Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2022ko uztailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3226

6/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena.

Eusko Legebiltzarrak 6/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

8/2003 Legeak onartu zenetik izan duen bezala, lege berriak Gobernuaren ekimenez bultzatzen diren xedapen orokorreko arauak izapidetzeko prozedura du xede. Xedapen orokor horien baitan hartzen dira araubidea berritzeko xedea duten lege- zein erregelamendu-mailako xedapenak.

Legea eguneratzea eta hobetzea da, zalantzarik gabe, lortu nahi den helburu generikoena, kontuan hartuz lege hori aitzindaria izan zela gure arau-produktuen kalitate hobea sustatu nahi izaten, helburu horiek berberak dituen Europako korrontearekin bat eginez eta, besteak beste, bide hauek erabilita: erregulazio onaren printzipioak aplikatuta eta arauek izan ditzaketen ondorioen aurretiko analisiak egiteko tresnak bultzatzeko neurriak hartuta, proposamenak lantzerakoan aurretiko kontsultak eginda eta herritarren partaidetza bultzatuta edo hausnarketetarako metodo orokor gisa aurretik eta ondoren ebaluazioa sartuta, helburu izanik indarrean dagoen araudiaren aldizkako berrikusketari arrakastaz aurre nola egin jakiteko adierazle zehatzak lortzea.

Horrenbestez, indartu egiten da Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legean jasotako helburua: «egingo diren arauek oinarri objektibo bat izan dezatela, teknika juridiko egokiaren arabera eman daitezela eta gizarteak onets ditzala» lortzea, «pentsaera liberalak erregearen absolutismoa irauli eta legearen funtsa erregearen kontrolik gabeko nahi hutsetik atera eta arrazoian ezarri zuen moduan (nec voluntas sed ratio facit legem)».

Badago, bestalde, beste helburu zehatzagoen multzo anizkoitz bat ere. Aipatzekoa da, besteak beste, egoki dela xedapen orokorrak direlakoak egiteko prozeduran izan diren mugarrien zehaztapena berrikustea, denbora asko igaro baita ordeztu nahi den legea onartu zenetik, eta arau horiek egokitu egin behar zaizkiela ordutik hona eman diren eta lege batzuek eta besteek ezarri dituzten aldaketei eta prozedura horiek berriztatzeko erronkari.

Lege honekin, halaber, aurrera egingo da segurtasun juridikoaren printzipioa zaintzeko bidean. Horretarako, bi legek oinarrizko izaerarekin eragin dituzten legegintza-aldaketak aztertuko ditugu, eta berehalako erantzuna emango –2015eko 39 eta 40 Legeez ari gara, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren legeez, hurrenez hurren–, horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren antolaketara eta funtzionamendura egokitzeko eta integratzeko, helburu zehatz bat izanik: euskal legeak arautzen dituen gainerako izapideekiko harmonia lortzea.

Euskal legeriatik datozen ekarpenei dagokienez, ezinbestekoa da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ezartzen duen udal-autonomia bermatzeko sistema berria eta zehatza aintzatestea eta aztertzen ari garen prozeduran behar bezala integratzea. Horretarako, ahalegina egin da alerta goiztiarreko mekanismoa garaiz eta modu egokian ezartzeko, zeinak eskumen bat esleitzen baitio aipatu legearen bidez sortutako Tokiko Gobernuen Batzordeari: nahitaezko txostena egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen eta udal-eskumenei eragiten dieten xedapen orokorrak egiteko prozeduretan.

Orain ordezten den legea bermatu zuten zuzenbide-oinarri gaitzaile berberak ditu oinarrian lege honek ere, Gernikako Autonomia Estatutuan aurreikusitako oinarrizko eskumen-euskarri bikoitza duela, bai 10.2 artikuluan jasotakoa, autogobernurako gure instituzioen antolaketa, araubide eta funtzionamenduaren arloko eskumen esklusiboari buruzkoa; bai 10.6 artikuluan jasotakoa, gure zuzenbide substantibotik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko antolamendutik datozen administrazio-prozeduraren arauak ezartzeko dugun gaitasunaren arlokoa.

Azaltzen ari garen prozedura –arauak egitekoa– araugintzaren kontrol- eta gainbegiratze-jarduera arautzen duten zenbait sektore-legerekiko (hala nola Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekiko) erreferente denez, indarrean dagoen arautegian izango duen eraginak erreferente izate horrekin du zerikusia. Lege hau tresna baliagarria izango da sektore-lege horientzat, nork bere ekintzetan sakontzeko. Horrexegatik, lege horretan aldaketak egitea proposatzen da, jatorrizko idazkeran zenbait interpretazio izan duten manuak zehaztu eta ziurtatzeko asmoz; izan ere, interpretazio horietako batzuk arauaren espirituaren edo aplikatu behar diren garaiko errealitatearen kontra joan daitezke. Eta erreferente izango da Administrazioaren beraren esparru-arau askorekiko ere, zeinek egingarritasun material handiagoa izan dezaten bilatu nahi baita, dagoeneko abian ditugun prozedurak hobeto egoki daitezen digitalizazioaren, gardentasunaren, herritarren partaidetzaren edo ebaluazioaren fenomeno berriek ezartzen dituzten testuinguruetara, prozedurak finkatu eta hobetu egin behar baitira efikazia areagotzeko.

Aurretik aipatutako guztia kontuan hartuta, eta orain arte indarrean dagoen 8/2003 Legeari zenbat aldaketa egiten zaizkion ikusita, beste testu artikulatu oso bat onestea erabaki da, lege bakar honetan sar daitezen xedapen orokorrak egiteko prozedurarekin zerikusia duten arau guztiak.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Legearen xedea eta lege-erreserbaren irismena.

1.– Xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzea da lege honen xedea.

2.– Lege bidez eta modu arrazoituan baino ezin izango dira sartu nahitaezko izapide gehigarriak edo lege honetan ezarri ez diren nahitaezko beste izapide batzuk, eta, betiere, izapide horiek sartzea efikaz, neurrizko eta beharrezkoa bada prozeduraren berezko xedeak lortzeko.

3.– Sektoreko legeek edo elaborazio-prozedura aldatzeko berariazko xedea ez duten legeek berariaz eta zuzenean aldatu beharko dute lege hau baldin eta xedapenak egiteko prozedura guztietan oro har eta nahitaez sartu beharreko edozein izapide sartu nahi badute, edota, gaiaren araberako prozedura berezi bat dagoela ohartarazteko, prozedura horietan bakarrik eska daitekeen izapide berriren bat sartzea nahi badute.

4.– Ez dira prozedura berezitzat hartuko, nahiz eta gainerako guztian lege honetan xedatutako izapideak bete, berezitasun bakartzat gaiaren arabera nahitaezkoa den txostenen bat eskatzea duten prozedurak.

5.– Prozeduraren berezitasunak erregelamenduz ezarri ahal izango dira; hain zuzen, edukiari, eskakizun formalei edo bildu behar diren txostenak egiteko moduari buruzkoak. Halaber, erregelamendu bidez ezarri ahal izango da beste izapide osagarri batzuk edota nahitaezkoak ez diren izapideak egiteko aukera.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua eta gaiaren araberako prozedura bereziak.

1.– Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiten dituzten xedapen orokorrei ezarriko zaie lege hau. Lege-mailako arauetan bestelako prozedura espezifiko bat ezarria duten beste xedapenak prozedura horren arabera egingo dira; hala ere, lege honetan ezarritakoa modu osagarrian aplikatuko da.

2.– Jarraian zehaztutako gaiak arautuko dituzten xedapen orokorrak egiteko prozedurak haien araudi espezifikoak ezarritakoari jarraituko dio, eta, modu osagarrian, lege honek ezarritakoari:

a) Tributu- eta aduana-gaietakoak, baita tributuak aplikatzeko prozedurei buruzkoak edo haiek administrazio-bidean berrikusteari buruzkoak ere.

b) Gizarte Segurantzaren arloan Estatuaren oinarrizko legeria garatzekoak eta oinarriak betearaztekoak edo Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzekoak.

c) Tributu- eta aduana-arloko, gizarte-arloko, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eta atzerritartasun-arloko jarduketa eta zehapen-prozedurak arautzekoak.

d) Ingurumen-arlokoak.

e) Aurrekontu-arlokoak.

3. artikulua.– Arau-xedapen orokorraren kontzeptua.

1.– Lege honen ondorioetarako, xedapen orokor arauemaileak dira, edozein gairen gainekoak izanik ere, legearen, legegintzako dekretuaren, dekretuaren edo aginduaren forma hartzen dutenak, eta antolamendu juridikora berrikuntzak dakartzaten arau juridikoak dauzkaten eta zehaztutako edo zehaztu gabeko epe baterako mota askotako egintzen oinarri diren xedapenak.

2.– Ez dira halakotzat joko, nahiz eta batzuk eta besteak organo berek emanak izan eta xedapen orokor arauemaileen forma berbera hartu, hartzaile-multzo zehatzei edo zehaztu daitezkeenei eragiten dieten administrazio-ebazpen edo xedapen partikularrak eta xedapen orokorrak, betiere batzuk eta besteak administrazio-egintzatzat baino hartzen ez badira, iraunkortasun-asmorik ez izanik, behin bakarrik aplikatuta agortzen direlako, nahiz eta kasu askotan aplikatuak izateko asmoa izan edota edukia administrazio-egintza orokor horietan zeharo zehaztuta dakarten beste betearazpen-egintza batzuk eragin.

3.– Halaber, ez dira joko lege hau aplikagarri duten xedapen orokor arauemailetzat, nahiz eta organo berek emanak izan eta xedapen orokor arauemaileen forma berbera hartu, aginduzko edukia ez dutenak edota nahitaezko mandatuak ezartzen ez dituztenak, hau da, programazioari buruzko adierazpenak egitera mugatzen direnak, edota lotesleak ez diren edo Administrazioak, dagokion diskrezionalitatearen barruan, balioesteko eta haztatzeko baino ez diren irizpide edo jarduketa-printzipioak ezartzera mugatzen direnak.

4.– Lege honetan ezarritako prozeduratik kanpo gelditzen dira xedapen orokorren interpretazioa argitzeko edo aplikazioa errazteko ematen diren zerbitzu- eta jarraibide-aginduak. Nolanahi ere, xedapenak proposatu edo bere gain hartzen dituen saileko aholkularitzak horiei buruzko txosten juridikoa egingo du.

5.– Kide anitzeko organoek beren barne-jardunbidea arautzeko onartutako erregelamenduen gainean ere, txosten juridikoa egingo du organoa atxikia duen sailak.

6.– Xedapen orokorrek arau osagarriak behar badituzte edo garatzeko beste xedapen batzuetara jotzen badute, azken horiek izaera arauemailea izango dute, batez ere lehenengoek egindakoak zurian dauden igorpenak badira edo arau-trinkotasun gutxikoak badira.

7.– Tresna teknikoak onartzeko baino ez diren xedapen orokorrek arau-izaera izaten jarraituko dute, baldin eta tresna tekniko horiek arau horretan edo beste xedapen orokor batean jasotako kontzeptu juridiko zehaztugabeak ordezkatzeko badira edo edukia ematen badiote, xedapen haien garapenerako arau-osagarri beharrezkoak izanik.

4. artikulua.– Araugintza-kalitatearen printzipioak.

Legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzean, administrazio publikoek arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipio hauei jarraikiz jokatuko dute:

a) Behar- eta eraginkortasun-printzipioak: arau-ekimena interes orokorreko arrazoi batek justifikatu behar du, lortu nahi diren helburuak garbi identifikatzen duen oinarria izan behar du, eta helburu horiek lortzeko egokiena den tresna izan behar du.

b) Proportzionaltasun-printzipioa: ekimenak arauaren bidez ase nahi den beharrari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa bilduko du, egiaztatu ondoren ez dagoela eskubideak gutxiago murrizten dituen beste neurririk edo betebehar gutxiago dakartzanik.

c) Segurtasun juridikoaren printzipioa: arau-ekimena ordenamendu juridikoaren gainerako alderdiekin koherentea den moduan gauzatuko da, arau?esparru egonkor, ezagun, integratu, argi eta seguru bat sortzeko, zeinak haren jakintza eta ulermena erraztuko baitu, eta, horren ondorioz, baita pertsonen eta enpresen jarduketa eta haien erabakiak hartzeko bidea ere.

d) Gardentasun-printzipioa: indarreko araudirako eta haren prestatze?prozesuaren berezko dokumentuetarako sarbide erraza, unibertsala eta eguneratua ahalbidetuko da, eta zioen azalpenean argi eta garbi zehaztuko dira arau-ekimenen helburuak eta horien justifikazioa. Horrez gain, ahalbidetuko da balizko hartzaileek aktiboki parte hartzea arauak prestatzeko prozesuan.

e) Sinpletasun eta ulergarritasunaren printzipioa: arau-ekimenetan jasotako edukia era argi eta egituratu batez argitaratuko da, erraz ulertzeko moduan, eta hizkera argiz adierazita.

f) Informazioaren kalitatearen printzipioa: araugintza-prozeduretan zehar egiten diren jendaurreko izapideetan argitaratutako informazioak egiazkoa izan behar du, zehatza, eta benetakotasun eta fidagarritasun egiaztatuko dokumentuetatik iritsia izango da. Era berean, baliagarria izango da, hau da, informazio horrekin lortu nahi diren helburuak betetzeko egokia.

g) Irisgarritasunaren printzipioa: arau-ekimenak barnean hartuko ditu zenbait neurri, beharrezko direnak pertsona guztiek Administrazio Publikoaren aurrean beren eskubideak gauzatzeko aukera izan dezaten eta zerbitzuak benetan eta eraginkortasunez eskuratu ditzaten, pertsona horien gaitasun teknikoak, kognitiboak edo fisikoak edozein direla ere.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa: xedapen orokorrak egiteko prozeduran, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, euskal botere publikoek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean adierazitako printzipio orokorrei lotuta jardun beharko dute; besteak beste, tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko, emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitu eta desagerrarazteko edo ikuspegi intersekzionalez lan egingo dela bermatzeko neurriak zehaztuz. Ezinbestean, genero-inpaktuaren txosten bat eraman beharko du berekin.

i) Parte-hartzearen printzipioa: herritarrei aktiboki entzuteko eta haiekin elkarlanean aritzeko neurriak ezarriko dira, araua onartzeko prozeduran parte-hartzea bermatzearren, gobernantza kolaboratiboan oinarriturik. Besteak beste, entzunaldiaren eta jendaurrean jartzearen bidez eta kontsultak egitearen bidez bermatuko da, baina baita parte-hartzea eta deliberazioa posible egiten duten gainerako tresnen bidez ere (inkestak, foroak, galdeketa publikoak...).

j) Hizkuntza-berdintasunaren printzipioa: euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak izanik, araugintza-prozeduran haien arteko berdintasuna bermatuko da, bereziki herritarrekiko eta haien elkarte-ehunarekiko harremanetan euskararen erabilera sustatuz. Euskararen erabilera sustatzeari begira, araua euskaraz kalitatez lantzeko neurriak hartuko dituzte erakunde publikoek, eta, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioen arteko baliokidetza ziurtatzeko, bi testuen arteko elkarrizketa iraunkorra egituratuko da, horri begira dagozkion neurriak hartuta.

k) Jasangarritasun-printzipioa: etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko izango duten gaitasuna arriskuan jarri gabe, egungo gizarteak bere beharrak asetzeko duen eskubidea, garapen ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte-ongizatearen arteko oreka bermatuz.

5. artikulua.– Hizkuntza-berdintasuna eta idazketa elebiduna.

1.– Lege honek arautzen duen arau-xedapen orok bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz eta gaztelaniaz, idatzita egon beharko du, zabalkunde ofiziala egiteko.

2.– Hizkuntzen berdintasuna araugintza-prozesuaren kalitatea bermatzeko printzipioa izango da. Hizkuntzen berdintasunaren bidez, testuaren lanketan bi bertsioen arteko elkarrizketa egituratua bermatuko da, bi bertsioen arteko kontrastea eta haien baliokidetza ziurtatuz.

3.– Araugintza-prozedura elebiduna izango da xedapen orokorra egiteko prozedura osoan zehar, eta araugintzan parte hartzen dutenen eta arau-hartzaileen hizkuntza-eskubideak bermatuko dira.

4.– Erregelamendu bidez ezarriko da zein izango den idazketa elebidunaren prozedura eta antolaketa araugintza-prozeduran.

6. artikulua.– Presa.

1.– Izaera orokorreko xedapenak egiteko prozeduran presa-deklarazioa ematen bada:

a) Lege honetan txostenak edo alegazioak egiteko aurreikusitako epeak murriztu ahal izango dira, beharrezkoa bada, baina, betiere, aurreikusitako epeen erdia baino txikiagoak ez badira.

b) Arauetan aurreikusitako prozedura-izapideren bat alde batera utzi ahal izango da, salbu eta lege-mailako arauek edo lege-indarra dutenek ez badituzte izapide horiek nahitaez eskatzen.

2.– Presaren arrazoiak ematen badira, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur adieraziz, justifikatu egin beharko da eskubide subjektiboak edo interes legitimoak mugatzeko aukera, lehenagoko jarduketetan erabilitako edo organo aholku-emaileek emandako irizpenetatik behin-behinean aldentzea, indarra galdu ez duten aurretik egindako izapideak ez errepikatzea edota ofizioz hasita dauden izapideetan atzera egitea.

3.– Xedapen orokorrak egiteko prozedura presaz izapidetzeko arrazoiak daudela erabaki ahal izango da baldin eta interes publikoko arrazoi larriak edo ezohiko zirkunstantziak badaude eta, aldez aurretik aurreikusi ezin izan direlako, presaz onartzea exijitzen badute.

Era berean, presaz izapidetzea erabakiko da baldin eta beharrezkoa bada araua indarrean jartzea epe jakin batean, hain zuzen zuzentarauen transposiziorako eskatutako epean, edo Estatuko oinarrizko legedira egokitzeko edo arau jakin bat Konstituzioaren kontrako deklaratzen duten edo baliogabetzen duten epaileen erabakietara egokitzeko epean.

Nolanahi ere, zirkunstantzia horiek berariaz justifikatu eta adierazi beharko dira prozeduran zehar, prozedura hasteko, memoria egiteko edo prozedura sustatzeko dagokion aginduaren bidez.

4.– Lege honetan aurreikusitako prozedura hasteko agindua emateko eskuduntza duen organo berari dagokio, kasuan kasu, presa-deklarazioa egitea.

7. artikulua.– Deuseztasuna erregelamenduak egiteko prozeduran.

1.– Legea baino beheragoko xedapenak erabat deusezak izango dira, legezko prozedura erabat baztertuta eman direlako, xedapen horiek egiteko prozeduran lege honetan ezinbestekotzat jo diren eta berariaz eskatzen diren izapideak ez badira egin, eta, zehazki:

a) presako prozedurari jarraitu bazaio aurreikusitako izapideetako edozein alde batera utzita, arrazoirik ez dagoenean presako prozedurarako;

b) onartzeko unean ezinbestekotzat jotzen den nahitaezko txostenik ez badago;

c) kontsultei dagokienez, lege honetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, baldin eta xedapenak eragina badu, berariaz eta zuzenean, beste administrazio publiko baten eskumenetan;

d) lege honetan entzunaldiari, jendaurrean erakusteari eta negoziazio kolektiboari buruz aurreikusitakoak betetzen ez badira;

e) gaiaren ondoriozko prozedura bereziei aplikagarriak zaizkien lege-aurreikuspenak betetzen ez badira, deuseztasun-mota hori berariaz aurreikusten denean lege batean;

f) dagokion agindu edo xedapen orokorra baino goragoko lerruneko xedapen administratiboek ezarritako izapideren bat ez bada betetzen.

2.– Legea baino beheragoko erregelamendu-xedapenak ez dira deusezak izango legez ezarritako prozedura erabat baztertzeagatik, haiek egiteko prozeduran lege honetan aurreikusitakoa beste edozein modutara hautsi bada ere, arau-hauste horiek behar bezala zuzendu ez badira ere edota haien eragina baliozkotu ez bada ere xedapena argitaratu baino lehen.

3.– Bereziki, xedapen baten baliozkotasuna eta efikazia eragindakotzat jotzen badira izapidetze elebidunari buruz lege honetan aurreikusitakoa urratu delako, izapidetze hori egin ez den hizkuntzan idatzitako testuaren zatiari mugatuko zaio eragina, eta Administrazioa behartuta egongo da baliogabetutako zatiaren ordezko testua presaz eta modu egokian izapidetzera. Nolanahi ere, ordezko testuak erabat errespetatu beharko du bi testu ofizialen arteko baliokidetasun linguistikoaren printzipioa indarrean jarraitzen duen bertsio linguistikoarekiko.

4.– Legeak, berariaz eta zehazki, halakotzat jotzen baditu bakarrik izango dira lotesleak txostenak eta irizpenak. Halakoetan, txostenean edo irizpenean zehaztutako irizpidea urratzeak legeak berariaz aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu.

II. KAPITULUA
PROZEDURA
LEHENENGO ATALA
PRESTAKETA

8. artikulua.– Arau-plangintza.

1.– Gobernuak urtero onartuko du araugintza-plan bat, eta bertan bilduko dira urte horretan Gobernu Kontseilura, hark onar ditzan, igorriko diren legegintza- edo erregelamendu-ekimenak.

2.– Eusko Jaurlaritzaren urteko araugintza-plana urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, beharrezkoak diren informazioa eta parte-hartzea bermatze aldera.

3.– Urteko araugintza-planean azalduko da, ezarritako irizpideen arabera, zein arauk behar duten haien aplikazioaren emaitzei buruzko ebaluazioa, batez ere erreparatuz Administrazioari edo hartzaileei dakarkieten kostuan eta azken horiei ezarritako administrazio-zametan.

4.– Xedapen orokorrak egiteko prozedura abiarazi behar bada, eta dena delako urteko araugintza-planean aldez aurretik sartu gabe dagoen xedapen bat bada, inguruabar hori justifikatu egin beharko da dagozkion memorietan, baina ez da, hargatik, baliogabetuko.

5.– Administrazio Orokorreko sailek, urteko araugintza-plan berri bat onartu aurretik, bakoitzak bere araugintza-plangintzaren gauzatze-memoria bat landu eta jakinaraziko dio Gobernuari.

9. artikulua.– Gogoeta- eta prestaketa-lanak.

Xedapen orokorrak egiteko prozedura hasteko erabakia hartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek aurrelanak egin behar izango dituzte gogoetarako eta prestaketarako; horien artean, batik bat, dauden politika- eta arau-multzoen emaitzen eta eragin metatuen ebaluazioa, eta kontuan har daitezkeen arau-aukeren eraginaren aurretiazko ebaluazioak, barne hartuta organo sustatzaileak proiektatutako xedapen orokorraren generoaren araberako eraginari buruzko izapideak egiteko balio behar duten genero-ikuspegitik egindako aurretiazko analisiak, gero Emakunderi, aintzat har ditzan, aurkeztu beharrekoak.

Halaber, xedapenaren proiektua egin aurretik legeak eskatzen dituen kontsulta publikoak bideratuko dira.

10. artikulua.– Araugintza-ebaluazioa, eta indarrean dagoen araudia erregulazio onaren printzipioetara egokitzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aldiro berrikusiko ditu indarrean dauden araudiak, erregulazio onaren printzipioetara egokitzeko, eta, bereziki, berrikuspen horretan, jarraipena egingo zaie, ikusteko ea gizon eta emakumeen berdintasunaren printzipioaren arabera ari diren aplikatzen. Berrikuspen horretan, halaber, begiratuko da indarrean dauden arauek zenbateraino lortu dituzten aurreikusitako helburuak, ea justifikatuta eta behar bezala zenbatuta zeuden arau horietan ezarritako kostua eta kargak, eta ea une oro indarrean dagoen gainerako ordenamenduan txertatu den.

2.– Ebaluazioaren emaitza txosten batean jasoko da, eta txosten hori argitaratu egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko ebaluazio publikoaren araudiak zehaztuko du ebaluazio hori egingo duen organoa, xehetasuna eta aldizkakotasuna. Txostena bi hizkuntza ofizialetan idatziko da.

3.– Administrazio Orokorreko sailek erregulazio onaren printzipioen aplikazioa sustatuko dute, eta arauak egitean analisi ekonomikoa bultzatzen lagunduko dute, batik bat, jarduera ekonomikoari murrizketa zentzugabeak edo neurrigabeak egitea saihesteko.

4.– Hizkuntza ofizialen berdintasuna erregulazio onaren printzipioaren arabera aplikatuko dute sailek, eta, horren bidez, xedapen orokorren bertsio linguistikoen ulergarritasuna, zuzentasuna eta baliokidetzea zaindu eta sustatuko da, eta behar diren egokitzapenak bideratu eta planifikatuko.

11. artikulua.– Aldez aurretiko kontsulta herritarrei.

1.– Xedapen orokorraren izapidetzea sustatzen duen organoak edo zuzendaritza-zentroak, testu juridiko arauemaileen proposamenak idatzi baino lehen, kontsulta publikoaren bidez bilduko du gizarteak duen iritzia. Herritarrei zuzendutako aldez aurretiko kontsulta-izapide horretan, beharrezko neurriak hartuko dira, ziurtatzeko, batetik, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua, eta, bestetik, arautzekoa den alorrean edo sektorean berdintasuna bultzatzen duten elkarteen parte-hartzea. Halaber, hizkuntza-eskubideak errespetatuko zaizkio aldez aurretiko kontsultetan parte hartzen duen orori, Administrazioko langile zein herritarra izan.

2.– Aldez aurretiko kontsulta kapitulu honetan araututako prestaketa-fasean sartzen da. Izan ere, herritarrekiko interakzio izapidea da, zeina halako moldez egingo baita, non xedapenaren hartzaile izan daitezkeen pertsona guztiek aukera izango duten iritzia emateko, behar besteko epean, berau hamabost egun baino gutxiagokoa izan gabe, eta testu juridiko jakin bat onartu baino lehen.

3.– Aldez aurretiko kontsultaren izapidea xedapen orokorraren izapidetzea sustatzen duen zuzendaritza-zentro edo -organoak bete ahal izango du, iragarkia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarrita. Alderdi hauekin lotutako informazioa iragarriko da: araua onestearen premia eta egokitasuna, arauaren xedeak, ekimen horrekin konpondu nahi diren arazoak eta izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak; eta herritarrei gonbidapena egingo zaie iragarritako informazioari buruzko iritzia eman dezaten.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako herritarren parte-hartzearen eskakizuna betetzat jo dezake testu juridiko arauemaile bat aldez aurretik onetsi ondorengo araugintza-prozedurako instrukzio-faseko entzunaldi eta informazio publikoen izapideak. Memorian horrela jasota utzi beharko da, hala bada.

BIGARREN ATALA
HASIERA

12. artikulua.– Organo eskuduna.

1.– Xedapen orokorrak egiteko prozedura xedapen horien gaiaren gainean eskumena duen saileko sailburuaren aginduz hasiko da. Legeak hala agintzen duenean, edo xedapen orokor horien gaiaren gainean bi sailburuk edo gehiagok eskumen zuzena dutenean, agindua guztiek batera eman beharko dute.

2.– Baldin eta, xedapen orokorrak egiteko prozedura hasi eta gero, premia ikusten bada beste sail batzuek ere parte har dezaten, egitekoak diren xedapen horiek sail horien eskumeneko gaietan eragina izan dezaketelako, sail horiek ere prozeduran parte hartuko dute, eta, ahal den neurrian, une horretara arte egindako jarduketak mantendu egingo dira.

13. artikulua.– Prozedura hasteko agindua.

1.– Prozedura hasteko aginduan, arauaren xedea eta helburua aipatuko dira labur-labur; arreta berezia eskainiko zaie proposamenaren egokitasunari eta arautzeko aztertu diren bestelako irtenbideei, eta justifikatuko da zergatik den hobe arau berri bat egitea ezer ez erregulatzea baino. Eta, lege honen beste artikulu batzuk aipagai dituzten edukiez gain, eduki hauek ere izango ditu:

a) Arauaren bideragarritasun juridiko eta materialari buruzko balioespena, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europar Batasunean indarrean den zuzenbidea kontuan hartuta, eta proposatutako araua eskumenak banatzeko ordenara egokitzeari buruzko azterketa, hau da, Estatuarekiko eta lurralde historikoetako foru-organoekiko zein toki-entitateekiko ordenara egokitzeari buruzkoa, bai eta erregulazio onaren printzipioetara egokituta dagoen ere.

b) Arauak antolamendu juridikoan izango dituen ondorioen aurreikuspena, adierazita gai beraren gainean indarrean dauden beste zer arau alda litezkeen, berariaz edo zeharka, araua indarrean jarriz gero.

c) Proiektatutako arauari edo aurreko puntuan adierazitakoaren arabera eragindako arauei buruz egindako ebaluazioak –inpaktuari, emaitzei edo bestelakoei buruzkoak– bilduko dituen dosierra. Kontuan izanda generoaren araberako eraginaren aldez aurretiko analisiak, horien artean sartuko dira egin nahi den arauak genero-ikuspegitik izan dezakeen garrantziaren lehen estimazio bat, berdintasunerako administrazio-unitateen aholkuarekin.

d) Arauak ukituko dituen administrazio publikoen aurrekontuetan izango duen eraginari buruzko hurbilketa, dena delako gai horretan nahiz, kasuan kasu, dagokion jarduera-sektorean izango duena, baita proposamenak herritarrentzat izan ditzakeen onurei eta zama administratiboei buruzkoa ere, eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainetan izan dezakeen eraginari buruzkoa.

e) Gaia eta proposatuko den arauketaren edukia direla-eta bidezko iritzitako izapide eta txostenen zerrenda, adierazita zergatik den eraginkorra, egokia eta beharrezkoa gaiaren berezitasunagatik edo lortu nahi diren xedeengatik nahitaezkoa ez den izapide bakoitza sartzea. Horrez gain, zehaztu egingo da, hala badagokio, xedapenak Europar Batasunaren izapideren bat igaro behar duen edo ez.

f) Xedapenak uki ditzakeen subjektuen eta ordezkaritza-maila handiena duten erakundeen identifikazioa, edota, hala badagokio, herritarren parte-hartzeari dagozkion izapideak ez egitearen justifikazioa, edo legegintza-ekimenak presaz izapidetzea eta entzunaldiaren eta jendaurreko erakustaldiaren izapideak egiteko epea murriztea justifikatzen duten arrazoiena.

g) Testu artikulatuaren itzulpenerako edo idazketa elebidunerako teknika.

h) Instrukzioa egingo duen administrazio-organoa.

i) Urteko araugintza-planean sartuta ez dagoen arau-proposamena bada, justifikatu egin beharko da zergatik den beharrezkoa hura izapidetzea.

2.– Prozedura hasteko agindua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da. Behin agindua argitaratuta, sail bakoitzak automatikoki izango du horren berri, ekimenaren egokitasunari buruzko oharrak egin ahal ditzan, hala nahi izanez gero.

3.– Eusko Jaurlaritzak, beharrezko diren betekizun eta izapideak hobeto betetzearren, xedapen orokorrak egiteko prozeduraren galdetegiak edo inprimakiak onartu ahal izango ditu.

HIRUGARREN ATALA
INSTRUKZIOA

14. artikulua.– Xedapen orokorrak idazteko arauak eta irizpideak.

1.– Xedapen orokorrak idaztean, prozedura hasteko aginduaren edukiari begiratuko zaio, aintzat hartuta zer arauketa-aukera egokituko zaizkien ondoen lortu nahi diren xedeei –betiere, premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorrita– eta egin nahi den arauketaren zuzentasuna eta legezkotasuna bermatzearren herritarren kontsultaz gain komenigarri iritzitako aurretiko kontsultek izandako emaitzei.

2.– Testu juridiko arauemaileetan, lege- edo erregelamendu-proiektua justifikatzen duten zioak eta oinarriak behar bezala azalduko dira.

3.– Xedapen orokorra idazteko prozesuan, beharrezko diren azterlan eta txostenak egingo dira; bereziki, arauen gauzagarritasunarekin eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak betetzearekin lotutako kostuaren gainekoak. Hizkuntza ofizialen berdintasuna bermatzeko, neurriak hartu eta prozedurak abiatuko dira.

4.– Genero-ikuspegitik arauak izan dezakeen eragina ezagutzeko eta hartan genero-perspektiba barneratzeko aurretiaz egin beharreko lanen kalterik gabe, proiektuaren testua idatzi ondoren generoaren araberako eraginari buruzko txosten bat idatziko da, bertan adierazita araudi-proposamenak emakumeek eta gizonek kolektibo gisa bizi duten egoeran izan lezakeen eragina eta ikuspegi intersekzionaletik emakumeen taldeetan duen eragina –aztertuz arauan proiektatutako jarduerak emakumeen eta gizonen desberdintasunak kentzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko helburu orokorrean ondorio onuragarriak edo kaltegarriak izan ditzakeen– eta, hala badagokio, egoki izan daitezkeen neurri zuzentzaileak, testua idaztean kontuan izandakoak. Horren ondorioz sortutako dokumentua arloko organo eskudunari, Emakunderi, emango zaio, legedian jasotakoa perfekzionatzeko behar den dokumentazioarekin batera.

5.– Testua bi hizkuntza ofizialetan idatzi beharko da, bertsio linguistikoen lanketan bi hizkuntzen arteko berdintasuna bermatuz araua idazteko prozesu osoan zehar. Testuak bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du, aldez aurretik onartzeko izapidea egin eta ondorengo instrukzio-fasean izapidetu baino lehen. Era berean, testua hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta inklusiboa eginez idatzi beharko da.

6.– Ahalik eta hedapen eta jarraipen handiena izan dezaten, lege honen eranskin gisa argitaratuko dira 1993ko martxoaren 23ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onetsitako xedapen orokorrak egiteko araugintza-teknikaren jarraibideak (apirilaren 6ko Agindua, apirilaren 19ko EHAA, 71. zenbakia), betiere kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak, egoki iritziz gero, jarraibide horiek eguneratu ahal izango dituela galdetegien edo inprimakien bitartez.

15. artikulua.– Aldez aurreko onarpena eta izapidetze-espedientea.

1.– Xedapen orokorren proiektuak idatzitakoan, prozedura hasteko agindua eman duen organoak aldez aurreko onarpena eman beharko dio dena delako testu artikulatuari, dagozkion negoziazio-, entzunaldi- eta kontsulta-izapideak egin aurretik.

2.– Aldez aurreko onarpen-aginduari onartutako testu elebiduna eta artikulu honetan adierazitako gainerako dokumentuak erantsiko zaizkio. Horrela, osatuta geratuko da ondoren bete beharreko izapideen xede izango den espedientea, eta izapideak bideratzeko agindua emango da.

3.– Espedientearen instrukzioa egiteko eskumena duen zuzendaritza-zentroak arau-eraginaren azterketari buruzko memoria egingo du, nahitaez. Memoria horretan bildu edo berretsiko da hasiera emateko aginduaren inguruan proposamena egin duen organoaren iritziz azpimarragarria izan daitekeen edozein alderdi, eta, nolanahi ere, honako hauek:

a) Proposamenaren egokitasuna eta arautzeko aztertu diren bestelako irtenbideak. Justifikatuko da zergatik den hobe arau berri bat egitea ezer ez arautzea baino.

b) Edukia eta azterketa juridikoa, aipatuta zuzenbide erkatua eta Europar Batasuneko zuzenbidea, barnean dela araua indarrean jartzen denean indargabetuko diren arauen zerrenda zehatza.

c) Proposatutako araua eskumenak banatzeko ordenara egokitzeari buruzko azterketa.

d) Ekonomian eta aurrekontuan duen eragina. Araua aplikatzeak ukitutako sektore, eragile eta taldeetan izango dituen ondorioak ebaluatuko ditu, baita lehian eta lehiakortasunean duen eragina ere. Gai horiei buruz unean-unean indarrean dauden legeekin bat datorren ere ebaluatuko da.

e) Proposamenak izan ditzakeen karga administratiboak, eta hura betetzeak Administrazioari eta kargei aurre egin behar dietenei ekarriko dien kostua, bereziki aipatuta enpresa txiki eta ertainen gaineko eragina.

f) Generoaren araberako eraginari buruzko txostena, non agerian utzi beharko den 4/2005 Legea betetzeko jarraitu zaien izapide guztien, lortutako emaitzen eta berdintasuna bultzatzeko barneratutako neurrien azalpen zehatz bat.

g) Xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia aztertzen duen txostena, zeinaren bitartez hizkuntza-gaietan indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna baloratuko baita, bestelako organo txostengileei dagozkien zereginei kalterik egin gabe, eta izapidetzen ari den xedapenaren eremu objektiboan euskararen erabileraren normalizaziora zuzendutako neurriak proposatuko baitira.

h) Haur eta nerabeen gaineko eraginari buruzko azterketa, zeinean azalpen zehatz bat emango den egindako izapideei buruz eta, aurreikuspenen arabera, haur eta nerabeen gainean izango duten eraginari buruz. Horrek haurren interes gorenaren printzipioa bete den neurtzeko eta kontrastatzeko balioko du.

i) Izapidearen deskribapena, erreferentzia eginez bideratutako nahitaezko edo aukerako txosten edo irizpenei eta testua egin aurretik herritarrei egindako aurretiazko kontsultaren izapidean jasotako ekarpen nagusien eta entzunaldiaren eta informazio publikoaren eta negoziazio kolektiboaren izapideetan jasotakoen laburpenei. Nolanahi ere, deskribapen horretan jasoko dira haien emaitza eta proiektuaren testuan izan duten isla, baita, kasua denean, haiek alboratzeko arrazoiak edo aurreikusitako gutxieneko epeen murrizketaren justifikazioa ere.

j) Gazteen gaineko eraginari buruzko azterketa, egindako izapideei eta gazteengan izango duten eraginari buruzko azalpen zehatza jasoko duena. Azterketa horrek aukera emango du gazteria-politika integralaren bultzada eta zeharkakotzea neurtu eta egiaztatzeko, honako hauei dagokienez: pertsona gazteei, edozein izaera edo mailatakoei, beren eskubideak erabiltzeko babesa eta erraztasunak ematea; gizartearen garapen politiko, sozial, ekonomiko, jasangarri eta kulturalean aktiboki parte hartzera bultzatzea; eta, haurtzaroan hasitako prozesu etengabe baten bukaera gisa, haien autonomia eta emantzipazioa ahalbidetzeko baldintzak sorraraztea.

k) Irisgarritasunari buruzko azterketa bat, arauak kontenplatzen dituen baliabide teknikoei zein araua bera herritarren irisgarritasun unibertsalerako eskubidean eragin berezia duten alderdietan inplementatzeari dagokienez, kontuan hartuz, bereziki, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak proposatzen dituen elementuak, baita horretatik datozen gainerako arau guztiak ere.

l) Garrantzitsuak izan daitezkeen beste eragin batzuen ebaluazioa, arreta berezia eskainiz ingurumen-arloko eraginari eta klima-aldaketa murrizteko ondorioei eta eragin sozialari, baita proiektua onartzea justifikatzen duten alderdi zuzen eta zeharkako guztiak jasoko dituen kostu-onurei buruzko analisia ere.

m) Horren ex post ebaluazioaren aurreikuspena, adieraziz zer sistematika erabiliko den arauaren aplikazioaren emaitzak ebaluatzeko, eta zein den hori egiteko egokitzat jotzen den entitate edo organoa.

4.– Dagokion sailak egoki iritziz gero, espedientearen edukia eta analisi juridikoa txosten juridiko espezifiko batean jasoko dira. Txosten hori prozedura bideratu duen saileko zerbitzu juridikoak egingo du, memorian aipatuko da, eta haren betebeharra izango da geroko izapidetze-prozesuari begira proiektuaren oinarrien defentsa juridikoari eustea, eta oinarritzea edukia legearekin eta zuzenbidearekin bat datorrela eta betetzen direla kasuan kasu ezartzen diren araugintza-teknikaren gaineko jarraibideak.

5.– Sailak hala iritziz gero, eragin ekonomikoaren arabera, memoria ekonomiko espezifikoa egin ahal izango da. Hura ere memorian aipatuko da, eta, aurretiko onarpena jaso duen testuan izandako aldaketak kontuan hartuta, hasierako aginduan aurreikusitako kostuen balioespenaren balizko zehaztapenak edo desbideratzeak egiaztatuko edo adieraziko ditu, bai eta, orobat, gastuak eta diru-sarrerak zenbatuta, Administrazio Publikoaren aurrekontuetan izango duen eragina, finantzaketarako iturri eta moduak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia- eta araudi-kontrolaren gaineko arauek zehaztutako beste alderdi guztiak ere.

16. artikulua.– Izapideak kontzentratzea eta haien izapidetze telematikoa bultzatzea.

1.– Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat etorrita, egintza bakar batean erabakiko dira izaera dela-eta batera bultza daitezkeen eta bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak.

2.– Zehazki, batera eskatutzat joko dira, epe berean eta bitarteko telematikoz, honako hauek: erregelamendu bidez sartu diren edota funtsezkoak ez diren txostenak, organo espezializatuei edota Administrazio Orokorreko sailei egindako kontsultak eta gaiaren arabera prozedura berezietan eskatutako txostenak edo kontsultak, baldin eta prozedura-arau espezifiko horren arabera ez badira berariaz jarraian edo beste une batean betetzekoak.

3.– Izapideak egiteko eginkizuna dutenek egin beharko dituzte izapideak, aurretik eskabidea egin gabe eta soilik espedientea –bere txosten, azterlan eta memoria eta guzti– aintzat hartuta. Izapide guztiak aldi berean egingo dira, eta hilabeteko epe amankomun berean, aurretiaz onartutako xedapenaren testua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratzen denetik hasita. Epe amankomuna hilabete bikoa izango da tramitazioa sustatzen duen sailaren iritziz nolabaiteko konplexutasuna duten lege-aurreproiektuen tramitazioan, eta hori berariaz adierazi behar da prozedura hasteko aginduan.

4.– Aipatutako epe amankomuna igarota, funtsezkoak ez diren izapideak ez betetzeak ez du prozedura geldiaraziko, eta ondoko tramiteak aurrera eramango dira horiek gabe, aurreikusitako moduan. Zilegi izango da epetik kanpo emandako txostenak kontuan ez hartzea dagokion ebazpena onartzeko orduan. Nolanahi ere, salbuespenez eta, betiere, organo informatzaileak epe amankomunaren barruan berariaz eta modu argudiatuan eskatu badu, instrukzioaren ardura duen organoak luzapen bat eman ahal izango dio organo horri bere txostena emateko, hasieran emandako epe amankomunaren erdia bestekoa. Luzapen horrek ez du prozedura geldiaraziko.

5.– Txostengileak aldez aurretik egindako txostenean adierazi badu arauaren eraginaren memorian zerrenda zehatzean dauden arauetako bat ustez baliogabetuta geratuko dela, aurreko txosten hori eskuratzeko modua identifikatu eta adieraziko da txosten berrian, egiaztapena egin ahal izateko.

17. artikulua.– Entzunaldia eta informazio publikoa eta negoziazio kolektiboa.

1.– Lege honetan aurreikusitako kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak beti egin behar dira herritarren eskubide edo interes legitimoei zuzenean ukitzen bazaie, eta, betiere, artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-arrazoiren bat ematen ez bada. Edozein kasutan, artikulu honetan araututako parte-hartze publikoa egin beharko da beharrezko neurriak hartuta, ziurtatzeko, batetik, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua, eta, bestetik, arautzekoa den sektorean edo alorrean berdintasuna bultzatzen duten elkarteen parte-hartzea.

2.– Interesdunei zuzenean entzunez egingo da entzunaldia, edo, interesdun horiek biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteei entzunez; erakunde eta elkarte horiek legeak onartutakoak izan behar dute, eta haien helburuek lotura zuzena izan behar dute xedapenaren gaiarekin. Dena den, arrazoitu egin beharko da izapide hori betetzeko aukeretan bata edo bestea hartu izana. Aipatutako erakunde edo elkarte horiek organoen bidez edo txosten edo berariazko kontsulten bidez parte hartzen badute araua egiteko prozesuan, ez da beharrezkoa izango interesdunei zuzenean entzunaldia ematea.

3.– Entzunaldia, eta, hala badagokio, informazio publikoa, aurreko artikuluan aurreikusitako gainerako izapideekin batera egingo da, epe amankomun berean, aurretiaz onartutako xedapenaren testua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratu ondoren.

4.– Lege honen arabera, kasu batzuetan baino ezingo dira alde batera utzi izapide horiek; hauetan, hain zuzen: aurrekontuei eta antolaketari buruzko arauen kasuan, edo hori justifikatzen duten interes publikoko pisuzko arrazoiak badaude, zeinak behar adina arrazoitu beharko diren.

5.– Ez dute izapide hori igaro beharko Jaurlaritzaren organoak, karguak eta agintariak arautzen dituzten xedapenek, ez eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren mendeko edo hari atxikitako erakundeen xedapen organikoek ere, non eta ez duten arautzen herritarrek Administrazioaren eginkizunetan edukiko duten parte-hartzea.

6.– Artikulu honetan araututako parte-hartze publikoa gauzatzeko, arauaren hartzaile izan daitezkeenek eta arauaren gainean ekarpenak egiten dituztenek aukera izango dute beren iritzi oinarritua emateko, eta, horretarako, errespetatu egin beharko dira legerian aurreikusita dauden gardentasunaren, herritarren parte-hartzearen eta gobernamendu onaren bermeak.

7.– Entzunaldi publikoarekin batera, langileen ordezkariekin negoziatu beharko dira –edo kontsulta egin beharko zaie–, dagokion legeriak ezarritako gai-eremuen arabera, lan-baldintzen gaineko eta funtzio publikoaren legeriak zehaztutako gai jakin batzuen gaineko arau-egitasmoak, betiere ez badituzte oinarritzat aurreko negoziazio batean lortutako akordioak. Espedienteari erantsiko zaizkio betekizun hori betetzeko egin diren bilkuren aktak.

18. artikulua.– Beste administrazio batzuek parte hartzea edo haiei kontsulta egitea.

1.– Xedapenaren testua aurretiaz onartzen dela argitaratzen denetik hilabeteko epe amankomun beraren barruan, xedapen orokorrak egiteko prozeduran parte hartzeko aukera emango zaie egitekoa den arauketak zuzen-zuzenki eragiten dien Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioei.

2.– Parte-hartzea mailakatu egingo da, eta egitekoa den xedapenak gainerako administrazioen eskumen eta jarduketetan duen eraginaren arabera gauzatuko da. Betiere, egitasmoaren testua helarazi beharko zaie, eta parte-hartzea alegazioak aurkezteko epe bat irekita ere gauzatu ahal izango da, edo txostenak emanez.

3.– Kontsulta-organoetan parte hartze hutsak edo gai jakin batean aholku teknikoa emateak ezin du kontsultaren izapidea ordezkatu, non eta horrelako parte-hartzearen funtsa ez den, hain zuzen ere, bakoitzaren eskumen eta interesak babestea, edo non eta organo horiek esku hartuta ez den parte-hartze hori zinez gauzatzen.

19. artikulua.– Nahitaezko eta funtsezkoak diren txosten eta irizpenak.

1.– Aurreko artikuluetan aurreikusitako izapideen arabera espedientea osatu ondoren, bitarteko elektronikoak erabilita eskatu eta beteko dira 20, 21, 22, 23 eta 25. artikuluetan jasotako nahitaezko eta funtsezko txosten eta irizpenak, lege honek eta haiek arautzen dituzten xedapenek zehaztutako kasuetan, moduan eta epean.

2.– Horretarako, xedapenaren testu artikulatu berri bat idatzi ahal izango da, zeinak une horretara arte egindako instrukzioko izapideen arabera egoki iritzitako aldaketak bilduko baititu eta aldez aurreko onarpen-agindua osatu zuen testutik bereizi beharko baita. Nolanahi ere, aurretik emandako testu juridiko artikulatu guztiak ezingo dira espedientetik ezabatu, gainerako dokumentazioarekin batera jasota geratu beharko baitira espedientean.

3.– Errekerimendua egiten denetik, funtsezkoak diren nahitaezko txostenak eta irizpenak egiteko gehieneko epe bat egongo da, luzaezina. Dena den, eman ahal izango dira epez kanpo, eta espedienteari erantsi, baldin eta eskuragarri badaude espedientea onartu behar duen organo eskudunari onartzeko aurkeztu aurretik. Horrelakorik gertatuz gero, baina, justifikatuta legoke nahitaezko txosten eta irizpen horiek kontuan ez hartzea prozedura bultzatzeko ebazpena edo xedapen-proiektuaren azken onespenari buruzko ebazpena ematerakoan.

20. artikulua.– Lan Harremanen Kontseiluaren eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen nahitaezko txostenak.

Lan Harremanen Kontseiluaren eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen nahitaezko txostenak funtsezkoak dira haiek arautzen dituzten xedapen espezifikoen arabera jarduten badute. Instrukzioaren espedientea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan emango dira, funtsezkoak ez diren izapideak betetzeko hilabeteko aldibereko epea bete ondoren.

21. artikulua.– Tokiko Gobernuen Batzordearen nahitaezko txostena.

1.– Tokiko Gobernuen Batzordearen nahitaezko txostena funtsezkoa da udalerrien berezko eskumenak ukitzen dituzten xedapen orokor arauemaileak egiteko prozeduretan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 90 eta 91. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Txosten hori ez da entzunaldi-izapidea edo beste administrazio batzuei kontsulta egiteko izapidea; aitzitik, xedapen orokorraren sustatzaileak eskatuko du espedientea amaitu ondoren. Txosten-eskabideari espedientea eta izapidea egin ahal izateko beharrezkoa den alderdi ekonomikoei eta eskumenei buruzko dokumentazioa erantsiko zaizkio. Txosten hori instrukzio-espedientea amaitu ondorengo hilabetearen barruan emango da, funtsezkoak ez diren izapideak betetzeko aldibereko hilabeteko epea bete denean.

3.– Tokiko Gobernuen Batzordearen txostenak udalerrien finantza-nahikotasuna ziurtatzeko behar den baliabide-hornidurari buruzko eranskin bat izango du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Eusko Jaurlaritzan edo dagokion foru-aldundian ogasun-arloko eskumena duen sailaren txostena ere aurkeztu beharko da, hala badagokio, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 112. artikuluan adierazten denarekin bat etorriz.

Txosten hori egiteko epeak eta hura egiteko modu zehatza lege horretan aurreikusitakora egokituko dira.

22. artikulua.– Legezkotasunari buruzko nahitaezko txostena.

Euskadiko Aholku Batzordeak ez badu irizpena eman behar, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari egitea dagokion legezkotasunari buruzko nahitaezko txostena eskatu eta gauzatuko da, bitarteko elektronikoak erabilita, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeari buruzko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak aurreikusitakoarekin bat etorrita eta aurreko izapideak egin ondoren.

23. artikulua.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren nahitaezko txostena.

Ekonomia- eta arau-kontrola bitarteko elektronikoak erabilita eskatu eta gauzatuko da, dagokion nahitaezko kontrol-txostena emanda, eta, hain justu, urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako unean eta moduan.

LAUGARREN ATALA
AMAITU ETA ONARTZEA

24. artikulua.– Espedientea eta memoria.

1.– Amaierako espedientea dokumentu hauek osatuko dute: hasteko agindua; proiektua aldez aurretik onartzeko agindua, testua eta guzti; arauaren eraginari buruzko memoria; egindako azterlanak eta kontsultak; eta nahitaezko txostenak eta irizpenak. Azken horiei atxikiko zaizkie, argi identifikatuta, izapidetzean zehar idatzi diren xedapenaren testu artikulatu guztiak, bakoitza zein unetan idatzitakoa den zehaztuta.

2.– Orobat, prozedura osoaren memoria labur bat erantsiko zaio espedienteari, eta, hor, hauek guztiak zehaztuko dira: aurrekariak, egindako izapideak, izapideen emaitzak eta egindako txostenen ohar eta iradokizunei egokitzearren –batez ere nahitaezko txostenetan egindakoei– proiektuaren testuan sartutako aldaketak. Behar besteko zehaztasunez arrazoituko da zergatik ez diren onartu txosten horietan egindako oharrak, eta zehatz-mehatz arrazoituko da, orobat, azkenean erabakitako testua bat datorrela antolamendu juridikoarekin.

3.– Memoria labur horrek aztertuko du, halaber, ekimena kongruentea den ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Europar Batasuneko gainerako ordenamendu juridikoarekin, Eusko Jaurlaritzako sailetan egiten ari diren beste batzuekin edo, urteko araugintza-planaren arabera, etorkizunean egingo direnekin, bai eta Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari direnekin ere. Aztertuko du, halaber, arau berrian beste arau batzuen indargabetze espresua sartu behar den, bai eta arlo berean dagoeneko badauden beste arau batzuk bateratu behar diren ere.

4.– Espedientean bildutako izapideak eta kanpoko parte-hartzea egon ahal izango dira dokumentatuta formulatu diren hizkuntza ofizialean bakarrik. Hortaz, barne-izapide guztiek ez dute zertan hizkuntza bietan egon, ez Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen edo beste era batera bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzitako dokumentuak itzuli gabe onartzera behartuta dagoen edozein organo edo erakunde publikori aurkezteko edo bidaltzeko, ez eta gardentasunaren ondorioetarako jatorrizko dokumentuak aktiboki argitaratzeko ere, betiere informazio publikoa eskuratzearekin lotutako legediarekin bat etorrita, ordezkari publikoek eta herritarrek gai horretan dituzten eskubideak bazter utzi gabe.

25. artikulua.– Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena eta Eusko Legebiltzarrera bidali beharreko dokumentazioa.

1.– Espedientea puntu honetara arte izapidetu denean eskatuko da soilik Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena, batzorde horren legeak araututakoarekin bat etorrita. Behin irizpena eskatuta, Batzordeak hautemango balu akatsen bat dagoela izapideetan edo nahitaezko txostenen bat falta dela, batzorde hori arautzeko legean eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, Batzordeak irizpena eman ahal izango luke, edo espedientea itzuli, behar bezala izapidetua izan dadin irizpena eman aurretik.

2.– Aholku Batzorde Juridikora bidaltzen den dokumentazio bera helaraziko zaio Eusko Legebiltzarrari, hala baitago xedatuta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean.

26. artikulua.– Prozedura artxibatzea.

Izapidearen edozein fasetan eta egindako izapideetako edozeinen ondorioz komenigarritzat jotzen bada aukera ez-erregulatzailea, gaiaren arabera eskumena duen saileko titularrak edo, kasuan kasu, arauak eragiten dien sailetako titularrek batera emandako agindu bidez, artxibatu egingo da espedientea, horretarako arrazoiak emanez.

27. artikulua.– Amaierako onarpena.

1.– Ezarritako prozedura amaitutakoan, xedapen orokorra organo eskudunari aurkeztuko zaio onar dezan, eta harekin batera behin betiko zioen adierazpena, edota hitzaurrea, kasuan kasu, xedapen hori egiteko zioak eta haren helburua labur-labur adieraziz, araua egiteko espedientea oinarri hartuta.

2.– Goian aipatutako zioen adierazpenean edo hitzaurrean, modu berezian arrazoitu beharko dira izaera zehatzaileko manuak, eskubide subjektiboak edo interes legitimoak mugatzen dituztenak, atzeraeragineko ondoreak ezartzen dituztenak eta aurreko jardunetan erabilitako irizpideetatik edo organo aholku-emaileek emandako irizpenetatik aldentzen direnak; eta, orobat, arrazoitu beharko da xedapena premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioetara egokituta dagoela.

3.– Behin betiko onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren euskarazko eta gaztelaniazko testu artikulatuen zehaztasuna eta baliokidetasuna bermatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak ziurtagiri bat jaulkiko du argitaratu aurretik, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak zehatzak eta baliokideak direla egiaztatzeko.

28. artikulua.– Indarrean jartzeko xedapenak.

Kode Zibilaren 2.1 artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe, legeak edo erregelamenduak indarrean jartzeko xedapenek, haiek onartzea edo proposatzea Gobernuari edo Gobernuko kideei dagokienean eta, betiere, jarduera ekonomiko edo profesional bat egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei karga edo betebehar berriak ezartzen badizkie jarduera horretan aritzeak, aurreikusiko dute xedapen horiek onartu eta hurrengo urtarrilaren 2an edo uztailaren 1ean jarriko direla indarrean.

29. artikulua.– Publikotasuna eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

1.– Xedapen orokor arauemaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, bi hizkuntza ofizialetan, indarrean jarri eta ondorio juridikoak izateko. Argitalpen hori benetakoa eta ofiziala izango da, erregelamenduz ezarritako bermeen eta baldintzen arabera, eta argitaratze horrek Kode Zibilaren atariko tituluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako ondorioak izango ditu.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dagokionean argitaratzeaz gain, lege honetan aurreikusita dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere argitaratzea, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen eta lankidetzaren ataria den aldetik, eta informazioa lortzeko eta izapideetarako gune segurua den aldetik. Horrela, herritarrei gonbidapena egingo zaie argitaratutako informazioari buruzko iritzia eman dezaten. Argitalpen hori bi hizkuntza ofizialetan egingo da.

3.– Horrez gain, aukerako moduan, argitaratzeko beste bide osagarri batzuk ezarri ahal izango dira, lege honetan edo beste batzuetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, barne hartuta Administrazioaren edozein web-orri edo Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskaintzen dizkien gobernu irekiaren plataformako web-orriak, non aldibereko elkarrekintza posible izango den. Argitalpen horietan guztietan euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko dira edukiak, hizkuntzen berdintasuna bermatuz eta hizkuntza-eskubideak zainduz.

4.– Arauak hobeto ezagutu eta zuzenki aplika daitezen bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez, eta indarrean dagoen xedapen bat zati batean aldatzen duen beste bat indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, indarrean diren xedapenen testu eguneratuak eta kontsolidatuak argitaratuko ditu, eta une horretara arte izan dituzten aldaketak zehaztuko dira bertan.

5.– Testu kontsolidatu horietan, zehaztuko da zein arau diren izan dituzten aldaketa eta indargabetzeen arrazoi, eta, lineako bertsioan, arau aldatzailerako esteka jarriko da. Orobat, adieraziko da web-orrian argitaratutako testu kontsolidatu bakoitza zer datatan egin zen eta zer datatara arte dagoen eguneratua.

6.– Argitaratze hori egiteko, bitarteko teknikoek aukera ematen duten neurrian, euskarri informatikoak eta arauen aplikazio-eremuan hedapenik handiena eragin dezaketen telematika-sareak erabiliko dira.

30. artikulua.– Lege-aurreproiektuak onartzea.

1.– Lege-aurreproiektuak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, azter ditzan; aztertzen dituen bilkuran bertan erabakiko du haiek behin betiko onartuko dituen, eta, hala bada, lege-proiektu gisa Legebiltzarrera igortzea; edo, bestela, azken idazketa egiteko kontuan hartu beharko diren irizpideak ezarriko ditu, bai eta, hala balegokio, behin betiko onartu bitarteko bidean egin beharreko jarduketak ere.

2.– Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den lege-proiektua iraungi egiten bada Legebiltzarra desegin delako edo agintaldia amaitu delako, Gobernuari itzultzen bazaio edo Gobernuak erretiratu egiten badu, kasu horietan, gaiaren arabera eskumena duen saileko titularrak, egindako izapideak errepikatu beharrik gabe, berriz ere aurkeztu ahal izango dio lege-proiektua Gobernu Kontseiluari, azter dezan; baina, betiere, oraingo testua eta aurretik izapidetu eta onartua izan zena funtsean berdinak badira eta hura onartzeko eman ziren izatezko eta zuzenbidezko inguruabarrak ez badira funtsean aldatu, edota, kontuan hartuta zenbat denbora igaro den, gomendagarria bada izapide horietakoren bat berrestea eta ondorioak egiaztatzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege honetan aurreikusitako prozeduran sartzen dira Europar Batasuneko zuzenbideak eskatuta Batasuneko organoek edo organoetan egin beharreko izapideak. Izapide horiek arautzen dituzten arauetan egongo da ezarrita zer unetan egin behar diren izapide horiek, zer modutan egin behar diren eta zer ondorio eragingo dituzten.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak lehengo araudiaren arabera izapidetuko dira amaitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira abenduaren 22ko 8/2003 Legea, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena, eta lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren bestelako xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea aldatzea.

Aztertutako proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan nolako eragina duten eta hizkuntza-arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko ageriko beharrari jarraikiz, idazkera berria ematen zaio Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 8. artikuluaren lehenengo atalari, eta honela idatzita geratu da:

«1.– Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek emandako xedapen arauemaile zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofiziala egiteko. Eusko Jaurlaritzan prestatzen diren xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia txertatzeko, nahitaezko aholkularitza-txosten bat eman behar da, eta, haren bitartez, izapidetzen ari den xedapenaren eremu objektiboan euskararen erabilera normalizatzera zuzendutako neurriak proposatuko dira. Halaber, hizkuntza-gaietan indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna baloratuko da, bestelako organo txostengileei dagozkien zereginei kalterik egin gabe».

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Oinarri-legea, eta Gobernuari eskuordetza ematea lege jakinen euskarazko bertsioa eguneratu eta harmonizatzeko.

1.– Eskuordetza ematen zaio Gobernuari ondoren aipatzen diren legeen euskarazko bertsioa eguneratu, erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituzten legezko testuak onar ditzan lege hau indarrean jarri eta urtebete baino gehiagokoa ez den epe batean eta ekainaren 30eko 7/1981 Gobernu Legearen 52.3 artikuluaren arabera:

– 1/1980 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzari buruzkoa.

– 16/1983 Legea, uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen araubide juridikoari buruzkoa.

– 8/1983 Legea, apirilaren 14koa, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzkoa.

– 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.

– 2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzkoa.

– 4/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, Mondragon Unibertsitatea aitortzen duena.

2.– Kasu honetan, erregularizatze- eta harmonizatze-lanak lege horien euskarazko bertsioak erabiltzen dituen terminologia eta hizkera teknikoa eguneratzera eta egokitzera mugatuko dira, gaztelaniazko bertsioaren letra eta edukia modu osoan errespetatuz, eta halako moldez, non egingo den testu elebiduna xedapenaren jatorrizko zentzuari modu hertsian lotuko baitzaio, hura aldatu gabe, hizkuntz bertsio bien arteko baliokidetasun zorrotzena osoki errespetatuta.

3.– Erregularizatze- eta harmonizatze-lanak euskara tekniko-juridikoaren arloan ohikoak diren printzipio eta irizpenei jarraituz egikarituko dira, eta testu juridikoen hizkuntz bertsio bien baliokidetasun zorrotzena bermatzea ahalbideratzen dutenekin bat, dagokion aholkularitza espezializatuaren bidez; eta, horretarako, testu bateginaren gaineko iritzia eskatuko zaio Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari.

4.– Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak, hitzarmen bidez, legeak eta testu kontsolidatuak argitaratzeko gune digital partekatu bat ezarri ahal izango dute, non legearen aldaketen bertsio guztien berri emango den, bi hizkuntza ofizialetan, eta indargabetua dagoen ala ez adieraziko den. Halaber, egoki deritzoten gainerako informazio juridiko guztia adierazi ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 4a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala