Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2022ko uztailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3230

AGINDUA, 2022ko ekainaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko beka, laguntza eta sorospenetarako deialdia egiten duena 2022-2023 ikasturterako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.

Horregatik, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da unibertsitate-graduaren mailatik beherako (eta ez baliokiderako) ikasketetarako beka eta laguntza hauen oinarriak iragarri eta onestea, 2022-2023 ikasturterako, hezkuntza-sistemako honako maila hauetako ikasleei zuzenduta:

a) Maila hauetako ikasketetarako ikasketa-bekak eta -laguntzak, agindu honen I. kapituluan jasotako oinarrien arabera: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak 2022-2023 ikasturterako.

b) Maila hauetako ikasketetarako ikasketa-bekak eta -laguntzak, agindu honen II. kapituluan jasotako oinarrien arabera: Batxilergoa, erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketa, ikasketa artistiko profesionalak, kirol-ikasketak, hizkuntza-ikasketak eta oinarrizko prestakuntza-zikloak, 2022-2023 ikasturterako.

2.– Agindu honen xede diren beka eta laguntzei aplikatu beharreko prozedura erkideari buruzko artikuluak III. kapituluan jasota daude.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

62.500.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partiden kontura.

Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoa handituko da, kontuan harturik ebazteko dauden eta ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa, eta horiek ebatzi baino lehenago. Horren berri emango da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
2022-2023 IKASTURTERAKO UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASKETETARAKO IKASKETA-BEKA ETA -LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-LAGUNTZAK: HAUR HEZKUNTZA, LEHEN HEZKUNTZA, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA MUSIKAKO ETA DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZAK

1. artikulua.– Zer ikasketa egiteko eska daitekeen laguntza.

Kapitulu honetan aurreikusitako ikasketa-laguntzak ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:

a) Haur Hezkuntza;

b) Lehen Hezkuntza;

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza;

d) Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak.

2. artikulua.– Laguntzaren osagaiak.

Kapitulu honetan aurreikusitako ikasketa-laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago eduki ahal izango dute:

a) Kuota-osagaia, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleentzat.

b) Ikasmaterialaren osagaia.

c) Jantoki-osagaia.

3. artikulua.– Kuota-osagaia, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleentzat.

1.– Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu 2022-2023 ikasturtean matrikulatuta dadoen ikastetxean ikasleak ordaindu behar duen kuota.

2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:

a) Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoen, toki-korporazioen eta Haurreskolak partzuergoaren kasuan.

b) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.

3.– Hauek izango dira zenbatekoak:

a) 0 eta 1 urte arteko ikasleak: 90 euro 2022-2023 ikasturtean ikaslea ikastetxera joaten den hilabete bakoitzeko.

b) 2 urtekoen gelako ikasleak: 200 euro.

4.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 1. muga.

4. artikulua.– Ikasmaterialaren osagaia.

1.– Osagai hau ikasketa-maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari izan ezik.

2.– Ezingo dute osagai hau eskuratu baldin eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ari diren ikasleek uko egiten badiote curriculuma garatzeko material didaktikoaren eta bitartekoen programari.

3.– Hauek izango dira zenbatekoak:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa: 78 euro.

b) Lehen Hezkuntza: 117 euro.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 159 euro.

d) Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak: 159 euro.

4.– Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:

a) Ikastetxe publikoetan matrikulatutako Lehen Hezkuntzako ikasleak, eta hau izango da zenbatekoa:

– 38 euro lehen eta bigarren mailarako.

– 50 euro hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailarako.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan matrikulatuta badaude; halakoetan, 60 euro emango dira.

5.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin ditu gainditu 17. artikuluan zehaztutako muga hauek:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa: 2. muga.

b) Gainerako mailak: 4. muga.

5. artikulua.– Jantoki-osagaia.

1.– Osagai hau Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako (2 urtekoen gela), Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei emango zaie, baldin eta jantokia erabiltzen badute.

2.– Osagai hau baliatzeko eskubidea izateko, ikasleak jantoki-zerbitzua erabili beharko du eguerdian, eta ikasturtean jantokira 20 egunetan baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du.

3.– Osagai honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: jantokira doan egun-kopurua –gehienez ere 178 egun– bider ordaindutako prezioa, betiere egunean 4,60 eurotik beherakoa bada. Hortik gorakoa izanez gero, azken kopuru hori hartuko da erreferentziatzat osagai honen zenbatekoa kalkulatzeko.

4.– Edonola ere, osagai honegatik eman beharreko gehieneko kopurua 818,80 euro da.

5.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin ditu gainditu 17. artikuluan zehaztutako muga hauek:

a) Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako ikasleak: 1. muga.

b) Gainerako mailak: 2. muga.

II. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-BEKAK: BATXILERGOA, ERDI- ETA GOI-MAILAKO LANBIDE-HEZIKETA, IKASKETA ARTISTIKO PROFESIONALAK, KIROL-IKASKETAK, HIZKUNTZA-IKASKETAK ETA OINARRIZKO PRESTAKUNTZA-ZIKLOAK

6. artikulua.– Zer ikasketa egiteko eska daitekeen beka.

Kapitulu honetako bekak ikasketa hauetara daude bideratuta:

a) Batxilergoa.

b) Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa.

c) Ikasketa artistiko profesionalak.

d) Kirol-ikasketak.

e) Hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.

f) Oinarrizko prestakuntza-zikloak.

7. artikulua.– Bekaren osagaiak.

Deialdi honetan araututako bekek osagai hauetakoren bat edo gehiago eduki ahal izango dute:

a) Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.

b) Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.

c) Oinarrizko bekaren osagaia.

d) Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.

e) Zenbateko osagarriaren osagaia.

8. artikulua.– Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.

1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik d) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.

2.– Zenbatekoa 1.700 eurokoa izango da.

3.– Osagai hau erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko, eta soilik aurrez aurre ikasten duten eta matrikula osorik egina duten eskatzaileei esleitzen zaie.

4.– Ezingo dute osagai hau jaso modalitate dualeko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetako ikasleek, baldin eta 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketa dualeko proiektuak egiten ari badira eta horregatik konpentsazio ekonomiko bat jasotzen badute, osagaiaren zenbateko berekoa edo handiagoa.

5.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 1. muga.

9. artikulua.– Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.

1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau, baldin eta aurrez aurre eta matrikula osoarekin ikasten badute.

2.– Zenbatekoa 1.600 eurokoa izango da. Halere, zenbateko hori ez da inoiz izango prestazioaren benetako kostua baino handiagoa.

3.– Osagai hau emateko orduan, asteko eskola-orduak ez dira 20 baino gutxiago izango, eta kontuan izango da ikaslea bizi den udalerrian edo bizilekutik distantzia txikiagora ba ote den ikasleak egin nahi duen maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik, eta ikastetxe horrek ba ote duen plaza librerik. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela diren garraiobideengatik.

4.– Ikastetxetik hurbilen dagoena edo eskatzailearen gurasoetako edozein normalean bizi dena joko da familia-helbidetzat, legezko helbidearekin bat ez etorri arren.

5.– Bizilekuari lotutako zenbateko finkoa ordainduko da soilik etxebizitza alokatzeko edo ostatuetan, ikasle-egoitzetan edo antzekoetan ostatu hartzeko gastuak egiaztatzen badira. Ikaslearen izena ageri den alokairu-kontratuaren kopiaren eta fidantzaren eta lehen hilabeteko alokairuaren ordainketen egiaztagirien bidez egiaztatuko da etxebizitzaren alokairua. Ez dira onartuko odolkidetasunaren 4. mailara eta ahaidetasunaren 2. mailara arteko senideenak diren etxebizitzen alokairuko kontratuak.

6.– 16.4 artikuluaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitza-osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean izango duten bizilekua, nahiz eta erroldan ageri den bizilekua ez izan.

7.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 3. muga.

10. artikulua.– Oinarrizko bekaren osagaia.

1.– Kapitulu honen 6. artikuluan zerrendatutako ikasketetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.

2.– Zenbatekoa 300 eurokoa izango da. Oinarrizko prestakuntza-zikloak egitekotan, zenbatekoa 350 eurokoa izango da.

3.– Osagai hau bateraezina izango da errentari lotutako zenbateko finkoko osagaiarekin.

4.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 4. muga.

11. artikulua.– Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.

1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik d) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.

2.– Zenbatekoa 50 eta 125 euro bitartekoa izango da, aurreko ikasturtean lortutako batez besteko notaren araberakoa, honela banatuta:

(Ikus .PDF)

3.– Osagai hau emateko, aurreko ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Bitartean urte akademikoren bat igaro bada ikasketarik egin gabe, eginiko azken ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Egiten ari den ikasketen lehen ikasturtea bada, kontuan hartuko da sartzeko proba, ikastaro edo ikasketako batez besteko nota.

4.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 4. muga.

12. artikulua.– Zenbateko osagarriaren osagaia.

1.– Kapitulu honen 6. artikuluan zerrendatutako ikasketetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.

2.– Zenbatekoa 60 eurokoa izango da.

3.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 3. muga.

III. KAPITULUA
UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASKETATARAKO ETA EZ BALIOKIDEETARAKO IKASKETA-BEKA ETA -LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

13. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.

2.– Ikasleek Agindu honetan ezarritako ikasketa-mailaren batean egon beharko dute matrikulatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.

3.– Ikasleek ez izatea beka edo laguntzarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak.

14. artikulua.– Baztertzeak.

Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatu egingo da:

a) Baimendu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.

b) Baimendu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.

c) Dirulaguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein arrazoi izatea edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

15. artikulua.– Beken eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikasleak zenbat osagai jasotzeko eskubidea duen, bada, osagai horien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere Agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.

2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin. Kasu horietan, beka edo laguntza handiena emango da.

16. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarriak eta sostengatzaile ekonomiko nagusiak zehaztea.

1.– Bekaren eta laguntzaren ondorioetarako, hauek dira kide konputagarriak:

a) Eskatzailea.

b) Gurasoak eta, hala badagokio, adingabea zaintzeaz arduratzen den tutorea edo pertsona; haiek joko dira familiaren sostengatzaile nagusitzat.

c) 2021eko abenduaren 31n hogeita bost urte baino gutxiago dituzten neba-arreba ezkongabeak (neba-arrebek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke), ohiko bizilekuan bizi direnak.

d) Gurasoen aurreko ahaideak, baldin eta bizileku berean bizi badira.

e) Aplikatu beharreko araudian onartuta dauden harrera-egoeretako batean dauden pertsonak; inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.

f) Aparteko zirkunstantziengatik eskatzaileari harrera ematen dioten beste senide edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuk.

g) Salbuespen gisa, kide konputagarritzat jo ahal izango dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, eskatzailea zurtza baldin bada, eta, betiere, eskatzaileak behar bezala egiaztatzen badu ekonomikoki haien mende dagoela eta 2021. urtean ez zuela beste sostengatzailerik izan.

Beraz, kasu horietan guztietan, horien errentak eta ondarea zenbatuko dira.

2.– Gurasoak legez edo izatez dibortziatuta edo bananduta badaude, bekaren eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko; halere, mantenu-pentsio edo konpentsazio-pentsio gisa ordaintzen diren kopuruak bizikidetza-unitatearen diru-sarreratzat zenbatuko dira, judizialki onartutako neurrien arabera.

Dena dela, hala badagokio, kide konputagarri eta sostengatzaile nagusitzat joko da ezkontide, bikotekide (erregistratuta egon edo ez) edo antzeko harreman batekin lotutako pertsona berria, eta haren errentak eta ondarea familiaren errenta eta ondarearen barruan sartuko dira. Horrez gain, kide konputagarritzat joko dira bikotekide berriaren ondorengoak, eskatzailearekin bizi badira.

Halaber, kide konputagarritzat joko da aipatutako datan eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona –diru-sarrera propioak dituena–, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.

3.– Seme-alaben zaintza-araubidea zaintza partekatua denean, hauek hartuko dira kide konputagarritzat: bekaren eskatzailearen gurasoak, horien seme-alaba komunak eta aipatutakoen bizileku berean bizi diren gurasoen aurreko ahaideak ere, betiere udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute; familiaren sostengatzaile nagusitzat joko dira eskatzailearen gurasoak.

4.– Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada edo zurtza bada eta familia-unitate bat osatzen badu:

a) kide konputagarritzat joko dira, bekari begira, honako hauek:

– Eskatzailea.

– Haren ezkontidea edo izatezko bikotea, erregistratuta egon edo ez, edo antzeko harreman batekin lotutako pertsona.

– Hogeita bost urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek desgaitasun funtzional fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke, gurasoen mende bizi badira).

– Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.

– Kide konputagarritzat joko da 2021eko abenduaren 31n eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona –diru-sarrera propioak dituena–, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.

b) Sostengatzaile ekonomiko nagusiak dira bizikidetza- edo familia-unitatea ekonomikoki mantentzeko diru-sarrera nagusiak eskuratzen dituzten kide konputagarriak.

c) Familiaren egoitzatzat joko da eskatzailea ikasturtean bizi dena; kasu horretan, ez da egoitza-osagaia emango.

d) Honela egiaztatu beharko du familia-independentzia:

– Eskatzaileak bere bizilekuan egon beharko du erroldatua, eta ez gurasoen etxean (erositako edo alokatutako etxebizitza batean, bakarrik edo pisu partekatu batean; eta bizilekua ezin da senide batena izan, 4. mailara arteko ahaidetasuna odol bidez edo 2. mailara arteko ahaidetasuna ezkontza bidez). Halere, alokairuaren zerga-aitorpena egiaztatzen bada, odol bidezko eta ezkontza bidezko ahaidetasun-maila horiek ere onartuko dira.

– Erabateko zurztasunaren kasuan, nahikoa izango da hori egiaztatzeko ziurtagiria.

e) Ekonomikoki independente dela egiaztatu beharko du, gastuak (janaria, arropa, etxebizitza, garraioa) ordaintzeko behar beste ekonomia-baliabide dituela ziurtatuz. Ondorio horietarako, eskatzailearen baliabide ekonomikoak kalkulatzeko, haren diru-sarrerak batuko dira eta ez dira kontuan hartuko ohiko bizilekuan bizi den beste pertsona batenak. Diru-sarrerak 1. mugaren parekoak edo txikiagoak baldin badira, pertsona horrek Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako dirulaguntza osagarria eskatu ahalko ditu, bai eta beste laguntza batzuk ere. Hortaz, dirulaguntza horiek eskatu dituela eta zer egoeratan dauden egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Diru-gastuak ordaintzeko beste diru-sarrera dagoela egiaztatzeko xedez, honako hauek aztertuko dira:

– Eskatzaileak aurkeztu dituen diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea, hori ziurtatzeko agiriekin batera. Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal ditu.

– Zerga-egiaztagiria, gurasoek berarengatik ez dutela zerga-kenkaririk egiten berresteko.

Eskatzaile bat ekonomikoki independentea dela jo ahal izateko, gurasoek edo legezko tutoreek ezin dute eskatzaileari lotutako zerga-kenkaririk egin PFEZaren aitorpen-likidazioan.

Eskatzaileak emantzipazio-programa baten laguntza jasotzen badu, eta horretan janaria eta ostatua sartuta baldin badaude, independentzia familiarraren betekizuna betetzetik salbuetsita egongo da, baina independentzia ekonomikoari lotutako agiriak aurkeztu beharko ditu

17. artikulua.– Errenta-mugak.

Honako errenta-muga hauek aplikatuko dira beka eta laguntzen osagaiak emateko:

a) I. kapituluan jasotako ikasketetarako:

– Haur Hezkuntzako mailako 1. zikloan, familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.

– Haur Hezkuntzako mailako 2. zikloan, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.

– Gainerako mailetan:

1) Ikasmaterialaren osagairako, familiaren errentak ezin izango du 4. muga gainditu.

2) Jantoki-osagairako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.

b) II. kapituluan jasotako ikasketetarako:

– Errentari lotutako zenbateko finkoaren osagairako, familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.

– Bizilekuari lotutako zenbateko finkoaren osagairako eta zenbateko osagarrirako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.

– Oinarrizko bekaren zenbatekoa eta errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoa emateko, familiaren errentak ezin izango du 4. muga gainditu.

c) 22. artikuluan jasotako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzako laguntzetarako, familiaren errentak ezingo du 2. muga gainditu.

(Ikus .PDF)

18. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta kalkulatzea.

1.– 2021 ekitaldian PFEZaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza 0 izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean jaso ez diren diru-sarrera eta laguntzak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.

2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honela kalkulatuko da:

a) 2021 ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak...), baita ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen etekina ere –PFEZaren ondorioetarako konputagarria–, betiere 2021 ekitaldian aplikatzekoa den zerga-araudiaren arabera.

b) Batura horretatik kendu beharko da aplikatzeko diren gastu kengarriek (Gizarte Segurantza, etab.) eta konturako atxikipenek sortutako zenbatekoa.

3.– Aipatutako zergaren ondorioetarako aitortutako diru-sarreren datuak edo zerga horretatik kanpo aitortutakoak txikiagoak badira diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo urte horretan erroldatuta egon zen autonomia-erkidegoko laguntza baliokidearen erregulazioaren arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen zenbatekoa baino, justifikatu beharko da zergatik ez zen eskaera egin edo zergatik ukatu zitzaion, eta urte hartako bizi-baliabideak egiaztatu beharko dira (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzak eta beste udal-, foru- edo probintzia-laguntza batzuk edo beste erakunde edo elkarte ongile batzuenak, halakorik balego).

4.– Ez da diru-sarreratzat hartuko administrazio publikoek emandako ikasketa-beken edo laguntzen zenbatekoa.

5.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak 2021 ekitaldian jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldundiak emandako laguntzak. Kasu horietan, harrerari buruzko agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.

19. artikulua.– Kenkariak.

Hurrengo paragrafoetan adierazten diren kenkariak kontuan hartu ahal izateko, egiaztatu beharko da kenkarirako eskubidea ematen duten egoerak 2021eko abenduaren 31n betetzen zirela.

Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptu hauengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:

1.– 500 euro eskatzailea guraso bakarreko familia batekoa bada.

Kenkari horri dagokionez, guraso bakarreko familiatzat jotzen da guraso, tutore edo hartzaile bakarra duena; hori familia-liburuarekin edo tutoretza edo harrera ezartzen duen dokumentu ofizialarekin egiaztatu beharko da.

2.– Familiaren errentaren % 20 eskatzailea erabateko zurtza eta 25 urtetik beherakoa bada.

3.– Familiako edozein kide konputagarrik ordaindutako errenten % 50, baldin eta ez bada sostengatzaile nagusia.

4.– Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria.

Kide konputagarria den neba-arreba bakoitzarengatik 525 euroko kenkaria egingo da bizikidetza/familia unitatearen errentaren gainean, familia-egoitzan bizi bada, eskatzailea barnean dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 800 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, aipatutako kopuruak familia osatzen duen seme-alaba bakoitzarengatik kenduko dira. Kenkaria 2.000 eurokoa izango da 22. artikuluan zerrendatutako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

5.– Desgaitasunagatiko kenkaria:

– 1.811 euro anai-arreba bakoitzeko, eskatzailearen seme-alaba bakoitzeko edo eskatzailearentzat, betiere % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa badu.

– 2.881 euro anai-arreba bakoitzeko, eskatzailearen seme-alaba bakoitzeko edo eskatzailearentzat, betiere % 65eko desgaitasun-maila edo handiagoa badu.

– 4.000 euro anai-arreba bakoitzeko edo eskatzailearentzat, betiere % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa badu, 22. artikuluan zerrendatutako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

6.– 1.176 euroko kenkaria aplikatuko da 2022-2023 ikasturtean unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten dituen anai-arreba konputagarri bakoitzeko, baldin eta ikasketak direla-eta familiaren egoitzatik kanpo bizi bada. Kenkari hori aplikatu ahal izateko, inguruabar hori adierazi beharko da eskabidean horretarako aurreikusitako atalean.

20. artikulua.– Ondare-mugak.

Eskatutako beka ukatu ahal izango da, baldin eta, familia-errenta edozein delarik ere, 2021eko abenduaren 31n familia-unitateko kide konputagarrien ondasunen balioak edo etekinek gainditu egiten badituzte honako muga hauek:

1.– Hiri-finkak direnean, honako bi muga hauek ezin dira gainditu:

– Ondasun higiezin guztien katastroko balioen baturak ezingo du gainditu 42.900 euroko zenbatekoa. Zenbateko horretan ez dira sartzen ohiko etxebizitza eta trastelekua.

Halaber, ez dira kontuan hartuko norberaren konturako jarduera ekonomikoa egiteko eraikinak, baldin eta sostengatzaile ekonomiko nagusien diru-sarreren iturriak badira. Salbuespen hau aplikatu ahal izateko, jarduera ekonomikoa 2021eko zerga-ekitaldian higiezin horretan helbideratuta dagoela egiaztatu beharko da.

– Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako etxebizitzen gehieneko kopurua, ohiko bizilekua barne, ezin da bi etxebizitza baino handiagoa izan. Zifra hori zenbatesteko, kide konputagarrien jabetzakoak izan daitezkeen etxebizitzetako titulartasun-ehunekoak batuko dira. Ez dira etxebizitzatzat hartuko 5.000 eurotik beherako katastro-balioa duten higiezinak, baina kontuan hartuko dira katastroko balioen baturaren ondorioetarako.

Puntu honetan jasotako bi mugetan ez dira kontuan hartuko jabetza soileko ondasun higiezinak, gozamena bizikidetza-unitatetik kanpoko pertsona bati badagokio. Egoera hori Jabetza Erregistroko ohar soil batekin egiaztatu beharko da, zeinak egungo data izan beharko baitu. Halaber, aitona-amonaren bat bizikidetza-unitateko kide konputagarria bada, zenbaketatik jabetzako etxebizitza bat kenduko da.

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastro-balioa kalkulatzeko, katastro-balioa bider 0,36 egingo da.

b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastro-balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastro-balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira katastro-balioak biderkatzeko:

0,43 koefizientea, 2003an berrikusi direnetarako;

0,37 koefizientea, 2004an berrikusi direnetarako;

0,30 koefizientea, 2005ean berrikusi direnetarako;

0,26 koefizientea, 2006an berrikusi direnetarako;

0,25 koefizientea, 2007an berrikusi direnetarako;

0,25 koefizientea, 2008an berrikusi direnetarako;

0,26 koefizientea, 2009an berrikusi direnetarako;

0,28 koefizientea, 2010ean berrikusi direnetarako;

0,30 koefizientea, 2011n berrikusi direnetarako;

0,32 koefizientea, 2012an berrikusi direnetarako;

0,34 koefizientea, 2013an berrikusi direnetarako;

0,36 koefizientea, 2014an eta 2021ean berrikusi direnetarako, biak barne.

Nafarroako Foru Komunitateko higiezinen katastro-balioa 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.

Eskatzaileak higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den ziurtatu beharko du, katastro-balioaren koefizienteak aplikatu ahal izateko.

2.– Landa-finkak.

a) Landa-finketan dauden eraikinen katastro-balioen batura –kanpoan utzita familiaren ohiko etxebizitza den eraikinaren katastro-balioa– ezin izango da 42.900 eurotik gorakoa izan. Eraikin horiei aurreko apartatuan ezartzen diren koefiziente biderkatzaileak aplikatuko zaizkie, eginiko azken katastro-berrikusketaren urtearen arabera.

b) Familiako kide konputagarriek dituzten landa-finken katastro-balioen batura, eraikinen katastroko balioak kenduta, gehienez, 13.130 eurokoa izango da kide konputagarriko.

3.– Balore higigarriak.

Eskatutako ikasketa-beka edo -laguntza ukatu egingo da, baldin eta bizikidetza-unitatearen higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batura 1.700 eurotik gorakoa bada, kasu honetan izan ezik: bizikidetza-unitatearen errenta garbiak ez gainditzea 17. artikuluan ezarritako 1. muga.

Batura horretan ez dira sartuko ohiko etxebizitza erosi edo eraberritzeko jasotako dirulaguntzak, oinarrizko emantzipazio-errenta eta jolas, lehiaketa, zozketa edo ausazko konbinazioetan lortutako sarien zenbatekoa (eskudirutan edo gauzaz), 1.500 euroko zenbatekora arte. Aipatutako sarietatik eratorritako ondare-irabaziak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiarekin bat zenbatuko dira.

4.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian xedatutakoaren arabera zehaztuko da ondarea adierazteko elementuen balioa.

Familiako kide konputagarriek aurreko ataletan zehaztutako ondare-elementu bat baino gehiago badituzte, elementu bakoitzaren balio-ehunekoa kalkulatuko da dagokion mugarekiko.

Aipatutako ehunekoen batuketak ehun gainditzen duenean, ukatu egingo da ikasketa-beka edo -laguntza.

5.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak.

Eskatutako ikasketa-beka edo -laguntza ukatu egingo da, halaber, egiaztatzen denean familiako kide konputagarriek jasotako eta jarraian adierazitako diru-sarreren baturak 155.500 euroko zenbatekoa gainditzen duela.

a) Ekonomia-jardueretatik datozen diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenean edo zenbatespen objektiboan.

b) Kide konputagarriek nortasun juridikorik gabeko erakundeen edo beste edozein erakunde juridikoren bidez egindako jarduera ekonomikoetan parte hartzean lortutako diru-sarrerak, jardueren diru-sarrera osoei parte-hartzearen ehunekoa aplikatu ondoren.

6.– Kide konputagarriek dituzten ondare-elementuen balioari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio; kasu horretan ez dira sartzen sostengatzaile nagusiak.

21. artikulua.– Betekizun akademikoak.

1.– Ikasketa-mailaren arabera, hauek izango dira betekizun akademikoak:

a) Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2022-2023 ikasturterako matrikulatuta dagoela.

b) Oinarrizko prestakuntza-zikloetan eta musikako eta dantzako oinarrizko ikasketetan, egiaztatu beharko da ikaslea 2022-2023 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen.

c) Batxilergoan, musika eta dantzako ikasketa profesionaletan, Lanbide Heziketako erdi-mailako graduan, arte plastikoen eta diseinuaren erdi-mailako graduan eta kirol-ikasketen erdi-mailako graduan, egiaztatu beharko da ikaslea 2022-2023 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen. Batxilergoko lehen mailako ikasleek 5,00 puntuko batez besteko nota lortu beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan edo, hala badagokio, sartzeko proban.

d) Lanbide Heziketako goi-mailako graduan, arte plastikoen eta diseinuaren goi-mailako graduan eta kirol-ikasketen goi-mailako graduan, egiaztatu beharko da ikaslea 2022-2023 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen. Ikasketa horietako lehen mailako ikasleek 5,00 puntuko batez besteko nota lortu beharko dute Batxilergoko bigarren mailan edo sartzeko proba edo ikastaroan, hurrenez hurren. Ikasketa horietako bigarren mailako ikasleek gutxienez aurreko ikasturtean (2021-2022) egindako ikasketen ehuneko laurogeita bosta gainditu beharko dute gutxienez.

e) Hizkuntza-ikasketetan, egiaztatu beharko da ikaslea 2022-2023 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen. Beka lortu ahal izango da dagokion ikasketa-planean ezarritako urte-kopuruan eta gehienez ere 2 hizkuntzatarako, betiere aldi berean egiten ez badira.

2.– Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren betekizunak.

3.– Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da bekarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko bakarrik baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela. Autonomia-erkidego honetatik kanpo bekadun izan diren ikasleek bekadun-izaera egiaztatu beharko dute. Gainerako ikasleen kasuan, automatikoki egiaztatuko da hori.

4.– Oso-osoan bekarik gabe egindako ikasketak aldatzen badira, ikasketa berrietan beka lortzeko eskatzaileak utzitako ikasketetako azken ikasturtean lortu beharreko errendimendua joko da betekizuntzat.

5.– Lanbide Heziketako edo Batxilergoko ikasketak egiten dituztenek, gaueko modalitatean, urrunekoan edo matrikula partzialean, soilik oinarrizko bekaren osagaiak eta zenbateko osagarria jasoko dituzte, eta beka jaso ahal izango dute dagokion ikasketa-planean ezarritako ikasturteetan eta aparteko batean.

6.– 900 orduko edo gutxiagoko kirol-ikasketetan matrikulatu direnek soilik oinarrizko bekaren osagaiak eta zenbateko osagarria jaso ahal izango dituzte. Iraupena 900 ordutik gorakoa bada, dagozkien osagai guztiak jaso ahal izango dituzte.

7.– Musika-ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa jarraitzeko, ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan, maila goragokoa denean.

8.– Ikasleak genero-indarkeria jasan duen bizikidetza- edo familia-unitate batekoak badira, eta aipatutako egoera justifikatzeko urruntzeko agindu judiziala, kondena-epai judiziala edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena aurkezten bada, betekizun akademikoak bete gabe ere eman egingo dira laguntzak.

22. artikulua.– Ikasketa-laguntzak eta sorospenak hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

1.– Ikasketa-laguntzak eta sorospenak honako ikasketa hauek egiten dituzten ikasleentzat izango dira: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, erdi- eta goi-mailako prestakuntza-zikloak, oinarrizko prestakuntza-zikloak eta otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatutako Lanbide Heziketako gainerako prestakuntza-programak. Horrez gain, jarraian zerrendatutako tipologiaren batekoak izango dira:

a) Desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak.

b) Hezkuntza-premia bereziekin lotutako komunikazio- eta hizkuntza-nahasmendu larriak dituzten ikasleak.

c) Espektro autistako nahasmendua duten ikasleak.

d) Gaitasun intelektual handiarekin lotutako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak.

2.– Sorospenek jantokiko gastuei eta eskolako garraioarekin lotutakoei erantzungo diete, eta desgaitasunetik, jokabide-nahasmendu larritik edo espektro autistako nahasmendutik eratorritako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei emango zaizkie, betiere familia ugari batekoak badira. Sorospenak emateko, ez dira kontuan hartuko familiaren errenta eta ondarea.

3.– Hauek izango dira a), b) eta c) letretan aipatutako ikasleentzako laguntza eta sorospenen osagaiak eta zenbatekoak:

(Ikus .PDF)

4.– Garraiorako laguntza edo sorospenetarako aurreko atalean ezarritako zenbatekoak % 50eraino handituko dira ikasleek % 65etik gorako mugitzeko desgaitasun aitortua badute.

5.– Gaitasun intelektual handiarekin lotutako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzako laguntza bakar gisa, 913 euroko gehieneko zenbatekoa eman ahalko zaie kolektibo horretarako programetan izena emateko eta laguntzarako gastuak ordaintzeko, baldin eta Administrazioak ez baditu doan ematen. Edonola ere, ezingo da zenbateko hori eman laguntza doan ematen denean. Osagai hori emateko, gaitasun handi hori egiaztatu beharko dute behar bezalako kualifikazioa duten langileek, eta hezkuntza-administrazioak ezarritako baldintzetan.

6.– Pedagogia-berreziketarako, hizkuntza-berreziketarako eta gaitasun intelektual handiarekin lotutako ikasketetarako laguntza-eskabideekin batera, ikastetxeak edo zerbitzua ematen duen berrezitzaileak egindako memoria bat aurkeztu beharko da; bertan, haren ezaugarrien informazio xehatua jasoko da, asteko eta ikasturteko ordu-kopurua, ematen duen espezialista eta hileko eta ikasturteko kostua barne. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, gehienez ere ikasturteko 10 hilabeteetan sortutako kostua hartuko da kontuan.

Zerbitzu edo funts publikoek edo, hala badagokio, ikastetxeei zerbitzu hori finantzatzeko emandako laguntzek behar bezala estaltzen badituzte gastuak, ez da laguntza edo sorospenik emango.

7.– 17. artikuluan zehaztutako 2. errenta-muga aplikatuko da hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleentzako ikasketa-laguntzen osagaiak emateko.

23. artikulua.– Datuak egiaztatzea.

1.– Bizikidetza- edo familia-unitateetako kide konputagarri guztien datuak automatikoki ekarri ahal izateko interkomunikazio-sistema elektronikoak erabilgarri ez dauden bitartean, eskatzaileek, eskabidearekin batera, kasu bakoitzean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hori horrela izanda ere, Sailak zuzenean egiaztatu ahal izango du administrazio eskudunarekin, beharrezkotzat jotzen badu.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c) eta e) artikuluaren arabera –datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da erregelamendu hori–, Hezkuntza Sailak Administrazio eskudunean egiaztatuko ditu kide guztien errenta eta familia-ondarea zehazteko beharrezko datuak, beka izapidetzeko erabilgarriak direnekin batera.

2.– Ikusten bada beka edo laguntza emateko beharrezkoak diren betekizunak faltsutu direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu direla, ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo da eskatutako beka edo laguntza.

3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako beka edo laguntza ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza-, abeltzaintza-, industria- edo merkataritza-ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.

4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga mota erabili ahal izango du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Departamentuetan eta Ogasun Ministerioan dauden datuak.

5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.

6.– Matrikula ezeztatzen badu edo ikasketak uzten baditu, ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo dira eskatutako ikasketa-beka edo laguntzak.

7.– Ikasketa-beka edo laguntza ukatu, aldatu edo ezeztatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objektiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.

8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira, kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada, eta, aldi berean, sozietate horietan langile bada.

24. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaera adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egingo du; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, legezko ordezkariak.

2.– Eskaera egiteko, eskaera-formulario telematikoa bete beharko da Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/unibertsitatez-kanpoko-ikasleak-eskolatzeko-ikasketa-beka-eta-laguntzak/web01-a2hikasl/eu/

Deialdiaren II. eranskinean dago eskabidearen eredua.

Formularioan «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak betetzeko aukera ageri da. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari Agindu honetako I. eranskineko 28. eta 30. artikuluetan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.

3.– 2021-2022 ikasturtean beka edo laguntza jaso zuten eta matrikula kudeatzeko aplikazioan jasota dauden mailetan ikasketak egiten ari diren ikasleei beteta emango zaie eskaera-formularioa. Bide telematikotik eskuratu ahal izango da formularioa, https://www.euskadi.eus/unibertsitatez-kanpoko-ikasleak-eskolatzeko-ikasketa-beka-eta-laguntzak/web01-a2hikasl/eu/ helbide elektronikoan. Paper-formatuan ere jaso ahal izango da ikastetxean.

Formularioan ageri diren datuak zuzenak direla egiaztatu ostean, edota egin beharreko aldaketak egin ondoren, eskabidea aurkeztuko da.

a) Bide telematikoz, aplikazioan eskaera-formularioa elektronikoki sinatuta edota formularioan jasotako egiaztapen-kodearen bidez.

b) Formularioa paperean sinatuta, eta honako toki hauetakoren batean aurkeztuta:

– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxeetan.

– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitakoetan.

4.– Gainerako ikasleek modu hauetakoren batean egin ahalko dute eskaera:

a) Elektronikoki, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/unibertsitatez-kanpoko-ikasleak-eskolatzeko-ikasketa-beka-eta-laguntzak/web01-a2hikasl/eu/ Ondoren, urrats hauek egin beharko dituzte:

– Ziurtagiri digitala baliatuta sartu (NAN, Izenpe txartela...) edota itsasontzien jokoa erabilita (B@kq); edo, halakorik izan ezean,

– Sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetako bati jarraituta:

• HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria) eta ikaslearen jaioteguna.

• Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

Eskaera elektronikoki egin ondoren, eranskinaren 26. artikuluan zerrendatutako dokumentu eskaneatuak atxiki beharko dira, eta eskabidea elektronikoki sinatu. Soilik orduan erregistratuko da, eta eskaera egintzat joko da.

b) Elektronikoa ez den beste bide batetik. Horretarako, eskaera egiteko aplikazioak sortutako formularioa inprimatu beharko du, edo ikastetxean eskatu. Ondoren, sinatu egin beharko du, eta hurrengo artikuluan aipatutako dokumentuak atxiki. Eskabidea honako toki hauetakoren batean aurkeztu ahalko da:

– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxean.

– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitakoetan.

25. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea 2022ko uztailaren 18an hasiko da, eta urte bereko irailaren 30ean amaituko, biak barne.

2.– Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:

a) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero aurkeztutako matrikulak badira, betiere matrikula-eskabidearen kopiarekin batera egiten bada eskabidea, matrikula egin eta gehienez ere hilabeteko epean.

b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren sostengatzaile nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.

Nolanahi ere, eskaera berriak 2023ko martxoaren 31ra arte soilik onartuko dira.

26. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Beka-eskabidearekin batera 2021 ekitaldiko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Bizikidetza- edo familia-unitatearen egoitzan erroldatutako pertsonen errolda-agiria.

b) Dibortzioa, banantzea, erregistratutako izatezko bikotearen desegitea edo antzeko egoerak egonez gero, dibortzio- edo banantze-epaiaren eta hitzarmen arautzailearen fotokopia, baldin eta lehenago aurkeztu ez bada. Azken hitzarmen arautzailearen kopia aurkeztu beharko da, baldin eta haren terminoak aldatu badira. Konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, beharrezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena. (Diru-sarreraren fotokopia) eta aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarreren ziurtagiria.

c) Gizarte-laguntzen hartzaileen kasuan: udalaren gizarte-zerbitzuek edo beste erakunde edota elkarte ongile batzuek egindako ziurtagiria.

d) PFEZaren aitorpenean zenbatzen ez diren diru-sarreren kasuan: ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena eta abar.

e) Agindu honetako 19. artikuluan aurreikusitako kenkariak sorraraz ditzaketen kasuak egiaztatzeko agiriak.

f) Deialdi honen II. kapituluak aipatzen dituen irakaskuntzen kasuan, 2021-2022 ikasturtean lortutako batez besteko notaren ziurtagiria, oinarrizko prestakuntza-zikloetan izan ezik. 2021-2022 ikasturtean ez badu ikasketarik egin, egiaztagiria egindako azken ikasturtearena izango da.

g) Honako hauek izan ezean, ikaslearen eta eskaera egiten duenaren nortasuna egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da: sailaren identifikazio-zenbakia, nortasun-agiri nazionala, atzerritarren identifikazio-zenbakia edo atzerritarren identifikazio-txartela.

h) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak egiaztatu beharko du bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatuta–; edota zurztasun-egiaztagiria, bizitzeko zer baliabide dituen eta egoitzaren egoera (jabetzan edo alokairuan) egiaztatu beharko du.

i) Familia-harreran diren ikasleen kasuan, harrerari buruzko aginduaren eta dagokion aldundiak erabakitako harrera-baldintzen fotokopia, aldez aurretik aurkeztu ez bada.

j) Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen dituen edozein agiri: kaleratze-kitapenak, enplegu-erregulazioko espedienteak, behar bezala erregistratutako dohaintzak eta abar.

2.– Eskatzailea izango da eskabidean ematen duen informazio ekonomikoaren erantzule; hala, legez behartuta egongo da bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera eta ondare guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.

Aipatutako zergaren ondorioetarako aitortutako diru-sarreren datuak edo zerga horretatik kanpo aitortutakoak txikiagoak badira diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo urte horretan erroldatuta egon zen autonomia-erkidegoko laguntza baliokidearen erregulazioaren arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen zenbatekoa baino, justifikatu beharko da zergatik ez zen eskaera egin edo zergatik ukatu zitzaion, eta urte hartako bizi-baliabideak egiaztatu beharko dira (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzak eta beste udal-, foru- edo probintzia-laguntza batzuk, halakorik balego), udalaren gizarte-laguntzako zerbitzuek edo beste erakunde edo elkarte ongile batzuek egindako ziurtagiriaren bidez.

3.– Errenta-aitorpena beste autonomia-erkidegoren batean aurkeztu duten bizikidetza-unitateek edota aurkeztutako aitorpenak diru-sarrera guztiak ez baditu, esandakoaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Sostengatzaile nagusiaren 2021eko ekitaldiko errenta-aitorpenen (PFEZ) fotokopia guztiak eta, hala badagokio, zerga horren aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko aitorpenaren orria ere aurkeztu beharko da.

b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria; PFEZaren aitorpenean zenbatzen ez diren diru-sarrerak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...

c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.

4.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) aurkezteko obligaziorik izan ezean, kide konputagarri guztiek eskuratutako diru-sarreren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira (gizarte-laguntzak jasotzeko dagokion erakundeak emandako ziurtagiria, PFEZaren aitorpenean zenbatzen ez diren diru-sarrerak, zenbatekoa dela-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balio higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu korronteko interesak...); era berean, profesionalek eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuengatiko aitorpenen fotokopiak ere aurkeztu beharko dira, baita artikulu honetako lehen zenbakian jasotako informazioa ere.

5.– Desgaitasunetik edo jokabide-nahasmendu larritik eratorritako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak garraiatzeko laguntza eta sorospenen kasuan, eskola-garraioan egindako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

6.– Pedagogia-berreziketako, hizkuntza-berreziketako eta adimen-gaitasun handiari lotutako zerbitzurako ikasketa-laguntzen kasuan, ikastetxearen edo berrezitzailearen memoria aurkeztu beharko da, zerbitzu horren ezaugarriei buruzko informazio zehatza jasoko duena, honako hauek barnean direla: asteko eta ikasturteko ordu-kopurua, zerbitzua ematen duen espezialista eta kurtsoaren hileko eta guztirako kostua.

27. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:

a) Beka edo laguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituela.

b) Eskabidean jarritako datu guztiak egiazkoak direla.

c) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen partetik bestelako beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.

d) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatuko duela, eta adierazten duela ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten duen inolako lege-auzitan sartuta.

e) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogatze-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatuko dioten informazio guztia emango duela.

f) Adieraztea, berariaz ikasketak edo ikastetxea aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela.

g) Laguntza eman duen erakundeari jakinaraztea matrikula ezeztatu dela edo laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatu dela.

h) Beka zertarako eman den, hartarako erabiliko duela. Egoera hauetakoren bat gertatzen bada, ulertuko da beka ez dela erabili jatorrian zuen xederako:

– Ikastetxean baja ematea 2022-2023 ikasturtea amaitu baino lehen.

– Eskola-orduen % 80ra edo gehiagora joan ez izana, horretarako baimen edo lekapenik izan ez badu.

– Matrikulatutako ordu edo irakasgaien % 50 gainditu ez izana, ohiko edo ezohiko deialdian.

28. artikulua.– Eskabideen kudeaketa.

1.– Beka edo laguntza zein ikastetxetarako –hezkuntza-zerbitzua ematen duena– eman, ikastetxe horrek funtzio hauek bete beharko ditu:

a) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei deialdiaren berri ematea; ikasketetarako laguntza edo beka bat eskuratu nahi badute, bete beharreko prozeduraz eta aurkeztu beharrezko dokumentazioaz informatzea.

b) Prozesuaren segimendua egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.

c) Ikastetxeko zuzendariak edota, hala badagokio, idazkariak egiaztatuko du datuak egiazkoak direla; hain zuzen ere, laguntza edo beka eskatzeko aplikazioko konfigurazio-tauletan bete dituztenak.

d) Ikastetxean aurkeztutako paperezko eskabideak, egiaztatu ondoren sinatuta daudela, ikastetxeek bideratuko dituzte dokumentazioarekin batera, eta alfabetikoki ordenatutako zerrendetan prestatuko dituzte. Azkenik, ikastetxeek Lurralde Ordezkaritza bakoitzaren Zuzenean Zerbitzura bidaliko dituzte, Hezkuntza Sailak bidalketak egiteko erabiltzen duen mezularitza-zerbitzuaren bidez.

2.– Lurralde-ordezkaritzak eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa jasoko ditu, eta espedienteak aztertuko ditu. Horrela, baloratuko du bekaduntzat hartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten edo ez, eta zer osagaitarako eskubidea izango luketen, betiere Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta; izan ere, azken organo horrek bere gain hartzen du agindu honetan araututako bekak eta laguntzak kudeatzeko ardura.

3.– Lurralde-ordezkaritzak interesdunari eskatuko dio egindako akatsak zuzendu edo ebazpena emateko beharrezkoak diren dokumentuak atxiki ditzala. Horretarako, beren-beregi adieraziko dio zein den zuzendu beharreko akatsa edo aurkeztu beharreko dokumentua, eta hamar egun balioduneko epea emango dio, errekerimendua egiten den egunetik zenbatzen hasita. Halaber, bertan adieraziko zaio eskatutakoa egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta eskaera artxibatu egingo dela, aurretiaz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz horretarako ebazpena eginda. Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena eskuragarri duela adierazteko.

29. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Unibertsitatez kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak.

Arduraduna: Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

Helburua: unibertsitatez kanpoko eta unibertsitate-graduaren baliokideak ez diren ikasketetako ikasleei laguntzak, sorospenak eta bekak ematea, eta ikasleei eskola-garraiorako laguntzak eta Zuzendaritzaren gainerako laguntzak ematea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Ikastetxe publiko eta pribatuak.

– Banku-entitateak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/043500-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

30. artikulua.– Ebazteko prozedura.

1.– Lurralde-ordezkaritzetan eskabideak jaso eta gero, horiek bekaren edo laguntzaren behin-behineko ebazpen-proposamenak egingo dituzte.

Lurralde-ordezkaritzek eginiko proposamenen arabera, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak emango ditu bekari edo laguntzari buruzko behin-behineko ebazpen partzialak eta ondoz ondokoak.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak onartu dituen behin-behineko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.eus Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus.

Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala badagokio, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.

Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea emango da, jakinarazpenaren datatik aurrera.

3.– Alegazioak aztertu ondoren eta epea igarotakoan, aurretik egin beharreko egiaztapenak eta izapideak eginda, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena emango du.

Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala denetan, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.

Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak onartu dituen behin betiko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.eus Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus.

4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntza guztiak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 24. artikuluan (urriaren 1eko 39/2015 Legea), hargatik eragotzi gabe gerora espresuki ebaztea.

5.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Beken behin betiko ebazpenean, jantoki-osagaiari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, data horretan dauden datuak erabiliko dira. Ondoren, maiatzeko azken astean, aldatu egin badira jantokira joandako egunak edo beka hori emateko kontuan hartu ziren baldintzak, beka berriz kalkulatuko da, deialdi honen 34. artikuluaren arabera.

31. artikulua.– Beste erakunde batzuekiko lankidetza.

Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuekin lankidetza kudeatuko du, baita administrazio publikoetako beste edozer erakunderekin ere, honako xede hauek lortzeko:

1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.

2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze- eta kontrol-lanetarako laguntza teknikoa ematea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.

32.– Artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.

2.– Laguntzaren zenbatekoa eskabidean jasotako kontu korrontean ordainduko da, eta bizikidetza-unitateko kide konputagarri batek haren titularra izan beharko du. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak; izan ere, laguntza horiek zuzenean sartuko dira ikastetxe horien kontuan.

3.– Jarritako gora jotzeko errekurtsoen ondorioz gorantz aldatu beharko balitz emandako laguntzen zenbatekoa, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aipatutako errekurtsoak osorik edo zati batean onesten dituen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.

33. artikulua.– Aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.

1.– Aldatzea erabaki daiteke, baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzeko, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak babestu behar dira.

Beka eman izana aldatzeko ebazpenak espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 82. artikuluan aurreikusten duen moduan.

2.– Errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordainketa eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.

Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.

Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezko informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, legezko diruz edo txekez edo Ogasun eta Ekonomiako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.

Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak hala eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.

Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, errebokatzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.

34. artikulua.– Bateragarritasuna.

Eranskin honetan araututako ikasketa-laguntzak, bekak eta sorospenak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.

35. artikulua.– Ikuskatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta eranskin honetan araututakoa betearazteko ere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala