Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2022ko uztailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
3235

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 30ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez honako ebazpen hau aldatzen baita: Ebazpena, 2022ko martxoaren 1ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez, errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen baitira eta horien deialdia egiten baita, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

1.– Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan autonomia-erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntzak zuzenean ematea onartzen duen azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretuaren bitartez (2021eko azaroaren 17an argitaratu zen, 275. zenbakiko Estatuko Aldizkari Ofizialean), errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren.

2.– 2022ko martxoaren 11n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 51. zenbakian, 2022ko martxoaren 1eko Ebazpena argitaratu zen, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia-planaren esparruan, errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen dituena eta horien deialdia egiten duena, eta 983/2021 Errege Dekretuan jasotakoa gauzatzen eta aurrera eramaten duena.

Geroago, 2022ko martxoaren 4an, 2022ko martxoaren 4ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 54. zenbakian, Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, autonomia-erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntzak zuzenean ematea onartzen duen azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretuaren huts-zuzenketa.

Azkenik, 2022ko martxoaren 16an, 2022ko martxoaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, 64. zenbakian, martxoaren 15eko 188/2022 Errege Dekretua argitaratu zen, Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan autonomia-erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntzak zuzenean ematea onartzen duen azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretua aldatzen duena.

2022ko martxoaren 11n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 51. zenbakian argitaratu zen Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2022ko martxoaren 1eko Ebazpenak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia-planaren esparruan errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen dituenak eta horien deialdia egiten duenak, azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretu horretan aurreikusitako baldintzak bete behar dituenez, laguntzen programaren oinarri arautzaileak aldatu behar dira, azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretuan aldatutakoaren arabera.

3.– Gainera, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2022ko martxoaren 1eko Ebazpenaren testuan zenbait huts eta omisio atzeman dira, eta zuzendu egin behar dira.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2022ko martxoaren 1eko Ebazpena aldatzea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen bidaiari eta salgaien garraio-flotak, bai eta garraio pribatu osagarriak egiten dituzten enpresenak ere, eraldatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen dituena eta horien deialdia egiten duena; honela aldatzen da:

1.– Laguntzen programa hori arautzen duten oinarrien 2022/1165 (38/20) orrialdean, I. Eranskineko 1. atalean, (2), (3) eta (4) zenbakidun goi-indizeekin identifikatutako oharrak, orri horren oineko ohar gisa argitaratu behar dira, eta 1. atala, a) letra, eta i) eta ii) azpiatalak honela idatziko dira:

«1. Programa honen aplikazioaren xedeetarako, ibilgailu kategoria(2) eta klaseei(3) buruzko definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) M kategoria, nagusiki bidaiarien eta haien ekipajearen garraiorako diseinatutako eta fabrikatutako motor-ibilgailuak, honako hauek barne:

i) M2 kategoria: gidariarenaz gain esertzeko zortzi plazatik gora duten motor-ibilgailuak, gehienez 5 tonako gehieneko masa(4) dutena, motor-ibilgailu horiek zutikako bidaiarientzako tokia izan edo ez izan.

ii) M3 kategoria: gidariarenaz gain esertzeko zortzi plazatik gora duten motor-ibilgailuak, gehienez 5 tonako gehieneko masa dutenak, motor-ibilgailu horiek zutikako bidaiarientzako tokia izan edo ez izan.»

2.– Laguntzen programa hori arautzen duten Oinarrien 2022/1165 (38/21) orrialdean, I. Eranskineko «1. jarduera - Txatar bihurtzea» atalaren hirugarren paragrafoan,

Hau dio:

«(30) ibilgailuko muga hori indarrean egongo da Aldi Baterako Esparru Nazionalak indarrean jarraitzen duen bitartean, 983/2021 EDaren 3.15 artikuluan jasota dagoen bezala».

Baina hau esan behar du:

«(30) ibilgailuko muga hori indarrean egongo da Aldi Baterako Esparru Nazionalak indarrean jarraitzen duen bitartean, 983/2021 EDaren 3.2.a) artikuluan jasota dagoen bezala».

3.– Laguntza-programa hori arautzen duten Oinarrien 2022/1165 (38/15) orrialdean, «Laguntzen azken hartzaileen betebeharrak» 11. oinarriaren h) epigrafean,

Hau dio:

«h. Egindako jarduketa eta jasotako laguntzaren aplikazioa egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak gordetzea, egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dagozkien jarduketen xede izan daitezkeela kontuan hartuta. Dokumentuen erabilgarritasuna, Europako funtsei aplikatzekoa den araudian –eta, bidezko bada, Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluan– ezarritakoari lotuko zaio.»

Baina hau esan behar du:

«h. Egindako jarduketa eta jasotako laguntzaren aplikazioa egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak gordetzea, egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dagozkien jarduketen xede izan daitezkeela kontuan hartuta. Emandako laguntzei buruzko dokumentazio guztia gordetzeko epea hamar urtekoa izango da laguntza ematen den egunaz geroztik, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen (EB) 1407/2013 Erregelamenduaren 6. artikuluko 4. atalean; apirilaren 2ko SA. 56851 (2020/N) Erabakian Europako Batzordeak onartutako Aldi Baterako Esparru Nazionalaren 14.9 puntuan eta haren aldaketetan; 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 12. artikuluan; eta Europako Batzordearen SA. 63113 (2021/N) Erabakiaren 2.9 puntuan ezarritakoaren arabera.»

4.– Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2022/1165 (38/6) orrialdean, «Azken hartzaileak» 2. oinarriaren 1. atalaren 1. paragrafoaren edukia aldatu da:

Hau dio:

«2.1. Programa honen 4. oinarrian araututako inbertsioetarako laguntzen azken hartzaileak izango dira, betiere egoitza fiskala EAEn badute eta dokumentu honetan jasotako gainerako baldintzak betetzen badituzte, baimen hauetako baten jabe diren pertsona fisikoak (autonomoak) edo juridikoak, dagokion baimenak indarrean egon behar duelarik laguntzak eskatzen diren egunean:»

Baina hau esan behar du:

«2.1. Programa honen 4. oinarrian araututako inbertsioetarako laguntzen azken hartzaileak izango dira, betiere egoitza fiskala EAEn badute eta dokumentu honetan jasotako gainerako baldintzak betetzen badituzte, baimen hauetako baten jabe diren pertsona fisikoak (autonomoak) edo juridikoak –dagokion baimenak indarrean egon behar du laguntzak eskatzen diren egunean–, eta laguntza eskatzen den egunean autobuseko hiri-garraioko zerbitzu publikoa ematen duten pertsona juridiko pribatuak, baldin eta baimen horietako bat lortzetik salbuetsita badaude:»

5.– Laguntza-programa hori arautzen duten Oinarrien 2022/1165 (38/22) orrialdean, I. Eranskineko «1. jarduera - Txatar bihurtzea» atalaren azken-aurreko paragrafoan,

Hau dio:

«Txatar bihurtu beharreko ibilgailuak M2, M3, N2 edo N3 kategoriakoa izan beharko du, eta Espainian matrikulatuta egon 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen. Gainera, eta haren kategoria edozein izanik ere, txatar bihurtu beharreko ibilgailuak, 2.1 Oinarrian aipatutako garraio-baimenetako bati atxikita egon beharko du, laguntzaren eskaera-dataren aurreko bi (2) urteetan.»

Baina hau esan behar du:

«Txatar bihurtu beharreko ibilgailuak M2, M3, N2 edo N3 kategoriakoa izan beharko du, eta Espainian matrikulatuta egon 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen. Gainera, eta haren kategoria edozein izanik ere, txatar bihurtu beharreko ibilgailuak, 2.1 Oinarrian aipatutako garraio-baimenetako bati atxikita egon beharko du, laguntzaren eskaera-dataren aurreko bi (2) urteetan, edo, laguntza-eskaeraren egunean autobuseko hiri-garraioko zerbitzu publikoa ematen duten eta baimen horietako bat lortzetik salbuetsita dauden pertsona juridiko pribatuen kasuan, laguntza-eskaeraren egunaren aurreko bi (2) urteetan hiri-garraioko zerbitzu publikoa ematen jardun izana egiaztatu beharko da.»

6.– Aipatutako laguntza-programa arautzen duten oinarrietako 2022/1165 orrialdeetan (33-34/39), I. Eranskineko «Laguntza-eskaera egiteko eskatutako dokumentazioa» 1. ataleko j) epigrafearen edukia aldatzen da, eta honela idatziko da:

«j) Laguntza-eskaerari lotutako jarduerari buruzko dokumentazioa:

a. 1. jarduerarako:

• Gutxienez, honako hauek zehaztuko dira: txatar bihurtu beharreko ibilgailuaren marka, izen komertziala, bastidore-zenbakia eta matrikula; laguntzaren xede den ibilgailuaren kategoria eta motorizazioa; eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

• Ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren kopia aurkeztuko da, non lehen matrikulazioaren data, Espainiako matrikulazio-data eta emate-data adieraziko diren. Dokumentu horietako edozeinen faltan, ibilgailuaren historialaren berri ematen duen Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren txostena aurkeztuko da.

• Ibilgailuaren IAT txartelaren (fitxa teknikoa) kopia aurkeztu beharko da, eta bertan txatar bihurtu beharreko ibilgailuaren Euro araudia jasoko da. IAT txartelean (fitxa teknikoa) jasota ez badago edo eskatzaileak ezin badu egiaztatu, ibilgailuaren Euro kategoria ibilgailuaren fabrikazio-datan baimendutako txikiena dela hartuko da kontuan.

• Txatar bihurtu beharreko ibilgailuaren Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergaren azken ordainagiriaren kopia aurkeztuko da, behar bezala ordainduta.

• Laguntzaren azken hartzailea, gutxienez laguntzaren eskaera-dataren aurreko bi (2) urteetan, txatar bihurtu beharreko ibilgailuaren titularra dela adierazten duen egiaztagiriaren kopia aurkeztuko da.

Laguntza-eskaeraren egunean autobuseko hiri-garraioko zerbitzu publikoa ematen duten eta 21.1 Oinarrian aipatutako baimenetako bat lortzetik salbuetsita dauden pertsona juridiko pribatuen kasuan, dagokion Toki Erakundearen eskumeneko organoaren ziurtagiria aurkeztuko da, txatar bihurtu beharreko ibilgailuak, gutxienez laguntza-eskaeraren egunaren aurreko bi (2) urteetan, hiri-garraioko zerbitzu publikoa ematen jardun duela bermatzen duena.»

7.– Aipatutako laguntza-programa arautzen duten oinarrietako 2022/1165 orrialdean (38/34), II. Eranskineko «Laguntza-eskaera egiteko eskatutako dokumentazioa» 1. atalean, p) epigrafe berri bat erantsi da, honako eduki hau izango duena:

«p) Laguntza-eskaeraren egunean autobuseko hiri-garraioko zerbitzu publikoa ematen duten eta 2.1 Oinarrian aipatutako baimenetako bat lortzetik salbuetsita dauden pertsona juridiko pribatuen kasuan, dagokion toki-erakundearen eskumeneko organoaren ziurtagiria aurkeztuko da, hiri-garraioko zerbitzu publikoa eman izana egiaztatzen duena, Oinarri horretan adierazitakoari jarraikiz.»

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Laugarrena.– Ebazteke duden laguntza-eskaerak eskaera aurkeztean programa arautzeko indarrean dauden oinarriei jarraikiz ebatziko dira, ebazpen honetan jasota egonik, Programa honen espediente guztiei aplikatzekoak diren alderdi osagarri edo prozedura-alderdi guztiei kalterik egin gabe (1., 2. eta 3. aldaketak), laguntza-eskaera aurkeztu zen data edozein izanik ere.

Bosgarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bilbao, 2022ko ekainaren 30a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IŃIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala