez, jendaurreko informazioaren izapidea dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, edozein pertsona fisikok edo juridikok aztertu ahal izan dezan espedientea edo haren zati bat.

Halaber, 8/2003 Legearen 8.4 artikuluaren arabera, nahikoa izango da hogei egun balioduneko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Azaldutakoaren ondorioz, eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuan xedatutakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen otsailaren 3ko 21/2009 Dekretua aldatzeko dekretu-proiektua jendaurrean jartzea, hogei egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Dekretu-proiektu horren eraginpeko interes legitimoren baten jabe direla uste duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, publiko zein pribatuek, kontsulta dezakete dekretu-proiektu horren espedientea. Horretarako, Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora jo beharko dute (www.euskadi.eus), goian adierazitako epearen barruan, eta aurkeztu ahal izango dituzte egokitzat jotako alegazio, agiri eta frogagiri guztiak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala