Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2022ko uztailaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3153

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 24koa, Trafikoko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko gailuak, zinemometroen osagarri, instalatzea eta erabiltzea baimentzen duena, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburu.

Istripu-tasari buruz egindako hurrenez hurrengo txostenetan ikusten da Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean gertatzen diren zirkulazio-istripu ugaritan gehiegizko abiaduraren faktorea agertzen dela. Horregatik, ezinbestekoa da errepideetako zenbait bide-tartetan bide-segurtasuna are gehiago zaintzea.

Erandio parean BI-30 (lehengo N-637a) eta BI-637 errepideen arteko lotunea, «Kukularrako lotunea» izenekoa, eraberritzeko proiektua burututa, eta bide horretan ezarritako abiadura-muga, hortik egunero igarotzen den trafiko handia eta horrelako kasuetako esperientzia aztertu ondoren, Trafiko Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du esku-hartze egoki bat egitea BI-637 errepidetik, 11,120 kilometro-puntuan, BI-30era (lehengo N-637a) sartzeko R3 sarrera-adarrean trafikoa lasaitzeko eta abiaduraren faktorea murrizteko.

Esperientziak erakutsi digu trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburuetarako zinemometroak erabiltzea metodo eraginkorrenetako bat dela zirkulazio-abiadura biderako ezarritako mugen barruan manten dadin lortzeko.

Hori dela eta, ibilgailuen zirkulazio-abiadura ezarritako mugen barruan manten dadila bermatzeko eta, horrela, bide-segurtasuna indartzeko helburuarekin, egokitzat jotzen da aipatutako kilometro-puntuan zinemometro bat instalatzea, egiaztatu baita neurri hori eraginkorra dela helburu horiek lortzeko.

Hori guztia dela eta, alde batetik, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena (abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan araututa) garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera; eta bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 17.3 artikuluak Trafiko Zuzendaritzari ematen dizkion eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu, zinemometro bat eta horren osagarriak diren irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko gailuak instalatzeko eta erabiltzeko baimena ematea, hurrengo bide eta kilometro-puntuan ezarriko den kabina batean:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Bide-erabiltzaileei horretarako egokiak diren seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie kilometro-puntu horretan zinemometroa dagoela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak kasuan kasuko zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko organo eskudunetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek agintaritza judizial eskudunera bidaliko dira.

Laugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko Datu Pertsonalen Tratamendurako Jardueren Erregistroaren parte izango dira, eta Trafiko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira datuetara sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, datuen eramangarritasunaren gaineko eskubidea eta datuen tratamendua mugatzeko eta horri aurka egiteko eskubideak.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak bere laugarren ataleko bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 24a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala