Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2022ko uztailaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3256

AGINDUA, 2022ko uztailaren 5ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntza ekonomikoak emateko deialdia egiten baita talde teknikoak sortu eta mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko, bai eta jarduera-esparru horietan ohitura osasungarriak sustatzeko ere, 2022ko ekitaldian.

Osasun Sailak du osasun publikoaren eta adikzioen eskumena, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (2020ko azaroaren 7ko EHAA, 176. zk.); dekretu hori aldatu egin zen, abenduaren 28ko 48/2020 Dekretuaren bidez (2020ko abenduaren 31ko EHAA, 262. zk.)

Agindu honek 2022ko ekitaldirako arautzen ditu adikzioen arloan ohikoak diren laguntza-lerroak. Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko botere publiko guztiei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoan diharduten sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasunaren alorreko EAEko administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez.

Osasun publikoa adikzioei eta droga-mendekotasunei arreta emateko ereduaren funtsezko oinarritzat joz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak arlo hauek garatzen ditu: osasuna sustatzea, prebentzioa, eskaintza-murrizketa, asistentzia, gizarteratzea eta prestakuntza eta ikerkuntza. Lege honen helburua da adikzioei diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik heltzea, ohitura osasungarriak lortzeko, eta osasun-kultura indartzea; eta horretan, osasuna sustatzea eta prebentzioa jarduera lehenetsia eta lehentasunezkoa izango dira.

Prebentzioaren arloan, komunitatearen eremua lehentasunezko eremuetako bat da, pertsonei eta horiek osatutako komunitateei ematen zaizkien zerbitzuen gertutasunagatik, eta udalerrietan eta mankomunitateetan garatzen dira lehentasunez. Zentzu horretan, agindu honen asmoa da komunitateko prebentziorako talde teknikoak sortzea eta mantentzea, bai eta adikzioen esparruan udalerriek beren toki- edo, dagokionean, foru-planetan gauzatzen dituzten programak eta jarduketak ere, horiek egin, garatu eta gauzatzea haien eskumena baita.

Bestalde, adikzioen esparruan nabarmendu beharrekoa da irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeen lana, apirilaren 7ko 1/2016 Legeak berak aitortutakoa, eta laguntza-lerro bat erakunde horiek alor horretan egiten dituzten proiektuak sustatzera bideratuko da.

Halaber, dirulaguntza jasoko duten jarduerek bete egin behar dituzte Euskadiko Adikzioen VII. Planaren (2017-2021) edukiak. Plan hori, zehazki, Gobernu Kontseiluak onartu zuen, 2017ko ekainaren 27an. Euskadiko Osasun Planarekin (2013-2020) lotuta dago aipatu plana, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen estrategiak eta jarduerak planifikatu, antolatu eta koordinatzeko tresna estrategikoa da. Halaber, finantza-erakundeek diseinatutako proiektuak txertatu eta orientatzeko balio du. Era berean, Osasun Planak, ingurune eta ohitura osasungarrien lehentasunezko alorreko adikzioen helburuan, adikzioen eremuko lerro eta ekintzak garatu beharra aipatzen du.

Deialdi honetan aplikatu daitekeen administrazio-prozeduran bide elektronikoa soilik onartzen da. Izan ere, urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) aplikatuta, deialdi honetan interesa duten erakundeek eta pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak baliatu beharko dituzte administrazio publikoekin harremanak izateko, administrazio-prozedura bateko edozein izapide egiteko orduan.

Deialdi honek aurreko ekitaldiko edukiei eusten die, eta honako arau hauek osatutako esparru juridikoan kokatzen da: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, VI. titulua; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

Aginduak bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez onetsi ziren Osasun Sailaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarritako jarraibideak.

Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Hori guztia dela eta, eta deialdi honetarako nahikoa kreditu egonik 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da osasun publikoaren eta adikzioen eremuan 2022. urtean emango diren dirulaguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek, hain zuzen ere, adikzioen prebentziorako udal-taldeak sortzeko eta mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitariorako udal-programa espezifikoak garatzeko eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko dira, bai eta jarduera-esparru horietan ohitura osasungarriak sustatzeko ere. Ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko, deialdi honetan araututako ezein laguntza-modalitatetan, ondasun higiezinak erostea.

2.– Hauek dira agindu honen bidez erdietsi nahi diren helburu orokorrak:

a) Mantentzea Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 27an onartutako Adikzioen VII. Planeko (2017-2021) jarduera-ardatzekin hobekien bat egiten duten programak eta proiektuak.

b) Premia berriak azaltzea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.

c) Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu- eta sistematizazio-prozedurei jarraitzea.

3.– Aginduak bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez onetsi ziren Osasun Sailaren 2022ko ekitaldiko dirulaguntzen plan estrategikoan ezarritako jarraibideak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen agindu hori: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

2. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak eskuratzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko administrazio berak edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Dirulaguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturrien (edo halakorik ez izatearen) eta iturri horien eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskaeren zenbatekoaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da.

3.– Jasotako laguntzaren eta dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, onartutako jardueraren aurrekontua baino handiagoa bada, sobera emandako zenbateko hori kendu egingo zaio eman beharreko dirulaguntzari.

3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena erakunde interesdunari edo, dagokionean, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzea honako lege hauen bidez arautuko da: 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

4.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak eta horiek erabiltzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, euskadi.eus-en.

2022an talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko laguntzak (II. kapitulua):

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032111

2022an arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko laguntzak (IV. kapitulua):

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032112

Adikzioen prebentzio komunitarioko 2022rako programak garatzeko laguntzak (III. kapitulua):

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032113

4. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua, epea eta erakunde eskatzaileek bete behar dituzten baldintzak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 16an amaituko da.

2.– Laguntza-eskabideen eta gainerako agirien aurkezpena, informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, agindu honen 3. artikuluan izapidetze elektronikoaren jarraibideetan garatutako prozeduraren eta jarduketen arabera.

Prozedura honetako izapidetze guztiak bitarteko telematikoen bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako ziurtagiri elektronikoetako edozein erabiliko dute. Esteka honetan kontsulta daitezke onartutako ziurtagiri elektronikoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskaeraren ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabideak, horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera, erakunde interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin batera aurkeztuko dira. Eskabide horiek eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en. Eskabideak, horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali behar dira.

5.– Erakunde eskatzaileek beren hautazko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legeak ezartzen duen moduan.

6.– Erakunde kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du toki-erakundeek zein hirugarren sektoreko erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, hala laguntza ematerakoan nola ordainketak gauzatzerakoan, erakunde horiek baimenik eman behar izan gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) 50.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

Era berean, hala laguntza ematerakoan nola ordainketak gauzatzerakoan, dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa-prozeduren inguruko betebeharrak eguneratuta daudela egiaztatuko da.

7.– Organo kudeatzaileak, dagokion administrazio publikoan, identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu, eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du. Kontsulta horiei berariaz uko egiten zaiela jaso daiteke eskabidean. Erakundeak ez badu kontsultarako baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

Aitortutako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen nortasunari dagokionez, ez da beharrezko izango inolako agiririk aurkeztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan bitarteko elektronikoen bidez izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/ordezkariak

8.– Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak, eta ez dute egon beharko artikulu horren 2. eta 3. apartatuetan zerrendatzen diren inguruabarretako batean ere.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako zen testu bategin hori) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua betez, eskabideen eginbide normalizatuan honako betebehar hauek egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturi xede berberarekin dirulaguntzak eskatu eta, hala badagokio, lortu direla jakinaraztea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzaren edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez dagoela edo horrelakoren bat bukatua ez duela egiaztatzea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzaren edo dirulaguntzen esparruan hasitako dena delako zehapen-prozedura, antzeko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izanaren inguruan hasitakoa.

c) Egiaztatzea erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso, dagokion epaiak edo ebazpen irmoak ezartzen duen epean laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen diona, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasota dagoen debekua barne.

d) Legez eratutako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren erregistro egokian izena emandako erakundea.

10.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla egiaztatu beharko da beren burua onuradun izateko aurkezten dutenek ordeztutako agiriak aurkeztuz edo erakunde kudeatzaileari horiek egiaztatzeko baimena emanez, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

11.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5. artikulua.– Instituzio eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak, aplikatzekoak diren heinean, laguntzen onura jaso duten instituzio eta erakundeek honako betebehar hauek bete beharko dituzte, aginduaren beste artikuluetan ezarritakoez gain:

1.– Agindu honetan aurreikusitako ereduak erabiltzea, eskabideak zein emandako dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko.

2.– Emandako dirulaguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntza horri espresuki uko egiten ez badiote.

3.– Dirulaguntzaren xede diren jardueren helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea.

4.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan.

5.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa adieraztea, dirulaguntza jasotzen duten jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko eta argitaratzeko badira.

6.– EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. planean jasotako konpromisoak betez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan adierazitakoarekin bat eginez, agindu honetako jardueren ondoriozko memoria, proiektu eta gainerako testuak idaztean hizkuntza ez-sexista erabiliko da.

7.– Erakunde onuradunak «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea, aurreko dirulaguntzetara aurkeztu ez bada, edo aldaketak izan badira. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/altaterceros

6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak osorik betetzen ez badira, edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa faltan badute, errekerimendua egingo zaio telematikoki interesdunari, hamar eguneko epean zuzendu ditzan akatsak edo aginduzko dokumentuak aurkeztu. Hauxe ere jakinaraziko zaio: hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, edo beste dirulaguntzarik pilatuz gero, berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emana izan, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten instituzioek eta erakundeek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, agindu honetako 12. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak ez du inolaz ere emandako dirulaguntzaren kopurua igotzea ekarriko.

8. artikulua.– Datuen babesa.

Izaera pertsonaleko datuak «Osasun publikoaren eta Adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendurako erabiliko direla jakinarazten da, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Ezaugarri hauek ditu:

«Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritza»

Helburua: talde teknikoak sortu eta mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko, eta jarduera-esparru horietan ohitura osasungarriak sustatzeko dirulaguntzak kudeatzea eta haien jarraipena egitea.

Legitimazioa: beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: arloan eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahalko zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0876_eu.html

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzak. Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balorazio-batzordea eratuko da, eta hauek izango dira batzordearen kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitia Jauregui (ordezkoa: Koldo Cambra Contin, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea) –batzordeburua izango da–, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck (ordezkoa: Patxi Cirarda Larrea, Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua). Elena Albisua Cortazar (ordezkoa: Blas Borde Lecona, Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua), Juan Carlos Fernández Crespo, (ordezkoa: Iosune Egaña Txurruka, Osasuna Sustatzeko burua). Kide anitzeko organoko Idazkaritza beteko du batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak.

Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian beteko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan jasota daudenak.

3.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute eskaerek, behar den epean eta moduan aurkezturik, agindu honen 15. eta 16. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura iristen ez bada, 18. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbatekoraino, edo eskatutako zenbatekoraino, txikiagoa balitz, laguntzen artean banatuko da zuzkidura, behar adina funts egongo balitz laguntzei legokiekeen zenbatekoaren proportzioan.

4.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara aurkeztutako proiektuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta balioetsiko ditu, eta, gainera, irizpen espezializatuetara jotzeko aukera ere izango du.

5.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balorazio-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, bai eta erantsitako datuak erkatzeko eta beharrezko diren egiaztapenak egiteko ere, dirulaguntzak behar bezala esleitzeko.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita (III. eta IV. kapituluak), behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta Osasuneko sailburuordeari igorriko dio onar dezan. Onartu ondoren, interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdian ezarritako moduan, eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Alegazioak aztertu ondoren, behin epea igarota, beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du.

Agindu honen bidez emango diren laguntzetarako eskabideak ebazteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da.

6.– Laguntzak emateko ebazpenek erakunde onuradunaren betebeharrak adieraziko dituzte, agindu honen 5. artikuluan baitaude aurreikusita betebehar horiek, eta espresuki aipatuko dute onuradunaren beste betebehar bat: laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea.

7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazi behar direla ahaztu gabe, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaienena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

8.– Osasuneko sailburuordeak agindu honi jarraikiz ematen dituen emateko edo ukatzeko ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, dena delako ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

10. artikulua.– Isiltasunez ukatzea.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu ebazpena espresuki emateko betebeharra.

11. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu hau betetzeko, gehienez ere, 2.854.400 euro erabiliko dira. Zenbateko hori honela zatikatuko da II-IV. kapituluetako lerroen artean:

a) Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortu eta mantentzeko (II. kapitulua): 1.174.135 euro.

b) Tokiko planei eta ohitura osasungarriak sustatzeko planei lotutako adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko, jarduera-eremu horretan (III. kapitulua): 561.765 euro.

c) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak sustatzeko (IV. kapitulua): 1.118.500 euro. Zenbateko horretatik, 236.000 euro ausazko jokoa eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko izango dira.

2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura iristen ez bada, 18. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbatekoraino, edo eskatutako zenbatekoraino, txikiagoa balitz, laguntzen artean banatuko da zuzkidura, behar adina funts egongo balitz laguntzei legokiekeen zenbatekoaren proportzioan.

3.– II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzetan uko-egiterik gertatuz gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat idatziko da, zeinak, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta, uko-egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko baitu.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 5. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan jasotzen ez denerako, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1. eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91-93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez sobera jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutza-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 7. artikuluan aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da dirulaguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan dirulaguntzak esleitzeko irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena da dekretu hori).

6.– Aipatutako zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da.

13. artikulua.– Itzultzeko prozedurak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzen itzultze-prozedura:

Prozedura hasteak eten egingo ditu, hala badagokio, oraindik egiteko dauden ordainketak.

Osasuneko sailburuordeak itzultzeko prozeduraren hasiera eta horren funtsezko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari. Halaber, 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

Alegazioak jaso eta gero, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da.

Ez-betetzeren bat egon dela erabakiz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du. Hala badagokio, bidezko zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko beharra dagoela ere adieraziko du. Horretarako epea bi hilabetekoa izango da, gehienez ere. Ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da epea. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.

14. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

II. KAPITULUA
TALDE TEKNIKOAK SORTU ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko laguntzak 8.000 biztanletik gorako EAEko herrietako toki-erakundeek (udalak edo mankomunitateak) eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta adikzioei buruzko toki-plan bat onartua edo idazte-fasean badute eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak egiten ari badira.

Halaber, adikzio-gaien arloko talde teknikorik eratzeko behar besteko ahalmenik ez duten 8.000 biztanletik beherako udalerriei begira, honako erakunde hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek:

a) EAEko foru-aldundiek, baldin eta toki-erakundeen multzo bateko biztanleen beharrei erantzuteko teknikariak badituzte eta baldintza hauek betetzen badituzte:

– Toki-erakundeen multzo horrek mankomunitaterik ez osatzea (mankomunitatea osatuz gero, mankomunitatea bera izango litzateke hartzailea).

– Arreta eskainitako populazioa guztira 8.000 biztanle baino gehiagokoa izatea.

b) Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten teknikariak dituzten EAEko udalek, baldin eta arreta ematen zaien herri horien populazioa, guztira, 8.000 biztanletik gorakoa bada.

2.– Agindu honen 16.2 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, adikzioen prebentzio komunitariorako eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko talde teknikoek funtzio nagusitzat izango dute Droga-mendekotasunen eta adikzioen arreta osoari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 67.1 a) eta 68.1 a) artikuluei erreferentzia egiten dioten foru-aldundiaren edo tokiko erakundeen planean ezarritako helburuak betetzea.

16. artikulua.– Talde teknikoen baldintzak, funtzioak eta osaera.

Talde teknikoek, kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasoko badituzte, ezinbesteko baldintza izango dute ondoko paragrafoetan xedatutakoari egokitzea, betekizunei, eginkizunei eta osaerari dagokienez:

1.– Talde teknikoek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan adikzioen prebentzio komunitarioari eta esparru horretan ohitura osasungarriak garatzeari lotutako politika eraginkortasunez gauzatzeko lanbide-trebakuntza egokia izatea. Taldeko teknikari bakoitzak deialdian eskatzen den adikzioen prebentzio arloko gutxieneko (60 ordu) prestakuntza daukala egiaztatu beharko du (agindu hau argitaratu aurreko ekitaldian egindako edo aurreko ekitaldietan bidali gabeko prestakuntzari buruzko informazioa ematea)

b) Tokiko erakunde eskatzailearen jarraibideak kontuan izanik jardungo du talde teknikoak, zeinaren kontratazioaren kostu ekonomikoa erakunde eskatzaileak hartuko baitu bere gain.

2.– Talde teknikoek, agindu honen 15.2 artikuluan xedatutakoaz gain, eginkizun hauek izango dituzte:

a) Adikzioen fenomenoak komunitatean duen garrantzia behar bezala ezagutzeko nahitaezkoak diren ekintzak garatzea eta osasunarentzat onuragarriak diren bizitza-ohiturak sustatzea, adikzioen esparruan ohitura osasungarriak eta osasuna lortzeko hezkuntza sustatuz.

b) Udal-arloei eta erakunde laguntzaileei aholkularitza ematea adikzioen esparruko jardueren plangintzan eta adikzioen inguruko tokiko planak egikaritzean, bai eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzean ere, esku-hartze integrala eta koordinatua lortzeko.

c) Pertsonak, familiak eta kolektiboak komunitatean eskuragarri dauden gizarte-baliabideei buruz informatzea eta gai horretan aholkatzea eta, hala badagokio, ohiko gizarte-laguntzara edo zerbitzu espezializatuetara bidaltzea edo bideratzea (hala eskatzen duten kasuetan).

d) Beren funtzioak garatzean osasun- eta hezkuntza-zerbitzuekin eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta esparru horretan osasuna sustatzeko zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

e) Administrazio publikoei laguntzea eta irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuak sustatzea. Batik bat, Eusko Jaurlaritzak sustatutako udalez gaindiko esparruko proiektuak gauzatzen lagunduko dute.

f) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko berariazko jardun-programen garapenean aurreikusten diren jarduerak, bai eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak ere.

3.– Adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoek langile hauek eduki behar dituzte:

a) 8.001 biztanletik 20.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duen pertsona bat, lanaldi osoan.

b) 20.001 biztanletik 45.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duen pertsona bat, lanaldi osoan, eta administrari laguntzaile bat, lanaldi erdian.

c) 45.000 biztanletik gorako populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duten bi pertsona eta administrari laguntzaile bat, guztiak lanaldi osoan.

d) Foru-aldundientzako eta hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten udalentzako laguntzei dagokienez, gainerako toki-erakundeen baldintza berberetan finantzatuko dira taldeak, alegia, kontuan harturik zenbat biztanle dituen toki-erakundeen multzo bakoitzak.

17. artikulua.– Eskabideetan jaso beharreko datuak.

1.– Talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daiteke, euskadi.eus-en.

2.– Eskabideetan gutxienez honako datu hauek agertu beharko dira:

a) Talde teknikoen deskribapena; helburuak, aurreikusitako proiektuak, eta zerbitzua emateko modua jasoko dira bertan.

b) Talde teknikoak osatuko dituzten pertsonen kopurua: izen-abizenak, lanbide-maila eta titulazioa, lanaldi-mota (osoa edo partziala, ehunekoa adieraziz), droga-mendekotasunei eskainitako lanaldiaren ehunekoa (lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak), lan-kontratuaren hasiera- eta amaiera-eguna eta taldekide bakoitzaren lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

c) Zerbitzuak erabil ditzakeen baliabide materialak.

3.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.

4.– Zerbitzua kontratatuta duten udalek kontratatutako erakundearekin duten kontratuaren kopia bat aurkeztu behar dute. Kontratuan agertzen ez bada, informazio hau eman behar da:

a) Kontratatutako langileen prestakuntzari dagokion jatorrizko titulua edo fotokopia.

b) Kontratatuek adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak).

c) Kontratatutako langile bakoitzaren soldata-kostua (soldata gordina eta Segurantza Gizarteari ordaindu beharreko kuota/besteak).

18. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Osasun Sailak 2022. urteari dagokion aipatutako talde teknikoetako langileen kostuaren % 75 finantzatu ahal izango du. Ehuneko hori aplikatuko zaion oinarria ez da ezein kasutan honako hauek baino handiagoa izango:

a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administrazio-langilea lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

2.– Diruz lagundutako jarduerak garatzean hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamenduaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Azpikontratazioaren proportzioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 izango da gehienez. Erakunde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak azpikontratazioa egiteko momentuan indarrean dagoen kontratuko araudian munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean, ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua emateko nahikoa erakunde ez daudenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

3.– Ordainketa zatika egingo da. Lehen % 80 laguntza onartzean ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, ekitaldia amaituta eta dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak beharrezko ziurtagiria eman ondoren. Ziurtagiri horretan idazkariak dagokion agirian agertzen diren talde teknikoan dauden langileei buruzko datuak eta gastuak egiazkoak direla ziurtatuko du. Ezarritako ereduen araberakoa izan behar dira ziurtagiri zein justifikagiri horiek, eta 2023ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Era berean, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara memoria bat bidali beharko da, talde teknikoak garatutako jarduera edo proiektua balioetsiz eta zenbateraino bete den adieraziz. Ez du horrelakorik aurkeztu beharko agindu honen III. kapituluko laguntzak eskatu baditu erakundeak; azken kasu horretan, 22. artikuluan adierazitako justifikazio-memoria besterik ez du aurkeztu beharko.

Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Ziurtagiri justifikatiboa, informazioa eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan aurkitu ahalko dira, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

Dagokion erakundeko fede publikoa duen pertsonak sinatu beharko du eskatutako informazioa jaso duen ziurtagiria. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluaren arabera, fede publikoa emateko gaitasuna duena Idazkaria da.

Zerbitzua kontratatua duten udalek ondoren aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dituzte langileen gastua justifikatzeko:

– Ordainsariak: 190 eredua (dagokion Foru Aldundikoa), kontratuak eta nominak.

– Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak: GSDNko TC1 eta TC2 ereduak.

Justifikazioa aurkeztuta, Osasun Publikoaren eta Adizkoen Zuzendaritzak adierazitako gastuak argitzeko edo frogatzeko eta emandako dirulaguntza behar den bezala kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria eskatu ahalko du. Horretarako, erakunde onuradunari telematikoko jakinaraziko zaio bidalitako justifikazioa konpontzeko 10 eguneko beste epe bat zabalduko dela.

III. KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA JARDUERA-EREMU HORRETAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honen xedea da 2022an EAEko toki-erakundeei arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko emango zaizkien dirulaguntzak arautzea. Programa eta esku-hartze horiek adikzioen edo droga-mendekotasunen alorreko tokiko planetan egon behar dute, plan horiek onartuta edo prestatzeko prozesuan daudela. Udalek banaka edo mankomunatuta prestatu eta garatu behar dituzte plan horiek, eta ekintza egituratu eta koordinatuen multzo ordenatu bat osatu behar dute.

2.– Adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan, haien lurralde-esparruan adikzioen prebentzio komunitariorako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeek. Halako programatzat hartuko dira gizarte-komunitatearen gaitasuna sustatzeko helburua dutenak, adikzioen fenomenoari heltzeko jarduerak garatzen dituztenak, eta esparru horretan ohitura osasungarriak bultzatu zein osasunetarako hezkuntza sustatzen dutenak.

20. artikulua.– Eskabideek eta dokumentazio osagarriak eduki behar dituzten datuak.

1.– Eskaera egin duen erakunde bakoitzak dirulaguntzarako eskabide bakarra aurkeztu behar du, garatu beharreko jarduerak finantzatzen laguntzeko; horrenbestez, egin nahi dituzten proiektuak programa bakar batean bildu behar dituzte. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan aurki daiteke.

Eskabideetan gutxienez honako datu hauek agertuko dira:

a) Programa aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezkatzen duen, eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, etab.

b) Programaren izendapena.

c) Erakunde sustatzailea.

d) Programako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Programa Euskadiko Adikzioen VII. Planean (2017-2021) txertatzea, eta zehaztea, halaber, 2013-2020ko Osasun Planean jasotako jarduera-ardatza, helburua eta eremua, bai eta programa osatzen duten proiektu bakoitzaren kostua adieraztea ere.

f) Programa txertatzea adikzioen tokiko planean edo tokiko planaren ildo estrategikoetan, lantzeko fasean baldin badago.

g) Programa nola garatuko den (deskribapena).

h) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

i) Programaren eta programa sustatzen duen erakundearen historia laburra.

j) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

k) Programaren helburuak: helburu orokorra, helburu espezifikoak eta helburu operatiboak.

l) Programaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, ezarpena eta betearazpena, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

m) Programaren baliabideak (koordinazioa eta sareko lana barne).

n) Programaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta diru-sarrerak.

2.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.

21. artikulua.– Esleipen- eta haztapen-irizpideak.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 11 puntu, gehienez.

c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetza gauzatuz, bai eta sare-lana sustatuz: 6 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan, bereziki jokabide-adikzioei dagokionean: 3 puntu, gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jarduera edo proiektuaren jarraipenarekin lotuta: 6 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiek zehatz bete eta justifikatu izana lehendik diruz lagundutako programak/proiektuak: 3 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea, helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia gisa hartua: 14 puntu, gehienez.

i) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko programaren xede diren kolektibo edo pertsonen arrisku-maila (egoera ahula edo gizarte-bazterketa bezala ulertuta, hau da, kontsumo edo jarrera gatazkatsuak edo bestelako arrisku-egoera batzuk eragin ditzaketen ezaugarri pertsonalak, sozialak, familiakoak edo ingurumenekoak), batik bat alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programen xede diren adingabeen kasuan: 10 puntu, gehienez.

j) Programaren eraginkortasuna: programaren kostuaren, onuradun-kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; adikzioen arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek genero-ikuspegia kontuan hartzen duela ulertuko da diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintzak eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, programa balioztatzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

22. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 finantzatu ahal izango du gehienez ere. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako programaren aurrekontu osoa. Eskabidean deskribatu eta programa osatzen duten proiektu guztietarako egokia eta doitua izan behar du aurrekontuak. Programaren zuzeneko kostuak baino ez dira onartuko.

Programa bakar batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 10 baino gehiago.

2.– Diruz lagundutako jarduerak garatzean hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamenduaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Azpikontratazioaren proportzioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 izango da gehienez. Erakunde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak azpikontratazioa egiteko momentuan indarrean dagoen kontratuko araudian munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean, ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua emateko nahikoa erakunde ez daudenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 ordainduko da laguntza onartzen denean eta gainerako % 20a 2023ko urtarrilaren 15a baino lehenago Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntza justifikatzeko memoria bidali eta gero. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako programaren betetze-maila eta programaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

4.– Justifikazio-memoriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ageri dira eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontu sinplifikatua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor jasoko dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu-mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.

Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko errealak zein izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Justifikazioa aurkeztuta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzak adierazitako gastuak argitzeko edo frogatzeko eta emandako dirulaguntza behar den bezala kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria eskatu ahalko du. Horretarako, erakunde onuradunari telematikoko jakinaraziko zaio bidalitako justifikazioa konpontzeko 10 eguneko beste epe bat zabalduko dela.

Erakunde kudeatzaileak justifikazioen ausazko lagin teknikoaren bidezko egiaztapena egingo du, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko, eta horretarako pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

5.– Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

IV. KAPITULUA
ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITZEKO ETA GUTXITZEKO PROIEKTUAK EGITEKO ETA ADIKZIOEN ESPARRUAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

23. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte 2022. urtean adikzioen eremuko arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta jarduera-esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek, baldin eta baldintza hauek ere betetzen badituzte:

a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dute dirulaguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte intereseko helburua lortzea sustatu behar dute.

c) Beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dute.

d) Administrazioaren arauei eta programazioari egokitu behar zaizkie.

e) Beren proiektuak eta aurrekontuak botere publikoen kontrolpean jarri behar dituzte.

2.– Agindu honen ondorioetarako, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak garatzeko proiektuak izango dira helburu hauek dituzten ekintzak bideratzen dituztenak:

a) Osasunerako hezkuntza sustatzea.

b) Adikzioei lotutako kalteak gutxitzea.

c) Drogen gehiegizko erabilera eta adikzio-jokabideak murriztea.

d) Legezko eta legez kanpoko drogak hartzen dituztenei edo substantzia batek eragin gabe ere adikzioren bat dutenei ahalik eta informazio eta gaikuntza gehien ematea.

e) Gizartea sentsibilizatzea eta laguntza ematea, hala nola baliabideen koordinazioa, planifikazioa, diseinua eta agente komunitarioen parte hartzea sustatzea.

3.– Laguntza-lerro honetatik kanpo geratuko dira eta dagokien aginduaren bitartez arautuko dira hauek:

a) GIB/hiesaren arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzea xede duten proiektuak.

b) GIB/hiesa duten pertsonentzako proiektuak.

c) Arrisku txikiagoko kontsumorako materiala banatzea (xiringak trukatzea...) helburu duten kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzeko proiektuak.

24. artikulua.– Eskabideetan jaso beharreko datuak.

Proiektu bakoitzeko eskabide bat bete behar da; eskabide hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan ageri da.

Eskabideetan gutxienez honako datu hauek agertuko dira:

a) Proiektua aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezkatzen duen eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, etab.

b) Proiektuaren izena.

c) Erakunde sustatzailea.

d) Programako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Proiektua Euskadiko Adikzioen VII. Planean (2017-2021) txertatzea, eta zehaztea, halaber, 2013-2020ko Osasun Planean jasotako jarduera-ardatza, helburua eta eremua, bai eta proiektu bakoitzaren kostua adieraztea ere.

f) Proiektua nola garatuko den (deskribapena).

g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.

i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu espezifikoak eta helburu operatiboak.

k) Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, ezarpena eta betearazpena, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

l) Proiektuko baliabideak (koordinazioa eta sareko lana barne).

m) Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak.

25. artikulua.– Esleipen- eta haztapen-irizpideak.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 11 puntu, gehienez.

c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetza gauzatuz, bai eta sare-lana sustatuz: 6 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan bereziki jokabide-adikzioei dagokionean: 3 puntu, gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jarduera edo proiektuaren jarraipenarekin lotuta: 6 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 3 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea, helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia gisa hartua: 14 puntu, gehienez.

i) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko proiektuaren xede diren kolektibo edo pertsonen arrisku-maila (egoera ahula edo gizarte-bazterketa bezala ulertuta, hau da, kontsumo edo jarrera gatazkatsuak edo bestelako arrisku-egoera batzuk eragin ditzaketen ezaugarri pertsonalak, sozialak, familiakoak edo ingurumenekoak), batik bat alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programen xede diren adingabeen kasuan: 10 puntu, gehienez.

j) Proiektuaren eraginkortasuna: alegia, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta proiektua aplikatzeak eragiten dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; adikzioen arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek kontuan hartzen du genero-ikuspegia, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintzak eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

26. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 arte finantzatu ahal izango du. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, zeinak eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar duen.

Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuarekin zuzenean eta modu objektiboan zerikusia duten jarduerei dagozkien gastuek dirulaguntza jasoko dute. Erakundearen berezko langileen zuzeneko gastuen barruan, dirulaguntzadun proiektua zuzenean egikaritzeko beharrezkoak direnak, langileen dedikazioa eta lanpostu-maila adierazi beharko dira. Langileen zuzeneko gastu horiek ezingo dira izan zenbateko hauek baino handiagoak:

a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administrazio-langilea lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, betiere dirulaguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira, formulazioa, jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko) ezin dira proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.

Proiektu batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 6 baino gehiago.

2.– Diruz lagundutako jarduerak garatzean hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamenduaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Azpikontratazioaren proportzioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 izango da gehienez. Erakunde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak azpikontratazioa egiteko momentuan indarrean dagoen kontratuko araudian munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean, ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua emateko nahikoa erakunde ez daudenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 ordainduko da laguntza onartzen denean eta gainerako % 20a 2023ko urtarrilaren 15 baino lehenago Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntza eskuratzeko memoria bidali eta gero. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

4.– Justifikazio-memoriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ageri dira, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor jaso behar dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu-mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egozteko ehunekoa. Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko errealak zein izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Justifikazioa aurkeztuta, Osasun Publikoaren eta Adizkoen zuzendaritzak adierazitako gastuak argitzeko edo frogatzeko eta emandako dirulaguntza behar den bezala kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria eskatu ahalko du. Horretarako, erakunde onuradunari telematikoko jakinaraziko zaio bidalitako justifikazioa konpontzeko 10 eguneko beste epe bat zabalduko dela.

Erakunde kudeatzaileak justifikazioen ausazko lagin teknikoaren bidezko egiaztapena egingo du, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko, eta, horretarako, pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

Gainera, dirulaguntza behar bezala esleitu dela egiaztatzeko, diruz lagundutako jardueraren gastuen ordainagiriak egiaztatuko ditu, lagin adierazgarri baten gainean, dirulaguntza eman denetik eta hurrengo bost urtetan, Osasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak egin ditzaketen gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak galarazi gabe. Beraz, erakunde onuradunek gorde beharko dituzte eta eskuragarri izan, laguntza jaso den datatik bost urteren buruan gutxienez, jaso den dirulaguntzari dagozkion gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak.

5.– Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 legea, urriaren 1ekoa, administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearena; 40/2015 legea, urriaren 1ekoa, sektore publikoaren araubide juridikoarena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak.

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 5a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala